Lauburu musika taldea
Lauburu euskal folk musika talde akustikoa izan zen. Euskal herri musika eta jatorri zeltakoa uztartzen aitzindari izaki, ez zuen zorte handirik eduki, nahiz eta 5 diska ekoitzi zituzten.
Lauburu | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Bilbo (Bizkaia) |
Musika mota | folk |
Urteak | 1978 - 1998 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Elkar, IZ, Hilargi... |
Taldekideak | |
Lore Elorriaga Xabier Zabala Maialen Zuazua Mary Dyer John Taylor Begoña Candel Karmele Sanchez Maite Garcia Marije Uraga |
Taldea
John Taylor britainiarrak (gitarra, flauta, bouzouki, mandolina) eta Xabier Zabalak (gitarra, ahotsa) sortu zuten Lauburu taldea, 1970eko hamarkadaren amaieran, Bilbon. Hasieratik musika zelta eta Euskal Herriko musika uztartu zituzten, garai hartarako nahiko aurreratua gertatzen zen nahasketa batean. Haizea eta Izukaitz taldeek folk-rock ingelesera jotzen bazuten ere, Lauburuk Irlandako herri musika zuen iturburu nagusi. Besteek gero eta modu elektrikoagoan lan egiten zuten bitartean, Lauburukoek musika akustikoa aldarrikatu zuten Lauburu lehen diskoan (Herri Gogoa, 1979).
Madrilgo diskoetxe batekin bigarren diskoa ateratzeak, Balitzako kontuak (Movieplay-Kardantxa, 1980), taldea ezagunagoa egin zuen, nahiz eta azkenean diskoetxeen arteko hainbat gorabeherak taldearen promozio normalizatua eragotzi zuten. Garai hartan John Taylor eta Xabier Zabalaz gain, Maite Garciak (eskusoinua, teklatuak, ahotsa) eta Marije Uragak (gitarra, ahotsa) osatzen zuten Lauburu. Beste britainiar batek, Mary Dyerrek (biolina, ahotsa), osatu zuen taldea hirugarren diskoa kaleratzeko: Beltzaran beltza (IZ, 1983).
Ospe masibotik urruti, sei urte hartu zituen taldeak Ur eta lur (Elkar, 1989) plazaratzeko. Disko horretan, Karmele Sanchezek (gitarra, ahotsa) eta Begoña Candelek (eskusoinua, tronpeta, ahotsa) osatu zuten Taylor-Dier-Zabala hirukoa. Lozorro luze baten ondoren, bosgarren diskoa kaleratu zuen Lauburuk, Balusko zinta beltz (Hilargi, 1995). Hura izan zen haren testamentua.
Diskografia
- Lauburu (1978, Usandizaga)
- Lauburu (1979, Herri Gogoa)
- Balitzako kontuak (1980, Movieplay)
- Beltzaran beltza (1983, IZ)
- Ur eta Lur (1989, Elkar)
- Balusko zinta beltz (1995, Hilargi)
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Lauburu musika taldea» artikulutik hartua da. Artikulu hark Andoni Tolosa du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.