Lehenengo globalizazio

Lehenengo globalizazioa historialari ekonomikoek 1870 eta 1914 urteen artean eman zen merkataritzaren eta finantzen globalizazioa azaltzeko erabiltzen duten terminoa da. Honek funtsezko hiru magnituderen fluxuetan igoera handiak eragin zituen: nazioarteko merkataritzan, kapitalen mugimenduan eta pertsonen migrazio masiboetan; ekoizpen faktoreen eta produktuen nazioarteko merkatu baten sorrera ahalbidetu zutenak, produktuen nazioarteko prezioen konbergentziarekin batera. Prozesu hau azaltzen duten arrazoi deigarrienen artean garraio-kostuen merkatzea eta urre patroia egongo lirateke.  Garai hau bere amaierara iritsi zen lehen mundu-gerraren ondoren, balaztada globalizatzailearekin.

1895eko alemaniar tren bat

Ekoizpenaren espezializazioak garrantzi handia izan zuen lehenengo globalizazioan; izan ere, David Ricardo-ren abantaila konparatiboaren teoriaren arabera, horrek nazioarteko merkataritza sustatu zuen eta onurak sortu zituen bertan parte hartu zuten herrialdeetan. Testuinguru horretan, teknologia oso garrantzitsua da, langileen produktibitatea zehaztuko baitu. Hobekuntza teknologiko batek produktibitatea handitzen du, eta horrek soldatak igotzea eta bizi-maila igotzea dakar. Horregatik, garai hartan teknologia liderra izateak mesede handia egin zion Britainia Handiari, burdinazko barrak, haria eta makinak ekoizten baitzituen, eta, beraz, beste herrialde bakar batek ere ezin zuen harekin lehiatu, ezta soldatak jaitsiz ere.[1]

Lehenengo globalizazioaren funtsezko beste faktore bat, eskualdeen espezializazioan lagundu zuena, garraioen iraultza izan zen, hala nola, trenbidearen eraikuntza eta lurrunontziaren asmakizuna. Trenbidearen eraikuntzak hainbat eskualde lotzea ahalbidetu zuen, urbanizazioaren gorakadan lagundu zuena. Urbanizazioaren gorakada honek industriak hiri handietan kontzentratzea ahalbidetu zuen. Honen ondorioz, salgaien lehorreko eta itsasoko garraioa nabarmen merkatu egin ziren. Horrela, oinarrizko produktu askoren prezioek, hala nola gariarenak, burdinazko barrenak, kobrearenak edo haragiarenak eta animalia-koipearenak, konbergentzia izan zuten nazioartean, horiekin merkataritzan aritzea eskuragarriagoa baitzen eta kantitate handiagoan egiten baitzen.[2]

Garai honen bereizgarri dira, baita ere, herrialdeetako politika komertzialak, librekanbismoko eta protekzionismoko garaiak tartekatzen baitira, batez ere azken hau nagusi izanda. Horrez gain, garai hau baita itun eta neurri librekanbistaz eta protekzionistez beteta dago. Garai librekanbista Britainia Handiak irekitzen du Corn Lawsen abolizioarekin, neurri librekanbistenak zituen herrialdea zena. Sinatutako lehenengo merkataritza ituna Cobden- Chevalier-eko itun franko-britainiarra izan zen. Itun horretan, Nazio Onuragarrienaren Klausula nabarmendu behar dugu. Ituna sinatu duten herrialdeei onurak dakarzkiela, aldeetako batek beste herrialde batzuekin bestelako itunak negoziatzen dituenean. Lehen Globalizazioan neurri protekzionistak nagusitu ziren. Izan ere, Amerikatik eta Europako ekialdetik ekarritako zerealek nekazari herrialdeak kaltetu zituen, hauen prezioa behera egitean.

Lehen paragrafoan aipatu den bezala, migrazio handiko garaia izan zen mundu mailan. Aurrekaririk gabeko emigrazio-maila eman zen. Etorkin gehienak bizi-kalitate hobe baten bila zebiltzan gazteak ziren. Helmugako herrialdeek langileen beharra zeukaten eta soldatak jatorrizko herrialdeetan baino altuagoak ziren. Etorkin horietako asko Europatik zetozen, batez ere Britainia Handitik eta Irlandatik, baina italiar eta espainiar emigranteak ere nabarmendu ditzakegu Lehen Globalizazioaren azken urteetan. AEBak, Argentina eta Kanada izan ziren etorkin horien hiru helmuga nagusiak.[3]

Moneta-sistemari dagokionez, Lehenengo Globalizazioan urrezko patroiaren nagusitasuna eztabaidaezina da. Sistema hori aurrerapen handia izan zen nazioarteko merkataritzarentzat, bai ondasunen merkatuan eta kapitalen merkatuan. Kanbio-tasa finkoko sistema bat zen, urrean oinarritua. Pertsonek transakzioak egiterako orduan urrezko eta/edo zilarrezko txanponak ez kargatzeko helburuarekin asmatu zen. Banku Zentralek paperezko txekeak jaulkitzen zituzten non txekearen balioa urre gramotan adierazten zuten. Horrela, salerosketa erosoagoa egiten zen. Urre patroiak nazioarteko elkartrukeak erraztu zituen globalizazioari bultzada emanez. Testuinguru honetan, Britainia Handia, beste behin ere, liderra zen. [4]

Urte hauetan zehar, hainbat herrialderen helburua ordainketa balantza positiboa mantentzea zen, baina hau ezinezkoa zen, eta Humek bere doikuntza automatikoaren teoriarekin azaltzen zuen. Humeren orekak funtziona zezan eta sistemak egonkortasuna izan zezan, funtsezkoa zen sistemak urrearekiko zuen izaera finkoa mantentzea, baita billeteen bihurgarritasuna bermatzea ere. Humek azaltzen zuenez, ekonomia batek ordainketa-balantza positiboa bazuen, horrek urrea herrialdean sartzea erakarriko zuen, eta horrek diru-masa handitzea ekarriko zuen. Ondorioz, herrialdearen nazioarteko lehiakortasunari kalte egiten zion inflazio-prozesu batean sartzen zen, eta horrek esportazioen jaitsiera ekartzen zuen. Horrela, urrea herrialdetik irteteko joera zegoen, eta horrek ordainketa-balantza negatiboa eragiten zuen. Orduan, prozesua errepikatu egiten zen, baina guztiz alderantziz: urrea herrialdetik ateratzen zen, deflazio-prozesu batek herrialde batek zuen masa monetarioa murriztea ekartzen zuen, eta horrek lehiakortasuna berreskuratzea ekarriko luke, esportazioak areagotuz eta, ondorioz, berriz urrea herrialdean sartuz.

XIX. mendearen lehen erdian ez bezala, 1850etik aurrera, Europako atzerriko inbertsio zuzena (hegemonikoa zena) mundu mailara hedatu zen, mendearen lehen erdian atzerriko inbertsio zuzenaren zatirik handiena kontinentean bertan geratzen zela kontuan hartuta. Kontinentetik kanpoko kapitalen esportazioak herrialde aurreratuenetan hazi ziren: Britainia Handian, Frantzian eta Alemanian, batez ere. Urrezko patroiak zerikusi handia izan zuen testuinguru horretan, prezioen egonkortasuna eta egonkortasun kanbiarioa bermatzen baitzuen. Gainera, ez zegoen kapitalaren mugikortasunaren murrizketarik. Londres munduko finantza merkatu honen erdigunea zen. Garai honetan, "Aurrekaririk gabeko finantza-hedapen"[4] baten gorakadarako giltzarri izan ziren finantza-tresna asko asmatu ziren. Ekoizpeneko eta zor publikoko jardueretan inbertitu zen. Honen irudi argiagoa izateagatik, 1913an atzerriko inbertsio zuzenaren erdia baino gehiago Britainia Handiak eta Frantziak egin zuten. Atzerriko inbertsio zuzena nahiko modu ekitatiboan banatzen zen Europa, Ipar Amerika, Hego Amerika eta Asiaren artean. Europakoak ez diren herrialdeetan kapital-fluxu horiek emateko arrazoiak desberdinak izan ziren helmugako herrialdearen arabera, eta, adibidez, ekoizpen- eta kontsumo-garapenerako zentro berriak garatu ziren (Kanada, Australia eta Zeelanda Berria). Latinoamerikako atzerriko inbertsio zuzen gehiena Brasil, Argentina eta Mexikora bideratu zen, Asian Txina, Japonia eta Indiara eta Afrikan Hegoafrikara.

Globalizazio-prozesu hori guztia geldialdi handi baten biktima izan zen, gerra arteko garai osoa iraun zuena. Lehen Mundu Gerra, beren artean lankidetzan aritzea erabaki ez zuten herrialdeetako merkataritza-politikek eragindako tentsioek eraginda, izan zen geldialdi horri hasiera eman zion gertakizuna. Gerra Handiaren ondoren, Europak diru asko zor zion AEBri, hark finantzatu baitzuen gerra. Zor horri aurre egiteko, Alemania diru asko jaulkitzen hasi zen, eta hiperinflazio-arazo handia izan zen. Hori dela eta, AEBk urrea eman zion Alemaniak diru berria sortzeko konpromisoarekin. Gerra amaitu zenean, herrialdeen estrategiak lankidetzarik eza eta nazionalismo ekonomikoa izan ziren. Gainera, ezinezkoa izan zen urre-patroira itzultzea, eta librak indar handia galdu zuen, dolarraren garrantziaren gorakadaren mesedetan.[5]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Pollard, Sidney. (1991). Comercio e Industrialización. Prensas Universitarias de Zaragoza, 200-224 or..
  2. (Gaztelaniaz) Findlay y O'Rourke, Ronald y Kevin. (2003). El comercio mundial 1815-1914. University Chicago Press, 13- 44 or..
  3. (Gaztelaniaz) Chiswick y Hatton, Barry R. y Timothy J.. (2003). Migraciones internacionales e integración de los mercados de trabajo. University Chicago Press, 65-73 or..
  4. (Gaztelaniaz) Fontana, Giovani. (2003). INTERCAMBIOS INTERNACIONALES Y SISTEMAS MONETARIOS. Crítica, 280-299 or..
  5. (Gaztelaniaz) Rodrick, Dani. (2011). Ascenso y caída de la primera gran globalización. Antoni Bosch, cap.2 or..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.