Laskorain Ikastola

Laskorain Ikastola Tolosan dagoen ikastola da. Haur hezkuntza, lehen hezkuntza, DBH eta batxilergoa etapak eskaintzen ditu. Gaur egun 0-18 urte arteko ikasleak hartzen ditu.

Laskorain Ikastola
Usabalgo Laskorain Ikastola S Coop
GoiburuaEslogana: Hazi, Hezi, Bizi
Ezarpena 1967
Mota Ikastetxe itundu, Ikastola
Irakasleak130
Ikasleak1700
AfiliazioaEHko Ikastolen Elkartea
KokapenaTolosa
 EH
HelbideaUsabal 26, 20400, Tolosa, (Gipuzkoa) Kondeko Aldapa 22, 20400, Tolosa, (Gipuzkoa)
Telefonoa943697122
KoordenatuakUsabal auzoko egoitza Sakramentinoetako egoitza
Webgunea https://laskorainikastola.eus/

Aurrekariak

Laskorain Ikastolaren historia aztertzean, kontutan izan behar da aurretik ere bazegoela izen bereko beste Ikastola bat Tolosan. 1922ko urtarrilaren 9an Felipe de Gorriti plazan sortu zen. Ireki zen lehenengoetakoa izan zen eta hauek izan ziren bere aitzindariak: Ramón Larrañaga, Doroteo Ziaurriz, Juan Antonio Irazusta, Pepe Eizagirre, Periko Laskibar, Isaac López Mendizabal, Jose María Agirre "Lizardi", Antonio María Labayen, Luis Sesé, Elosegi, Patrizio Orkaiztegi, etab.

Espainiako Gerra Zibilaren aurreko Ikastolak gela bakarra zuen eta adin guztietako haurrak biltzen ziren bertan. Irakasleak Mª Dolores Arbilla eta Juanita Goikoetxea ziren. Erabiltzen zituzten testuliburuak Isaac Lopez Mendizabal Ikastolako sortzaileetako batek idatzi zituen: Xabiertxo, Umearen laguna, Martin Txilibitu. Liburu horiez gain, Entziklopedia izeneko liburu bat ere erabiltzen zuten. Bestalde, erlijioak garrantzi handia zuen eta horregatik erabiltzen zuten beste liburu bat Kristau ikasbidea (katekesi kristaua) zen.

Gorritiko Ikastolan ikasle guztientzako lekurik ez zegoenez, Laskorain kalean gela berri bat ireki zen. Gutxi gorabehera 1930-1931 inguruan ireki zuten, eta Gerra Zibila hasi zenean, itxi egin behar izan zuten. Laskorain Ikastolan lau irakasle aritu ziren lanean: Ixidora Mokora, Inaxi Munita, Miren Brau eta Modesta Segurola. Gerra Zibilaren ondorioz, euskal kulturarekin zerikusia zuen guztiak errepresio handia jasan zuen, Ikastolak bezala.

Gerra Zibilaren ondoren ezarri zen diktadurak euskal kulturarekin zerikusia zuen edozein aztarna zapaldu eta eraso zuen. Hain egoera larrian egon arren, 1967an, diktaduraren uztarripean oraindik, berriro ere klandestinitatean Ikastola berri batek ireki zituen ateak, Laskorain Ikastolak. Lagun hirukote batek egin zuen posible: Juanito Garmendiak, Manolo Ugartek eta Bibiano Larramendik.

Sorrera eta lehen urteak

Egindako ahaleginari eta beste pertsona batzuen ahaleginari esker, Laskorain Ikastola jarri zen abian 1967ko urrian, eta Edurne Ormazabal izan zen haren titularra. Paper ofizialetan eskola partikular gisa agertzen zen eta Tolosako Laskorain eremuan dagoen (horretatik bere izena) eta konponketa sakona behar zuen hiru solairuko Zumalakarregi ibilbideko txalet txiki bat izan zen. Atzealdean, berrogei metro koadroko patio bat zuen. Lehenengo hiru irakasleak Mari Kruz Ugarte, Begoña Arrate irakasle tituluduna eta Belen Karrera izan ziren. Lehenengo eskolak Oria ibaiaren ondoan zegoen txalet abandonatu batean eman ziren.

Ikastola Legetik kanpo zegoen, beraz, kultur elkarte bat osatu zuten, eta horrela sortu zen Lizardi Kultur Elkartea, bertako lehendakaria Labayen zelarik. Bertako bazkideak Ikastolaren laguntzaile bihurtu ziren eta elkarte honen babesean Laskorain Ikastola sortu zen.

1968an, Edurne Ormazabalen izenean, Zumalakarregi kaleko 14. zenbakian dagoen haurtzaindegi gisa funtzionatzeko baimena lortu zuen. Aipatu behar da 1968an Tolosako gurasoen taldearen ordezkari gisa Tolosako Ikastola erregistratu zela.

Hasiera 80 ikaslerekin eta 3 irakaslerekin izan zen. Ikasleriaren handitzea oso bizkorra izan zen eta espazio arazoak inguruko erakunde eta talde desberdinen laguntzari esker konpondu ahal izan ziren. Ikastetxearen titularitatea guraso elkartearen eskuetara pasa zen, zeina, azkenik, ikasleen guraso kooperatiba bihurtu zen.

1970 ikasturtean 140 haur zeuden Ikastolan eta Tolosako beste hiru irakasle berri: Nekane Karrera, Mª Dolores Leunda eta Ixiar Arrue. 1972an Ikastola Sakramentinoen eraikinera aldatu zen. Urte hartan hamahiru irakasle eta ia 400 ikasle zituen.

Gaur egungo egoera

2022an bi egoitza erabiltzen ditu ikastolak.

Kondeko Aldapa kaleko Sakramentinoen egoitzan aurki ditzakegu Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zati bat eta Usabal auzoko bi

eraikinetan, aldiz, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa.

Laskorain Ikastolaren historiako gertaera nagusiak

Laskorain ikastolaren irudia
Laskorain Ikastolako aurrealdea 2021ean.
Laskorain ikastolaren irudia aireko irudia
Laskorain Ikastolako aireko irudia 2023an.
  • 1967: Laskorain Ikastolaren sorrera
  • 1969: Ikastolen Federazioko partaide bezala izena eman zuen.
  • 1972: Sakramentinoen eraikuntza alokairuan hartu zuen.
  • 1976: Ikastolaren titularitatea Guraso Elkartera pasa zen.
  • 1976: “Txabolak” deituriko egiturak eraiki ziren hazkunderako baimenak lortzeko asmoz.
  • 1976: Batxilergoko aurreneko ikasturtea abian jarri zen Inmakulada ikastetxeko titularitatearen babesean eta hauen ikastetxean.
  • 1979: Urte batez, OHOko bigarren etapa, gaur egun Kultur Etxea den eraikuntzan kokatu zen eta ondorengo sei ikasturteetan Gorosabel eskola publiko zaharrean (gaurko Musika Eskola).
  • 1980: Laskorain Ikastolak bere lehen Kilometroak jaialdia antolatu zuen.
  • 1986: OHOko eraikuntza inauguratu eta martxan jarri zen. Euskaraz Bizi proiektua abian jarri zen.
  • 1992: Hezkuntza Proiektua onartu zuen. Eleaniztasun goiztiarreko proiektuan sartu zen.
  • 1993:
    • Euskal Estola Publikoaren legearekin sare publikoan ez integratzea erabaki zen.
    • 1992ko ikastolaren 25. urteurrenaren harira, Gure Laskorain ikastolak 25. ikasturtea betetzen du!![1] liburua kaleratu zen, Iturriak Bildumako 13. ale moduan.
  • 1995: Partaiden integratu zen.
  • 1997: Unitate Didaktikoaren eredua martxan jarri zuen.
  • 1998: Kilometroak jaialdia antolatu zuen bigarren aldiz, inguruko Anoeta, Irura eta Ibarrako ikastolekin batera.
  • 2000: Bigarren Hezkuntzarako eraikuntza berria egin zen eta sare informatikoak osatu ziren.
  • 2000: BKS barne kudeaketarako sistema osatu eta kudeatzen jarraitu zen.
  • 2001: Euskalitek bideratu zuen Bikaintasunerantz diploma eskuratu eta Euskal sarira aurkezteko konpromisoa hartu zen.
  • 2003: Zilarrezko Q deituriko Kudeaketaren Kalitateari Euskal Saria lortzeko duen konpromisoa berretsiz, memoria idatzi zen.
  • 2005: Proiektu berriak jarri ziren martxan: Eleanitz proiektua Bigarren Hezkuntzan, Hizkuntza Proiektua, Eskolako Agenda 21, IKTen garapena, Adimen emozionala
  • 2006: Autoebaluazioa egin eta Plan estrategikoaren epealdi luzearen osaketa abian jarri zen.
  • 2007:
    • Ikastolaren hirugarren memoria idatzi eta kanpo ebaluaziora aurkeztu zen kalitatearen urrezko Q-a lortzeko asmoz.
    • 2007-08 ikasturteko 0-3 urteko etapako eskaintza osatzeko 0-2 urteko haurrentzat aurrematrikula ireki zen. Hurrengo ikasturterako 0-3 urteko etapan 10 talde osatu ziren guztira, 120 ikaslerekin.
  • 2008:
    • Urrezko Q Kudeaketaren Kalitateari Euskal Saria lortu zen.
    • 2007ko ikastolaren 40. urteurrenaren harira, Urtez urte biziz bete: XL, Laskorain Ikastolaren 40. urteurrena[2] liburua kaleratu zen.
  • 2009: Sakramentinoetako eraikuntza erosi egin zen.
  • 2010: Sakramentinoetan eguerrezko etxea eraiki zen.
  • 2013: Kilometroak jaialdia ospatu zen Tolosan “Ahora” lemapean
  • 2015: Sakramentinoen eraikuntza nagusia guztiz eraberritu zen.
  • 2016: Konfiantzaren Pedagogiaren[3] aldeko hautua egin zen urteko batzar orokorrean.

Erreferentziak

  1. Gure Laskorain Ikastolak 25. ikasturtea betetzen baitu!. Iturriak Bilduma.
  2. Urtez urte biziz bete: XL, Laskorain Ikastolaren 40. urteurrena. Laskorain Ikastola.
  3. Antero, Amaia. (2015). Konfiantzaren pedagogia : Arizmendi ikastolaren markoa. Arizmendi Koop ISBN 978-84-608-4919-3. PMC 971743796. (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.