Leire Milikua

Leire Milikua Larramendi (Abadiño, 1985eko ekainaren 28a) Arkitektoa da Euskal Herriko Unibertsitatean graduatu ondoren, eta unibertsitate espezialista Agroekologian (UEU-EHU) eta Genero Berdintasunean (Universidad Europea Miguel de Cervantes).

Leire Milikua

Bizitza
JaiotzaAbadiño, 1985eko ekainaren 28a (38 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa eta idazlea
KidetzaAldiri. Arkitektura eta abar
Udako Euskal Unibertsitatea

Inguma: leire-milikua-larramendi-00 Literaturaren Zubitegia: 1084

Freelance gisa dabil lurraldearen eta biztanle/komunitateen arteko loturak berrezartzeko planak diseinatu, prozesuak eraiki eta horiek dinamizatzen.

Bere ikerketa-lerro nagusiak agroekologia, elikadura-sistemak, landa-eremua, herritarren parte-hartzea eta generoa dira.

Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak (UEU, 2015) liburua idatzi du, eta Abadiño eta Elorrioko landa-eremuko emakumeak. Berdintasun politika publikoetarako lan-ildo berriak zehazteko diagnostiko parte-hartzailea gauzatu (Abadiño eta Elorrioko udalak, 2018).[1]

2022an Lur gainean, itzal azpian argitaratu zuen, emakume nekazariak eta partehartzea lantzen duen saiakera.[2][3]

Aldiri aldizkariaren sortzaile

Aldiri aldizkari berria Argia aldizkarian (2010)

"Aldiri. Arkitektura eta abar" aldizkariko sortzaileetako bat izan zen. Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin 2009an argitaratu zuten 0 zenbakia, "Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak" izenburupean, eta lehendabiziko zenbaki haietako parte-hartzaileen artean hainbat arkitekto hasiberri zeuden, besteak beste, Unai Fernandez de Betoño, Ibai Gandiaga, Maider Uriarte, Ula Iruretagoiena, Agurtzane Elguren, Kepa Iturralde, Anartz Ormaza eta Ander Gortazar. Geroago ere beti izan da aldizkariko erredakzio-kontseiluko kide.

Aldiri talde-lanaren emaitza izan da hasieratik. Garai hartan baziren arkitekturako oinarrizko liburu batzuk euskarara itzuliak (Müller-ren Arkitektura Atlasa,[4] Paricioren Arkitekturaren eraikuntza,[5] edo Solà-Moralesen Hiri-hazkunde motak[6]), baina taldeak euskarazko berezko sorkuntza bultzatu nahi zuen, eta ez soilik arkitekturaz modu ortodoxoan aritu beste hainbat aldizkariren moduan; bestelako gaiei ere tartea eskaini nahi zieten: hirigintza, lurralde-antolamendua, artea, soziologia, ekologia, ekonomia... Zenbaki bakoitzean Joseba Larratxe Josevisky arkitektoaren komiki bat ere sartu zuten. Aldizkariaren formatua akademikoagoa bihurtu zen denborarekin. Euskarazko Uztaro aldizkari zientifikoaren bideari jarraituz Aldirik Dialnet, Latindex eta MIAR indize eta katalogo akademikoetan agertzea lortu zuen.[7]

Aldizkariko lantaldeak antolatzaile eta kolaboratzaile berriak integratzeko ahalmena erakutsi du urteak pasatu ahala. Leire Milikua bera 2014an integratu zen,[8] Ianire de Andres, Ander Zangitu, Itsaso Larramendi eta beste arkitekto batzuk ere bildu dira proiektura. Horrela, 2020ko hasieran erredakzio-kontseiluko kideak hauek ziren: Unai Fernandez de Betoño, Ula Iruretagoiena, Kepa Iturralde, Ander Gortazar, Anartz Ormaza, Itsaso Larramendi, Ander Zangitu, Ianire de Andres eta Laura Maioz.[9][10][11][12]

Argitalpenak

"Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak" argitaratu zuen 2015ean UEUrekin.[13][14]

Aldiri aldizkarian gutxienez 9 artikulu idatzi ditu arkitektura beste gai batzuekin batera landuta: emakumea, sexualitatea, nekazaritza, azpiegiturak, nekazaritza, soziologia, kultura, arkitektura, zaharrak eta lana ekonomiaren ikuspuntutik.[15]

Josebe Blanco eta Leire Milikua Lur gainean, itzal azpian liburuaren aurkezpenean

Lurraldea elikagai-sortzaile. Elikadura sistemen birtokiratzea (2019), Irantzu Duro eta Sergio Gallegorekin

  • Nekazaritza-parke baten sorrera. Arrastariko etorkizuneko nekazaritza-parkea definitzeko lehen urratsak (2019) Irantzu Durorekin
  • Badirudi ahaztu egin dugula gure arbasoek oso ongi zekitena: elikagaien kontrola boterea dela, Carolyn Steelekin solasean (2019)
  • Lurraldearen, elikaduraren eta lanpostuen arteko harremana. (2018) Sergio Gallegorekin
  • Bistakoa da orain arte sexurako bakarrik ziren espazioek desagertzeko joera dutela” Adélaïde de Catersekin solasean (2017)
  • Etxebizitza eta familia gure kulturetan dauden bi jainko ukiezin dira. Irati Mogollón García eta Ana Fernandez Cuberorekin solasean (2016)
  • (1+3) sektorea + auzolana = Zerain (2013)
  • Gehiketa delikatua (2013)
  • Berdeak ez diren ekintza berdeak (2012)
  • Lur gainean, itzal azpian (2022) Saiakera, Lisipe, Susa argitaletxea.[2]

Arkitektura eta sexualitatea gai biak elkarrekin aztertzeko 2019an Jakin aldizkarian argitaratu zuen artikulua berritzailea da.

Alazne Intxauspe nekazaria, Leire Ayala abeltzaina eta Leire Milikua arkitektoa, Gerediaga elkarteak Abadiñoko Gerediagako foru zelaian antolaturiko Ondare Jardunaldian, 2023.10.01

Hitzaldiak

Leire Milikua, Lur gainean, itzal azpian liburuarekin

2023ko urriaren 1ean Gerediaga elkarteak Abadiñoko Gerediagako foru zelaian antolaturiko Ondare Jardunaldien barruan, emakume nekazari eta abeltzainen lana hitzaldian parte hartu zuen Alazne Intxauspe nekazari eta Leire Ayala abeltzainarekin batera. Leire Milikuak bideratu zuen solasaldia bere 'Lur gainean, itzal azpian (2022)' saiakera liburua ardatz hartuta, landa emakumearen lana ezagutarazi zuten, eta erakundeetan eta landa eremuen garapenerako politiketan emakumearen parte hartze handiagoa aldarrikatu zuten.[16]


2024ko otsailean Abadiñon Izarne Axpe abeltzain eta gaztagile otxandiarrarekin batera landa emakumeen egoeraz arituko da. Milikuaren hitzetan:

Landa-mundua hirigunera hurbildu nahi dut. Horiek dira paisaiaren eta jaten ditugun elikagaien atzean daudenak.[17]

Erreferentziak

  1. «Leire Milikua Larramendi - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  2. «Susa literatura - Lur gainean, itzal azpian» susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
  3. Berria. «Landa eremuko andreen kontrako indarkeria argitara» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-23).
  4. Müller, Werner, 1924-2005.. (2007). Arkitektura atlasa.. Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua ISBN 978-84-8373-984-6. PMC 244027019. (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  5. Paricio Ansuategui, Ignacio.. ([2005]). Arkitekturaren eraikuntza. Universidad del País Vasco, Servicio Editorial = Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua ISBN 84-8373-813-9. PMC 433914880. (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  6. Solà-Morales i Rubió, Manuel de.. ([2008]). Hiri-hazkunde motak. Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua = Universidad del País Vasco, Servicio Editorial ISBN 978-84-9860-138-1. PMC 733696896. (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  7. «Unai Fernandez de Betoño: “UEU oasia da euskarazko ikerketa arkitektonikoaren basamortuan” :: Buruxkak Liburutegi digitala» www.buruxkak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
  8. «Leire Milikua: “Taldekideen arteko zaintza azpimarratuko nuke” :: Buruxkak Liburutegi digitala» www.buruxkak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  9. 0. zenbakia: ”Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak” – Aldiri. (Noiz kontsultatua: 2020-03-31).
  10. Anartz Ormaza | Artizarra. (Noiz kontsultatua: 2020-03-31).
  11. «Anartz Ormaza: “Arkitekturaren aldirietara oraindik ere gehiago zabaldu beharrean gaude” :: Buruxkak Liburutegi digitala» www.buruxkak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-31).
  12. «UEUk 'Aldiri. Arkitektura eta abar', arkitektureari buruzko euskerazko lehen aldizkaria argitaratu dau» bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2020-03-31).
  13. Milikua Larramendi, Leire. (2015). Landa-eremua EAEn : egungo argazkia, etorkizuneko aukerak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-573-8. PMC 967635581. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  14. Milikua, Leire. (2015). Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak (Deskargatu). UEU ISBN 978-84-8438-573-8..
  15. Fernandez de Betoño, Unai. (2020). «Bilaketaren emaitzak :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  16. «"Esplotazioaren jabea neu naizela argitu behar izan dut askotan" - Elorrio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-11).
  17. (Gaztelaniaz) Legorburu, Javier García. (2024-01-31). ««Las necesidades de las baserritarras se tienen que convertir en un tema social»» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-02-02).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.