Lekobide
Lekobide edo Lekabide edo Lekobidi (gaztelaniazko grafian Lecobide) euskal mito moderno bat da, Leloren kantu edo Kantabriarren kantu deitutakoaren pasarte baten interpretazio oker batetik sortutakoa XIX. mendean. Mito oker honen arabera, bizkaitarren eta, ondorio bidez, euskaldunen aurrendaria izan zen Lekobide izeneko buruzagi bat, ustez Octavio Augusto lehen erromatar enperadorearen aurkako borroka irabazi zuena.
Mitoaren sorrera
Leloren kantua Ibarguen-Cachopin kronikaren (1558-1610) 71. koadernoan bildutako kantu apokrifoa da: faltsifikazio bat da, Erromatarren garaiko kantabriar edo euskaldunen eta erromatarren arteko guduen berri ematen duen kantu epikoa, ustezko euskara arkaiko baten gordea. Zantzu guztien arabera, XVI. mendeko sorkuntza da[1].
Kantu horren pasarte batean hau irakurtzen da[2]:
« |
Octabiano |
» |
XIX. mendeko hizkuntzalari batzuek —dirudienez, horietako batzuk euskaraz gutxi edo batere ez zekitenak—[3], uste izan zuten lecobjidi hitz ezezagun hori izen propio bat zela, hau da, «Oktabiano munduko jauna, eta Lekobidi Bizkaikoa».
Hedakuntza
Euskaraz gutxi edo batere ez zekiten glosagileen ustea sinetsita, Juan Antonio Mogelen eta, batez ere, Wilhem von Humboldten lanen eraginez hedatu zen Lekobideren mitoa, hau da, euskaldunen aurrendariaren mitoa[4].
Geroztik, euskal kulturaren iruditerian aski indarra izan du Lekobideren mitoak. Batez ere XIX. mendeko kutsu erromantiko berantiarreko literatura foruzalean. Besteak beste, Lekobide izeneko euskal buruzagia pertsonaia nagusia da Juan Benanzio Arakistainen Tradiciones Vasco-Cántabras (1866) liburuko "Los Cantabros" (kantabriarrak) kontakizunean eta Vicente Aranaren Los últimos íberos. Leyendas de Euskaria (1882) obraren "Lekobide" izenekoan. Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" bertsolariaren «Orain bi milla urte» ( Orain bi milla urte) bertso sortan esaten da: «Lekobide ta Otsobal ziren / Kantabriyako buruak» zein Gure fueroak bertsoan (1913):
« |
Lekobide zan euskalduntarra |
» |
Emiliano Arriagak ere opera libreto bati izen hori jarri zion 1913an.
Hitzaren azalpena
Koldo Mitxelenak eta beste zenbait hizkuntzalarik egindako lanetan aski frogatu eta dokumentatu da lecobjdi honen esangura ulertu behar dela lekatu aditzetik abiatuta, hori da, «kanpo utzi, salbuetsi». Bernat Etxeparek eta ekialdeko beste idazle askok lekot bedi edo lekat bedi forma darabilte, esandako «kanpo utzi, salbuetsi» zentzu horrekin.[5]
« | Hamar manamenduiak |
» |
Hapax?
Leloren kantu apokrifoan azaltzen den forma zehatz hori hapax bat zela uler zitekeen, 2020an aurkitutako Ene laztan gozo ederra... agertu zen arte. Izan ere, poema horren pasarte batean agertzen da forma bera[6]:
« | ezcutaria, usatu eztet |
» |
Erreferentziak
- Julio Urkixok bere artikuluetan emandako datuen arabera guztiz frogatzen da kantu hori apokrifoa dela.
- Koldo Mitxelenak ematen duen transkripzioa.
- Koldo Mitxelenak dio, Leloren kantua-ren glosak idatzi zituztenei buruz: «La consecuencia más natural parece ser que el glosador o glosadores era gente cuyo desconocimiento del euskara podía alcanzar proporciones muy elevadas, en algunos casos totales» (299. or.).
- Koldo Mitxelenak harrituta esaten du, bere artikuluaren amaierako post scriptum oharrean, Humboldt izan zela Lekobideren mitoa sortu edo, gutxienez, argitara atera zuena (313.or.).
- «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
- Ikus zehazki Ene laztan gozo ederra... artikuluaren 4. oharra.
Bibliografia
- Julio de Urquijo (1922-1924) «La Crónica Ibargüen-Cachopin y el Canto de Lelo» in Revista Internacional de Estudios Vascos, (1922) 83-98, 232-247, 458-482; (1924) 163-182, 523-548 or.
- Luis Michelena (1985) «Contra Lekobide» in Anuario del Seminario Julio de Urquijo, 20-1,1986, 291-313 or.