Ordoki
Ordokia, lautada, ordeka edo zabaldia erliebe geografiko mota bat da, maldarik gabeko eta garaiera txikiko lur eremua, gehienbat ibarren beheko aldea. Garaiera handia baldin badu, goi-ordoki izena hartzen du. Erliebe mota egokienetakoa da nekazaritza eta abeltzaintza garatzeko.
- Artikulu hau Erliebe geografiko motari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ordoki (argipena)».
Ordokiak lurrazaleko eremu lauak dira, eta modu askotan era daitezke: haizearen, uraren eta izotzaren higatze lanaren ondorioz, lurpeko indarren eraginez, laba lurrazalean pilatzean, izotzak urtzean, aintzirak agortzean eta itsasoa atzeratzean, besteak beste. Ordoki gehienak higaduraren ondorioz sortuak dira; hala, haizeak eta, batez ere, urak edo izotzak mendiak higatu eta horietatik ateratzen dituzten materialak sakonuneetan jalkitzen dituzte, harik eta denboraren poderioz, jalkinek sakonunea berdindu eta eremu laua eratzen den arte. Hala eratua da Kanadako hego-ekialdeko ezkutua, adibidez. Beste ordoki batzuk lurpeko indarren ondorioz sortuak dira; lurpeko indarrek goitik behera bultzaturik, zenbaitetan lur azpiko geruza gotorrak altxatzen dira lur gainera, eta eremu lauak eratzen dituzte mendien artean; hala sortuak dira, esaterako, Estatu Batuetako Coloradoko ordokia edo Espainiako Meseta. Lurpeko indarren ondorioz sortuak dira, halaber, horst izeneko ordokiak, faila inguruetan edo lurrazala hondoratzen den tokietan sortzen direnak. Beste ordoki batzuk, lurpeko magma kanporatu eta laba lurrazalean pilatzean sortu dira; adibidez, Brasilgo hegoaldeko ordokia edo Cumberland-Snake, Estatu Batuetan. Beste ordoki mota bat antzinako glaziazioen ondorio da; hala, antzina izotza izan zen tokietan lurra berdindu zen eta hura urtzean, eremu laua geratu da. Ibaiek ere sortzen dituzte ordokiak: ibaia handitzen denean, ubidearen ertzak eta hondoa higatzen du eta atzeratzen denean, ordoki edo haran zabal bat uzten du, buztina eta material finez estalita. Beste ordoki asko, Europako iparraldekoak eta Ipar Ameriketako ipar-ekialdekoak, adibidez, itsasoa atzeratzean sortuak dira. Basamortuak, hala harrizkoak nola hareazkoak, haizearen higatze lanak sortutako ordokiak edo eremuak dira. Ordokiek, orotara, lurrazalaren heren bat hartzen dute, eta Antartikan izan ezik, kontinente guztietan daude.Ia gehienetan
Ordoki motak
Alubioi ordokia
Alubioizko ordokiak neurri askotakoak izaten dira: hektarea gutxi batzuk nahiz milaka kilometro koadro har ditzakete.
Haranak gurutzatzean, ibaiek alubioi kopuru handiak utzi zituzten hondoan, eta alubioizko ordokiak sortu ziren bertan.
Haran hondoak sailkatzeko, alubioien konposizio mota hartu behar da batez ere kontuan, hesi naturalak edo hondar bankuak baino areago. Zoru guztiak ez dira berdinak, aldatu egiten baitira egituren eta ibai haranetan duten kokalekuaren arabera. Bestalde, sistema hidrografiko handietako ibai adarrek eramanda, alubioizko ordoki berean metatzen diren sedimentu guztiek ere ez dute jatorri berbera izaten. Era askotakoak izan arren, zoru horiek, oro har, inguruko lur garaiagoak baino askoz ere hobeak dira nekazaritzarako, bi arrazoi hauengatik, hain zuzen: batetik, berriki sortuak eta sakonagoak direlako eta, bestetik, erraz xehatzeko modukoak direlako.
Alubioizko ordokietan nekazaritza intentsiboa egiten da maiz, eta biztanle askoko eremuak izaten dira gainera, ura eskura baitago eta lurra emankorra baita.
Dena den, nekazaritzarako egokiak izan arren, arazo larri bat ere badute honelako ordokiek: uholde arriskua. Dike artifizialen bidez lortzen da ibai ibilguaren maila igotzea, baina, hala ere, batzuetan urak gainezka egiten du. Ildo horretatik, aipatzekoa da nola, kontrolpeko gainezkatzeak egin izan direnean –adibidez, Egipton–, uztak urritu egin direla, lurreko mineralek ez baitute urteko lokatz metatzeez aberasterik izaten.
Berriki sortutako itsas ordokiak
Pleistozenoaren azken laurdenean kontinenteen plataforma altxatu egin zen zenbait eremutan. Azaleratutako plataforma ia guztia uniformea zen erabat, tarteka sakongune txikiak ere agertu arren. Kontinenteen plataforma kanporatu ondoren, zabaldi laua bihurtu zen, baina bazituen, ordea, askorik sendotu gabeko harri sedimentarioak ere: hareharri bigunak, arbela eta kareharria. Geruza horiek guztiak oso makurdura txikia dute itsasoarekiko.
Berriki sortutako itsas ordokiak ia lauak izaten dira, olatuek eta itsaslasterrek sedimentuak etengabe banatzen dituztelako.
Ordokiak zertxobait altxatu eta kanporatu ahala, ibaien mailaketa prozesuak aldaketak eragin ditu ordokien azalean. Ordoki zabal horietatik igarotzen diren ur lasterrek ez dute askotan drainatzerik izaten, desnibela oso txikia baita. Horrenbestez, zingira asko sortzen da. Zenbaitetan, ordea, toles txikiz osatutako goraguneak ere agertzen dira, eta ura erraz itsasoratzen da orduan, ordokiaren azaleko materiala hareatsua izaten baita. Atlantikoaren eta Mexikoko Golkoaren kostaldean (Ipar Ameriketan) daude itsas ordoki sortu berriak.
Deltetako ordokiak
Alubioizko ordokiek ez bezala, deltetakoek itsasoan barneratzen diren ubide naturalak dauzkate, maila hidrostatikoa askoz ere garaiagoa da, eta ibaiertzak etengabe hedatzen dira. Oro har, alubioizko ordoki handiak dituzten ibaiek deltak ere handiak izaten dituzte, alubioizko ordokiak, pixkanaka-pixkanaka, delta bihurtzen baitira.
Dena den, zenbaitetan, ordokiak izan arren, ez da deltarik sortzen, eta gerta daiteke alubioizko ordoki handirik ez duten ibaietan ere deltak sortzea.
Urak gainezka egiteko arriskua egon arren, nekazariz osatutako biztanleria handia biltzen da maiz deltetan. Deltak hustubidez eratutako lubakiz eta hesi artifizialez beteak egon ohi dira gainera. Nilo ibaiaren delta da nekazaritza intentsiborako erabili zen lehenengoetakoa, Antzinako Egipton jada. Ildo horretatik, aipagarria da Herbehereen kasua: hain kokaleku geografiko berezia izanik, mendeetan zehar, lurra kendu behar izan diote itsasoari. Hesi bidezko sistema konplexuak erabiliz, polder derizten eremu itxiak sortu dituzte, alegia, lantzeko moduko lurrak.
Mendi oinetako ordokiak
Alubioizko mendi oinak lur garaien behealdean egoten dira, klima lehor edo erdi lehorreko eremuetan. Gainalde tolesduna dute: alubioizko konoak banan-banan elkarren gainka geratu direlarik, isurialde ganbilak eratu dira, eta horren emaitza dira azaleko toles txikiak. Azpialdean, ondorengo materialak daude: mendiaren oinaldean, ertz zorrotzeko legarrak; konoaren oinarrian, berriz, lokatz fina eta buztina.
Konoek ura xurgatu eta gordetzeko ahalmen handia dutenez gero, mendi oinetako zabaldiak oso egokiak dira nekazaritzarako.
Ura isurialde erradialean sartzen da, konoaren erpinean, eta alubioietan zehar iraziz, azkenean, konoaren oinarritik hurbil geratzen da, bertako material finak ez baitio pasatzen uzten. Gordetako ur hori alubioizko konoaren behealdeko alubioirik finenak ureztatzeko erabil daiteke, izan ere, grabitateari esker, erraz banatzen baita.
Tamainari dagokionez, alubioizko mendi oinak oso desberdinak izan daitezke: kilometro koadro gutxiko ordoki txikiak, nahiko bakartuak; laurogei eta ehun eta hirurogei kilometro koadro bitarteko hedadura izanik, hurrenez hurreneko ordoki zabalak... Hainbat lurraldetan daude era honetako mendi oinak: Kalifornian, Los Angeles-San Bernardinoko lur apaletan, Asiako Turkestaneko sakonguneetan etab.
Mendi oinetako ordokiak giza jardueretarako eremu garrantzitsuak ez ezik, kolonizazio guneak ere izan dira.
Aintzira ordokia
Erliebe mota lauenak dira, eta azalean ez dute ia inolako irregulartasunik izaten.
Azpian, sedimentu fin-finak dituzte, geruza zapaletan kokatuak. Aipatzekoa da sedimentu horiek aintziretan metatu zirela. Lotura zuzena dago hormaguneen eta aintzira ordokien artean, pleistozenoan hormagune aintziretan geratutako sedimentazioen emaitzak baitira horietako asko. Beste batzuk, berriz, inlandsis edo hormagune kontinentalen ertzetan sortu ziren. Bestalde, hormaguneetako izotzen eraginez, ibai handi asko blokeatuta geratu zen; ibai lasterretan metatzeak sortu ziren eta, hortaz, aintzira ordokiak eratu ziren. Horren adibide nabarmenak dira Aintzira Handien ertzetako ordokiak.
Badira, bestetik, hormaguneekin zerikusirik ez duten aintzira ordokiak, Kongokoa adibidez: erdi eta azken pleistozenoan sortutako aintzira handien emaitza dira. Dirudienez, zenbait goratze tektonikoren ondorioz, sakonera gutxiko sakongune zabalak sortu ziren. Goratze handi horien eraginez, gainera, kontinenteko eremu batzuk barruratz sartuak geratu zirelarik, itsasorako biderik gabeko sakongune bihurtu ziren. Denboraren poderioz, higadura gaitasun handia duten ibai handiek –besteak beste, Nilok eta Kongok–, hustu egin zuten aintziretako ura eta, horien lekuan, ordoki zabalak sortu ziren.
Azken izotzaldian aintzira ordoki handiak sortu ziren barnealdeko huste eremuetan: euria gehitzearen eta lurruntzea urritzearen ondorioz, lurrez inguratuak geratu ziren ur masa handiak, higitu ezinik. Lur horiek gaur egun elkorrak dira. Pleistozeno bukaeran are gehiago lehortu zen ingurunea: aintziretara ez zen jadanik ur lasterrik heltzen, eta laster horiek, etengabe lurruntzen zirenez, azkenean idortu egin ziren.
Gaur egun lauak dira, elkortasunari esker hain zuzen. Aintzira ordokien adibide dira, besteak beste, Txad aintziraren arroko ordokia (Afrikan) eta Kaspiar itsasoaren ingurukoak.
Goi ordokia
Goi-ordokiak elkarrengandik oso urrun dauden ibaiek ordokietan eragindako higadura sakonaren emaitza dira. Goi-ordokietan, zenbaitetan, agertzen dira halaber sedimentu geruza ia horizontalak, labazko uharrak edo higadura luze baten eraginez leundutako haitzak. Azalean gertatutako goratze handien ondorioz, bertatik igarotzen diren ibaien higaduraren ondorioz, haran sakon meharrak sortu dira. Elkortasunari eta haitz gogorrez osatutako estalkiari esker, eremu zabal horietan ez da inolako etenik gertatzen, eta ibai asko igarotzen da bertatik.
Goi-ordokiak, beraz, klima lehorreko lurraldeetako haitz sedimentario horizontalen gainean sorturiko taula formako eremu zabalak dira, ertzak aldapa malkartsuok dituztenak. Ibai sakonak izaten dituzte, eta husteko sistema eraginkorra dute; ibaien arteko banalerroak, hortaz, zabalak eta lauak dira. Coloradoko goi-ordokia da esandako guztiaren adibiderik argiena.
Beste mota batzuk
Ordoki abisala
Ozeano sakoneko ordoki laua edo oso malda txikikoa.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.