Lehen meridiano
Lehen meridianoa (edo zero meridianoa), kartografian, longitudearen erreferentzia gisa erabiltzen den meridianoa da. Zeruko objektu baten errotazio-ardatzak guztiz definitutako paraleloak ez bezala, lehen meridianoa aukeratzea arbitrarioa da nagusiki.
Historia
Antzinatea
Longitudearen nozioa grekoek garatu zuten: Eratostenes (K.a. 276 - K.a. 195) Alexandrian eta Hiparko (K.a. 190 - K.a. 120), Rodasen. Baina Ptolomeo (K.o. 90 - K.o. 168) izan zen lehena meridiano bat modu sendoan erabili zuena bere Geografian munduko mapa egiteko[1].
Ptolomeok «zorioneko uharteak» erabili zituen oinarri gisa, Kanariar Uharteekin lotu ohi direnak, mapatan Cabo Verdeko uharteetatik hurbilago egon arren. Garai hartan longitudea kalkulatzeko ilargi-eklipse baten hainbat herrialdetako ordua erabiltzen zen nagusiki.
Aurkikuntzen aroa
Ptolomeoren geografia mapekin Bolonian inprimatu zen lehen aldiz 1477an, eta mapa askok jarraitu zioten. Baina oraindik bazen zero meridianorako oinarri "natural" bat aurkitzeko itxaropena. Kristobal Kolonek (1493) jakinarazi zuen Atlantiko erdialdeko tokiren batean iparrorratzak iparralderantz seinalatzen zuela, eta datu hori erabili zen 1494ko Tordesillasko tratatu garrantzitsuan, non aurkitu berri ziren lurren inguruan Espainia eta Portugalen arteko gatazka konpondu baitzen. Tordesillas linea Cabo Verdetik mendebalderantz 370 ligetan ezarri zen. 1529ko Diego Ribeiroren mapan ageri da hori. Arrazoi beragatik Azoreetako São Miguel uhartea (25,5° W) oraindik erabiltzen zen 1594 arte, nahiz eta ordura arte frogatuta zegoen zero desbideratze magnetikoaren lerroak ez zegoela lotuta longitude-lerro batekin.[2]
1541ean famatua den mapa egin zuen Mercatorrek zero meridianoa jarri zuen Fuerteventura (14°1' W) zeharkatuz[3]. Bere ondorengo mapetan Azoreak erabili zituen erreferentzia gisa, aipatutako hipotesi magnetikoari jarraituz.. 1570ean Ortelius-ek lehen atlas modernoa sortu zuenean Cabo Verde eta beste irla batzuk ere erabili ohi ziren. Atlas horretan longitudeak 0 eta 360° artean zenbatzea izan zen berrikuntza nagusia, eta ez 180º W eta 180º E artean. XVIII. mende arte mantendu zen zenbatzeko modu hori. 1634an Richelieu kardinalak Kanarietako irla mendebaldekoena (Hierro) erabili zuen, 19°55' Parisetik mendebaldera, meridianoa aukeratzeko. Delisle geografoak apur bat harago eraman zuen, 20°-ra, Pariseko meridiano mozorrotua bihurtuta.
XVIII. mendearen hasieran longitudearen kalkulua hobeto zehazteko urratsak eman ziren, itsas kronometroaren garapenarekin besteak beste. Baina izarren grafiko zehatzen garapena (John Flamsteed astronomoak egina 1680 eta 1719 artean, eta Edmund Halley-k zabaldua) izan zen ilargi-metodoa garatzea bideratu zuena Thomas Godfrey-k eta John Hadley-k garatutako oktantea erabiliz.[4] Mende horretan Europako herrialde bakoitzak erabiltzen zuen lehen meridiano propio bat: Frantzia Parisekoa, Alemania Berlingoa, Danimarka Kopenhagekoa... Bitartean 1765 eta 1811 artean Nevil Maskelyne-k argitaratutako Almanake Nautikoan Greenwich behatokiarekin bat zetorren meridianoa hartu zen erreferentziatzat.
Greenwicheko adostasuna
1884an, Washingtongo Nazioarteko Konferentzia batean 22 herrialdek bozkatu zuten Greenwicheko meridianoa munduko lehen meridianoa izan zedin.[5] Frantsesek lerro neutral baten alde egin zuten baina azkenean abstenitu egin ziren eta Parisko meridianoa erabiltzen jarraitu zuten 1911 arte.
Gaur egun eta unibertsalki erabiltzen den zero meridianoa Greenwich meridianoa da, 1884ko konferentzia haren ondorioz.
Beste meridiano batzuk
Zero meridiano edo lehen meridiano gisa erabili izan dira beste batzuk ere historikoki, segun estatu edo nazioen asmoak:
- Kopenageko meridianoa (12°34'33" Ek.)
- Hierro uharteko meridianoa (18°02' Me.) (Kanarietan)
- Madrilgo meridianoa (3°41'16.48" Me.)
- Parisko meridianoa (2°20'14.025" Ek.)
- Erromako meridianoa (12°27'08.04" Ek.)
- Pulkowako meridianoa (San Petersburgo, Errusia) (30°19'42.09" Ek.)
- Ujjaingo meridianoa, Indiako egutegietan eta astronomian garrantzia izan zuena, 75°47' Ek.)
- Washingtongo meridianoa, AEB (77°3'2.3" Me.)
- Beringeko meridianoa, Amerika eta Asia arteko itsasartearen kokapenean (168°30' Me.)
Azken meridiano horren proposamena[6], Jules Janssen astronomo framtziarrak proposatu zuen 1884ko International Meridian Conference delakoan, neutralitate estatala adierazten zuelakoan, eta gainera nazioarteko egun aldaketa lerroarekin bat etor zitekeelakoan gutxi gora-behera.
Erreferentziak
- (Ingelesez) GEOScéntricos. (2019-09-02). «El Primer Meridiano» Medium (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
- Hooker, 2006
- (Gaztelaniaz) The Canary Island and the question of the Prime Meridian: the search for precision in the measurement of the Earth | Coloquios de Historia Canario Americana. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
- Sobel, Dava. (2003). The illustrated longitude. (1st pbk. ed. argitaraldia) Walker ISBN 0-8027-7593-4. PMC 53455602. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
- The Prime Meridian at Greenwich. Royal Museums Greenwich n.d..
- «The Project Gutenberg eBook of International Conference Held at Washington for the Purpose of Fixing a Prime Meridian and a Universal Day.» www.gutenberg.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
Bibliografia
- Burgess, Ebenezer (1860), "Translation of the Surya-Siddhanta", Journal of the American Oeste Society (e book), 6 (published c. 2013), 185. or.
- Dolan, Graham. (2013a). «The Greenwich Meridian before the Airy Transit Circle» The Greenwich Meridian.
- Dolan, Graham. (2013b). «WGS84 and the Greenwich Meridian» The Greenwich Meridian.
- Hooker, Brian (2006), A multitude of prime meridianos, retrieved 28 June-2019
- Howse, Derek (1997), Greenwich Time and the Longitude, Phillip Wilson, ISBN 978-0-85667-468-6
- Norgate, Jean; Norgate, Martin (2006), Prime meridian, retrieved 13 January 2013
- NGS datasheet station name form, National Geodetic Survey, 2016, retrieved 11 December 2016