Timoteori Lehen Gutuna
Timoteori Lehen Gutuna edo, labur, 1 Timoteori (1 Tm) Bibliako Itun Berriko artzain-gutunetako bat eta hamabosgarren liburua da. Gutun honek, Timoteori Bigarren Gutunak eta Titori Gutunak artzain-gutunak osatzen dute, artzain-gaiekiko daukaten ikuspegia dela-eta.
Gutuna Paul Tarsokoak bere ikasle eta laguntzaile Timoteori idatzitzakoa da, sei kapitulu dauzka eta koinez idatzita dago.
Egilea
Timoteori eginiko bi gutunek eta Titori egindakoak sail berezia osatzen dute Pauloren izenean datozen gutun guztien artean. XVIII. mendetik hasita, «Gutun Pastoralak» edo «Artzain-gutunak» izena ematen zaie. Pauloren izenean datozen beste guztiak ez bezala –Filemoni egina salbu– lagun bakarrarengana, ez elkarteengana, zuzenduak daude. Paulok idatziak bezala azaldu arren, eta Pauloren beraren esaldiak eta bizitzako zenbait xehetasun eman arren, exegeta moderno askok Pauloren ikasleren batek geroago idatziak direla uste du.[1]
Hartzaileak
Artzain-gutun guztiek lez, gutun honen xedea eliza-zuzendariei aholkuak ematea da, beren elkarteetan dituzten erantzukizun eta egitekoak ongi bete ditzaten. Hiru gutunok oso elkarren kideko ditugu idaztankeraz, edukiz eta erakusten diguten ingurumen historikoaz.
Paulok Listran aurkitu zuen Timoteo bere bigarren misio-ibilaldian (Eg 16:1-3). Bai Apostoluen Eginetan, bai gutunetan, Pauloren ondoan azaltzen zaigu ia beti. Oso gazterik hasi zen Paulori laguntzen (1 Tm 4:12; 5:1) eta beronen ikaslerik maiteen bihurtu zen (Flp 2:19-24). Eginkizun bereziak gomendatu zizkion Paulok Tesalonikan, Korinton eta Filiposen.[1]
Edukia
Gutuna Paulok bere ikasle Timoteori idatzia bezala azaltzen da. Paulok, Mazedoniara alde egitean, Efeson utzi zuen Timoteo bertako elizaren arduradun. Gutunean aholkuak eman zizkion bere karguan nola jokatu behar duen adieraziz.
Lehen aholkuetatik (1 Tm 1:3) azkenekoetara (1 Tm 6:20-21) behin eta berriro fedearen garbitasuna, fedeari eustea eta berau defendatzea aipatzen ditu, sasimaisuen espekulazioen aurka; hauek, auziak eta eztabaida hutsalak (1 Tm 6:4), ipuinak eta amaigabeko jatorri-zerrendak dituzte atsegin (1 Tm 1:4), eta aszetismo estuko zenbait agindu ere tartean sartzen dute (1 Tm 4:3). Honek guztiak arriskuan jartzen du sinesmena (1 Tm 1:19). Beraz, Timoteoren egitekorik nagusiena irakastea da, irakaspen osasungarria (1 Tm 1:10), idazleagandik jaso duena, ematea; doktrina horretaz baliatu behar du etsaiei aurre egiteko (1 Tm 1:3), bekatu egiten dutenak zentzarazteko (1 Tm 5:20) eta denei aspertu gabe eragiteko (1 Tm 4:13).
Jainkoak eman dion dohainaz baliatzen jakin behar du Timoteok (1 Tm 4:14). Jainkoaren gizon (1 Tm 6:11) eta Kristoren zerbitzari bezala (1 Tm 4:6), fedearen aldeko borroka jatorrean irauteko adore ematen dio idazleak: zuzentza, sinesmen, eroapen eta otzantasunean saiatu behar du (1 Tm 6:11), fededunentzat eredu izanez (1 Tm 4:12); borroka hori, betiko bizitzara deitzen duen Jainkoarengan itxaropena jarriz egin beharko du (1 Tm 4:10; 6:12). Kristau-familiako guztiez (1 Tm 5:1-2), bereziki alarguntsez (1 Tm 5:3-16), arduratuko da, eta denei burubide onak emango: emakumeei (1 Tm 2:9-15), esklaboei (1 Tm 6:1-2), aberatsei (1 Tm 6:17-19).
Eliza-elkartea ongi antolatzen saiatu behar du, zuzendari eta diakono egoki eta akats gabeak ezarriz (1 Tm 3:1-13; 5:22).
Azkenik, aipa ditzagun mezu berezia duten zenbait pasarte: bere bizitzako esperientziari buruzko atala (1 Tm 1:12-17), gizaki guztien alde otoitz egiteko eskea (1 Tm 2:1-8) eta Kristorengan burutu den Jainkoaren egitasmoari gorazarrea (1 Tm 3:16).[1]
Egitura
|
|
Erreferentziak
- «1 Tm 0 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-09).