Leopold Irigarai
Leopold Irigarai (Paue[1], Biarno, 1875-Garindaine, Zuberoa, 1951[2]) euskal etnografo, itzultzaile eta irakaslea izan. Bizimoduz batez ere merkataria eta irakaslea zen, baina XX. mendeko lehen laurdenean Georges Hérelle etnografo, filosofo eta irakasle frantsesaren laguntzaile izan zen ahozko euskal kulturari eta, batez ere, pastoralei buruz egin zituen ikerketetan[3]. Hérellek pastoralen frantseserako itzulpen ugari argitaratu zituen, beti bere sinadurapean, baina gaur egun badakigu ez zekiela euskaraz[4]. Baionako Liburutegiko katalogazioek frogatzen dute Irigarai bera izan zela Hérellek argitara emandako dozenaka pastoral (50etik gora) transkribatu eta frantsesera itzuli zituena[5].
Leopold Irigarai | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Paue, 1875 |
Heriotza | Garindaine, 1951 (75/76 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | itzultzailea, etnografoa eta merkataria |
Bizitza
Irigarai pertsona aski ezezaguna da, eta berari dakigun gehiena Georges Hérellerekin elkartrukatutako gutunengandik datorkigu. Badakigu Pauen jaio zela 1875. urtean, eta gaztaroan Ligi-Atherein bizi izan zela. Ogibidez saltzaile eta merkataria izan bide zen: 1903-1907 urteen artean, janari denda bateko langile izan zen Maulen, eta 1907tik 1915era salgaien ordezkari edo représentant de commerce gisara aritu zen. 1913an, Garindainera ezkondu zen Anna Barcelonne eskola-maistrarekin (hiru seme-alaba izan zituzten), eta hara joan zen emaztearekin bizitzera[2]. 1915eko otsailetik 1916ko irailera Mauleko txikizkari baten kontularia izan zen, eta ondoren berriz hasi zen bere kabuz, salgaien ordezkari gisa. 1917ko abuztuan janari-denda bat hartu zuen Bordelen, bere kontura, hiru langilerekin, eta ondoren Maulen ireki zuen beste janari-denda bat, bazkide batekin batera, familia osoarekin Garindainen bizi zelarik. 1922ko apirileko gutun batean, aseguru etxe baten ordezkari gisa agertzen da. Dirudienez, Garindainen bizi izan ziren geroztik ere, 1951ean zendu arte[2].
Euskal filologia eta etnografiaren arloan, ordea, paper esanguratsua izan zuen. Batetik, esan bezala, George Hérellek argitara emandako pastoral gehienen transkribatzaile eta itzultzailea bera izan zela dakigu. Adibidez, Baionako Udal Mediatekako katalogoari esker, badakigu Heréllek emandako fondoko eskuizkribu askoren egilea Irigarai dela, Kaniko eta Beltxitine antzezlana dakarren ms. 54rena, kasu[6]. Honela dio katalogoko sarrerak:
« | Ce manuscrit est la transcription et la traduction en français du manuscrit 1695.24 conservé à la bibliothèque de Bordeaux, par Léopold Irigaray et sur commande de Georges Hérelle. Sur le manuscrit de léopold Irigaray, G. Hérelle a effectué un grand nombre d'annotations, notamment sur l'ordre des scènes, intercale des listes de personnages Ce travail a donné lieu à la publication en français de cette pièce par Georges Hérelle en 1908.
Eskuizkribu hau Bordeleko liburutegian gordetako 1695.24 eskuizkribuaren transkribapena eta frantseserako itzulpena da, Leopold Irigaraik Georges Hérellen enkarguz egina. Leopold Irigarairen eskuizkribuaren gainean, G. Hérellek anotazio ugari egin ditu, batez ere eszenen ordenari dagokionez, eta pertsonaien zerrendak tartekatu ditu. Lan horren ondorio, 1908an Georges Hérellek antzelan hau argitaratu zuen frantsesez. |
» |
—Baionako Mediateka, ms. 54. |
Badirudi Hérellentzako egindako lanak soldata extra bat lortzeko balio ziola Irigarairi, filosofoak tarteka ordainketak egiten baitzizkion. Hego Euskal Herrian ere aritu zen filologo lanetan, 1902-1903 urteen artean, lehenengo urte hartan Ligin ezagutu zuen Resurrección María Azkue apaiz eta euskalariarekin lanetan, azken hau idazten ari zen euskara-frantsesa-gaztelera hiztegiarekin laguntzen. Ez bide zituen oso gustuko ez Azkue ez lanbide hura. Izan ere, gutunetan “diable d’abbé” ("deabruzko apaiza") eta “irascible patron” ("nagusi haserrekorra") (1903-01-05), edo “un Monsieur qui sait le latin: primo mihi” ("latina ondotxo dakien Jauna: lehenik niri", 1903-04-17) dira hura aipatzeko erabilitako hitzak[2]. Azkuerentzako egiten zuen lanari buruz, berriz, ondorengoa dio[2]:
« | il [Azkue] a formé une reúnion de 8 personnes des différents dialectes basques, qu’il a baptisée du titre pompeux d’Accadémie, dont je suis le secrétaire en même temps qu’accadémicien souletin.
[Azkuek] euskararen dialekto ezberdinetako 8 pertsonako batzar bat sortu du, eta "Akademia" izen arranditsua eman dio. Ni bertako idazkari eta Zuberoako akademikoa naiz aldi berean. |
» |
—Leopoldo Irigaraik Georges Hérelleri idatzitako eskutitza, 1902ko abenduaren 4a |
Georges Hérellekin lankidetza eten ostean ere, badirudi euskalgintzan eta Iparraldeko euskal giroan aktibo mantendu zela. Horrela dio bere eskelak, 1951ko otsailaren 1eko "Herria" egunkariaren alean agertuak[7]:
« | Léopold Irigaray. 75 ourthe, errejentsaren laguna, 3 haurren aita. Biga bizi. Seme-alhabak errejent-errejentsa zutian. Kountseller, bai eta adjuent izanik zen. Alagera zen, berjitez, erriagoihea, eta maite zutian Eskualduneen ohidurak. Etchekoer goure doluzko goraintzi hoberenak. | » |
—Herria, 1951-02-01, 3. orria. |
Erreferentziak
- Laborde, Denis. Georges Hérelle eta bere "informatzaileak". .
- Bilbao Telletxea, Gidor. (2024). Leopold Irigarai (1875-1951): itzultzailea informatzaile-laguntzailearen mozorropean.. .
- Hérelle, Georges. Larraineko Albadak, Léopold Irigaray, 1905. .
- Laborde, Denis. Georges Hérelle, etnologoa. .
- Larraineko Albadak, Léopold Irigaray, 1905. .
- (Frantsesez) Baionako Mediateka. Ms.54. .
- «Hiltze» Herria: 3..