Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia
Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia kostaldeko herri bizkaitar hartan urtero 1989tik uztailaren lehen hamabostaldian burututako nazioarteko festibala da, itzal handikoa eta Euskal Herriko garrantzitsuena arlo honetan.
"Deabru Beltzak" taldea jaialdiari estuki lotuta dago.
Historia
1979. urtean Lekeitio herrian “Topaketak” antolatu ziren. Antzerki topaketa haietan Danimarka, Italia eta Euskal Herriko taldeak bildu ziren euskal antzerki independentearen mugimenduari hasiera ematen. Horrela, Lekeitio da kale-antzerki garaikidearen hastapenaren lekukoa.
Hamar urte beranduago, 1989an, antzerkizale talde batek topaketa horietan bizi izandako esperientzia berreskuratzea eskaini zion udalari. Horrela sortu zen Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiaren aurreneko edizioa. Aurrekontu apal batekin jaialdiak hasierako urratsak eman zituen eta egitarauan ehun hankapaluen bilkura bat nabarmendu zen.
Jaialdia aitzindaria zen, Euskal Herrian kale-kultur arlo honetan lehenengoa baitzen. Kale eta plazetan oinarria izanda ere, zeruan, itsasoan, hondartzan… ere aurkitu du antzezlekua.
Bigarren jaialdiak, 1990an, munduari zabaldu zion atea, Frantzia eta Laponiako bi talde gonbidatuz. Nazioarteko joera hau urtez urte handitzen joan da. Gaur, bost kontinentetako taldeak Lekeitioko plazatik igaro dira. Togo, Ghana, Mozambike, Quebec, Argentina, Kuba, Txile, Bali, Turkia, Txekia, Italia, Alemania, Portugal, Errusia, Frantzia… izan dira jaialdian. Penintsulako eremu guztietatik ere hamaika antzerki talde hurbildu dira Lekeitiora. Honez gain, euskal antzerki talde ugarik hartu du jaialdia estreinatzeko plaza. Jaialdiak berak ekoizpen propioak estreinatu ditu aldizka, arrakasta handiz bai parte hartze aldetik, bai kalitate aldetik[1].
Itzal luzeko nazioarteko taldeak izan dira Jaialdi honetan: Royal de Luxe, Ilotopie, Plasticiens Volants, Trans Express Europa…