Leize-hiena pikarta

Leize-hiena pikarta (Crocuta crocuta spelaea) Iberiar penintsula eta ekialdeko Siberia artean bizi zen iraungitako animalia harraparia izan zen. Hasiera batean espezie desberdin gisa kontsideratu bazen ere DNA azterketek erakutsi dute desberdintasunak ez direla hainbestekoak eta hiena pikartaren azpiespeziea da gaur egun[1].

Leize-hiena pikarta
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaHyaenidae
GeneroaCrocuta
EspezieaCrocuta crocuta
Azpiespeziea Crocuta crocuta spelaea
Goldfuß, 1823

Basazaldiak, estepako bisonteak edo errinozero iletsuak jaten zituenez, hainbat leize eta torkatan hauen aztarnak utzi zituen. Duela 12.500 urte inguru Europako zelai zabalak desagertzearekin batera iraungi ziren leize-hiena, hobeto moldaturiko harrapari espezieek (otsoak, gizakiak) ordezkatuta[2].

Aurkikuntzen historia

XVIII-XIX mendeetako aurkikuntzak

XVIII. mendeko zientzia literaturan azaltzen dira leize-hienaren hezurduren zatiak, baina normalean gaizki identifikaturiko hezurrak dira. Aurreneko aipamena 1737koa da, Rariora Naturæ et Artis liburuan egiten du Kundmannek[3]. Baraila zati bat da, baina txahal batena dela esaten du. 1774. urtean Eugenius Johann Christoph Esper naturalista alemaniarrak Gailenreuth-en aurkituriko hiena hortzak deskribatu zituen lehoiarenak zirela esanez eta 1784an Cossimo Collini italiarrak hiena baten garezurra itsas txakur batena balitz bezala deskribatu zuen.

Britainia Handian ere aurkitu ziren hienen aztarnak. William Buckland paleontologoak Kirkdale leizean aurkituriko hezurrak aztertu zituen eta leize horiek leize-hienen babeslekuak izan zirela ikusi da. Plymouth alboan Cliff eta Whidbeyk ere aurkikuntza berriak egin zituzten[4].

Buckland Kirkdaleko hienen leizea aurkitzen erakusten duen marrazkia, 1822an egina.

1812an Georges Cuvier paleontologo frantsesak identifikatu zituen hezurrok, hiena hezurrak zirela esanez. Gaur egungo hiena pikartarekiko desberdina zen espezie gisa identigikatu zituen, tamaina handiagoa baitzuten, eta Europan zehar aurkituriko hiena hezurren aztarnategien zerrenda egin zuen. 1823ko Ossemens Fossiles liburuan deskribapen zehatzagoa egin zuen eta leize hienaren hatzak laburragoak eta sendoagoak zirela esan zuen hiena-pikartarenak baino[5]. Crocuta spelaea izena eman zitzaion, "leizeetako hiena" hain zuzen ere. XIX. mendean zehar Cuvierren iritzia erabat onartua izan zen eta garaiko beste hainbat paleontologok ere sakondu zuten bide horretan, de Blainvillek eta Richar Owenek esate baterako. Hagin karnasiala gehitu zitzaion hiena bien arteko ezaugarri desberdinei.

William Boyd Dawkins izan zen aurreneko zientzilaria Cuvierrek baieztapena zalantzatan jarri zuena. 1865ko idazki batean aipatu zuen hagin karnasialaren itxura ez dela nahikoa espezieak bereizteko, espezie barneko aldaera bat izan zitekeela, alegia. 1877an berriz aztertu zituen hiena bien garezurrak eta espezie arteko diferentzia markatuko lukeen osagairik ez zuela aurkitu berretsi zuen[4].

Azterketa modernoak

2005. urtean bildutako hiena espezie bien aztarnen DNA azterketak egin ziren. Mitokondrioetako b zitokromoa kodetzen duten geneak aztertu dira eta erakutsi dute espezie berari dagozkiola hiena pikarta eta leize-hiena pikarta[6]. Koprolitoetan aurkituriko aztarnetatik ateratako genoma ere aztertu zen 2012. urtean eta emaitza bera eman zuten[7]. Horrela beraz, leize-hiena pikarta gaur egun Afrikan aurkitzen den hienaren azpiespeziea da, Crocuta crocuta spelaea.

Deskribapena

Heinrichshöhle leizean (Alemania) eraikitako erreplika.

Gaur egun Afrikan aurkitzen den hiena pikarta baino handiagoa zen leize-hiena. 102 kg-tako pisua har zezakeen, gaur egungo handienek baino 10-15 kg gehiago[8]. Animalia bien arteko gainerako desberdintasunak gorputz adarretako hezurretan identifikatu dira. Leize-hiena pikartak humeroa eta femurra luzeagoak zituen[9], hatzetako metakarpo eta metatarso hezurrak aldiz laburragoak eta sendoagoak ziren.

Gainerakoan Afrikan aurkitzen diren hiena pikarten itxura zuten. Emeak arrak baino handiagoak ziren eta haitzuloetako hormetan aurkituriko marrazkiek erakusten dute orban beltzak zituztela gorputzean, gaur egungo hienen antzera[10]. Begiratu batera kanidoen itxura duten arren felidoen taldearekin erlazio handiagoa dute. Gorputza sendoa zen, lepo luzea eta garatua, eta atzeko hankak laburragoak aurrekoak baino.

Paleobiologia

Elikadura

Leize-hiena pikarta harrapari oportunista zen, bai eta sarraskijalea ere[11]. Europan zehar aurkituriko leize-hienan hondarrek erakusten dute hura baino animalia handiagoak ehizatzen zituela, hala nola, batez ere basa-zaldiak, baina baita estepako bisonteak eta errinozero iletsuak ere[12]. Horietaz gain oreinak, elur-oreinak, irlandar oreinak, Europar basastoak, sarrioak eta alpetar basahuntzak ere ehizatu zituzten[13].

Hienak leize-hartzaz elikatzen.

Bohemiako eremu karstikoetako hiena babeslekuetan elikaduraren inguruan ikerketa interesgarria egin zen eta honako emaitzak eman zituen. Przewalski zaldia zen harrapakin ugariena, %16-51. Afrikan gaur egungo hiena pikartak zebra ehizatzea hobesten duten bezala, leize-hienek ere zaldiak ehizatzeko joera zuten. Haien harrapakin handiena errinozero iletsua zen, eskualde batzutan harrapakinen %25-20 izatera ere iristen zen. Elur oreinek %7-15 osatzen zuten eta gainerakoak gutxiago[13].

Hienen zuloetan inoiz otsoaren hezurrak ere aurkitu izan dira, izan liteke jateko ehizatu zituztela edota espezie bien arteko lehiagatik, izan ere ez baita arrunta haragijaleak haragijaleaz elikatzea[12]. Haitzuloetako lehoien eta hartzen hondarrak ere aurkitu izan dira, baliteke sarraski gisa jan izana[13]. Hiena hezurrak ere sarritan hautsita azaltzen dira eta baliteke haien espeziearekiko sarraskijaleak izatea ere[14].

Etologia

Jokaera sozialen inguruan ez da askorik ezagutzen. Leizeetan babesa bilatzen zuten, baita espazio zabaletan ere[15]. Dirudienez klan handirik ez zuten osatzen, baina animalia handiagoak ehizatzeko talde lana beharrezkoa izango zuten. Hala ere itxura sendoagoa izateaz adieraz dezake indarrean oinarritzen zituztela erasoak, ez abiaduran, eta animalia hil ondoren babeslekura eramango zutela lasai jateko[14]. Dena dela talde lanaren ebidentzia zehatzik ez da ezagutzen oraindik[11].

Hienak eta hominidoak

Lehiaketa harremana

Leize-hiena, Moldaviako zigilu batean.

Neandertalak izan ziren leize-hienakin aurreneko lehia gogorra izan zutenak. Harrapakin beraren hondarretan neandertalen eta hienen arrastoak aurkitu dira, eta badirudi elkarrik harrapoakina lapurtzen ziotela[16]. Biek ala biek babesleku gisa erabiltzen zituzten leizean eta horrekiko lehia ere nabarmena zen, bataren eta bestearen txandakako okupazioak aurkitu dira leize berean[17][18]. Hienek erdi-kontsumituriko neandertal hezurrak ere aurkitu dira, bai eta gizakiek zatikaturiko hiena hezurrak ere[19].

Gizaki modernoaren eta hienen artean ere izan zen lehiarik. Gizakiek ehizaturiko animaliak harrapatzen zituzten eta inoiz kanpalekutan ere sartuko ziren haurrak edo gaixoak ehizatzera, gaur egungo hienek Afrikan egin izan duten bezala.

Hainbat paleontologok iradoki dute gizakiak Amerika kolonizatzea oso berandu gertatu izana leize-hienekiko lehiarengatik izan zitekeela. Siberia aldean oso ugariak baitziren hienak eta hauen iraungipena gertatu zen garaian baino ez zen gai izan gizakia Bering itsasartea zeharkatu eta kontinente berrian barneratzeko[20].

Paleolitoko artea

Leize-hienaren irudia, Chauvet leizean.

Goi Paleolito garaiko Frantziako leize ugaritan agertzen dira hienen irudiak. Chauvet leizean duela 20.000 urte margoturiko leize-hiena baten profila ikusten da, gorputza eta bi hanka, eta gorputzaren aurrealdea puntuz margoturik dauka. Lascauxeko leizean gorriz eta beltzez margoturiko hiena bat dago, lau hanka ikusten zaizkio eta honek ere puntuan margoturik ditu. Dordoina eskualdeko Le Gabillou leizean aurrez aurreko marrazkia dago. Begi borobilak eta belarri txiki borobilduak ditu elkarrengandik urruti, eta irribarrea iradokitzen duen aho bat ere bai.

Ez dira oso ugariak ordea hienen irudiak leizeetan. Badirudi animalien iruditegiko hierarkian bigarren mailakoak zirela hartzen, lehoiek, mamuten eta errinozeroen aurrean[10].

Iraungipena

Ez da zehazki ezagutzen zergatik iraungi zen leize-hiena. Klima aldaketa aipatu izan da sarritan baina ez dirudi hain hedatua zegoen animalia iraungitzeko arrazoi bakarra izan zitekeenik. Iparraldeko Europan arrazoi nagusia izan liteke, hotz handiaren eraginez populazioa nabarmen jeitsiko baitzen eta populazioa Afrikako hienarekin banatzea ekarriko zuelako.

Europa hegoaldean ordea garaiko faunak iraun zuen (oreinek, basahuntzek...)[21]. Klima ladaketak ordea habitaten aldaketa handia ekarri zuen Europa mendebaldera. Belardi zabalak nabarmen gutxitu ziren eta basoek hartu zuten haren lekua. Dirudienez otsoak eta gizakiak hobeto moldatu ziren ingurune berrira eta horrek ekarri zuen leize-hienen desagerpena. Duela 20.000 urte hasi zen hienen gainbehera eta 14.000-11.000 urte dela iraungi ziren[2].

Leize-hienak Euskal Herrian

Euskal Herriko leizeetan ere aurkitu dira leize-hiena pikarten aztarnak. Oñatiko Arrikrutzeko kobatan Pleistozenoko faunaren aztarna ugari bildu dira, tartean hienarenak ere bai[22]. Zestoako Erlaitz eta Danbolinzulo leizeetan egindako indusketatan ere hienaren baraila bat aurkitu zen[23]. Olaztiko Koskobilo koban ere aurkitu dira hondarrak[24].

Erreferentziak

  1. Martin, Paul S.. (1989). Quaternary Extinctions: A Prehistoric Revolution. University of Arizona Press, 496 or. ISBN 0816511004..
  2. C. Stiner, Mary. (2004). Comparative ecology and taphonomy of spotted hyenas, humans, and wolves in Pleistocene Italy. Revue de Paléobiologie, Genève.
  3. OpenLibrary.org. «Rariora naturae & artis, item in re medica (1737 edition) | Open Library» Open Library (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  4. Dawkins, William Boyd; Sanford, W. Ayshford; Reynolds, Sidney Hugh; Palaeontographical Society (Great Britain). (1866). A monograph of the British pleistocene mammalia. London, Printed for the Palaeontographical Society (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  5. (Ingelesez) London, Royal Society of. (2021-10-28). Catalogue of Scientific Papers. (1800-1863): Vol. II.. BoD – Books on Demand ISBN 978-3-7525-2101-6. (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  6. Rohland, N, Pollack, JL, Nagel, D, Beauval, C, Airvaux J, Paabo, S & Hofreiter, M. (2005). The population history of extant and extinct hyenas. Molecular Biology and Evolution,. 22:, 2435-2443 or..
  7. Bon, Céline; Berthonaud, Véronique; Maksud, Frédéric; Labadie, Karine; Poulain, Julie; Artiguenave, François; Wincker, Patrick; Aury, Jean-Marc et al.. (2012-07-22). «Coprolites as a source of information on the genome and diet of the cave hyena» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 279 (1739): 2825–2830.  doi:10.1098/rspb.2012.0358. PMID 22456883. PMC PMC3367792. (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  8. Meloro, C.. (2007). Plio-Pleistocene large carnivores from the Italian peninsula: functional morphology and macroecology. Ph.D. Thesis, Univ. Naples Federico II.
  9. Kurtén, Björn. (1968). Pleistocene mammals of Europe. Weidenfeld and Nicolson, 69-72 or..
  10. Spassov N.; Stoytchev T.. (2004). The presence of cave hyaena (Crocuta crocuta spelaea) in the Upper Palaeolithic rock art of Europe. Historia naturalis bulgarica, 16:, 159-166 or..
  11. «Crocuta crocuta spelaea (cave hyena)» www.prehistoric-wildlife.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  12. Dusseldorp, Gerrit Leendert. (2009). A view to a kill : investigating Middle Palaeolithic subsistence using an optimal foraging perspective. Sidestone Press ISBN 978-90-8890-165-2. PMC 844940425. (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  13. DIEDRICH, C.G. & ŽÁK, K. (2006). Prey deposits and den sites of the Upper Pleistocene hyena Crocuta crocuta spelaea (Goldfuss, 1823) in horizontal and vertical caves of the Bohemian Karst (Czech Republic). Bulletin of Geosciences 81(4), 237–276 (25 figures). Czech Geological Survey, Prague. ISSN 1214-1119..
  14. (Ingelesez) Switek, Brian. «Well Spotted: A New Look at the Cave Hyena» Scientific American Blog Network (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  15. «Diedrich,C.G. & Zak,K. 2006, Prey deposits and den sites... Bulletin of Geosciences, 81, 237-276.» www.geology.cz (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  16. (Ingelesez) B. S., Cornell University. «The Cave Hyena Really Did Like to Bring Its Prey Back to Its Den» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  17. Fosse, P.. (1999). "Cave occupation during Palaeolithic times: Man and/or Hyena?" in The Role of Early Humans in the accumulation if European Lower and Middle Palaeolithic bone assemblages, Ergebnisse eines Kolloquiums, vol. 42, Monographien. S. Gaudzinski and E. Turner, Bonn: Verlag des Römisch-Germanischen Zentralmuseums, 73-88 or..
  18. «Bestiario - Parte de un todo» static.bbmuseoak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  19. Rodríguez-Hidalgo, A.. (2010). The scavenger or the scavenged?. Journal of Taphonomy. 1, 75–76 or..
  20. «Hyenas and Humans in Ice Age Siberia» emerituscollege.asu.edu (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  21. Varela, S., Lobo, J. M., Rodríguez, J. and Batra, P.. (2010). Were the Late Pleistocene climatic changes responsible for the disappearance of the European spotted hyena populations?. Quaternary Science Reviews, 29:, 2027-2035 or..
  22. Tubia, Iker. «Euskal Herriko barrunbeak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  23. «Javier Maiz eta Javier Lazkano - Elkarrizketak - uztarria.eus» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
  24. «Koskobilon arkeologia azterketek segida dute - Olazti» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.