Leire Iribarne

Leire Iribarne Olhagarai (Lasa, Nafarroa Beherea, 1997ko abenduaren 15a - Bellocq, 2022ko urtarrilaren 28a) euskal musikaria, pianojolea eta abeslaria izan zen. 24 urte zituelarik trafiko istripuz hil zen. Diabolo Kiwi taldeko partaidea zen.[1]

Leire Iribarne

Bizitza
JaiotzaLasa, 1997ko abenduaren 15a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaBellocq, 2022ko urtarrilaren 28a (24 urte)
Heriotza modua: trafiko-istripua
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakmusikaria eta abeslaria
Lan nabarmenak
Musika instrumentuagiltzadia

Biografia

Umetatik aritu zen musikan, kantuan eta zenbait instrumentu jotzen sei urte geroztik. Horretan ama musikari, kantari eta irakasle izateaz asko lagundu zion. Kontrabaxua izan zen haren lehen instrumentua. Baionako kontserbatorioan sartu zen, eta han ikasi zuen hiruzpalau urtez. Gero, kontrabaxua utzi, eta gitarran eta pianoan aritu zen Donibane Garaziko musika eskolan. Gitarra lantzeko kontserbatorioan berriz ibili zen, eta solfeoa ere egin zuen. Jazz ikasketak egin zituen azken urteetan. Haurra zela zenbait kantu txapelketetan parte hartu zuen gitarrarekin, eta sari batzuk irabazi zituen.

Iribarne kantuan eta pianoan aritzen zen Diabolo Kiwi musika taldean. Iaz atera zuten beren bigarren diskoa, Uhin galduak izenekoa. 2016an osatu zuten taldea Iribarne (abeslari eta teklatu jotzailea), Amaiur Epher (gitarra), Allande Etxeberri (baxua) eta Julen Etxeberri (bateria) gazteek.

Diabolo Kiwi taldea sortu aurretik, beste proiektu batzuk izan zituen, musika garaikideko eta jazzeko ikasketen bueltan. Horietako bat zortzi neskak osatu zuten, a cappella abestuz; bestea lagun batekin sortu zuen, eta jazz errepertorioa kantatzen aritu ziren gitarraren laguntzaz. Paxkal Irigoien musikariarekin ere aritu zen, Kontsumo Orkestran, pianoan batez ere.

2022ko urtarrilaren 28an, Baionarako bueltan, trafiko istripu batean, A-64 autobidean, Bellocq parean (Okzitania) hil zen. Irulegiko irratiak jaso zuen arabera, istripua 20:30 aldera izan zen, hiru autok talka egin zutenean, antza denez, basurde bat bidera atera zenean.[2] [3]

Durangoko Ahotseneak adierazi zuen «Euskal kantagintzako ahots ederrenetako bat galdu dugu».

Diabolo Kiwi

Diabolo-Kiwi musika taldea (2021)

Hainbat kanta sortu dituzte 2016tik, erritmo dantzagarrien eta melodia sarkorren arteko nahasketa oinarrituta. Kontzertu ugari eman dituzte Euskal Herri osoan. Lehen grabazio laburra bost abestiz osaturiko Kokinkeria fini lana izan zen. Taldea Euskal Herri osoan ezagutzera emateko zeregina bete zuen disko hark, besteak beste Berri Txarrak-ek Kobetamendin (Bilbo) emandako kontzertu jendetsuaren atarikoan jotzeko aukera eman baitzion. Taldeak berak hartu zuen lan haren grabazioaren ardura, baina bere lehen disko luzerako James Morgan teknikariarengana jo zuten garaztarrek eta haren Magic Box estudioan grabatu zituzten diskoko bederatzi abestiak. Besteak beste, Urgatz taldearekin lan egindakoa da Morgan. Bi diskoen artean, Herri Urrats jaiaren 2020ko abestia sortu zuten, “Gaki ge”.[4]

Freskoa, baikorra eta dantzagarria zen Kokinkeria fini. 2021eko abenduan plazaratu zuen lehen disko luzean “aire ilunagoak” ekarri zuen laukoteak. Uhin galduak izenburua du Donibane Garaziko laukotearen abesti multzo berriak, eta “bidaia intergalaktiko batean” murgiltzeko gomita egiten dio entzuleari.[4]

Erreferentziak

  1. «Leire Iribarne musikari baxe nafarra hil da, auto istripu batean» EITB Euskal Irrati Telebista 2022-01-29 (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  2. Ordoñez Garmendia, Jon; Imaz, Andoni. (2022-01-30). «Leire Iribarne Diabolo Kiwi taldeko musikagilea hil da, trafiko istripu batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  3. Naiz. (2022-01-30). «Leire Iribarne musikari baxe nafarra auto istripu batean hil da» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  4. «“Bidaia intergalaktiko” batean murgiltzeko gomita egin du Diabolo Kiwik» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.