Leire Ayala
Leire Ayala Mazorriaga (Bilbo, Bizkaia, 1972ko abuztuaren 26a) bizkaitar abeltzaina eta enpresaburua da.[1]
Leire Ayala | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1972ko abuztuaren 26a (51 urte) |
Herrialdea | Bizkaia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeltzaina |
Biografia
Bilbon jaioa da. Gurasoak Manuel eta Mariángeles dira. Betidanik izan du lotura nekazaritza munduarekin. Aitak Elorrion, Igurian erosi zituen lurrak. Baserria altxatu zuen eta txikitatik etortzen zen familia zaldiak zaintzera.[1]
Arkautiko Nekazaritza eskolan ikasi zuen, eta Frantziara joan zen beka batekin. Geroago injeniaritza egin zuen.[1]
Lan ibilbidea
1990ko hamarkadan aitak emandako 13 zaldirekin eta 8 behi erosita hasi zen apurka-apurka, 75 bat buru izan arte. Elorrion apur batzuk baino ez ditu, gehienak Oiz mendian ditu, ahalik eta denbora gehien kanpoan izaten saiatzen da. Urkaiko kooperatibarekin merkaturatzen du okela eta 2018tik ekologikoan lan egiten du.[1]
Esplotazioaren jabea emakumezkoa izanda, hasieran ez zen erraza izan lekua hartzea, beti pentsatzen baitzuten gizonezko baten sostengua zuela. Urteak aurrera egin ahala pentsakera hori aldatu egin da.[1]
Kidetasunak
'Ganaderas en red' elkarteko kidea da. Sare horrek Espainia guztiko jendearekin partekatzeko aukera ematen du, elkar babesteko, sostegatzeko edo arazoei aurre egiteko. Ia beti emakumea izan da ganaduari jaten eman izan diona, senarra beste lan batzuetan ari zelako (lantegian edo basoan), baina nekez ikusi da lan hori. Apurka-apurka gero eta emakume gehiago dira esplotazio baten jabe.[1]
Asgapir-en idazkaria da. Bizkaiko arraza pirenaikoko haragitarako behien ustiategiak biltzen dituen elkartea da, eta 95 bat ustiategik osatzen dute. Haragia ekoizteaz gain, arraza autoktono horren hobekuntza genetikoa bilatzen dute.[2] Harakai kooperatibako taldekidea da. 300 bat kidetik 2023an ekologikoan diharduen bakarra da.[3]
Euskal Nekazarien Batasuneko (ENBA) batzordekidea da.[4]
Aurrera begira
Belaunaldi berriak gogotsu datoz, baina hasieran esplotazio bat martxan ipintzeko inbertsio handia egin behar denez, administrazioaren laguntza handiagoa behar da. Bokaziozko lana izan behar da, denbora handia eskatzen baitu, urtean 365 egun eta egunean 24 ordu.[1]
Hitzaldiak
2023ko urriaren 1ean Gerediaga elkarteak Abadiñoko Gerediagako foru zelaian antolaturiko Ondare Jardunaldien barruan, emakume nekazari eta abeltzainen lana hitzaldian parte hartu zuen Alazne Itxauspe nekazariarekin batera. Leire Milikuak bideratu zuen solasaldia bere 'Lur gainean, itzal azpian (2022)' saiakera liburua ardatz hartuta,[5] landa emakumearen lana ezagutarazi zuten, eta erakundeetan eta landa eremuen garapenerako politiketan emakumearen parte hartze handiagoa aldarrikatu zuten.[1][6]
Erreferentziak
- «"Esplotazioaren jabea neu naizela argitu behar izan dut askotan" - Elorrio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- (Gaztelaniaz) World, Hermeneus. «ASGAPIR» Lorra Market (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- «HarakaiClient» www.harakai.net (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- «Euskal Nekazarien Batasuna - Euskal Nekazarien Batasuna» www.enba.es (Noiz kontsultatua: 2023-10-10).
- «Susa literatura - Lur gainean, itzal azpian» susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).
- «Lur gainean, itzal azpian » Ondarea Bizkaia» Ondarea Bizkaia (Noiz kontsultatua: 2023-11-09).