Lena Katina

Jelena Sergeievna Katina (errusieraz: Елена Серге́евна Катина; Mosku, Errusiako SESF, SESB, 1984ko urriaren 4a), Lena Katina (Лена Катина) soilez ezagunagoa, errusiar abeslari eta musikagilea da. t.A.T.u. musika taldeko bi kidetako bat izan zen hamaika urtez, 1999tik 2010era, eta honi esker ospe handia eskuratu zuen nazioartean. Abesti entzutetsu eta polemika bizien ondorioz, taldeak munduko musika zerrendetako postu gorenak lortu zituen 2000ko hamarkada hasieran, eta 2014 arte, guztira, 15 milioi disko baino gehiago saldu zituzten[1]. 200 km/h in the Wrong Lane albuma, esaterako, neskek soilik osatutako talde batek argitaratu duen album salduenetakoen zerrendako lehenengo postuetan dago[2]. 2003an, gainera, abeslariak Errusiaren ordezkariak izan ziren Eurovision Lehiaketan; hirugarren postua lortu zuten, irabazletik hiru puntura, eta beste behin, gatazka handia sortu zen abeslarien eta puntuazioen inguruan. Azken urteotan bakarlari bideari ekin dio.

Lena Katina

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakЕлена Сергеевна Катина
JaiotzaMosku, 1984ko urriaren 4a (39 urte)
Herrialdea Errusia
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Lehen hizkuntzaerrusiera
Familia
AitaQ26776702
Hezkuntza
HeziketaMoskuko Estatu Unibertsitatea
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakabeslaria eta kantugilea
Pisua60 kilogramo
Altuera162 zentimetro
Kidetzat.A.T.u.
Izengoitia(k)Lena Katina
Genero artistikoapop musika
pop rock
synthpopa
Ahots motasopranoa
Musika instrumentuapianoa
ahotsa
DiskoetxeaUniversal Music Group
Interscope Records
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEliza ortodoxoa

lenakatina.com
IMDB: nm1287621 Facebook: KatinaLena Twitter: LenaKatina Instagram: lenakatina VK: lenakatina MySpace: lenakatinaofficial Youtube: UCEG37gLoZle5PiR9w1fu0Xw TikTok: lenakatina_official Spotify: 5RfS9o5FOLPdO77H58h3oA iTunes: 1689290 Last fm: Lena+Katina Musicbrainz: 5f46a984-294d-4d41-9055-0ef628c66f40 Songkick: 708178 Discogs: 798749 Allmusic: mn0000268394 Deezer: 1689290 Edit the value on Wikidata

Biografia

Hastapenak

Jelena Sergeievna Katina[3] 1984ko urriaren 4an jaio zen Moskun, musikari familia batean. Hain zuzen, aita, Sergei Katin, errusiar musikari eta musikagile ezaguna da, Marina Khlebnikova eta beste artista ugarirekin kolaborazioak egin dituena; eta amona ere, Asia Nikititxna Katina, herrialdeko artista ospetsua izan zen. Gurasoak abeslaria gaztea zenean banandu ziren, eta Lena amarekin, Inessa Vsevolodovna Katinarekin, aitaordearekin eta ahizpa gaztearekin bizitzera joan zen. Dena den, aitak umea zenetik musika munduan sartu zuen alaba, eta lau urte baino ez zituenetik arte plastiko eta artistikoak sustatzen zituzten hainbat musika eta kirol clubetara eraman zuen. Zazpi urterekin abeslaria oinarrizko hezkuntzan sartu zen eta hurrengo urtean, gurasoek musika eskolan izen eman eta piano klaseak jasotzen hasi zen. Hamar urte zituela, Avenue izeneko haur ospetsuen musika taldeko bakarlari bihurtu zen, hiru urtez izan zen bertan[4][5].

Taldea utzi bezain pronto, hamahiru urterekin, Neposedy errusiar musika taldean sartzea lortu zuen; han beste hainbat artista txikiren artean, etorkizunean t.A.T.u. taldeko kide izango zuen Julia Volkova abeslaria ezagutu zuen. Lena Neposedin Julia baino urtebete beranduago sartu bazen ere, berehala lagun egin ziren. Gutxira, Lenak Neposedy taldea utzi egin behar izan zuen, hamalau urterekin graduatzen baitziren bertako kideak, eta hamabost urte baino ez zituela, Ivan Xapovalov eta Alexander Voitinski ekoizleek Errusian abian jarri behar zuten musika egitasmoak erakarrita, Lenak entzuketa probetara aurkeztea erabaki zuen. Probetara aurkeztu ziren 400 gaztetik bera izan zen hautatua, eta hasiera batean abesti eta demo batzuk grabatu zituen laguntzaile edo sponsor posibleentzat; esate baterako, beranduago ezagutaraziko ziren "Belotxka" ("Katagorria") eta "Jugoslavia", Jugoslaviako Gerrari buruz diharduena[4][5][6].

Volkova eta Katinaren 2003ko irudia.

Dena dela, proiektuan zer edo zer falta zelakoan, Xapovalovek eta Voitinskik bigarren aukeraketa fasean Julia batu zuten 1998. urtean. t.A.T.u. musika taldearen sorrera izan zen[4][5].

t.A.T.u.

Sakontzeko, irakurri: «t.A.T.u.»

Lehen urteak: 1999-2001

2000ko udazkenean "Ja Soxla S Uma" ("Burua Galdu Dut") izeneko lehen kanta grabatu zuten abeslariek, hala ere, ez zen abendura arte argitaratu. Abestiak hautsak harrotu zituen Errusian, letrak beste neska bat maite duen eta gizartearen eta gurasoen erantzunaren beldurrez dagoen gazte baten sentimenduak adierazten baititu. Eztabaida bizia izan zen, batez ere kantaren bideoklip gatazkatsua Errusiako MTV sarean kaleratu ondoren. Bertan, abeslariak, eskola uniformez jantzita, euripean, bata besteari musuka agertzen dira. Grabaketak 2000. urte hasieran egin ziren, Juliak hamalau eta Lenak hamabost urte baino ez zituztela, eta prentsak pederastatzat eta homosexulitatearen aldeko propagandatzat hartu zuen emanaldia[4][5].

Bat-bateko arrakastaren ostean, ekoizleek arau zorrotzak ezarri zizkieten taldekideei; besteak beste, jarraitzaileei autografoak sinatzea debekatu zieten, kazetariei erantzun motzak ematera behartu zieten eta, batik bat, abeslarien bizitza pertsonala ezkutatu egin zuten. Hitzarmen horrek neska gazteen bizimodua guztiz baldintzatzen bazuen ere, abeslariek onartu egin zuten[5].

Hurrengo urtean iritsi ziren gainontzeko lehen abestiak: "Nas Ne Dogoniat" ("Ez Gaituzte Harrapatuko") eta "30 Minut". Azkenean, maiatzaren 21an 200 Po Vstretxnoi (200 km/h Zirkulazioaren Aurka) disko arrakastatsua kaleratu zuten. Hilabete berean, "200 Po Vstretxnoi Tour" luze eta gogorrari ekin zioten, eta, hala nola, Errusia zeharkatu, eta Polonia, Alemania, Errumania eta Txerkiar Errepublikan izan ziren. Eskuratu zuten arrakasta erabatekoa izan zen Ekialdeko Europa osoan, guztira, 2,5 milioi kopia saldu zituzten nazioartean, zilarrezko hiru disko, eta beste sari ugari lortu zituzten. Azken abestia kaleratu ostean, 2001. urteko udan, t.A.T.u. taldeak ingelesezko lehen albuma grabatzeari ekin zion[7][8][9].

Nazioarteko arrakasta: 2002-2003

Disko berriko lehenengo arrakastak argitaratu aurretik, errusiar gizartea beste behin asaldatu zuen polemika bat piztu zuten abeslariek 2002. urtean. "Prostye Dvizhenia" ("Mugimendu Soilak") laugarren kanta kaleratu zuten maiatzean, gaitzetsia izan zen bideokliparekin batera. Bertan, Julia Volkova, orduan hamazazpi urte baino ez zituela, bainuontzi baten barruan agertzen da eta bideokamerak bere aurpegiaren lehen planoa hartzen du abeslaria masturbatzen ari den bitartean. Zentsurarik gabeko ikus-entzunezkoan, gainera, Juliaren bularrak azaltzen dira agerian. Horrek aurreko urtean izandako pederastia eta gehiegizko lizunkeria akusazioen kondarrak berpiztu zituen[10].

Lenaren 2003ko irudia.

Polemikak polemika, 2002. urteko abenduaren 10an, 200 Po Vstretxnoi diskaren ingelesezko kidea argitaratu zen: 200 km/h in the Wrong Lane. Disko honek, Ekialdeko Europan ez ezik, erabateko arrakasta izan zuen Europa mendebaldeko eta Ipar Ameriketako herrialdeetan ere, eta t.A.T.u. taldeari nazioarteko ospea ekarri zion albuma izan zen. Guztira, sei milioi kopia saldu zituzten eta albumak munduko merkatu nagusietako top 10ean sartzea lortu zuen. Abesti ospetsuenak "All the Things She Said" ("(neska) Hark Esandako Guztia"), "Not Gonna Get Us", "Show Me Love" ("Maitasuna Erakuts Nazazu") eta "How Soon Is Now?" ("Ze Goiz Da Orain?") The Smiths taldearen bertsioa izan ziren. 2003an, bestalde, diskoa promozionatzeko tourra jarri zuten martxan: "Show Me Love Tour". Besteak beste, Erresuma Batua, Alemania eta AEBetan izan ziren; azken honetan, t.A.T.u.-ren anatomia dokumentala grabatu zuten[9][11].

Promozio tourrean ere gatazkaren erdigune bilakatu ziren Julia eta Lena. Telebista kate desberdinetan eskaini zituzten gaueko elkarrizketetan lotsagabe eta zakar agertu ziren; besteak beste, abeslariek euren artean errusieraz hitz egiten zuten eta elkarrizketatzailearen galderei entzungor egiten zieten. Estatu Batuetako zenbait telebista kate pribatutan, gainera, elkarri musu ematea debekatu zieten; eta neskek, hala ere, zentsuraren aurka egin eta musu bustiak eman zituzten. Musika munduko neska gaiztotzat hartu zituzten. AEBetako tourrak iraun zuen bitartean, "Khui Voine!" ("Gerra Puta!") leloa zeraman kamiseta zuriak jantzi zituzten, orduan hasi zen Irakeko Gerraren aurka protesta egiteko. Horrek gaitzespena ekarri zuen amerikar gizartean eta elkarrizketa asko bertan behera gelditu ziren. Jimmy Kimmelen programan, adibidez, kamisetak janztea debekatu zitzaien eta abeslariak "Censored" ("Zentsuratuak") leloa zeraman elastikoarekin agertu eta aurkezleari berari eskuan esaldia idatzi zioten zuzeneko emanaldian. Polemika guztiekin batera, diskoaren salmentek goraka egin zuten eta urrezko, platinozko eta diamantezko diskoak lortu zituzten hainbat herrialdetan. Gainera, Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak errusierazko diskoaren milioi bat kopia saltzeagatik, Platinozko Saria eman zion taldeari. Saria lortu zuen lehen talde errusiarra izan zen[12][13][14].

Garai horretan, oraindik, euren sexualitateari buruzko kontua nahasia zebilen; alde batetik, elkarrizketa batzuetan etiketak ez zitzaizkiela gustatzen zioten, besteetan, aldiz, itxura baino ez zela. Azkenik, 2003. urtean eginiko elkarrizketa batean, abeslariek euren sexualitateari buruzko galderarik ez zutela erantzungo jakinarazi zuten. Dena den, t.A.T.u.-ren anatomia dokumentala argitaratu zenean eta ekoizleek eta abeslariek beranduago elkarren arteko harremana moztu zutenean, Juliak eta Lenak dena marketing hutsa izan zela onartu zuten[15][16].

2003ko maiatzean t.A.T.u. taldeak Eurovision Abesti Lehiaketan partu hartu zuen. Foku eta mesfidantza guztien jomuga izan ziren abeslariak izendapenaren lehenengo egunetik; erabat zuzenean abestuko zuten lehenengo aldia izango zen eta, gainera, Juliaren eztarriak arazoak ematen hasi zen garaia izan zen. Estudioan grabatzen ari ziren abesti berrietan, Juliak ahotsa komeni zena baino gehiago behartzen zuen nota altuenetara iristeko. Garrasi eta oihu etengabeek kistea eragin zioten hots-kordetan, eta horrek Juliaren ahotsa marrantatu zuen. Medikuek ebakuntza egin, kistea kendu, eta hainbat injekzio eman zizkioten Eurovisionen ahotsa berreskuratu ahal izateko, baina ekitaldiko egunera arte hotsik ez ateratzea gomendatu zioten. Hala, taldeak ez zuen lehiaketako entseguetan parte hartu eta ikus-entzuleek txistuka hartu zituzten finalean. Azkenean, leihaketaren unean, Juliarena ez, Lenaren ahotsa eta desafineak izan ziren emanaldi kaskarraren erantzuleak. Dena den, aurkeztu zuten "Ne Ver, Ne Boisia" ("Ez Sinetsi, Ez Izutu") abestiak hirugarren postua lortu zuen, 164 puntu. 2003ko Eurovisioneko polemika, hain zuzen ere, puntuazioek ekarri zuten. t.A.T.u. taldeak musika zerrendetako lehen postua lortu zuen herrialdetako batean, Irlandan, telefono bidezko botoak zenbatzerakoan arazoak izan ziren, hala, irlandar botoak entseguetan izan ziren epaileek erabaki zituzten, eta Juliak eta Lenak entseguetan parte hartu ez zutenez, euren abestiak 0 puntu jaso zuen. Taldea lehenengo postutik, alegia, irabaztetik hiru puntura baino ez zen gelditu[13][17][18].

Julia eta Lena Kieveko kontzertuan (2006).

Aldaketa: 2003-2006

Eurovisioneko porrotaren ondoren, taldeak hurrengo hilabeterako itzartuta zituen kontzertuak bertan behera utzi zituen; Alemanian, Rigan, Japonian. Juliaren ahotsa okerrera egiten ari zen eta eztarriko ebakutzaren ondoren, medikuak hainbat hilabeteko isiltasuna agindu zion. Hala ere, 2003. urteko MTV Movie Awards ekitaldian parte hartu zuten abeslariek, nahiz eta abestu beharrean, Juliak eta Lenak itxura egin zuten. Azkenean, Japoniako tourra hilabete batzuk beranduago burutu zuten[19][20][21].

2003. urteko amaieran, t.A.T.u. album berria prestatzen hasi zen. Era berean, grabazioaren hastapenetan, bigarren dokumentala filmatu zuten: Podnebesnaia (Zerutiar) izenekoa. Ikus-entzunezkoa 2004ko urtarrilaren eta martxoaren bitartean agertu zen errusiar telebistan, baina disko berria ez zen inoiz argitaratu; izan ere, Juliak eta Lenak Ivan Xapovalov ekoizle eta taldearen sortzailearekin hautsi zuten urtearen hasieran. Zurrumurru ugari izan ziren banantzearen inguruan. Abeslariek interes falta egotzi zioten Xapovalovi eta grabatzen ari ziren abesti berriak txarrak eta balio gabeak zirela gaineratu zuten. Badirudi Juliaren bigarren haurnaldiak ere garrantzi handia izan zuela erabaki horretan; aurreko urtean, Julia abortu-klinika batetik ateratzen harrapatu zuten kazetariek eta t.A.T.u.-ren anatomia dokumentalean abortu bat izan zuela iradoki zuen. Prentsak Xapovalovek haurdunaldia bertan behera uztera derrigortu zuela zabaldu zuen, baina ez ekoizleak, ezta abeslariak ere, ez dute honi buruzko adierazpenik egin[22][23].

Juliak erditu eta berehala, bi abeslariek, Sergio Galoian musikagilearekin batera, disko berria antolatzeari ekin zioten estudioan. "All About Us" ("Guztia Guri Buruz") eta "Liudi Invalidy" ("Minusbaliatuak" edo "Ezinduak"), hurrenez hurren, ingelesezko eta errusierazko diskoen kanta nagusiak 2005. urteko abuztuan egin zuten debuta. Harrera ona izan zuten bi abestiek, batik bat, lehenengoak, eta Europako musika zerrendetan azkar batean egin zuen gora. Ingelesezko albuma, Dangerous and Moving (Arriskutsuak eta Mugimenduan), urte bereko urriaren 5ean kaleratu zen; errusiar kidea, aldiz, Liudi Invalidy urriaren 19an atera zen. Diskoek ez zuten aurrekoen arrakasta bera eskuratu, baina, guztira, 2,5 milioi kopia saldu zituzten nazioartean. "Dangerous and Moving Tour" arrakastatsua 2006ko apirilaren 28an hasi zuten San Petersburgon. Diskotik bakarka aurkeztu zituzten beste abesti batzuk "Friend or Foe" ("Laguna ala Etsaia"), "Gomenasai" (japonieraz; "Barkatu") eta "Loves Me Not" ("Ez Nau Maite") izan ziren; dena den, proiektu berriaren euskarri nagusia "All About Us" aurreneko abestia izan zen[24][25].

2007ko irailaren 12an, Truth: Live in St. Petersburg izeneko DVDa argitaratu zuten, San Petersburgon aurreko urtean eman zuten zuzeneko kontzertua dakarren bideoa[26].

Amaiera: 2007-2010, 2014

Urtearen bukaeran, hirugarren albumeko lehen kanta kaleratu zuen: errusierazko "Bely Plastxik" eta ingelesezko "White Robe" ("Mantal zuria"). Brasil, Mexiko eta Ekialdeko Europako zenbait musika zerrendetan lehengo postua lortu zuen arren, abesti honen arrakasta oso xumea izan zen eta ez zen nahikoa izan 2008ko ekainaren 30ean kaleratu zen Vesiolye Ulybki (Irribarre Zoriontsuak) albuma goratzeko. Diskoak bakarkako beste hiru abesti utzi zituen: "220", "You and I" ("Zu eta Ni") eta "Snegopady" ("Elurteak"). 2008ko MTV Russia Music Awardsen MTVko Legenda saria jaso zuten abeslariek, baina t.A.T.u. taldearen proiektu berria porrota izan zen, ozta-ozta argitaratu zuten 2009an ingelesezko kidea: Waste Management (Hondakinen Kudeaketa); eta Juliaren eztarriak izan zuen beherakadarekin batera, musika taldearen ibilbidea ezbaian jarri zen[16][27].

Bacardi B-LIVEn (2008).

2009. urte hasieran bananduko ziren esamesa zabaltzen hasi zen. Abeslari bakoitzak bakarkako proiektuari ekin nahi zion, eta euren arteko harremana ere garrazten hasi zen. Publikoki eztenkadak bidaltzen zizkioten batak besteari; hala nola, Juliak eginiko ebakuntza estetikoen aurka agertu zen Lena, eta batak bestearen bakarkako bidea kritikatu zuen. Hala eta guztiz ere, maiatzean Errusian ospatu zen 2009ko Eurovision Lehiaketako lehenengo finalerdian "Not Gonna Get Us" eta "Ne Ver, Ne Boisia" kantak abestu zituzten, Errusiar Armadaren Abesbatzarekin batera. Azkenean, 2011. urteko martxoan, t.A.T.u.-k webgunean jakinarazi zuen taldea bertan behera gelditzen zela. Bi nesken arteko gatazkek eragin zuten haustura, eta bakoitzak bere bidea jarraituko zuela gaineratu zuten[28]. Urte berean, 2008an grabatutako, Julia eta Lena bera agertzen diren eta Mischa Barton protagonista duen filma kaleratu zen, You and I izenekoa[29].

Azken emanaldia eskaini zutenetik hiru urte igaro ondoren, 2012ko abenduaren 11n, Lena eta Julia berriz elkartu eta Errumaniako "The Voice" programan elkarrekin abestu zuten. Hala ere, une horretan bat egitea ez zela posible adierazi zuten, abeslari bakoitza bere bakarlari proiektuan buru-belarri zebilela. Gainera, harremanik ez zutela ere adierazi zuten, aspaldiko laguntasuna bukatu zela, eta lan kontuengatik baino ez zutela hitz egiten aitortu zuten[9][30].

2013an hainbat kontzertu eman ostean, Sotxin ospatu ziren 2014ko Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten elkarrekin. Hala ere, harremana berriro garraztu zen eta aurkeztu behar zuten "Liubov V Kazhdom Mgnovenii / Love In Every Moment" ("Maitasuna Uneoro") abestiaren bideoa argitaratu zen arren, eszenak bereizita grabatu zituzten[31][32].

Bakarlari bidea

Waste Management albuma kaleratu ostean, t.A.T.u. taldea bertan behera gelditzen zela adierazi zuten Juliak eta Lenak. Abeslari bakoitzak bere bakarkako proiektuari ekin nahi zion. Lenak AEBetara bidaiatu zuen, kontzertuak eman eta abestiak prestatzeko asmoz. Bertan, hainbat kolaborazio egin zituen, besteak beste, Abandon All Ships kanadar post-hardcore taldearekin eta Belanova mexikarrekin; azken hauekin batera, "Tic Toc" kanta argitaratu zuen[33][34][35]. Mexikon promozioa egiteko kontzertuak ematen ari zela, 2011ko ekainaren 17an, Lenak bakarkako bere lehenengo single-a kaleratu zuen: "Never Forget" ("Ez Ahaztu Inoiz"). Abestia nahiko arrakastatsua izan zen, batik bat, Mexikon eta Ekialdeko Europan, eta bideoklipa abuztuaren 5ean argitaratu zen. Gatazka bideokliparekin iritsi zen, bertan, t.A.T.u. taldearen heriotza irudikatu nahian, Lenak bere eta Julia Volkova kide ohiaren hiletak antzeztu baitzituen. Horrek are gehiago gaiztotu zuen bi abeslarien arteko harremana. Bideoklipagatik, Lenak Errusiako MTVk banatzen duen urteko bideo onenaren saria irabazi zuen[36][37].

Hainbat hilabete isilen ostean, 2012an Lenak hainbat kolaborazio aurkeztu zituen, dena den, kantek ez zuten entzute handirik izan. Lehena, apirilaren 24an, Clive Owen aleman DJarekin batera izan zen, "Melody" abestia. Ondoren, T-killah errusiar raperrarekin "Ja Budu Riadom" ("Zure Ondoan Izango Naiz") eta "SHOT" ("Tiro") irailaren 30ean. Eta, azkenik, Sergio Galoian t.A.T.u. taldeko musikagile ohiarekin, "Paradise" ("Paradisua") urriaren 24an[4].

Azken urteetan, bi dira Lenak kaleratu dituen bakarkako abestiak: 2013ko irailaren 10ean aurkeztu zuen "Lift Me Up" ("Altxa Nazazu") -gaztelaniazko "Levántame" kidea- eta "Who I Am" ("Nor Naizen"). Azken hau, 2014ko azaroaren 18an kaleratuko duen This Is Who I Am (Hau Da Nor Naizen) albumeko kanta nagusia izango da[4][38].

Singleak

  • 2011 - "Never Forget"
  • 2013 - "Lift Me Up / Levántame"
  • 2014 - "Who I Am"

Erreferentziak

  1. "t.A.T.u., Russian Pop Duo, Opening Sochi 2014 Winter Olympics Ceremony" US Magazine. 2014.09.17
  2. "IFPI Platinum Europe Awards" International Federation of the Phonographic Industry. 2009.09.04
  3. 156. araua - Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema (errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera). Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2014.09.04).
  4. Lena Katina. About Official site. 2014.09.12
  5. t.A.T.u. History Official site. 2014.09.05
  6. Lena Katina Lastfm. 2014.09.12
  7. "Oficjalna lista sprzedaży :: OLIS - Official Retail Sales Chart". Polish Society of the Phonographic Industry. 2014.09.05
  8. "Album certifications – t.A.T.u – 200 Po Vstrechnoy" (ZPAV). 2014.09.05
  9. "10 years in the Wrong Lane: An Interview with t.A.T.u." Muumuse. 2014.09.09
  10. "t.A.T.u. presents a naughty video" Russia Journal. 2014.09.09
  11. "t.A.T.u and Special Guest Eduard Romanyuta to Perform in Concert on September 27, 2013" Prnewswire. 2014.09.09
  12. Hiatt, Brian (2003ko martxoaren 7a). "t.A.T.u. Ewww". EW.com. 2014.09.09
  13. "Russian body and soul: t.A.T.u. performs at Eurovision 2003" A song for Europe. 2014.09.09
  14. "Talk Talk: t.A.T.u. on Jimmy Kimmel Live (2003)" aux. 2014.09.09
  15. YouTube Anatomy of t.A.T.u. 2014.09.07
  16. "t.A.T.u. - Happy Smiles (staff review)" Sputnikmusic. 2014.09.09
  17. Vote switch 'stole Tatu's Eurovision win' The Guardian. 2014.09.09
  18. "UK act hits Eurovision low" BBC News. 2014.09.09
  19. "t.A.T.u. Concerts in Germany Cancelled/Delayed" Tatysite. 2014.09.09
  20. "Another lawsuit - t.A.T.u. cancellations in Riga" Tatysite. 2014.09.09
  21. "Russian pop duo t.A.T.u. panned in Japan" smh. 2014.09.09
  22. YouTube Podnebesnaia. 2014.09.09
  23. "Julia Volkova – Tatu Singer Is Pregnant" ContactMusic. 2014.09.09
  24. "Dangerous and Moving - t.A.T.u" Discogs. 2014.09.09
  25. "t.A.T.u. - Dangerous and Moving" Allmusic Review. 2014.09.09
  26. En vivo Tatu - Live In St. Petersburg - Truth DVD (2006) JukeBox. 2014.09.09
  27. "t.A.T.u. – «Веселые улыбки». Рецензия Гуру Кена - Новости рока". Newsmusic.ru. 2012.03.13
  28. "Yulia Volkova calls Katina's solo project "silly" ! (Subtitled)" Youtube. 2014.09.09
  29. You and I IMDb. 2014.09.11
  30. "Vocea Romaniei. Rusoaicele de la trupa t.A.T.u. au facut spectacol pe scena. Cine merge mai departe" (errumanieraz) - Pro TV. 2014.09.09
  31. "Yes, the Pseudo-lesbian Band t.A.T.u. Sang at Sochi’s Opening Ceremony" TheDailyBeast. 2014.09.09
  32. "t.A.T.u se despide con Love in every moment" (gaztelaniaz) - Los40. 2014.09.09
  33. Lena Katina Show Tour. 2014.09.17
  34. "Guardian Angel (Ft. Lena Katina of T.A.T.U.)" Last.fm 2014.09.17
  35. Country Music Channel Belanova and Lena Katina. 2014.09.17
  36. "Never Forget" iTunes. 2014.09.17
  37. "Yulia Volkova talks BS about Lena Katina TATU" YouTube. 2014.09.17
  38. "Lena Katina “This Is Who I Am” | “Fed Up” (Premiere)" Josepvinaixa. 2014.09.17

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lena Katina


Aurrekoa
Premier-Ministr 2002an
Northern Girl abestiarekin
Errusia 2003ko Eurovision Abesti Lehiaketan

Ne Ver, Ne Boisia abestiarekin
Ondorengoa
Julia Savitxeva 2004an
Believe Me abestiarekin
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.