Latinoamerikako historia
Latinoamerikaren historian bi aldi nagusi bereiz daitezke XX. mendean: 1914-1940 eta 1940-1998 artekoa:
1914-1940
Batetik, gerra eta gerra ondoko urteak, eta, bestetik, 1929. urteko krisiaren ondoko urteak. Lehenengoak oparoaldi ekonomikoa, baikortasun soziokulturala eta sakontze demokratikoa eragin zituen. Unibertsitatea Berritzeko higikundea –1918, Cordoba (Argentina)– izan zuen oparoaldi horrek eredu, eta herrialde osora eta are beste batzuetara ere zabaldu zen.
1929ko porrotaren ondoko nazioarteko krisiak ordea bertan behera utzi zituen demokrazia eta erreformarako itxaropenak. Bide autoritarioak erabili ziren ia beti krisiak konpontzeko: gudarosteek esku hartu zuten, eta politika ekonomiko berriak ezarri ziren. Estatuetan, bestalde, erretorika nazionalista nagusitu zen, eta horren ondorioz industrializazioaren alde egin zuten, eta inportazioak gaitzetsi zituzten. Nolanahi ere, Estatu Batuek interes handiak baitzituzten kontinentean, aldi guztian nabarmendu zen haien presentzia, eta era askotako erantzunak eragin zituen.
Mendekotasun ekonomikoa
Lehen Mundu Gerrak ekonomia zuzpertu zuen Latinoamerikan. Gerran ari ziren herrialdeek Argentinako laborearen eta Mexikoko petrolioaren premia zuten. Eta atzerriko inbertsioen mende egoteak Estatu Batuek Europako herrialde ahulduen lekua hartzea erraztu zuen.
Estatu Batuen itzala, beraz, handituz joan zen pixkana, eta hedatuz Erdiko Amerikatik Hego Ameriketara. 1929ko krisiak baizik ez zien Estatu Batuen itzala gainetik kentzen utzi esportazioen mendetasun gutxiago zuten herrialdeei. Estatu Batuen babeste horrek nazionalismoa piztu zuen beste zenbait lekutan, baita Estatu Batuen agintearen bihotzean bertan ere, Panaman, eta gobernuek behin baino gehiagotan kalerarazi zuten gudarostea herri protestak isilaraztera.
1930-1940 hamarraldian, berriz, herrialde handienak industrializazio bidean hasi ziren estatuen gidaritzapean, eta muga zerga bereziak jarri zituzten beren merkatuak babestearren. Orduan sortu ziren banku zentral gehienak, eta Europako emigrazioa legez mugatzeko neurriak hartu ziren –oso handia baitzen artean: XX. mendearen lehenengo hogeita hamar urteetan Brasil eta Kuba artean bakarrik milioi bat espainol baino gehiago hartu zuten–.
Inportazioen ordez industrializazioa indartzeko estrategiak ekonomia aldez aurretik alor anitzetan bereizia zuten herrialdeetan baizik ez zuen arrakasta izan. Herrialde batzuek (Argentinak) beste batzuek (Txilek) baino hobeto babestu zituzten beren esportazioak (haragia Argentinan eta gesala Txilen).
Aitzitik, Erdiko Ameriketako herrialdeek (Kuba) ez zuten ezer egiteko aukerarik izan, guztiz dolarraren bilakaeran mende baitzeuden.
Brasil, Getulio Vargasen lehendakaritzapean
Lehen Mundu Gerran Estatu Batuen inbertsioek hartu zuten Britainia Handikoen lekua Brasilen. Ekonomiaren zabalkundeak industriaren hazkundea eragin zuen; nekazaritzak, aldiz, esportazioko nekazaritzaren mende segitu zuen (Sao Pauloko kafea).
1920 ondoko urteetan militarismoa nagusitu zen ostera, eta matxinadak izan ziren hainbat estatutan; agerian geratu zen, baita ere, alde handiak zeudela lurraldean eskualde batzuetatik besteetara. Brasilgo hurrengo lehendakariak Minas Gerais estatuko mineiroen eta Sao Pauloko paulisten artean txandakatu ziren.
Nazioarteko krisiak gogor astindu zituen Brasilgo merkataritza eta finantzak, eta defizita eragin zuen ekonomian eta ondoeza gizartean. 1930. urteko hauteskundeetan, Minas Gerais, Paraiba eta Rio Grandeko gobernadoreek azkeneko estatu horretakoa aukeratu zuten hautagai, Getulio Vargas, Sao Pauloko hautagaiari aurre egiteko. Hegoaldean abere hazkuntza zen bizibide nagusia, eta lurralde ekonomian aurreratu samar bati zegokion lekua eskatzen zuen indarra hartzen hasia zen Brasil hartan. Aliantza galtzaile atera zen, baina, militarren laguntzaz, Vargasek lortu zuen aginpidea.
Gobernuaren autoritarismoak eta estatu batzuen uzkurkeriak gerra zibila eragin zuten Sao Paulon 1932an. 1934ko konstituzioak estatuen aginpidea murriztu zuen, eta administrazio zentralarena sendotu. Boto eskubidea onartu zien emakumeei, eta ukatu, berriz, analfabetoei. Parlamentu bidezko ordezkaritza korporatiboa sartu zuen, garai hartan ohikoa zen bezala.
1937an Vargasek Legebiltzarra desegin zuen ezkerrak irabaz ez zezan, eta diktadurazentralista ezarri: Estado Novo. Carlos Prestesen alderdi komunista modu sistematikoan zapaldu zuen, eta aldi berean gizarte politika populista eta nazionalista egin zuen. Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuen aliatua izan zelarik, Vargasek 1945 arte iraun zuen aginpidean.
Mexiko, iraultzaren ondoren
1917ko konstituzioak Iraultza instituzionalizatu nahi izan zuen. Testu berria ikusmolde nazionalista batez egina zen, eta sindikatutan biltzeko eta greba egiteko eskubidea onartzen zuen, eta lur azpiaren jabea estatua zela berresten zuen. Erabaki hori garrantzi handikoa zen petrolio sektore indartsuarentzat, baina handik gutxira baztertu zen onetsi aurretikako aldian ere izan zezan lege hark eragina, eta Estatu Batuen inbertsioak handitu egin ziren.
Venustiano Carranza eta Alvaro Obregón ziren orduko politikari nagusiak. Kolpe militar batek eraitsi zuen lehena 1920an, eta bigarrenak irabazi zituen hauteskundeak.
Emiliano Zapata eta Pancho Villa hil ondoren –1919an lehena eta 1923an bigarrena– iraultza instituzionalizatzeko bidea ireki zen.
Obregónek Alderdi Liberal Konstituzionalistaren laguntza izan zuen, eta orobat agrarismoaren jarraitzaileena, sindikatuena, gudarosteko sektore batzuena, erdi mailako klasearena, eta intelektualena, José Vasconcelos ospetsuarena, adibidez, eta eragozpen asko gainditu ahal izan zuen laguntasun horri esker.
1924an Plutarco Elías Calles hautatu zuten lehendakari. Haren agintaldian hasizen, modu kapritxoso samarrean, lurren banaketa.
Elizaren kontra hartu zituen neurri batzuk zirela eta, matxinadak izan ziren iparmendebalean, baina gogor zapaldu zituzten.
1928. urteaz geroztik, berriro ezin hautatua izateko printzipioa zela eta, berak jarritako ordezkoen bidez agindu zuen. Hark hasi zuen mexikar iraultzaren instituzionalizazioa Alderdi Nazional Iraultzailea sortzean, hara bildu baitziren erregimeneko buruzagi eta talde guztiak.
Lázaro Cárdenasek –lehendakari 1934- 1940 bitartean– hautsi zuen Callesen ordezko zaindaritza, eta lurren banaketa zabaldu zuen. Haren nazionalizazio programak petrolioaren sektorea ere hartu zuen, atzerritarren esku baitzegoen, izan ere.
Franklin D. Rooseveltek bultzatu zuen “harreman onak auzoarekin” izeneko politika Mexikoko historiaren azken aldian ezagutu den agintaritza gogoangarriena izan da.
Hego Amerika
Hego Ameriketako herrialdeek demokrazia bideratzeko saio apal bat egin zuten ekonomia oparo zegoen aldi hartan.
Hala egin zuten, adibidez, José Batlle gorriak Uruguaien, Hipólito Irigoyen erradikalak Argentinan eta Arturo Alessandri liberalak Txilen.
1929ko depresioak ordea pikutara bidali zuen demokrazia bideratzeko ahalegin epel hura. Gobernari batzuk –Gabriel Terra uruguaiarra, esate baterako– kolpe militarra jotzeko tentazioan erori ziren; beste batzuk –Alessandri txiletarra bere bigarren agintaldian (1932-1938), adibidez– autoritarismoan.
1938. urtean, Txilen bertan, lurrikara batek asko zaildu zuen garaile atera berri zen Pedro Aguirreren (Frente Popularra) politika, hain zuzen garaitsu hartan Internazional Komunistak ezarri zituen aginduei jarraitzen ziona, zailtasunak zailtasun.
Argentinan krisiak gobernua ez ezik alderdi erradikala ere suntsitu zuen. José Uriburu jeneralaren kolpearekin (1930) “hamarraldi lotsagarria“ deitu zena hasi zen, eta iruzurra eta ustelkeria leporatu zitzaien instituzioei.
Agustín Justo jeneralak gudarosteko sektore autoritarioenak garaitu zituen, eta garaile atera zen, baita ere, 1932ko hauteskundeetan, liberalen, katolikoen eta erradikal antipertsonalisten artean egindako aliantza baten barruan.
Gobernua esportazioak babesten ahalegindu zen, haragiaren merkatu britainiarra batez ere. Gero, Bigarren Mundu Gerra hastean, egoerak okerrera egin zuen. Justo lehendakaria hil zenean (1943) militarrek estatu kolpea jo zuten, eta politika aldi berri bat hasi zen, diktadura nazionalista. Garaitsu hartan hasi zen Juan Domingo Perón –artean koronela– ere nabarmentzen.
Nahasmenduzko politikak
Estatu Batuek izan zuten eraginagatik bereizi zen Latinoameriketako bi mundu gerren arteko politika. Hasi Panamatik eta Txileraino, kultura erreakzio halako bat izan zen, erreferente bilatze halako bat Latinoamerikaren espainiar iraganaldian, horien bidez iparraldeko auzo ahaltsuaren inbasioari aurre egiteko. Nolanahi ere, garai hartan Espainia ez zen ezeren buruzagi izateko gai.
Estatu Batuetako kulturazko sarraldiari, beraz, erresistentzia modu kontserbadoreen eta iraultzaileen bidez egin zitzaion aurre.
Joera kontserbadorekoek Estatu Batuen nagusitasunetik etekina ateratzen zuten oligarkiak pixkanaka ordezkatu nahi zituzten.
Iraultzaileek, berriz, herri talde askoren parte hartzearen bidez egin nahi izan zioten aurre Estatu Batuen tartean sartzeari eta horrek zekarren gizarte antolaketari.
Sortzen ari ziren industrializazio prozesu berrien ondorioz, erdi mailako klaseen batasun nahaspilatu bat eratu zen hirietan, eta orduan izan zuen erdiko klaseak lehenengo aldiz eragina Latinoameriketan, hainbesteraino non nekazari oligarkia tradizionalari aurre egin ere baitzion. Europakoaren antzeko demokrazia bideratzeko modua bilatzen saiatu zen batasun hori, eta helburu horrexekin sortu ziren lehenengo sindikatuak ere, oso populistak haietako batzuk (Peruko aprismoa, Brasilgo getulismoa).
Sindikatuok Estatu Batuetatik zetorren guztia arbuiatzen zuten, hispaniar erro komunak zituztela aldarrikatzen zuten (horregatik zuen Peruko higikunde nagusiak izena Ameriketako Herri Aliantza Iraultzailea, bere jarduna Perura mugatu behar izan zuen arren, Amerika osoan aritzea baitzuen sortzez eta asmoz helburu nagusia), indiarren interesak babesten zituzten (sindikatu horietan zuriak eta mestizoak izan arren nagusi), eta lurraren jabetza modu bidezkoagoan banatzea eskatzen zuten, hala izan zezan nekazari jendeak gizartekotzeko eta politikan parte hartzeko aukera gehiago. Bestalde, urte horietan izugarri hazi eta zabaldu ziren Bogota, Lima, Buenos Aires eta beste hiri batzuk, baserri inguruneko behar gorriaren eraginez.
Oro har, autoritarismozko konponbideak erabili ziren gizarte arazoak konpontzeko.
1930 ondoko urteetan gudarosteak hartu zuen berriro ere protagonismoa herrietako politikan, bi hamarraldiz gordean egon ondoren.
Ekonomiak egonkortasunik ez zuela eta, konponbide autoritarioak nagusitu ziren, faxismoarekin eta integrismo katolikoarekin kideturik, berezitasunak berezitasun.
1930ean argentinar erradikalak eraitsi zituzten.
Urte hartan bertan Brasilgo militarrek Getulio Vargas ezarri zuten aginpidean.
Dominikar Errepublikan, berriz, Trujillok diktadura luze bat izan zena hasi zuen.
Hurrengo urtean, Uruguaiko lehendakari Gabriel Terrak berak jo zuen kolpea. Bien bitartean, diktadura ezarri zen Txile, Ekuador eta El Salvadorren. Garaitsu hartan hasi zen Haitin Papa Docen izualdia ere, eta, bestalde, Anastasio Somozak Augusto César Sandino eta haren obra sozial guztia suntsitu zituen Nikaraguako iparraldean.
Panamerikartasuna anbiguo samar bat
Konferentzia panamerikarrak urtez urte:
– 1901, Mexikoko hiria.
– 1906, Rio de Janeiro.
– 1910, Buenos Aires.
– 1923, Santiago.
– 1928, Habana.
– 1933, Montevideo.
– 1936, Buenos Aires.
– 1938, Lima.
– 1948, Bogota.
Gerra zela eta ez zen gehiago konferentziarik egin 1923. urtea arte, Santiagon.
1928an Habanan egin zen bilkuran agerian jarri zen Estatu Batuen esku hartzeko eskubideari eta protekzionismo ekonomikoari buruzko mesfidantza. 1933. urteaz gero, berriz, Roosvelten “harreman onak auzoarekin” zeritzan politika nagusitu zen.
1940-1998
Latinamerika ezin izan zitzaion itzuri 1945-1989 bitartean nazioarteko harremanak gidatu zituen bloke zatiketari. Estatu Batuek oso eragin handia zuten kontinente osoan, eta gogor erantzun zieten beren burujabetasuna gartsuki defendatzen zuten errejimenei (Kubako Iraultza, Txileko Unidad Popular koalizioa, Sandinismoa Nikaraguan).
Bide luzea egin du Latinamerikak atzerriko inbertsioen mendekotasunetik eta horrek zekarren kanpo zorretik, globalizazioaren garaiko merkataritza hitzarmen handien eraginez zenbait herrialdeetako (Brasil) ekonomiak 1990 ondoko urteetan izan duen berpizteraino.
Multinazionalen indarra
Aurrerabidean hasiak ziren herrialde batzuen (Argentina, Mexiko, Brasil) industria hazkundea aintzat harturik hasi ziren, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, multinazionalak ere haietan sartzen.
Hasieran partzuergo handiek merkatari nekazaritzan, meatzaritzan eta petrolioan jarri zuten arreta osoa; geroago, baina, orobat hedatu ziren zerbitzu publikoetara eta eraldatze industriara ere. Brasil handiak atzerritarren inbertsioen eskuetan dauzka bere industriaren hiru laurdenak. Transnazionalek multinazionalen tokia hartu baino lehen, landatuak zituzten toki haietan beren adarrak sektore bakoitzeko liderrak: Phillips, Krupp, Unión Carbide eta Volkswagen.
Kanpo zorraren labirintuak gogor estutu zituen Latinameriketako herrialdeen politika ekonomikoak. Multinazionalek tokiantokian zegoen konkurrentzia oro desagerrarazi zuten, eta, oligarkiari eta gudarosteei men eginez, kontra ari zitzaizkien gobernuak eraitsi zituzten. United Fruitek, adibidez, Jacobo Arbenz Guatemalako lehendakariaren gobernua desegin zuen 1954an, eta Kennecot Companyk, berriz, Txileko kobrea blokeatu zuen, Salvador Allenderen gobernua bakarrik uzteko, 1973an.
1990etik aurrerako urteetan Carlos Salinas de Gortarik Mexikon, Alberto Fujimorik Perun, Fernando Cardosok Brasilen eta Carlos Saúl Menemek Argentinan bideratu zituzten plan neoliberal bortitzen bidez eten ziren inflazioa eta defizit publikoak. Formula horrek, Nazioarteko Diru Funtsako maileguen bitartez jarri baitzen abian, asko urritu zuen berez urria zen gastu soziala, eta lan baldintzak gogortu zituen.
Kubako Iraultza
Estatu Batuek Kubako agintariei eman zieten babesak luzaroan iraun zuen. 1952ko hauteskundeak ez ziren egin, eta Estatu Batuek Fulgencio Batistaren eskuetan utzi zuten gobernua. Hurrengo urtean, Moncada kuartela -Santiago ondoan- gerrillariek erasoz hartzen saiatu zirenean, herri matxinada bat hasi zen, baina Batistak gogor zanpatu zuen.
1957. urteaz gero ekintzak ugaltzen eta koordinazioa hobetzen hasi zen gerrilla.
1959ko urtarrilaren lehenean gerrilla Habanan sartu zen, laguntza eta indar handiz babestua. Erregimen berria autoritarismoan eta nazionalismo erradikal batean (Aberria ala hil) oinarritu zen, Fidel Castroren buruzagitzapean.
Gerra hotzean Kubak Sobiet Batasunaren alde egin izanari eta ekonomia sozializatu izanari Estatu Batuek bahikuntza ezarriz erantzun zioten. Estatu Batuen bahikuntza are gehiago gogortu zen Helms-Burton Legeaz gero, uharte horretan inbertsioak egiten zituzten herrialdeak ere zigortzen baitzituen delako lege horrek.
Bakartasun hori hausteko Kubak iraultza esportatu zuen. Kuba Latinoamerika osoko gerrillen base izan zen, eta bere gudarosteak Angolan eta Etiopian esku hartu zuen. Bloke sozialista desagertu ondoren ere mundu osoko intelektual aurrerazale askoren laguntza izan duen arren, badu Kubako Iraultzak bere ifrentzua: milioitik gora kubatar bizi da Floridan, Castrori oposizio sutsua eginez.
Txileren harat-honatak
Hiru heren politikoen teoria nagusitu zen Txilen berrogeita hamarreko hamarraldiaren bukaeraz gero. Eskuinaren hautagai Jorge Alessandri atera zen garaile 1958an lehendakaritzarako hauteskundeetan, eta modernizazio programa motz samar bat bultzatu zuen alderdi erradikalaren laguntzaz.
1964an, lehendakaritzarako hauteskundeetan, eskuineko indarrak Eduardo Freiren demokrazia kristauaren inguruan bildu ziren, eta alderdi horrek lortu zituen boto gehienak. Nolanahi ere, borroka politikoa mutur banaren inguruan bildu zen, ezkerreko alderdiek koalizio bat eratu baitzuten, Salvador Allende buru. Kristau demokraziak kobrearen multinazionalen bazkide egin zuen estatua, eta nekazaritzaren erreforma bultzatu zuen, istilurik gabe.
Freiren politikak, baina, ez zuen errorik bota gizartean, eta hiru heren politikoen teoria ezarri zen atzera 1970eko hauteskundeetan; Unidad Popular koalizioak, Allende buru zuela, lortu zituen boto gehienak, ez ziren ordea nahikoak bere kasa gobernatu ahal izateko. Gobernu berri hark indar handiagoz bultzatu zuen nekazaritzaren erreforma, eta kobrearen meatzaritza nazionalizatu zuen. Enpresarioen eta Estatu Batuen oposizioak giroa nahasi zuen, eta Augusto Pinochet jeneralak, 1973an, erregimen demokratikoa ezabatu zuen.
Pinocheten agintaldia 1989. urtera arte luzatu zen, eta oso errepresio gogorra ezarri izanagatik, izan zuen hala ere gizartean halako aintzat hartze bat. Pinochet jeneralak bi plebiszito irabazi zituen, eta neurri neoliberalak hartu zituen ekonomian: sektore publikoa desegin eta soldatak murriztu.
Latinameriketako zenbait herrialdek (Bolivia, Uruguai, Argentina, Brasil) aintzat hartu zuten Txileko eredua, eta hangoak bezalaxeko emaitzak lortu zituzten. Desagertuen tragedia erabat argitu gabe dago oraindik.
Alderdi demokratikoek, kristau demokraziaren gidaritzapean, ontzat hartu behar izan zuten diktadoreak gudarostearen buru iraun zezan harik eta 1997an erretiratu zen arte.
Trantsizio demokratikoak
1970eko hamarraldiaren bukaeran, Kolonbia, Venezuela, Mexiko eta Costa Rica ziren Latinamerikan demokrazia erregimena zuten herrialde bakarrak. 1990eko hamarraldiaren hasieran, berriz, Kuba, Haiti eta Paraguai ez beste guztiak sartuak ziren demokraziaren bidean. Ameriketako Gudarosteen Inteligentzia Konferentzian (1987, Argentina), hauek ziren oraindik Txileko ordezkarientzat kontinente horretako gaitzik handienak: droga trafikoa, iraultza, homosexualitatea, eta promiskuitatea.
Espainiak Francoren diktaduratik zuzenbideko estatura egin zuen bidea eredutzat hartu zen Latinamerikan 1980ko hamarraldian.
Herrialde asko erregimen militarren mende zeuden, eta, nazioarteko herrialdeen akusazioei muzin eginik urtetan giza eskubideak kupidagabe urratu ondoren, besterik gabe egin nahi zuten errejimen horiek sistema demokratikorako bidea.
Trantsizioan gorabehera handiak izan ziren herrialde batzuetatik besteetara. Argentinak, adibidez, Malvinetako Gerra galdu ondoren, hauteskunde prozesu bat hasi zuen, baina alderdi politikoek ez zuten aldez aurretik hitzarmenik batere egin. Brasilen, erregimenaren alderdiak nahiko laguntza handia izan zuen urte batzuetan. Bolivian eta Paraguain, oposizio demokratikoa ahula baitzen berez, trantsizio ordenatua egin ahal izan zen. Perun Alan Garcíak ([[APRA]) agintaldi oztopoz betea hasi zuen 1985ean. Haren ondorengoak, Alberto Fujimori independenteak, autokolpea jo zuen militarren laguntzaz 1995ean, eta demokraziara iristeko itxaropenak ezereztu zituen.
Haitin agerian geratu zen ez zela batere erreza bakeak egitea, Jean-Bertrand Aristide lehendakariak Estatu Batuetara joan behar izan baitzuen bere burua babestera 1991ko kolpe militarra eta gero. Argentinan eta Txilen auzitan jarriak dira gobernu militarren krimenei ezkutuan eman izandako aministiak. Nolanahi ere, demokrazia prozesuak aurrerabidean dira Guatemala, El Salvador eta Nikaraguan, biztanle gehienen behartasun gorriak aurrerabide hori iluntzen badu ere.
Era guztietako gatazkak
Latinamerika hain lurralde zabala izanik, asko ditu gatazka motak. Eta horien artean nagusia gerrillena da agian, ia kontinente osoa erasan baitu Bigarren Mundu Gerraz geroztik XX. mendearen bukaeran bakebideak urratzen hasi diren arte. 1993an Guatemalako Nazio Batasun Iraultzailea gobernuarekin negoziatzen hasi zen, hogeitamar urte baino gehiagoko gerra zibil odoltsu baten ondoren. Aldi berean hasi zen El Salvadorreko gerrilla ere negoziatzen. Nikaraguan, berriz, 1990eko hauteskundeak Frente Sandinistak galdu zituen arte baizik ez zen contra zeritzan haien aurkako gerrilla hasi armak uzten.
Geroago sortutako gerrillen kasuan, aldiz Mexikon, Chiapasko estatuan, sortu den zapatistena, esate baterako, ez aurrera ez atzera daude negoziazioak. Kolonbian 1998an hasi dira lehendakari Andrés Pastranaren eta gerrilla taldeen artekoak. Hamarraldi asko badira, izan ere, talde armatuak -lur jabe handien eta droga trafikoan ari diren cartel ahaltsuen gudaroste pribatuak (paramilitarrak)- izua ari direla ereiten herrialde horretan: 1980ko hamarraldian Medellingoa zen ahaltsuena; 1990ekoan, berriz, Calikoa. Botere publikoak drogaren negozioan sartuak zirela eta, Estatu Batuek Kolonbiarekin zeukaten lankidetza harremana hautsi zuten Ernesto Samperren agintaldian (1994-1998).
Kontinente osoan biztanleriaren parte handi bat miseria gorrian bizitzeak eta zenbait hiri erraldoitan (Mexiko Hiria, Buenos Aires, Rio de Janeiro) jende gehiegi egoteak matxinada bortitzak eragin ditu azkeneko hamarraldiotan. Matxinada gogorrena beharbada caracazoa izan zen, 1989an Venezuelan gasolinaren prezioa igo ondoren gertatu zen harrapakeriazko matxinada, alegia.
Horien barruan sartu behar dira Latinamerika osoko espetxeetan izaten diren matxinada usuak eta lurgabe brasildarrena bezalako mugimenduak ere. Aurrekoarekin loturik, esan beharra dago indiarrei ez zaiela jaramonik batere egin. Nahiz eta biztanleriaren parte handi bat indiarra izan, eta lurralde batzuetan gainera haiek izan gehiengoa, Erdiko Amerikan eta Andeetan batez ere, haien eskubide kolektiboak ez dira, ezta hurrik eman ere, inondik ere aintzat hartu. Amazonako oihanean egin diren baso botatzeak habitat gabe utzi ditu indiarrak, eta transnazionalen jarduerak, berriz, beren ohiturazko bizimodurik gabe. Rigoberta Menchú indiar kitxeak - Bakearen Nobel Saria irabazi zuen - behin eta berriro salatu izan du bidegabekeria hori.
Gerra konbentzionalek ere gogor astindu izan dute Latinameriketako bizimodua Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Estatu Batuek Panaman (1968 eta 1990) eta Granadako uhartean (1980) esku hartzeak, eta Kubako misilen krisiak argi utzi zuten nor zen kontinente hartan nagusi. Malvinetako Gerrak ere -Argentina eta Britainia Handia (1982)- argi utzi zuen Estatu Batuek lehentasun estrategikoa ematen zietela NATOko bere aliatuei. Helburu horrekin berarekin, ahulaldietan gobernuek hobetsia izateko duten premiaz, alegia, baliatu zuten Ekuadorrek eta Peruk ere, 1995ean, beren muga krisia.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/13 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/11/15 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.