Lazkao
Lazkao Gipuzkoako hegoaldeko udalerri bat da, Goierri eskualdeko herri jendetsuenetan hirugarrena, 5.426 biztanle baititu. Aralar mendilerroaren magalean dago, eta Oria ibaira doan Agauntza errekak zeharkatzen du herria. Itsas mailatik 160 m gorago kokatua, 11,4 km² ditu.
Lazkao | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gipuzkoa, Euskal Herria | |||||||||||
Lazkaoko udaletxea, Euskadi enparantza eta pilotalekua. | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Gipuzkoa | ||||||||||
Eskualdea | Goierri | ||||||||||
Izen ofiziala | Lazkao | ||||||||||
Alkatea | Kepa Zubiarrain | ||||||||||
Posta kodea | 20210 | ||||||||||
INE kodea | 20049 | ||||||||||
Herritarra | lazkaotar | ||||||||||
Ezizena | antzarrak | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°02′05″N 2°11′15″W | ||||||||||
Azalera | 11,37 km² | ||||||||||
Garaiera | 160 m | ||||||||||
Distantzia | 42 km Donostiara | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 6.013 (2023) 51 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 528,85 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 8,33 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 18,75 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 54,3 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 75,21 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 8,13 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 9,12 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 60,04 (2010) | ||||||||||
Etxeko erabilera[2] | % 50.48 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1053 | ||||||||||
Webgunea | https://lazkao.eus | ||||||||||
Oharrak | 1 Idatzi historikoen arabera, urte hartan Lahçano izeneko herrigune bat zegoen. |
Dokumentuetan jaso den aipu zaharrena 1053koa da, eta ingurunea populaturik zegoela adierazten du. 1950 eta 1970eko hamarkaden artean izan zuen biztanleria hazkunderik handiena, industrializazioaren eraginez. 1980ko hamarkadatik aurrera hazkundea egonkortu egin zen.
Geografia
Udalerri mugakideak
Auzoak
Lazkao udalerriak hiriguneaz gain hiru auzo ditu:
- Senpere: Beasainekin muga egiten duen auzoa. Bi herriek zatikatzen dute Senpere, udalerri bakoitzak auzo horren zati bat baitu. Auzo horretan daude Ibabe industrialdea eta CAF enpresa.
- Zubierreka: Ataunekin muga egiten duen auzoa. Han daude Lazkaoko presa txikia eta Zubierreka industrialdea. Auzo horretatik Agauntza erreka igarotzen da, eta leku paregabea da arrantza egiteko.
- Lazkaomendi: Ordizia eta Zaldibiarekin muga egiten duen auzoa. Lazkaomendi bere paisaia ikusgarriengatik da ezaguna. Han jaio zen Lazkao Txiki lazkaotar bertsolari ospetsua.
Historia
Armarria
Lazkaoko udalerriko armarria honela osatzen da:
« | Armarri ebakia, 1. urdinez, urrezko izarra eta zilarrezko ilgora beherantz; gorriz margotua, bost urrezko sagar 2, 2 eta 1 eran jarrita; eta 2. urrez, sustrai gabeko artea berdez.[3] | » |
Olaberriakoaren ia berdina da, baina koloreak aldatuta, garai batean Olaberria Lazkaoko Kontzejuko auzoa baitzen.[4]
Lazkanotarren Etxea
Lazkanotarren etxea edo jauregia, Lazkaoko noblezia-leinua da. Oinaztarren buruzagiak, Lazkaoko elizen eta Ataun eta Zumarragako herrien ugazabak izan ziren. Gaztelako Erregeen zerbitzura jarduteagatik izan ziren ezagunak. Etxe honen ondorengoek Valmedianoko Markes eta Infantadoko Dukea tituluak lortu zituzten, hala nola espainiar erregeek emandako hainbat titulu.
1792an, Suitzako erregimentuko batailoia Lazkaon
1792ko azaroaren 16an, Gipuzkoako probintziak Lazkaoko udalari ofizio idatzia bidali zion D. Antonio Ricardo Carrillo kapitain jeneralaren izenean. Horrek zioen Gipuzkoako probintzian biltzekoak zirela Kataluniako boluntarioen batailoia (800 gizonez osatua), Toledoko infanteriako 2. batailoia (indarrez aurrekoaren parekoa zena), Redingo suitzarrak eta Kataluniako infanteria, errege bidean ziren herriak babestera. Suitzarren errejimentuko batailoietako bat, gainera, Bergaran izango omen zen eta bestea, berriz, Ordizian eta Lazkaon. Toro eta Leongo miliziak Loiolan izango omen ziren, Kataluniako boluntarioak Oñatin, Infanteria arineko errejimentua Tolosan eta Toledoko 2. batailoia Gasteiztik Hernanira joatekoa omen zen. Probintziak Gipuzkoako herri guztiei, eta batez ere hemen aipatuei, armada eta soldadu haiei beharrezkoak zitzaizkien eraikin eta laguntza emateko eskatzen zien.
Nahiz eta Konbentzioko Gerra bukatu, lasaitasunik ez
XIX. mendearen hasiera ere ez zen lasaia izan. Nahiz eta Konbentzioko Gerra amaitu, egonkortasun eza nabaria izan zen. 1801eko abuztuaren 18an, adibidez, Andreas Grijalbok Burgosa zeramatzan bi presok Donostiako kartzelatik alde egin zutela eta, eskutitza jaso zuten Lazkaon galdetzen zuena ea presook han zeuden eta hala izan ezean, non zeuden begira zezaten agintzen zuena. Gerra eta gerrate garaiek egoera aldatu egiten dute. Zenbaitek gerra egitea bizimodu hartu zuten. Egonkortasun ezeko giroak aurrera egiten zuen neurrian, lapurretak eta liskarrak gero eta nabarmenagoak izan ziren.
1808an, Iberiar Penintsulako Gerra Lazkaon
1808tik aurrera, Iberiar penintsulako Gerraren hotsak ozenagotuz joan ziren. Herria, espainiar herria, ez zen Napoleonen agindupean jarraitzeko prest eta altxatzen hasi zen. Egoera horri aurre egiteko, Frantziatik errefortzuak, soldaduak etortzen hasi ziren, penintsula gerra eszenatoki bihurtuz. 1808ko uztailaren 15ean, Donostian, Jose Maria Soroa Soroak eta Manuel Joaquin Uzkangak, probintziaren izenean, honela esan zioten Lazkaori (herriak frantses tropei sostengua eman ziezaien, Elgoibarren 1808ko ekainaren 9an onartutako dekretu baten bitartez): 2.000.000 erreal beharko zirela gerrako gastuei aurre egiteko, eta horiek lortzeko zerga bilketa zuzenik ezin egingo zela (egoera hartan bertakoek zituzten baliabideak eskasak ziren). Herri bakoitzak bi epetan eman ahal izango zuela zegokiona (uztailaren 30ean eta irailaren 30ean), Lazkaoren kasuan 4.337 errealeko diru kopurua. Eta herriek beharrezkoa zen dirua lortu ahal izateko, jabetzak saltzen eta galtzen hasi beharko zutela udalek (horien trukean jasotako dirua gerrako gastuak ordaintzeko erabiliko zela). Hala ere, dekretuak dekretu, Lazkao ez omen zen beti ordaintzeko unean behar bezain arin ibili.
1809ko uztailean, adibidez, Probintziak zegokion ordainketa egiteko erregutu zion (horrela egin ezean, probintziako zenbait mandatari heriotza-zigorrera kondenatuak izateko arriskuan ere egon baitzitezkeen). 1808ko irailaren 2an, Probintziak Lazkaori abisua eman zion: Tolosan 3.000 soldadu frantses bazirela (zalduneriakoak zati handi batean eta igarotzen ari ziren tropetako kideak gainontzekoak.
Tolosari Gerrako komisarioak biltegiak, labeak eta laurehun ohe eskatu zizkion. Tolosak ezin izan zion, ordea, behar horri erantzun eta Diputazioari eskatu zion laguntza, eta hark, berriz, inguruko herriei, tartean, Lazkaori. Lazkaok, ordea, ezin zuela lagundu esan zuen. Ezinezkoa zitzaiola. Aurreko urtean "Villafranka"k egin ziola eskaria eta hari utzi zizkiola zituen koltxoi eta mantak. Geroztik, gainera, Lazkaon bertan tokia egin behar izan zieten soldaduei,eta bertan ere oheak falta zirenez, ingurukoei eskatu beharrean aurkitu ziren. Eta ingurukoek, ezin zietela lagundu, eurek ere “Villafranka”ri utziak zizkietela eta (erantzun hau 1808ko irailaren 8an eman zen). Ez zen txantxetakoa izan oheena: azaroaren 21ean, Probintziak deia egin zion berriro ere Lazkaori. Oherik ematen ez bazuten, soldaduak bertara bila joango zirela.
Horrela, 1808ko abenduaren 1ean, berriz, Probintziak Lazkaori frantses jeneral batek egindako gaztiguaren berri eman zion: armada berria zetorrela eta Tolosara haragia bidaltzeko, bestela arpilatzeak-eta gerta zitezkeela. “94 Raldes de carne Res viva” eskatzen zizkieten. 1809tik 1813ra bitartean, Probintzia gerrako gastuei aurre egiteko moldatu behar izan zen. Gizonek prest egon behar zuten gerrarako, eta etsaiekin batu zirenak zaintzen jarraitu beharra izan zuten etengabean. Horren adibide, Joaquin Mitxelenak, probintziako kontseilari izan eta poliziaz arduratzen zenak, Thouvenot baroiarengandik jaso zuen oharra (1811ko maiatzaren 30ean): “que le remita mensualmente una lista expresiva de los sugetos, que han dexado sus hogares para reunirse a las quadrillas con sus nombres, los de los pueblos de su naturaleza, su estado, edad, profesion u oficio, dias de su salida, vuelta a sus casas, y si son o no indultados anteriormente”.
Lazkao eta haren inguruan, gerra gogorkien 1813ko ekainetik abuztura bitartean bizi izan zen, baina azarora arte ez zen izan normaltasunik. Nola egin aurre horri guztiari? Herriaren ondasun zirenak salduz eta jabetza pribatu izatera pasa zitezen erraztuz. Gehiegi luzatu gabe, 1809tik 1819ra bitartean, Lazkaoko udalak saldutakoak ditugu honako hauek: Izagirreazpiko terrenua; Txentakadiko gaztainadiak; Zearrako gaztainadia; Amiribia etxea; Lapurzuloko gaztainadia; Erdikotrozoako gaztainadia; Umarkeriako hariztia; Otamendiazpiko gaztainadia, Urbarandian itxituraz mugatua zegoena; eta Altusoloburuko hariztia. Horiek guztiak 1810 eta 1811. urteen bitartean saldu ziren.
Nor ziren errenta gehien zutenak, beraz diru gehien aurreratu zutenak, eta horregatik herri-lurren zati handienaren jabe egin zirenak? Besteak beste, honako jaun eta andere hauek: Juan Zeberio, Maria Abaria, Juan Bauptizta Beriztain, Jose Maria Lardizabal, Martin Ignacio Intsausti, Fermin Iztueta, Francisco Aldanondo, Juan Ramos Etxave, Manuel Matias Arana eta Jose Antonio Ubila. Orain artean aipaturiko gastuez gain, kontzejuek, baita Lazkaokoak ere, dirutan ere ordaindu zuten bere herriko mutilak soldaduskara joan ez zitezen. Adibide gisa dugu Probintziak ordainagiri gisa udalari ematen dion idatzia: “He recibido de la N. y L. Villa de Lazcano la cantidad de dos mil docientos cincuenta reales de vellon por lo que ha correspondido en el reparto del donativo gracioso ofrecido a S.M. en lugar del servicio personal para el reemplazo del Ejército, por el tercer plazo correspondiente al 30 de mayo último según lo acordado por esta M.N. y M.L. Provincia de Guipuzcoa en la Junta IIª de las Generales celebradas en la N.y L. Villa de Azpeitia en el año próximo pasado. San Sebastián, 9 de Junio de 1819”.
Jakina denez, euskal probintzietako mutilek ez zuten derrigorrezko soldadutzarik egin beharrik. Horren ordez, beren lurrak defendatzeko prestatzen ziren eta borroka beti horien muga barruetan egiten zuten, eta aldi berean, Koroa behar gorrienean zegoenean, diru-laguntzak ematen zizkioten euskal probintziek (probintzia bakoitzak bere herrietan biltzen zuen dirua). Modu berean, probintzia barruko preso eta polizien ardura ere probintzia bakoitzarena zen (eta horietako herri bakoitzarena). Elizbarrutiko agiritegian gordetzen da 1819ko abuztuaren 5ean osatutako zerrenda, zeinetan azaltzen den mutilak soldaduskara joan ez zitezen Koroari eman beharreko donatiboa zein den.
Gerrarteko Bakea (1814-1820), Hirurteko Liberala (1820-1823)
Nahiz eta Independentzia Gerra 1813an amaitu, 1820ra bitartean Fernando VII.a ez zen liberalen indar eta intentzioez fio, eta beti saiatu izan zen bere aldeko indar militarrak gordetzen. Hegoaldeko euskal probintzietan ere tertzio bezala ezagun zirenak mantendu egin ziren, bai eta indartu ere. Horiek, 1823tik 1833ra bitartean, batez ere, sendotu ziren, eta laster hastekoa zen gerratean, karlisten aldean hartu zuten parte. 1828an, berriz, arazoa sortu zen Lazkaoko udalaren eta Foru Aldundiaren artean. Izan ere, tertzioak nork gobernatu behar zituen erabakitzeko ez ziren ados jartzen. Diputazioan horretaz arduratzen zen Jose Joaquin de Gorosabelek tertzio guztiei dei egin zien: “para dejar arreglado todo lo concerniente al servicio de mis tercios, a los Reyes Ns. Ss”. Maiatzaren 29an Silvestre Txintxurretakoak agindua emana zuen tertzioak Tolosan bil zitezen, arropak hartzera eta erregeren guardiei ongi etorria egitera.
On Jose Astigarraga omen zen partidaren bigarren komandantea. Lazkaon bertako tertzioez arduratzen zena, berriz, On Jose Ignacio Arregikoa. Astigarragak Arregiri Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduaren berri ematen zionean, hark ez zuela beteko erantzungo zion, arautegiko 21. artikuluaren arabera, tertzioek ezin zutela inongo herri babesik gabe utzi eta ezin zietela dei arbitrarioei nolanahi erantzun. Ekainaren 1eko idazki batean, berriz, udalak dio, herriak bere tertzioen gaineko boterea galduz gero, erabaki ahalmena galduz gero, gorputz militar batez hitz egiten ariko zirela (tertzioak herriari lotutako gorputz bezala ulertzen zituzten). Tertzioak mantentzeaz gain, Espainiako erakundeetatik Hirurteko Liberalaren ondoren, kontrol zorrotza ezarri zen errejimen liberalaren aldeko izandakoak zaintzeko.
Hala, Kantabriako Purifikazio Juntak, 1826ko martxoaren 14an dei egin zuen Lazkaora, Juana Munduatekori buruz galdezka. Izan ere, hark semea, Juan Cruz Ibarguren, Gipuzkoako boluntarioetako kide izan omen zuen. Dei berean, haien emazte-amak, pobre gisa, 1820ko martxoaren 7aren aurretik eta ondoren zein jarrera izan zuen galdetzen zitzaion Lazkaoko Kontzejuari.
Bigarren Karlistaldia (1872-1876)
Azpiegiturak
Garraioak
- Hiri garrantzitsuetarako distantziak
- Donostia: 45 km
- Madril: 428 km
- Bartzelona: 507 km
- Tren-geltokia
- Errepideak honako herrietara
- Autobus zerbitzuak (Sakontzeko: Goierriko autobus lineak)
- Gertueneko aireportuak
- Hondarribiko aireportua (Donostia): 58 km
- Forondako aireportua (Gasteiz): 77 km
- Loiuko aireportua (Bilbo): 84 km
- Noaingo aireportua (Iruñea): 85 km
- Biarritz-Angelu-Baionako aireportua (Biarritz): 85 km
Ekonomia
Lazkaoko ekonomia, gorabehera askoren ondorio
Hainbat eta hainbat izan dira Lazkaoko ekonomian mugimenduak sortu dituzten faktoreak. Nekazaritza jarduerak, industriak... ere garrantzia izan dute ekonomian
Euskal Herri osoan bezala, Lazkao udalerriaren historia ekonomikoa nekazaritza eta abeltzaintzari lotuta egon da hasierako garaietatik. XVIII. mendetik jasotako datuen arabera, herria jardunean zeuden baserriz osatuta zegoen gehiengo handi batean (apaiza, mediku eta botikariaren etxeak izan ezik). Alde batetik, etxerako jana lortzeko era guztietako barazki eta fruituak landatzen ziren: garia, artoa, sagarrak, lekaleak, barazkiak…; eta bestetik etxeko abereentzako jana: arbia, alpapa…
Inguruko mendietan, Urbaraundin eta Iruremendin kasu, egurra ateratzen zuten eraikin, gurdi edo ikatzetarako. Aralar mendian kobre-meatzeak ere bazeuden. Basoetan ehiza ugari egiten zen, azeri, erbinude, basurde, orein… eta ibaietan arrantza, amuarrainak, barboak, aingirak harrapatzen ziren.
XX. mende hasierako Lazkaoren baserritar izaera ez da soilik nekazaritzaren garrantziaren ondorio, aitzitik industri sektorearen ahuleziaren ondorio ere bada. 1915ean Lazkaoko industri jarduera hiru lantegitara mugatzen zen: gurdiak eraikitzeko, aroztegi mekanikorako eta ferrak egiteko lantegiak. Egoerak bere horretan jarraitu zuen 1936ko Gerra Zibila arte.
1940ko hamarkadaren amaieran hasi eta mendearen bigarren erdian izandako iraultza demografikoak Lazkaori, Euskal Herriko beste udalerri askori bezala, benetako iraultza ekarri zion. Lazkaon biztanleriaren hazkundea apartekoa izan zen; 1950 eta 1975 urteen artean Lazkao izan zen Gipuzkoan hazkunde handiena izan zuen bederatzigarren udalerria.
Esan bezala, aparteko hazkunde horrek Lazkaon benetako "iraultza" eragin zuen, bai paisaian, bai kulturan eta baita eguneroko bizimoduan ere. Hazkundea bi faktoreren ondorio izan zen: hazkunde naturala eta immigrazioa.
Immigrazioaren garrantzia
Hazkunde naturalaren garrantzia ukatu ezin bada ere, immigrazioa izan zen hazkunde horren zalantzagabeko protagonista. Immigrazio honen arrazoia 50, 60 eta 70eko hamarkadetako boom ekonomikoa izan zen. Euskal ekonomiaren bilakaera onak Espainiako gainbeheran zeuden hainbat eskualdetako milaka pertsona Euskal Herrira erakarri zituen bizimodu hobe baten bila. Boom ekonomiko horren eragile nagusiena industria izan zen, modernizazio prozesuari ateak zabaldu baitzizkion.
Industriaren bilakaera
Lazkaon XX. mendeko lehen erdian berrogeita hamar enplegu industrial eta lantegi txiki zeuden. 1975ean industri sektore sendoa zuen herriak: hogeita zazpi lantegi eta 1.098 lanpostu zituen. Ildo horretan Lazkaoren eta Goierriko eskualdearen arteko harreman irekia azpimarratzea ezinbestekoa da (aipagarria da CAF enpresaren protagonismoa).
1970eko hamarkadatik aurrera egoera egonkortu egin zen: biztanleria 5.000 biztanle inguruan finkatu zen. Bestalde, industriak krisi eta birmoldaketa prozesu gogorra jasan badu ere, egun zalantzarik gabe esan daiteke Lazkao industri herria dela. Ibabeko industri gunea eta Zubierrekako gunea, zabaldu berria, egoera honen testigu garbiak dira.
Industri jardueraren nagusitasun horren ondoan azpimarratzekoa da hirugarren sektoreak gero eta garrantzi handiagoa duela, bai biztanleriari begiratuz eta baita ekonomi jarduerari dagokionez ere.
Egungo egoera
Beste garai batzuetan indartsu eta nagusi izan diren nekazaritza eta abeltzaintza beste maila batean gelditu dira: egun Lazkaomendira mugatzen dira jarduera hauek eta Lazkaoko biztanleria okupatuaren %2k bakarrik hartzen du zati bertan. Horrelakoa da mende amaierako Lazkao; demografikoki herri egonkorra, baina bizia; herri industriala eta modernoa; bere nortasuna gordetzen duen herria baina eskualdeari ateak irekitzen dizkiona; azken batez, bizi-kalitatea eta bertako gizon-emakumeen arteko bizikidetza hobetzeko erronkari aurre egin nahi dion herria; XXI. mendeko lazkaotarrek osatutako herria.
2017an sektore ekonomikoak honela banatzen ziren herrian: lehen sektorea BEGaren %0,9, bigarren sektorea %33,5, hirugarren sektorea %47,4. eraikuntza %18,3.[8]
Demografia
Dokumentuetan aurkitu eta guregana iritsi den Lazkao izenari erreferentzia egiten dion aipu zaharrena 1053. urteko idatzi batekoa da.Dokumentazioak jakinarazi digu XI. menderako Lazkao populatutako esparrua zela, eta, mende horren bigarren erdian, Diego Gonzalbez de Lazcano edo de Arramendi familiak bizi zirela bertan.
XII. mendeko ibarren gizarte maparen barruan, Lazkao Areriako eta Ozkueko ibarrek banatzen zuten. Egoera horrek herrixka sortzera, menditik jaistera, habitat berri bat ezartzera eta lurrak luberritzera eraman zuen eta batik bat aipagarria da hazkunde demografikoa, esparru tradizionala ere gainditu zuena, eta gune egonkorrak sortu zituena.
Urruneko garai haietatik mendez mende izandako garapenaren ondoren, 1900. urtean 947 biztanleko herria genuen. Ordutik hona, abiadura ezberdinean izan bada ere, biztanleria nabarmen hazi da. Hala, lehen hamarkadetan 1900-1930 (biztanleria 947tik 1.588ra pasatu zen) hazkuntza nahiko moderatua gertatu zen; batez ere, inguruko beste herrietakoekin alderatuz gero.
Aurrerago, 1930-1950 (1.588tik 1.817ra) artean, hazkuntza erritmo hori oraindik pittin bat moteldu zen. Hala, XX. mendearen lehen zatian biztanleria mende hasierakoaren bikoitza izatera apenas iritsi zen.
Aldaketa nagusiena 1950. urtetik aurrera gertatu zen, 1975. urtera arte iraun zuena. Ordura arte migrazio oso txikia izan zen, inoiz negatiboa izatera ere iritsi zena, baina 1950 eta 1970 urteen artean izandako "boom" industrialarekin batera, migrazio tasa oso handiak gertatu ziren. Urte horietan hazkuntza oso azeleratua izango da, eta populazioa ia hirukoiztu egin zen. 1980. urtetik aurrera, migrazioa dezente gutxitu zen eta hazkuntza erritmoa berriro ere makaldu egin zen.
1983. urtean erroldatutako biztanle kopuruen gailur bat gertatu zen (5.309). Harrezkero, biztanleak pixkanaka gutxitzen joan ziren. XXI. mendearen lehen hamarkadan populazioak berriro hazteari ekin zion, eta bigarren hamarkadan 5.400 biztanleren bueltan ari da mantentzen.
Egun, Lazkao biztanle kopururik nagusiena biltzen duen herriguneak eta bertako lurzoruetan barreiatutako baserriek eta auzo txikiek osatzen duten 5.400 biztanle inguruko herria dugu. Eustat-en arabera 5.549 biztanle zeuzkan 2019an.[9]
|
|
|
|
|
|
Iturria: Espainiako Estatistika Institutua (INE). 2019ko datuak.
Politika
Hauteskundeak
Atal honetan, Lazkaon ospatu diren azken udal, foru, erkidego, estatu eta Europa mailako hauteskundeetako emaitzak ikus daitezke.
Alkateak
Hauek izan dira Lazkaoko azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[12] | |
Diego Gurrutxaga Lombera[12][13] | 1979 | 1983 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Diego Gurrutxaga[13] | 1983 | 1987 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Diego Gurrutxaga | 1987 | 1991 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Inazio Estensoro Eskisabel | 1991 | 1995 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Inazio Estensoro Eskisabel | 1995 | 1999 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Felix Maria Urkola Iriarte[14] | 1999 | 2003 | Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna | |
Felix Maria Urkola Iriarte[14] | 2003 | 2007 | Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna | |
Patxi Albisu Estensoro[15][16] | 2007 | 2011 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Azeari Andonegi[17][18] | 2011 | 2015 | Bildu | |
Felix Maria Urkola Iriarte[18] | 2015 | 2019 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Kepa Joseba Zubiarrain Erauskin[19][20][21] | 2019 | Jardunean | Euzko Alderdi Jeltzalea |
Osoko bilkura (2019-2023)
Batzordeak
- Ogasuna, Pertsonala, Kontratazioa eta Kontu Bereziak
- Etxebizitza eta Jarduera Ekonomikoa
- Gizarte Zerbitzuak
- Landa Lurra
- Kultura, Kirola eta Aisialdia
- Hezkuntza eta Euskara
- Hirigintza, Ingurugiroa, Obra eta Zerbitzuak
- Udal Gobernantza
Erakundeak
Lazkaoko Udalak, honako erakunde ezberdinetan parte hartzen du: Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, Erinio-Aralar Mankomunitatea, Sasietako Mankomunitatea, GOIEKI, Tolosako Hiltegi Mankomunatua, Goierri Beheko Industrialdea, Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa, Aralar Parke Naturala, GOIMEN, Ikaslan, EUDEL eta Drogomenpekotasun Batzordea.[22]
Udaltzaingoa
Lazkaoko Udaltzaingoa (baita ere gaztelaniaz Policía Municipal de Lazkao), udalerriko segurtasunaz arduratzen den udal-polizia da. Honako betebeharrak betetzen ditu udaltzaingoak: trafikoaren antolaketa, jakinarazpenak, obren kontrola, azoka eta galdutako objektuak. Bestelako gauzetarako Beasaingo ertzain-etxea.
Udaltzaingoaren telefonoa: 943 08 80 80
Udaltzaingoak lau agente ditu, bi auto eta motor bat. Udaltzaingoaren armarria, Lazkaokoaren berdina da, baina fondo urdinarekin.
Kultura
Kultur azpiegiturak
Euskara
Lazkaoko euskalkia gipuzkera da[33], eta Goierriko euskararen[34] ezaugarri gehienak edo denak biltzen ditu. Indartsu ageri dira gipuzkeraren bereizgarri gehienak. Hala ere, Euskal Herriko erdigunetik zabaldu den hainbat berrikuntza Lazkaora ere iritsi dira, eta nabariak dira mendebaleko euskararen zenbait ezaugarri, indartsuago edo ahulago.[35]
2016an euskaldunen kopurua %64,67 zen.[8]
Hezkuntza
Lazkaok hezkuntza-zentro bakarra du: San Benito Ikastola, HH, LH, DBH, eta Batxilergoa heziketa eskaintzen da bertan. Halaber, antzerki tailerra, hizkuntza akademia eta garraio zerbitzuak eskaintzen ditu.[37]
Eraikinak Euskadi enparantzan daude, plaza ondoan, eta 3 futbolerako zelai eta saskibaloirako hainbat kantxa ditu bere eremuan.
Gaztelekua ere badauka herriak.[38]
Lazkaoko Martxa
2002ko herriko festetan, San Prudentzioetan alegia, lehen aldiz jo zen Lazkaoko martxa izenekoa San Benito ikastolako umeek jo zuten. Herriko musikari Jabier Muruamendiarazek konposatutakoa zen. Partiturak ez zuen letrarik eta herritarrek izatea eskatu zioten Muruarmendiarazi. Honela kontatzen du Andres Barandiaranek:[39]
'Iazko jaietan Jabier Muruamendiaraz musikariak herriko martxaren doinua konpasatu zuen. Ordura arte danborradak ez zuen martxarik izaten eta hutsunea betetzeko asmoz doinua egin zuen, oso dotorea, gainera. Joan den urteko danborradan hitzez galdetu zioten herrian, eta orduan agindu zuen aurten hitzak izango zirela. Nire laguna da Jabier eta nire kontura utzi zuen letrarena.'
2003ko apirilaren 27n Lazkaoko martxa Andres Barandiaranek moldatutako hitzekin jo zen aldiz; San Benito ikastolako umeen danborradan hain justu.
Azpiegiturak
Kirol elkarteak
- Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkartea (LAPKE)
- Lazkaoko Xake Elkartea
Lazkaoko Beneditarren Fundazioa
Lazkaoko Beneditarren Fundazioa, Lazkaoko Beneditarren Fondoa deiturikoa gorde, osatu, garatu eta gizartearen esku jartzea helburu duen erakundea da.
Ondasun nabarmenak
- Lazkaoko herrigune historikoa, monumentu multzo izendatua. Lazkaoko lau eraikin nagusik eta hauen inguruek osatzen dute:
- Lazkanotarren jauregia: Herriaren erdigunean dagoen XVI. mendeko jauregi gaztelarra. Infantadoko Dukearena.
- Santa Teresa beneditarren monasterioa: fraide beneditarrena, aurretik Karmeldar Oinutsena.
- Santa Ana komentua: moja zistertarrena, 1646an sortua Maria Lazkanok.
- San Migel Goiaingeruaren eliza: parrokia gotikoa. Barnean XIV. mendeko Itxaropenaren Ama Birjinaren taila dago.
- San Prudentzio baseliza: San Prudentzio kalean.
- San Joan Bautista Iribekoa baseliza: Ataunerako bidean, Zubierreka auzoan.
- San Joan Ante Portam Latinam ermita, San Joan Txiki izenez ere ezaguna:[45][46] Lazkaomendi auzoan, Maiz baserrien multzoan dagoen ermita.
- Udaletxea: herriaren erdigunean dago.
Lazkaotar ospetsuak
- Maria Lazkanokoa (?-1573), Antonio Okendo almirantearen emaztea.
- Josefa Ignacia Albisu Aranburu "Joxpinixi" (1859 - 1950), lehen emakumezko pilotaria.
- Francisco Areso (1872-1954) musikaria. Kale bat herrian bere omenez.
- Maria Jesus Ibaseta (1885-?), maistra
- Eugenio Mari Erauskin (1902-1936), Gerra Zibilean eraildako beatoa.
- Anastasio Albisu (1915-), euskal idazlea.
- Gerardo Armesto Hernando (1919-1957) margolaria.[47]
- Frantzisko Garmendia (1924-2005), Bronxeko apezpikua. New Yorkeko artxiodiozesioaren lehen apezpiku hispaniarra.
- Joxe Miel Iztueta "Lazkao Txiki" (1926-1993), bertsolaria.
- Dionisio Amundarain (1930-), itzultzailea, euskararen sustatzailea, euskara irakaslea, apaiz katolikoa eta beneditarra. Itsasondon jaioa, 10 urte zituenez geroztik Lazkaon bizi izan da gehienbat.
- Iñaki Larrañaga (1933-), soziolinguista.
- Santi Auzmendi (1940-2014), moda diseinatzailea eta jostuna.
- Felipe Barandiaran Mujika (1945-), aktorea.
- Jokin Lasa (1954-), Josu eta Jokin bikoteko abeslari ohia.
- Maria Jesus Intxausti (1956 ), abeltzain eta sindikalista.
- Josean Kerejeta (1957-), Saski Baskoniako jokalari izandakoa eta klubeko presidentea.
- Mertxe Urteaga (1960), arkeologoa
- Joxemari Urteaga (1961-), euskal idazlea.
- Kaki Arkarazo (1961-), musikaria eta musika-ekoizlea.
- Francisco Puertas (1963-), errugbilaria.
- Nekane Arratibel (1968-), psikologoa eta soziolinguistikako aditua.
- Josune Bereziartu (1972-), eskalatzailea.
- Joseba Beloki (1973-), txirrindulari profesional ohia.
- Josu Sarriegi (1979-), futbol jokalaria.
- Garikoitz Bravo (1988-), txirrindularia.
- Inma Fernandez (1991), aktorea
- Uxue Garmendia (1992), futbolaria
- Miren Aranburu (2000 ), aktore, abeslari, margolari, eta bikoizlea
Jaiak
Astotxo Eguna
Errege Egun ondorengo lehen igandean ospatzen da.
Urtean behin, Errege Egun ondorengo lehen igandean, Lazkaoko herrigune historikoa Judean bihurtzen da eta ia berrehun lazkaotarrek, Egiptorako Ihesa antzezten dute, non Herodes erregeak 2 urtetik beheko ume guztiak hiltzeko agindua ematen duen. Jose, Maria eta Jesusen laguntza bakarra astotxo bat da, eguneko protagonista.
1652 urtean hasi zen tradizio hori. Maria de Lazcano andreak, Antonio Okendo almirantearen emazteak, nahi izan zuen antzezpen hau egitea Lazkaoko moja zistertarren komentuan, berak aurretik eraikitzea bidali zuena. Antzezpena irudiekin egiten zen eta urte askoz, irudi horiek bisitatzea eta mojek egiten zituzten obleak jatea zen ohitura, noiz gaur egun oraindik saltzen dituzten.
Ume talde bat ibiltzen da fruta, barazki eta ogi postuetan zehar, eta bien bitartean, Herodesen soldaduek, beraien zaldietan, dena zaintzen dabiltza. Geroago, Errege Magoak iristen dira Betleemera. Momentu zirraragarriena Herodesen sarrerarekin hasten da.
San Migel
Irailaren 29an ospatzen da.
Gauean afari herrikoia izaten da plazan musikarekin.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- (Gaztelaniaz) «Lazkao» Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- Olaberriko Udala, Memoria Historikoa eta Heraldika., 6 or. (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- «Eguneko Zentroa - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Orobione Zentru Soziala - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Larrialdietarako etxea - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Web Eustat. Lazkaoko datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Web Eustat. Lazkaoko datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Hateskundeak. Espainiako Gobernua - Barne Arazoetako Ministerioa (Noiz kontsultatua: 2015-05-09).
- Hauteskundeak. Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
- (Gaztelaniaz) «LAZKAO - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
- (Gaztelaniaz) «El exalcalde Félix Urkola volverá a ser el candidato del PNV a la Alcaldía» El Diario Vasco 2015-01-20 (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
- (Gaztelaniaz) «Patxi Albisu, nombrado alcalde de Lazkao con los ocho votos del PNV» El Diario Vasco 2007-06-17 (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
- (Gaztelaniaz) «Patxi Albisu repetirá como candidato del PNV a la Alcaldía de Lazkao» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
- (Gaztelaniaz) «Azeari Andonegi: el alcalde pelotari» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
- «Felix Urkola izendatu dute Lazkaoko alkate» Goierriko Hitza 2015-06-13 (Noiz kontsultatua: 2021-04-29).
- (Gaztelaniaz) «40 votos de diferencia dan la alcaldía de Lazkao a Kepa Zubiarrain» El Diario Vasco 2019-05-27 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
- «Makilak aldatu dira eskuz» Goierriko Hitza 2019-06-17 (Noiz kontsultatua: 2021-04-25).
- «Lazkaoko Udala» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
- Udalak parte hartzen dueneko erakundeak. Lazkaoko Udala (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- Bake epaitegien helbide eta telefonoak. EJ - Justizia Saila (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- (Gaztelaniaz) Consejo General de Procuradores de España (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- «Kultur Etxea - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Ludoteka - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Liburutegia - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Erakusketa gela - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Areria Kultur Gunea - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Esnaola Zubeldia, Mertxe - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
- «Lazkaomendiko eskolatik Beasaingo karmelitetara - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
- «Erdialdekoa - Gipuzkera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
- «Goierrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
- (Gaztelaniaz) «Lazkao» Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- Maizpide Euskaltegi-Barnetegiaren webgune ofiziala. .
- San Benito Ikastola. (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).
- «Gaztelekua - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Martin, Kristina. (2003_04_26). Andres Barandiaran. Herriko martxaren hitzen egilea. Gara, 26 or..
- «Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Harizti Haundi kirol gunea - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Pilotalekua - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «San Prudentzio balioanitzeko kirol gunea - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Gurutze balioanitzeko gunea - LAZKAOKO UDALA» www.lazkao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Iñaki Gurrutxaga: «Lazkaomendi, Lazkao Txikiren sehaska», Berria, 2007-04-21.
- Igor Eguren: «Goierriko balkoia: Lazkaomendi (Gipuzkoa)», Argia, 2008-05-04.
- (Gaztelaniaz) «Gerardo Armesto Hernando, pintor, nace en Lazkao (Gipuzkoa) el 19 de octubre de 1919» Euskonews (Noiz kontsultatua: 2010-07-05).