Leireko kutxatila

Leireko kutxatila elefante boliz egindako kutxa txikia da. Omeiatar Kaliferriaren garaian egina, Penintsula osoko islamiar artearen maisulan nagusienetariko bat da. Leireko kutxatila deitzen zaio, monasterioan izan baitzuten Nunilo eta Alodia santuen erlikiontzi gisa.[1]

Leireko kutxatila
Jatorria
Egilea(k)Farai
Sorrera-urtea1004
MugimenduaIslamiar artea
Honen izena daramaLeireko monasterioa
Ezaugarriak
Materiala(k)bolia
Dimentsioak23,7 (altuera) × 23,6 (zabalera) × 38,4 (luzera) cm
Kokapena
BildumaNafarroako museoa

Egiletza

Farai izeneko artistak eta bere ikasleek egin zuten 1004. urtean. Bere letra kufikoz egindako inskripzioaren arabera, Abd al-Malik al-Muzafarrek, Hisham II.aren hayib izandakoak, jaso zuen oparia izan zen.

Ezkerreko aldea Rasid izeneko ikasleak egin zuen, aurrealdea Jairrek, eskuma Sa Abadak eta atzealdea Misbahk[2].

Irudiak eta testuak

Bere hemeretzi bolizko plaketan hainbat apaindura ditu. Ataurikez handiagoturiko eta modelaturiko zizelkatzeak ditu, gorteko pertsonaiak, Allah eta ehizako eszena bat (gazelak, arranoak, lehoiak, adarbakar bat eta antilopeak) irudikatzen dituztenak.

Tapak piramide trunkatu itxura du, bost plakekin eta hamahiru medailoirekin. Inguruan inskripzio kufiko bat du[2]:

« Allahren izenean, oparotasuna, poza, obra onen itxaropena eta une gorenaren iritsiera atzeratzea Hayib Saif al-Dawin Abd Al-Malik Ibn al Mansurrentzat, Jainkoa berarekin, berak agindu baitzuen egitea Fata Al-Kabir Zuhair ibn Muhammad Al-amiri bere esklaboaren bidez. Bost, laurogeita hamar, hirurehungarren urtea.  »

Gorputzak laukizuzen forma du, zortzi lobulurekin bere aurreko aldean. Eskuman bi zerbitzarik lehoiez inguratutako pertsona bat laguntzen dute. Ezkerrean antzeko egoeran dauden bi pertsonaia daude. Erdian, sarrailaren azpiko eremuan, hiru emakumek txirula bikoitz bat, laute bat eta alboka bat jotzen dute. Atzeko aldean zaldi lehia bat agertzen da elefanteen gainean, eta erdian ehiztari bat lehoiak ehizatzen[2].

Historia

Medina Azaharan egin zen, Hejiraen osteko 395. urtean. Nolabait Leireko monasteriora iritsi zen, akaso agintarien arteko opari gisa, eta Alodia eta Nuniloren erlikiak gorde zituen. Mendizabalen Desamortizazioan Zangozako Santa Maria Erreginaren elizara eraman zuten eta, hortik Iruñeko katedralaren altxorren artean gorde zuten. Azkenik, Nafarroako Diputazioak erosi zuen eta Nafarroako Museoan dago geroztik.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.