Lekeitioko portua

Lekeitioko portua edo Txatxo kaia Bizkaiko hirugarren arrantza kairik garrantzitsuena da Bermeoko eta Ondarroako portuen ondoren. Izan ere, 2004an 17 itsasontzi zituen baxurarako.

Lekeitioko portua
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaLekeitio
Koordenatuak43°21′52″N 2°30′14″W
Map

    Lea ibaiaren bokalean kokatuta dago, Isuntzako hondartzaren badian, eta herriko erdigunea da antzinatik legez gaur egun ere. Kontutan hartu behar da ohiko pasealekua izateaz gain, jai egun nagusiak ere bertan ospatzen dituztela: San Pedroko jaietan kofradia aurrean kaxarranka dantza (ekainaren 29an) eta San Antolinetan antzar eguna (irailaren 5ean).

    Historia

    Gaur egun dagoena baino lehenago beste kai batzuk egon ziren herrian, eta honi buruzko lehenengo berriak XIV. mendekoak ditugu. Hala ere, antza denez erromatarren garaian ere portus bat egon zelako aztarnak badaude.

    XV. mendean, 1486ko ordenantzen arabera, hiru toki zeuden itsasontziak lotzeko: Lea ibaiaren ertzean (Madalena eta Isuntzako moilen artean) eta kaian bertan. Mende hartakoa edo zaharragoa San Pedro arrantzaleen kofradia ere bada. Erdi Aro hartatik balearen harrapaketak garrantzi handia eduki zuen Lekeition, inguruko beste herrietan bezala.

    Urteak aurrera, eta 1735eko deskripzio baten arabera, kaian bi nasa zeuden: Nasabarri eta Nazazarra, eta tartean nasabittartia zelakoa. Orduan, Holandako moila izenekoa bazegoen bertan, Herbehereetako itsasontzi merkatarien joan-etorrien lekukoa izan dena.

    Azkenik, portuaren gaurko egitura XIX. mendearen amaieran finkatu zuten, 1887 eta 1891 artean, Jose Lekerika ingeniariak egindako proiektuari jarraituz. Honen arabera lau moila eraiki zituzten: Abadeen moila, plazaren azpikoa (gaurko Independentzia enparantzaren azpikoa), Txatxo kaia eta iparraldekoa edo tinglaua (1932tik tinglatu batek estalia). Ordurarte, Arranegi kaleko etxeek hondartzara edo itsasora ematen zuten zuzenean.

    Lekeitioko portua gauez.

    Ontziolak

    Gogoan hartu behar dugu Leako itsasadarrean ontziolak egon direla gutxienez XIV. mendetik, eta gaur egun ere hauen aztarnak badaude.

    Islako moila

    Islako moila, lazunarri edo malekoia 1856an amaitu zuten, itsasadarra Karraspioruntz bideratzeko XVIII. mendetik zetozen asmoak azkenean gauzatuz. Honek arrantza jarduera erraztu zuen, besteak beste.

    Ikus, gainera

    Bibliografia

    • "Txatxo kaia. Lekeitioko portua. Memoria grafikoa". Lekeitioko Udala, 2006.

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.