Lepatze
Zuhaitza lepatzea adaburua edo erdiko adarra moztea da, lepogainetik albo adarrak haz daitezen.[1][2] Lepatzea egin zaien zuhaitzei zuhaitz motz edo zuhaitz lepatu deritze[3] Basoak ustiatzeko modu hau oso hedaturik egon zen Euskal Herrian eta Europa osoan; eta kaleetan egiten da gaur egun ere, baina ez zuhaitzak ustiatzeko, baizik eta zuhaitzei forma emateko.
Goi nafarrerako zenbait hizkeratan, ekintzari mugarratzea edo mugarraketa ere esaten zaio —lagunarteko ahoskeran, moarratzea edo moarraketa—;[2][4][5][6] eta zuhaitz lepatuari, zuhaitz mugarroa,[7] zuhaitz mugarra[8] edo zuhaitz mugarratua[9] ere.
« | Orain erraten da hordiagatik mozkorturik. Eta guzia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabe… | » |
Helburuak
Kaleetan, zuhaitzak lepatzen dira eraikuntzetako leihoetara hurbiltzea galaraztearren, zuhaitzen itzala areagotzearren, edo adarren biomasa arintzearren.[11]
Basoan, gehienbat bi mozkin hauetako bat nahi izaten da zuhaitza lepatzean: aziendentzako bazka (esate baterako, lizar hostoa) edo zura. Lehenbiziko helburu horretarako, adar berriak 2-6 urtetik behin mozten ziren. Helburua zura zenean, berriz, 8-15 urtetik behin lepatzen ziren.[9]
Basoetan, gaur egun, galdu samartuta dago zuhaitzak lepatzeko ohitura, baina ahaleginak egiten dira berreskuratzeko. Izan ere, zuhaitzak lepatzeak badu abantaila bat: zuhaitza lehenago zahartzen da. Eta zuhaitz zaharrak, enbor lodiaz gain, zuhaitz gazteetan oso kasu gutxitan ikusten diren ezaugarriak ere baditu: hildako zura adaburuan, ur bideak enborrean...[8] Horrela, bizilekua ematen zaie zuhaitz zaharren beharra duten espezieei (adibidez, koleoptero saproxilikoei), baso zaharrak honen bakanak ditugun Euskal Herri honetan. Zuhaitz motzekin, Euskal Herrian nagusi ditugun baso gazteen bioaniztasuna handitzen da, beraz.[12]
Lepatutako espezieak
Euskal Herrian gehien lepatu izan den zuhaitza pagoa da, baina baita beste hainbat espezie ere, hala nola haritz kanduduna, haritz kandugabea, erkametza, artea, lizarra, makala, sahatsa, gaztainondoa, haltza. Gaur egun, kaleetan egiten zaie zuhaitzei lepatzea (bereziki, sasiakaziei eta alboei), zuhaitzak eraikuntzetako leihoetara hurbil ez daitezen, zuhaitzen itzala handiagoa izan dadin, edo adarren biomasa arinagoa izan dadin.[12]
Europan zehar, basoko zuhaitzez gain, soro eta bide ertzetako zuhaitz bakanduak ere lepatu izan dira, batez ere xarma, haritza, lizarra, zumarra, makala eta sahatsa.
Historia, Euskal Herrian
Erdi Arora arte basogintzak ez zuen halako garrantzirik izan Euskal Herrian; baina, XIII. mendetik aurrera, zur eskaria areagotzen hasi zen, batez ere eraikuntzan, burdingintzan eta ontzigintzan erabiltzeko. Denboraren joan-etorrian, batez ere burdingintzak eta ontzigintzak hartu zuten garrantziagatik, basoak gogor ustiatzen hasi ziren. Zuhaitzak zorutik bertatik mozten zituzten; eta, urte batzuetan berriro ere kimu berriak sortzen zirenez, erabiltzeko moduko egurra lortzen zuten: txaradiak zeritzen.[8]
Kudeaketa modu hark arazo nagusi bat zuen: kimu berriak ez jateko inguruan itxiturak egiten ziren, eta horrek liskar ugari sortu zituen zura ustiatu nahi zutenen eta abeltzaintza bultzatu nahi zutenen artean. Ondorioz, zuhaitzak kudeatzeko modu berria sortu zen: zuhaitz motzak. 2-3 metroko altueran mozten ziren, eta, kimu berriak altuera horretatik gora garatzen zirenez, abeltzainek animaliak mendian utz zitzaketen eta, aldi berean, zura ustiatu zitekeen. Modu hartan jarduera askori bidea ematen zitzaienez, zuhaitzak kudeatzeko era hura herri askotara hedatu zen. Hori dela eta, zuhaitz motzek osaturiko baso ugari ikus ditzakegu gure mendietan egun.[8]
Pago lepatuak
Euskal Herriko pagadi ugari ustiatzeko, pagoak lepatzeko ohitura izan da. Ohitura hori bereziki hedatua izan da Gipuzkoan, pago motzez osatutako baso osoak baitaude; europar espezialista asko harritu egiten dira ikusirik Gipuzkoako mendietan barrena hedatzen diren ale zahar motzen kopurua.[13] Lepatzea egin zaien pago horiei pago motzak edo lepatuak deritze. Lepatu gabe badira, pago tantai[14] edo pagolizar deritze. Pago motzean, adarrak aldamenetara irteten zaion zatia pago-burua da.[15]
Pago motzak 2-3 metroko enbor lodia dute eta lepogainetik ateratzen diren zenbait adar luze. Adarrak 10-15 urtetik behin lepatzen ziren, ontzigintzan erabiltzeko edo egur ikatza egiteko.[9]
Erreferentziak
- Perurena, Patziku. «Basoko hitzen muga beroetan (I)» Diario Vasco 2007-09-27 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
- Elosegi Irurtia, Arturo. Euskara ekologian: erabiltzaile arruntaren ohiko arazoak eta ez-ohiko buruhausteak. inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
- Hazi Fundazioa (koordinatzailea). (2014). Zuhaitz motzei buruzko oharrak: zuhaitzak mozteko jardunbide egokien gida. Gipuzkoako Foru Aldundia, 11 or..
- Ikus Okila erabiltzaileak egindako oharra: «mugarratu ("moarratu") da, Nafarroan, Leitza aldean behintzat erabilia dena».«Lepatu» Zarauzkohitza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
- Ibargutxi, Felix. (2011-04-26). «Miguel Barriola: "Etorri diren ingeles horiek goragotik mugarratzen dute. Horrek ez nau konbentzitzen"» Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
- «Azken bost urteetan 80 bat haritz eta pago mugarratu dituzte Leitza eta Areso aldean - Leitzaldea» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
- «Zuhaitz mugarroen bigarren sinposioaren harira, hitzaldia eskainiko dute azaroaren 22an Leitzan - Leitzaldea - 2017-11-22» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).
- Arbelaitz Ubegun, Estibaliz. «Zaharrak berri» Elhuyar 2006-04-01 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
- Iantzi, Maider. «Teknika zaharrak aplikatu dituzte Oiartzungo Oieleku biziberritzeko» Gara 2007-02-23 (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
- Enrike Diez de Ultzurrun Sagalà, 31eskutik. (2023-11-15). «Mozkortu» 31 eskutik (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
- Hazi Fundazioa (koordinatzailea). (2014). Zuhaitz motzei buruzko oharrak: zuhaitzak mozteko jardunbide egokien gida. Gipuzkoako Foru Aldundia, 23 or..
- Hazi Fundazioa (koordinatzailea). (2014). Zuhaitz motzei buruzko oharrak: zuhaitzak mozteko jardunbide egokien gida. Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Hazi Fundazioa (koordinatzailea). (2014). Zuhaitz motzei buruzko oharrak: zuhaitzak mozteko jardunbide egokien gida. Gipuzkoako Foru Aldundia, 68 or..
- «pago tantai», Elhuyar hiztegia.
- «Pagolizar» Bergarako Euskara: Hiztegia (Bergarako Udala) (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
Kanpo estekak
- Arbelaitz Ubegun, Estibaliz Zaharrak berri, Elhuyar aldizkaria, 219. zenbakia, 2006ko apirilak 1, aldizkaria.elhuyar.eus