Lehia

Lehiaketa bat norgehiagoka bat da, non bi zati edo gehiago ahalegintzen baitira partekatu ezin den helburu bat lortzen: baten irabazia bestearen galera da. Horren adibide garbi bat da batura zero den jokoa.[1] Erakunde, gizabanako, talde ekonomiko edo sozial eta abarren artean sor daiteke lehia. Edozein helburu esklusibo lortzeagatik izan daiteke, besteak beste, aitorpena (adibidez, sariak, ondasunak, lankideak, estatusa, ospea), lidergoa, merkatu kuota, baliabide urriak edo lurralde bat.

Artikulu hau gatazka eta norgehiagokaren kontzeptu orokorrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lehia (argipena)».


Kirol lehia: atletismoko lehiaketa irudiak.

Naturan gertatzen da lehia, ingurumen berean bizi diren organismo bizien artean. Animaliak lehiatzen dira ura, janaria, bikoteak eta bestelako baliabide biologikoak eskuratzeko. Gizakiak janariagatik eta bikoteengatik lehiatu ohi dira, nahiz eta premia horiek asetzen direnean, sarritan, lehia handiak sortzen diren aberastasuna, boterea eta ospea bilatzeko, ingurune estatiko, errepikakor eta aldaezin batean. Merkatu ekonomiaren eta enpresen arteko harremanaren funtsezko printzipio bat da lehia, gehienetan enpresa lehiari lotua; izan ere, enpresak gutxienez beste enpresa batekin lehiatzen dira bezero talde bera berenganatzeko. Enpresa baten barruko lehia sustatu egin ohi da, jakintza areagotzearren eta enpresak ekoitzi edo garatu ditzakeen zerbitzuak edo produktuak hobetzearren.

Askotan, lehia lankidetzaren aurkakotzat jotzen da, baina mundu errealean, lankidetza eta lehia nahasteak dira arau.[2] R. G. Collingwood filosofoak argudiatu zuenez, «bi aurkari horiek elkarrekin egotea funtsezkoa da sistema ekonomiko baterako. Ekintza ekonomiko baten zatiak lankidetzan lehiatzen dira, xakeko bi jokalariak bezala».[3] Helburuak lortzeko estrategia onenak matematikaren adarrean aztertzen dira, hots, jokoen teorian.

Lehia zenbait arlotan aztertu izan da, hala nola psikologian, soziologian eta antropologian. Gizarte psikologoek, adibidez, lehiaren izatasuna aztertzen dute: lehiaren berezko bulkada eta haren inguruabarrak ikertzen dituzte. Talde dinamika ere aztertzen dute, lehia nola sortzen den eta horren ondorioak zein diren jakiteko. Soziologoek, berriz, lehiak gizarte osoan dituen ondorioak aztertzen dituzte. Gainera, antropologoek lehiaren historia eta historiaurrea aztertzen dituzte, kultura askotan.

Biologia eta ekologia

Artikulu nagusia: «Lehia (biologia)»

Espezieen barruko lehia eta espezieen artekoa biologiaren indar garrantzitsuenetako bat da, batez ere ekologiaren arloan.[4]

Orein arren arteko lehia emeak estaltzeko, ugalketa sasoian.

Espezie bateko kideen barruko lehia, janaria, ura, lurraldea edo eguzki argia bezalako baliabideak eskuratzearren, espeziearen bizirauteko eta ugaltzeko aldaera egokiago baten maiztasuna areagotu dezake, aldaera hori populazio baten barruan finkatzeraino. Alabaina, baliabideak eskuratzeko lehiak espezie bereko kideen artean dibertsifikazioa handiagotzeko joera indartzen du. Dibertsifikazio joera horren eraginez, estrategia lehiakorrak eta ez-lehiakorrak, edo lehiakortasun txikiaren eta handiaren artean zikloak sortzen dira. Halakoetan, espezie baten barruko hirugarrenek ―aldaera nagusi bietatik baztertutakoek― oso estrategia lehiakorrak bultzatzen dituzte, eta, ondorioz, espeziea desagertu egin daiteke, ingurumen baldintzak gogorrak direnean.[5]

Lehia espezieen artean ere gertatzen da, jakina. Baliabideak mugatuak direnean, espezie batzuen biziraupena guztiz baliabide horien mende egon daitezke. Horrela, espezie bakoitza besteekin lehiatzen da baliabideak eskuratzeko. Horren ondorioz, baliabideen alde lehiatzeko gaitasun gutxien duten espezieak agortu egin daitezke, baldin eta ez badira egokitzen, esate baterako karaktereen dislokazioaren bidez. Eboluzioaren teoriaren arabera, baliabideekiko lehia horrek ―espezieen barnekoa eta haien artekoa― garrantzi handia du hautespen naturalean. Denbora eskala laburretan, lehia da, halaber, komunitate ekologikoen aniztasuna kontrolatzen duen faktore garrantzitsuenetako bat; alabaina, eskala handiagoetan, eremu ekologikoaren hedapena eta uzkurdura faktore garrantzitsuagoa da, lehia baino askoz gehiago.[6] Hori argi ikusten da landare komunitate bizietan, non lehia asimetrikoa eta lehia nagusitasuna maiz gertatzen baitira.[4] Animalien artean ere gaitasun simetriko eta asimetrikoaren adibide ugari dago.[7]

Lehiakortasuna

Ekoizkortasun mailak Europako herrialdeetan (2012).

Filosofo eta psikologo askok organismo bizidun gehienetan ezaugarri bat identifikatu dute, organismo hori lehiatzera bultza dezakeena. Ezaugarri hori, lehiakortasuna alegia, berezko ezaugarri biologiko bat da, biziraupenaren bultzadarekin batera doan ezaugarria. Lehiakortasuna, edo lehiatzeko joera, ordea, agresibitatearen eta handinahiaren sinonimo bihurtu da. Zibilizazio aurreratuenek agresibitatea eta lehiakortasuna integratzen dituzte beren elkarrekintzetan, baliabideak banatzeko eta egokitzeko modu gisa. Landare asko lehiatzen dira bizilagunekin eguzki argiagatik.

Terminoa ekonometrian ere aplikatzen da. Kasu honetan, enpresa edo azpisektore batek merkatu jakin batean ondasunak nahiz zerbitzuak saldu eta ekoizteko edo hornitzeko duen gaitasuna eta errendimendua alderatzeko neurria da. Lehiakortasunaren ebaluazioari buruzko pentsamendu akademikoaren gorputz nagusia da Industria Antolamendu Enpiriko Berriaren (NEIO) eredua. Enpresa sektoreen lehiakortasun aldaketak iragartzea urrats integral eta esplizitu bihurtzen ari da politika publikoak egiteko. Sistema ekonomiko kapitalisten barruan, enpresen bultzada beren lehiakortasuna mantendu eta hobetzea da.[8]

Hezkuntza

Hego Koreko ikasle talde bat.

Lehiakortasuna faktore garrantzitsua da hezkuntzan. Mundu mailan, hezkuntza sistema nazionalek, hurrengo belaunaldietatik hoberena ateratzeko asmoz, ikasleen arteko lehiakortasuna sustatzen dute beka sistema baten bidez. Erresuma Batuak eta Singapurrek, besteak beste, hezkuntza bereziko programak dituzte ikasle espezializatuei laguntzeko, eta horrek elitismo akademikoaren salaketak eragiten ditu.

Nolanahi ere, emaitza akademikoak jasotzean, ikasleek elkarren notak konparatzeko joera dute. Herrialde batzuetan errendimenduaren presioa hain da handia ikasleen gainean, ezen adimen urritasuna edo, besterik gabe, emaitza kaskarra duten ikasleen estigmatizazioa edo bazterketa eragin baitezake, baita suizidioa ere, kasu larrienetan, azterketetan porrot egin dutelako; Japonia adibide nabarmena da. Horren ondorioz, pedagogoek azterketa akademikoak ikuspegi kritiko batez ikertu dituzte. Lehia hezkuntza sistemaren motibazio faktore gisa kritikatzen dutenek argudiatzen dute lehiak eragin negatibo garbi bat duela ikasleen errendimendu mailan, eta «denak galtzaile bihurtzen gaituela».[9] Ikuspegi kritiko beraz, Richard Layard ekonomialariak lehiaren ondorio kaltegarriak nabarmendu zituen: «Ikasleek presio handia jasaten dute. Sentitzen dute bizitzako helburu nagusia dela besteek baino hobeto egitea. Horixe irakasten zaie egunero gazteei eskolan, eta ez da oinarri ona gizarte batentzat».[10]

Alabaina, beste azterlan batzuetan ―hala nola Tests Torrance of Creative Thinking[11] erakutsi izan da lehiak ikasleengan duen eragina gizabanako bakoitzaren kudeaketa gaitasun mailaren araberakoa dela. Kudeaketa gaitasun handiko ikasleek aurrera egiten dute lehia giroan, beren burua motibatzen dute eta porrot egiteko arriskuan jartzeko prest egoten dira. Gaitasun apaleko homologoekin alderatuta, ikasle horiek aukera gehiago dituzte malguak, moldagarriak eta sortzaileak izateko helduak direnean.[12][13]

Ekonomia

Estatu Batuetako behi haragiaren monopolioaren aurkako karikatura (1913).

Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du lehia, hitz orokor gisa: «Zerbait lortzeko egiten den presakako ahalegina; irrika».[14] Zehazkiago, Euskalterm datu base terminologikoak definizio hau ematen du, zuzenbidearen eta ekonomiaren esparruan: «Merkatuan produktu berdinak salerosteko saltzaile eta erosle independente ugari daudenean, elkarrekin negoziatzeko askatasuna dutenean eta merkatuan sartu edo irteteko trabarik ez dagoenean izaten den egoera».[15]

Teoriaren arabera, lehiari esker, merkataritza enpresek produktu, zerbitzu eta teknologia berriak garatzen dituzte, eta horrek aukera gehiago edo produktu hobeak eskainiko dizkie kontsumitzaileei. Aukera handiagoak prezio apalagoak ekarri ohi ditu produktuentzat, lehiarik (monopolioa) edo lehia handirik (oligopolioa) ez balego izango litzatekeen prezioarekin alderatuta.

Alabaina, lehiazko konkurrentziak ahalegin galdu bat eginarazten ahal die enpresei, eta, horren ondorioz, kostuak eta prezioak handitzea, egoera jakin batzuetan. Adibidez, musikan edo zinemagintzan goi mailako lanpostu gutxi dagoenez, musikari eta aktore askok inbertsio handiak egin behar dituzte trebaketan; gehienetan, baina, inbertsio horiek ez dira berreskuratzen, gutxi batzuk bakarrik lortzen baitute arrakasta. Argudiatu izan da, baita ere, lehia ezegonkortzailea izan daitekeela, bereziki finantza erakunde batzuen arteko lehia.

Adituek zalantzan jarri izan dute lehiakortasunak errentagarritasuna eratzen laguntzen ote duen. Argudiatu izan da lehiara bideratutako helburuak kaltegarriak direla diru sarrerak eta errentagarritasuna handitzeko, mugatu egiten baitituzte enpresen estrategia aukerak, bai eta merkatuaren aldaketei erantzun berritzaileak emateko gaitasuna ere.[16] Gainera, enpresa lehiakideak prezio lehiakorrekin garaitu nahi izateak prezio gerra eragiteko arriskua sortzen du.[17]

Lehia ekonomikoa hiru eratakoa izan daiteke:

  • Lehia zuzena da ohikoena, marken lehia deitzen dena: funtzio bera betetzen duten produktuak elkarrekin lehiatzen dira. Adibidez, jantziak ekoizten dituzten enpresak elkarrekin lehiatzen dira, oro har. Halakoetan, bi enpresa lehiakide zuzenak badira, batek produktu berriak gehitzen badizkio bere eskaintzari, beste enpresa behartuta egongo da ber gauza egitera, eta horrela lehiatzen dira.
  • Zeharkako lehia: elkarren ordezkagarri izan daitezkeen produktuak lehiatzen dira. Adibidez, gurina margarinarekin lehiatzen da, zeharka.
  • Aurrekontu lehia: kontsumitzaileak bere dirua erabili dezakeen produktu guztien arteko lehia da. Adibidez, 20.000 euro dituen familia batek produktu ugaritan gasta dezake; esan daiteke produktu posible horien artean lehia bat dagoela, familiaren gastu kuota bat eramateko.[18]

Herrialde gehienetan, enpresen arteko lehia ekonomikoa mugatua edo murriztua egoten da; lehia lege araubide baten mende egon ohi da. Adibidez, batzuetan lehia legez debekatuta egon daiteke, Estatuaren monopolio diren gaietan. Gobernuek muga zergak, dirulaguntzak edo bestelako neurri protekzionistak ezar ditzakete lehia eragozteko edo murrizteko. Dagokion politika ekonomikoaren arabera, lehia purua neurri handiagoan edo txikiagoan arautzen dute lehiaren politikak eta lehiaren eskubideak. Lehia zaindu eta arautzeko erakunde estatalak daude, besteak beste, Frantzian (Autorité de la concurrence)[19] eta Espainian (Comisión Nacional de los Mercados y la Competencia).[20]

Nazioarteko ikuspegia

Herrialdeen arteko lehia hautematea nahiko zaila da, baina nabarmena da munduko ekonomian. Herrialdeak lehiatzen dira enpresa multinazionalei ahalik eta negozio ingurune onena eskaintzeko. Lehia hori agerian geratzen da herrialde bakoitzak etorkizuneko eskulana hezteko abian jarritako politiketan. Adibidez, Ekialdeko Asiako ekonomiek, hala nola Singapurrek, Japoniak eta Hego Koreak, hezkuntza azpimarratzen dute, aurrekontu publikoaren zati handi bat sektore horretara bideratuz, eta ikasle aurreratuenen hezkuntza programak antolatuta.[21]

Zuzenbidea

Espainiako lehiaren erakundearen eraikina, Madrilen.

Lehiaren legeek, oro har, hiru funtzio nagusi bete nahi izaten dituzte:

  • Debekatu egiten dira merkataritza erakundeen eta haien bezeroen arteko merkataritza librea murrizteko akordioak. Adibidez, legez kanpokoa izan ohi da kirol denden ezkutuko adostasun bat, futbol elastikoen prezioak normaletik gora finkatzeko.
  • Merkatua menderatzen duen enpresa baten gehiegikeriak debekatzen ditzake. Adibidez, software enpresa nagusi bat izan liteke, plataforma informatikoetan duen monopolioaren bidez kontsumitzaileek multimedia erreproduzitzaile jakin bat erabiltzeko jokabide gehiegizkoa.
  • Enpresa handien bategiteak eta erosketak gainbegiratu ohi ditu legeak. Lehiaren agintariek, adibidez, eska dezakete ontziratze-enpresa handi batek lehiakideei plastikozko botilen lizentzia ematea, Poli(etilen tereftalato) ekoizle garrantzitsu bat erosi aurretik.[22]

Hiru kasuetan, lehiaren araubideak kontsumitzaileen ongizatea babestu nahi du, enpresa bakoitzak merkatu ekonomiaren barruan lehiatzen duela bermatuz.

Azken hamarkadatan, tresna eragingarritzat aurkeztu izan da lehia zuzenbidea, zergadunek finantzatu eta gobernu arduradunek demokratikoki administratzen dituzten zerbitzu publiko hobeak edukitzeko. Hori dela eta, lehiaren zuzenbideak lotura estua du merkatuetarako sarbidearen deserregulazioari buruzko legeriarekin, estatuko laguntzekin, Estatuaren jabetzako aktiboak pribatizatzearekin eta erregulatzaile sektorial independenteak erabiltzearekin (azken horien adibide da Erresuma Batuko Ofcom[23] telekomunikazioak kontrolatzeko erakundea). Praktikaren atzean teoria dago, azken berrogeita hamar urteetan ekonomia neoklasikoak menderatu duena. Teoria horren arabera, baliabideak esleitzeko metodorik eraginkorrenak dira merkatuak, batzuetan huts egiten badute ere, eta erregulazioa beharrezkoa da merkatu eredu ideala babesteko. Teoriaren atzean historia dago, Erromatar Inperioraino doana. Merkatarien, gremioen eta gobernuen merkataritza praktikak beti eduki nahi izan dira kontrolpean, batzuetan, zigor gogorren bitartez. XX. mendetik, lehiaren zuzenbidea zerbait global bihurtu da. Lehia arautzeko bi sistema nagusi, antolatu eta eraginkorrenak Estatu Batuetako Antimonopolio Legea[24] eta Europar Batasunaren Lehiaren Legea[25] dira.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Ken G. Smith, Walter J. Ferrier. (2001). Competitive Dynamics Research: Critique and Future Directions. .
  2. (Ingelesez) «Competition, Basic Concepts of Sociology Guide» web.archive.org 2022-10-06 (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  3. (Ingelesez) Collingwood, R. G.. (1926-01). «Economics as a Philosophical Science» The International Journal of Ethics 36 (2): 162–185.  doi:10.1086/intejethi.36.2.2377247. ISSN 1526-422X. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  4. Paul. A. keddy (2001) Competition (2nd edition). Berlin, Springer. ISBN 978-1402002298. 552 or.
  5. (Ingelesez) Sebastian A. Baldauf, Leif Engqvist eta Franz J. Weissing. (2014). «Diversifying evolution of competitiveness» Nature Communications (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-01-30).
  6. (Ingelesez) «Links between global taxonomic diversity, ecological diversity and the expansion of vertebrates on land | Biology Letters» web.archive.org 2022-10-20  doi:10.1098/rsbl.2009.1024. PMID 20106856. PMC PMC2936204. (Noiz kontsultatua: 2023-01-30).
  7. (Ingelesez) Amaël Borzée, Jun Young Kim eta Yikweon Jang. (2016). «Asymmetric competition over calling sites in two closely related treefrog species» Nature (web.archive.org).
  8. (Ingelesez) Vrinda Kadiyali, K. Sudhir, Vithala R. Rao. (2001-06-01). «Structural analysis of competitive behavior: New Empirical Industrial Organization methods in marketing» International Journal of Research in Marketing 18 (1): 161–186.  doi:10.1016/S0167-8116(01)00031-3. ISSN 0167-8116. (Noiz kontsultatua: 2023-01-30).
  9. Alfie Kohn. (1999). Punished by Rewards. Houghton Mifflin ISBN 978-0618001811..
  10. (Ingelesez) «What really makes us happy?» BBC News (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  11. (Ingelesez) Torrance Tests of Creative Thinking (TTCT). .
  12. (Ingelesez) Regina Conti, Mary Ann Collins, Martha L Picariello. (2001). The impact of competition on intrinsic motivation and creativity: Considering gender, gender segregation and gender role orientation. .
  13. (Ingelesez) Jacob Eisenberg. William Forde Thompson. (2011-05-09). «The Effects of Competition on Improvisers’ Motivation, Stress, and Creative Performance: Creativity Research Journal: Vol 23, No 2» web.archive.org  doi:10.1080/10400419.2011.571185. (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  14. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > lehia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  15. «Euskalterm > lehia» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  16. (Ingelesez) J. Scott Armstrong eta Fred Collopy. (1994). «The profitability of winning» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  17. (Ingelesez) J. Scott Armstrong eta Kesten C. Green. (2007). «Competitor-oriented Objectives: The Myth of Market Share» International Journal of Business (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  18. (Ingelesez) Mark Blaug. (2001). «Is Competition Such a Good Thing? Static Efficiency versus Dynamic Efficiency | SpringerLink» web.archive.org  doi:10.1023/a:1011160622792. (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  19. (Frantsesez) «Autorité de la concurrence» www.autoritedelaconcurrence.fr (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  20. «Comisión Nacional de los Mercados y la Competencia | CNMC» www.cnmc.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).
  21. (Frantsesez) Paul André. (2013). «L'intégration régionale en Asie orientale et le modèle « nippo-asiatique » | Cairn.info» Revue internationale de politique comparée (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  22. Adibidez, ikus Espainiako lehiaren aldeko legeria: Ley 15/2007, de 3 de julio, de Defensa de la Competencia
  23. (Ingelesez) «Making communications work for everyone» Ofcom 2022-09-20 (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  24. Robert Longley. Clayton Antitrust Legeari buruz. .
  25. (Frantsesez) «Concurrence - EUR-Lex» eur-lex.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.