Lazarragaren eskuizkribua
Lazarragaren eskuizkribua edo Joan Perez Lazarragaren eskuizkribua paper sorta bat da, Joan Perez Lazarraga arabar idazleak 1567-1602 bitartean, gutxi gorabehera, idatzitako lanak biltzen dituena. XVI. mendetik iritsi zaizkigun euskarazko testu bakarretakoa dugu, eta Hego Euskal Herriko literatura idazlan zaharrena. Halaber, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen testua dugu: eskuizkribu osoan, hiru aldiz ageri da.
Lazarragaren eskuizkribua | |
---|---|
Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko zutabean, behetik hasita 7. lerroan, eusquel erriau lehen bi hitzak dira (klikatu irudia, handitzeko). | |
Datuak | |
Idazlea | (1567tik 1602ra bitartean idatzia) |
Argitaratze-data | 1567 (egutegi gregorianoa) |
Generoa | Artzain nobela eta poesia |
Jatorrizko izenburua | Eskuizkribua |
Hizkuntza | Euskara (gehien-gehiena) Gaztelania (zatiren batzuk) |
Herrialdea | Araba |
Orrialdeak | 102 |
Formatua | Eskuizkribua |
Artzain nobela batek eta 21 koplak osatzen dute. Guztira, 51 orri dira (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz; baina pleguak ez daude osorik eta ezagutzen dugun zatian, gutxienez beste hamasei orri galdu dira, gehi aurretik agian zeudenak, artzain eleberria in media res hasten baita.
Ez dago garbi idazlana garai hartan argitaratu zen ala ez. «Pleguetan, txori paperetan, litekeena da[; b]aina koadernoa bera, orain ezagutzen dugun bezala, ez [zen] orduan argitaratzekoa» dio Gidor Bilbaok.[1] «Idazle ona [...] baina badirudi ez zituela bere euskarazko testuak argitaratu» idatzi zuen Henrike Knörrek.[2]
Aurkikuntza eta aurkezpena
Argitaratu denez, Borja Aginagalde Olaizola donostiar artxibozain eta historialariak aurkitu zuen, Madrilgo zaharki-salerosle batenean; Gipuzkoako Aldundiak erosi zuen, eta 2004ko otsailaren 18an aurkeztu zuen jendaurrean.
Eskuizkribuaren aurkezpena gertakizun mediatiko garrantzitsua izan zen, erabat berria euskal filologiaren historian: hedabide guztietara iritsi zen aurkikuntzaren oihartzuna, eta berehalakoan izan zen denek ikusteko moduan, prentsaurrekoaren egun berean CD-ROM batean, eta handik egun gutxira Interneten. Adituen lehenbiziko txosten teknikoak ere handik bi egunera zeuden Interneten: Borja Aginagalderen estreinako paleografia- eta datatze-azterketa (1564tik 1567rako tartean Joan Perez Lazarragakok idatzia dela proposatzen zuen) eta Joseba Lakarra filologoaren atariko filologia azterketa (XVII. mendea baino lehenagoko euskal testu altxorraren tradizioan eskuizkribuak hizkuntzaren, dialektologiaren eta literaturaren azterketetarako duen garrantzia nabarmendu zuen).
Hedabideetan eman zitzaion oihartzun handi horrek, bada, badu izateko arrazoirik, euskal testuen tradizioan aspaldian izandako aurkikuntzarik garrantzitsuena izan baitzen, besteak beste arrazoi hauengatik:
- Hizkuntzako eta literaturako balioagatik: altxor aberatsa da XVI-XVII. mendeetako euskara —eta bereziki Arabako euskara— ezagutzeko eta aztertzeko. Hizkuntzaren aldetik, badira hapaxak, hitz askoren lehenengo lekukotasuna aurkitzen da, oso bakantzat genituen erabilerak berresten dira, beste inon ezagutzen ez diren egiturak ageri dira.
- Duen tamaina eta formarengatik: 102 orrialdez osatutako lan mardula da, tamaina handikoa. Estilo tradizionalean idatzitako gorteko lirika da eta badirudi garaiko euskal bertso molde erabilienak ezagutzen zituela.
- Euskalki aldetiko garrantziagatik: informazio berria eskaintzen du, euskalkien historia argitzeko.
Eskuizkribuaren datazioa
Eskuizkribuaren datazioa ez da ziurra, baina badirudi Lazarragak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak kopiatu dituela eskuizkribuan, ziur aski bere bizitzako azken urteetan. Baieztapen horren atzean, bi argudio nagusi dira: batetik, poema batzuk gaztetan idatziak direla iduri luke. Canción y copla echa por Laçarraga en servicio de Madalena poemaren aurretik idatziriko sarrera gisakoa argia da 1567ko data zehaztean:
« | Canción y copla echa por Laçarraga en servicio de Madalena, hija de M. Diego de Bicuña, barbero, el qual puso en un poste del portegado de la iglesia de Vicuña la noche de Santiago, a 25 de julio de 1567, y tomó el dicho traslado Pedro Saenz, clérigo de Bicuña, que lo supe yo después. | » |
Bestetik, gutxienez poema baten arabera, eskuizkribua Lazarragaren bizitzaren bukaeran data liteke Mari Lopezco ederreza poeman, poetaren ama hilik dela aditzera ematen da: «juramentu eguiten jagot / obian daçan amari». Hobian datzan ama Joan Perez Lazarragakoren ama baldin bada, datu horrek ezartzen du poeman —eta ziur aski eskuizkribu osoan— data daitekeen azken gertaera, goizenik 1602. urtekoa izan litekeena. Izan ere, Elena Saez Erdoñakoa, poetaren ama, 1602ko «AHPA. Protocolos Notariales, 2486, ff. 85-86» dokumentuan oraindik bizirik azaltzen baita, Gervasio di Cesarek jakinarazi zuenez.
Azkenik, beste poema batzuek data ez hain zehatzak ezartzen dizkiote eskuizkribuari:
- Istoria de la quema de Salvatierra poeman kontatzen diren gertaerak 1564koak dira. Horrek ez du esan nahi poema 1564an idatzia denik, jakina, data hori baino geroagokoa dela baino (berdin izan liteke hurrengo urtekoa nahiz hogeita hamar urte geroagokoa).
- Aide andioc bidaldu deustae poema, itxura guztien arabera, autobiografikoa da (ikus poemaren aurkezpena), eta 41-42. lerroetan honako hau aipatzen da: «Oy oraingaño ez nax ni eldu / oy bada oguei urtean». Autobiografikoa izateak ez du esan nahi ezinbestean Lazarragak hogei urte zituela idatzia izan behar duenik, baina hipotesi hori ere sinesgarria da eta, horren arabera, poemaren data 1567. urtearen ingurukoa izan liteke.
- Denpora baten içan ninçan... poeman, Donostiako San Frantzisko aipatzen da: «Donostiaco San Franciscuan / agoan guiçon soldadua» (34-35. lerroak). Donostiako frantziskotarren komentu ezagunena 1606an sortu zen, El Churrutal izeneko lekuan, Atotxan, gaurko Zuhaizti orubean, baina Joan Perez Lazarragako 1605ean zendu zenez, ezin da leku hori izan; Lazarragaren bizitzako datak kontuan hartuta, frantziskotarrek 1569an San Martin (Amara) inguruan zabaldu zuten eliza izan liteke, orduan frantziskotarrek Donostian komentua sortzeko bigarren saioa egin baitzuten eta eliza zabaldu, 1569ko maiatzaren 4an, baina zenbait erakunde horren kontra agertu ziren eta artillerialarien iritzia erabakigarria izan zen behin betiko ezetza emateko, harresi barruko hiribilduarentzat eraikin arriskugarria izanen zatekeelakoan; frantziskotarrek eraikin hori utzi zutenean, hiriak beretzat hartu zuen etxea, 1570eko abuztuaren 23a arte, Donostiako alkateak egun horretan eman baitzizkion berriz giltzak lehengo jabeari; litekeena da 1569-1570 bitarte horretan soldaduak izatea barruan eta horrek esan nahi luke lerro horiek 1569az geroztik behintzat idatzi zirela.
Euskara
Euskalkia
Euskalkiari dagokionez, oso lan interesgarria da, Arabako euskararen testigantza delako. Orain arte egin diren azterketetan, mendebaleko euskalkiari —eta, zehazkiago, Debagoiengo euskarari— lotuta dagoela ikusi da, baina beste euskalkietako ezaugarri askorekin. Bereziki, gipuzkeraren eta Nafarroa Garaiko Sakanako euskararen hainbat bereizgarri ditu. Rosa Miren Pagolaren hitzetan, «mugako hizkera denik ere zail da ukatzen».[4] Izan ere, euskalkien arteko muga zen eskualde hori. Gainera, kontuan izan behar da garai hartan mendebaleko euskara orain baino askoz hurbilago zegoela beste euskalkietatik.
Estatusa
Manuel Larramendiz geroztik (XVIII. mendea), euskarak bazterreko erabilera izan du Hego Euskal Herriko eliteetan, eta lehenagoko garaietan ere Hegoaldean erabilera molde hori nagusi zela uste izan da. Lazarragaren eskuizkribuak eskema hori hautsi du:
« | Larramendik gauza garrantzitsuez gaztelaniaz idazten zuen, eta herri xehearentzako gauzak euskaraz. Ez zen hori Larramendi baino lehenagoko idazleen joera. Lazarragak jende ikasiarentzako literatura idatzi zuen euskaraz, eta erdaraz kronika historikoa batez ere. Zer klabe dago banaketa horretan? Oraindik ez dakigu, baina argi dago ez dela Larramendiz geroztik egin izan den banaketa. | » |
—Pruden Gartzia[5] |
Hitano zahar oinarrizkoaren lekukotasuna
Xabier Kintana euskaltzainak azaldu duenez, Lazarragak bigarren pertsonari hika egiten dionean, horrek ez dakar gainerako adizki guztiak ere alokutibozko forman (hitanoan) jarri beharra.[6] Konparazio baterako, Lazarragak bazekien hi haiz formaren ondoan ni nauk esan zitekeela, baina aldi berean zilegi zuela ni naiz ere erabiltzea. Hau da, Lazarragak hitanoaren bi eredu darabiltza:
- Gaurko gramatiketako hitanoa, Leizarragaz geroztiko tradizioan, XIX. mendearen bukaeraraino, ia salbuespenik gabe erabili dena: adizki alokutiboak jarriz baiezko nahiz ezezko perpaus nagusietan (baina ez, ordea, galderetan, harridura perpausetan, subjuntiboetan, inperatiboetan eta menpeko perpausetan). Funtsean, hori da euskara batuan nagusitu den sistema ere.
- Xabier Kintanak oinarrizko hitanoa edo hitano murriztua deritzona, XVI. menderaino erabili bide zen sistema: hi pertsona aditzaren NOR, NORI edo NORK ez denean, aditza bere horretan mantentzea, hitanoko formetara aldatu gabe (ni naiz, eta ez ni nauk).
Dirudienez, oinarrizko hitano hori (alokutiborik gabekoa) erabilera zaharrena da. Alokutibozko forma adizki guztietara XVI. mendea baino lehentxeago hasi zitzaigun hedatzen eta, hasieran, Euskal Herriko toki zehatz batzuetan baino ez. Euskaltzaindiak, bestalde, adizki alokutiboak arautu dituen arren, oraindik ez du arautu noiz eta nola erabili behar diren («Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan»).[7] Beraz, euskara batuko araurik ez luke urratuko oinarrizko hitanoa erabiltzeak, nahiz eta aspalditik euskaran erabili ez den molde bat den.
Hori guztia kontuan hartuta, eta hitanoa izaten ari den atzerakada larria ikusirik, Xabier Kintanak proposatu du haurrei eta euskara ikasleei oinarrizko sistema hori irakastea, galbidean den hitanoa indarberritzearren, eta alokutibozko sistema konplexua errazago ikasteko oinarria izan dadin.[6]
Hona hemen adibide batzuk, oinarrizko hitanoa (alokutibogabea) eta hitano osoa (alokutiboduna) euskara batuan aplikatuz:
Zukako adizkia | Hikako adizkia (solaskide gizonezkoa / emakumezkoa) | |
---|---|---|
oinarrizko hitanoa |
(adizki alokutiboduna) | |
zara | haiz | haiz |
naiz | naiz | nauk / naun |
dugu | dugu | diagu / dinagu |
zaitut | haut | haut |
dizkizut | dizkiat / dizkinat | dizkiat / dizkinat |
dizkiet | dizkiet | zizkieat / zizkienat |
nator | nator | natorrek / natorren |
zebilen | zebilen | zebilean / zebilenan |
dakigu | dakigu | zakiagu, zekiagu / zakinagu, zekinagu |
Berriz ere, Lazarragaren eskuizkribura etorrita, hona hemen erabilera alokutibodunaren adibide bat (hikako lau adizkiak letra lodiz nabarmendu ditugu; erdiko biak alokutiboak dira):
« |
Donostiaco San Françiscuan |
» |
Eta hemen, erabilera alokutibogabea (hau da, oinarrizko hitanoa; hikako adizki bakarra —lehenengoa— eta hitano osoan alokutiboak izan litezkeen hiru adizkiak letra lodiz nabarmendu ditugu):
« | Arçai polita, yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur [sic] egun seigarren eguneco. Eta ala ene lagun au eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ecusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. [1147 r-v] | » |
Testuaren egitura
Edukiari dagokionez, eskuizkribuko testu nagusian bi atal bereizten dira: lehenik artzain liburu bat (testu nagusiaren % 32), gehienbat prosan idatzia, kantu moduko poemak tartekatuak dituen arren; bigarrenik, askotariko poema eta kantuen bilduma, haietarik 37 euskaraz idatziak, eta gainerako 9ak gaztelaniaz.
Artzain liburua
Artzain liburuaren hasiera eta bukaera galdu dira. Artzain nobelak genero arrakastatsua izan ziren Europan XVI. mendean, eta Jorge de Montemayor portugaldarrak gaztelaniaz idatzitako Los siete libros de la Diana (1559) Europa osoan itzuli eta imitatu zuten; badirudi ildo horretan kokatu behar dela Lazarragaren prosa lana.
Artzain liburuak, funtsean, amodio nahasien istorioa kontatzen du: Silberok Sirena maite du, Sirenak Doristeo (Dorido goitizena hartzen duena), Doristeok Silbia (Clarian goitizena hartzen duena), eta Silbiak Silbero (baina amodio kateak ez du beste alderako biderik). Beste pertsonaia batzuk hauek dira: ugazaba, Narvaez, Marte eta Kupido.
Poema eta kantuen bilduma
Askotariko poema eta kantuak dira, haietarik 37 euskaraz idatziak, eta gainerako 9ak. gaztelaniaz. Baliteke hiru poema, beste letra batekin jaso direnak, bereak ez izatea, Estibalitz Sasiolarenak baizik; kasu horretan, euskaraz idatzi zuen lehenengo emakumezko izango litzateke[8][9].
Bilduma hori artzain liburua baino zailagoa da deskribatzeko eta sailkatzeko: gaiak, neurriak, jatorriak, poema herrikoiak eta kultu izan nahi dutenak... Gehienetan, erdiak baino gehiago, maitasun kontuak gai nagusia dira, baina badira erlijiozkoak, narratiboak, isekazkoak...
Poema batzuen neurriak eta moldeak oso herrikoiak dira (eta ez dakigu Lazarraga den egilea ala herri tradiziotik jasoa bildu duen), baina beste batzuetan gaztelaniazko cancionero zahar eta berrietako neurriak eta moldeak hartzen ditu. Gaztelaniazko poema batzuetan, ziur dakigu ez direla Lazarragak asmatuak, plegu horietan bilduma osatzearren kopiatuak baizik. Euskarazko poema batzuei, berriz, aurkitu zaizkie ordainak beste hizkuntza batzuetan. Hortaz, azterketa sakonagoak behar dira ezer ziurrik esateko, baina badirudi koaderno berean bildu dituztela idazle batek baino gehiagok berek asmaturiko lanak eta beste nonbait ikasiak. Testu nagusiari dagokionez, badirudi Lazarraga dela idazlea; eta alboetako testuetan, agian Lazarraga eta geroagoko beste esku batzuk egon litezke.
Eskuizkribua, jendearen eskura
- Eskuizkribua bera, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien arteko hitzarmen bati esker, 2009ko uztailaren 29tik 2010eko uztailaren 26a arte Gasteizko Bibat Museoan erakusgai egon zen.[10] Egun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dago berriro, Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegian gordeta[11].
- Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2004ko otsailaren 18ko aurkezpen ekitaldirako, eskuizkribua argitaratu zuen CD-ROMean.[12] Handik lasterrera, Interneten ere jarri zuen, guztien eskuragarri.[13] Gainera, faksimilea ere argitaratu zuen.[14]
- Susa argitaletxearen Armiarma webgunean, Gipuzkoako Aldundiak testua plazaratu eta hilabete gutxira argitaratu zuen Iñigo Landak lehenengo transkripzioa, literaturazaleentzat.[15] Webgune horretan bertan, grafia eguneratuta ere argitaratu zuten.[16]
- Erein argitaletxeak 2004. urtea amaitu baino lehen jarri zuen dendetan Patri Urkizuren edizioa, Joan Perez de Lazarraga. Dianea & Koplak. Madrid 1567 izenburuarekin (2004-05-04an sinaturiko azterketarekin, testuak berrantolaturik emanda, grafia modernoan, ohar argigarri ez sistematikoekin). Egileak berak esan zuenez, «liburua ahalik eta azkarren jendearen eskuetan» jartzea zuen helburu.[17] Beraz, Lazarragaren eskuizkribua hain testu korapilatsua izanik, funtsezko hainbat alderdi azaldu gabe utzi zituen, eta hutsegite batzuk baditu: besteak beste, testuan inon ageri ez den Dianea izena ikusi izana (izatez, dianean 'doanean' adizkia da Lazarragak darabilena).
- Pruden Gartziaren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz saiakerak irabazi zuen 2005eko Juan Zelaia Saria. Tesi hau aldezten du: Lazarragaren lanak erakusten duenez, Araban eta Euskal Herrian, XVI. mendean, euskarazko berpizkunde baten hastapena izan zela.
- Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeak Lazarraga Eskuizkribua: edizioa eta azterketa lana argitaratu du EHUren webgunean.[18] Izan ere, zatikako azterketa batzuk ordurako argitaratuak ziren arren, oraindik finkatu gabe zegoen testua bera; eta edizio fidagarri, arduratsu eta zintzoa behar zen, pasarte zail ugariak argitzen ahaleginduko zena (zailtasun asko baititu testuak, hala paleografiaren aldetik nola hizkuntzaren aldetik). Horretantxe ahalegindu dira, bada, Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko sei kide: Gidor Bilbao, Ricardo Gómez, Joseba Lakarra, Julen Manterola, Céline Mounole eta Blanca Urgell.[19][20]
Erreferentziak
- Alberto Barandiaran: «Lazarraga askatzen», Berria, 2008-12-09.
- Henrike Knörr: «Euskara eta dotorezia», Berria, 2006-12-06. [El Correo egunkarian argitaratu zen baina Interneten eskuragarri ez dagoen artikulu baten laburpena.]
- Arabako toponimoetan eta garai hartako Arabako euskal idazleen testuetan oinarritua dago mapa. Iturria: Koldo Zuazo, 1997, «Euskara Araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.
- Pagola, Rosa Miren, 2006, «Lazarragaren eskuizkribua: grafiak, hotsak eta hitzak», in C. Isasi Martínez & S. Gómez Seibane (arg.), Lingüística Vasco-Románica. I Jornadas = Euskal-Erromantze Linguistika. I. Jardunaldiak. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 539-561 (= Oihenart 21).
- Juan Luis Zabala: «Topiko zaharren birrintzailea», Berria, 2008-12-11. [Artium museoan Lazarragari buruz eginiko jardunaldien kronika.]
- Kintana, Xabier, 2005, «Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak», Euskera 50, 129-159. [Joan Perez Lazarragakoren omenez Euskaltzaindiak Ozetan (Araba) eginiko bilkuran Kintanak emandako hitzaldiaren testua da.]
- Euskaltzaindiaren 14. araua: «Adizki alokutiboak (hikako moldea)»
- Berria.eus. «404 errorea» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-03).
- Gómez, Ricardo. (2014-10-25). «Estibaliz Sasiolakoa, idazle ala kopiatzaile? Eztabaida Facebook-en» FiloBlogia (Noiz kontsultatua: 2020-11-03).
- «Araba-Eus - Juan Pérez de Lazarragaren eskuizkribua» www.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-10).
- "Koldo Mitxelena" (kulturgunea). .
- Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, Lazarragaren eskuizkribua. XVI. mendea [Eskuizkribuaren argazkien CD-ROMa].
- Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, Juan Perez de Lazarraga Larrea Dorretxeko jaunaren eskuizkribua (1564-1567) [Eskuizkribuaren argazkiak, online].
- Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004, Lazarragaren eskuizkribua (XVI. mendea). Madril: Edilán-Ars Libris [Eskuizkribuaren faksimilea].
- Landa, Iñigo, 2004, Lazarragaren eskuizkribua: transkripzioa [Online].
- Klasikoen Gordailua, 2004, Eskuizkribua. Joan Perez de Lazarraga. [Edizioa, grafia eguneratuta, online].
- Juan Luis Zabala: «Joan Perez de Lazarragaren 'Dianea' eta 'koplak' batu ditu Patri Urkizuren edizio kritikoak», Berria, 2004-07-02.
- Gidor Bilbao eta beste (Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldea), Lazarraga eskuizkribua: edizioa eta azterketa (1.0.1), Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea. Interneten eskuragarri: http://www.lazarraga.com. 2010-09-17an eskuratua. Artikulu honetarako, hainbat zati kopiatu dira argitalpen horretatik, Creative Commons by-SA 3.0 lizentziarekin argitaratu baitute.
- Perez de Lazarraga, Joan. (D.L. 2020). Lazarraga eskuizkribuaren edizioa eta azterketa. I. [liburukia, Sarrera, gramatika, hiztegia eta adizkitegia. ] Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua = Servicio Editorial ISBN 978-84-1319-161-4. PMC 1198077656. (Noiz kontsultatua: 2021-02-03).
- Perez de Lazarraga, Joan. ([2020]). Lazarraga eskuizkribuaren edizioa eta azterketa. II. [liburukia, Testua. ] Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua = Servicio Editorial ISBN 978-84-1319-162-1. PMC 1198161450. (Noiz kontsultatua: 2021-02-03).
Bibliografia
|
|
---|
Ikus, gainera
- Euskarazko literatura idazlan nagusien zerrenda
- Euskararen historia
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskara |
- Lazarragaren eskuizkribua, Klasikoen Gordailuan.
- Euskal Herriko Unibertsitateko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldea: Lazarragaren eskuizkribua: edizioa eta azterketa.
- Eskuizkribuaren argazkiak