Ventasko emakumeen kartzela

Ventasko emakumeen kartzela Madrilen zegoen, eta ia hiru hamarkadatan egon zen martxan.

Ventasko emakumeen kartzela
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Madrilgo Erkidegoa
UdalerriaMadril
Koordenatuak40°25′40″N 3°39′53″W
Map
Inaugurazioa1933
Suntsipena1969
Arkitektura
EstiloaRationalism in Madrid (en) Itzuli

    Historia

    Victoria Kent-ek —Espetxeetako lehen zuzendari nagusiak— asmatua, lehen harria 1931ko abenduaren 24an jarri zen, eta 1933an inauguratu zen, Espainiako Bigarren Errepublikan. Proiektua emakumeentzako kartzela eredu bat eraikitzea zen, lehenago presoen biltegietan, 'emakumeen galerak' deitzen zirenetan, pilatzen baitziren. Las Ventas kartzelarekin Kentek emakume presoaren egoera duinagoa bihurtzea proposatu zuen birgizarteratzeko.

    Aurora Rodríguez Carballeira, Kartzela barruan 1933ko iraila.

    Gerra Zibila hasi ondoren, atxilotuen gehikuntza esponentziala zela eta, Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak behin-behineko espetxeak inprobisatu behar izan zituen, Madrilgo kartzela nagusiaren, Espetxe Ereduaren, zama arintzeko.[1] 1936ko abuztuan, presorik gabe, Las Ventas emakumeen kartzela 3. mailako gizonen behin-behineko espetxe bihurtu zen, eta beste zentro batzuetako gizonezko ugari hartu zituen.[2]Las Ventas kartzelako presoak Quiñones kaleko "galera" zaharrera eta Toreno Kondearen plazako Kaputxinoen Komentura eraman zituzten, eta, ondoren, San Rafaelen asilora eta Valentziako hainbat kartzelatara bidali zituzten. 1937ko abuztuan, emakumezkoen kartzela berrezarri zenean itzuli ziren emakume presoak Las Ventas kartzelara. Etapa horretan, 187 gizonezko "atera" zituzten Ventasko kartzelatik Fronte Popularreko partidetako miliziek, eta Aravacan, Paracuelosen eta Torrejón de Ardozen hil zituzten, besteak beste, Ramiro de Maeztu intelektuala.

    1939an, gerra amaitu ondoren eta Carmen Castro Cardúsen zuzendaritzapean, diktadura frankistak baldintza penagarriko "presoen biltegi" bihurtu zuen Las Ventas kartzela, lau mila emakume baino gehiagorekin —horietako asko adin txikiko haurrekin—. 1939 eta 1940an, Las Ventasetik eta Claudio Coello kaleko kartzela femeninotik atera zituzten laurogei emakume, Ekialdeko Hilerriko edo Almudenako kanpoko hormetan fusilatzeko.

    Gerraostean kartzelan egon ziren preso ezagunenen artean Las Trece Rosas/ Hamairu arrosak egon ziren, gehienak JSUko gazte militanteak, 1939ko abuztuan exekutatuak, eta Matilde Landa Vaz buruzagi komunista. Kartzela 1969. urtera arte egon zen irekita, urte horretan eraitsi baitzuten etxe-urbanizazio bat eraikitzeko. Orube zaharra gaur egun urbanizazio horrek eta udal titulartasuneko parke batek okupatzen dute. Kartzelako eremua honako hauek mugatzen zuten: Markés de Mondéjar kalea, ate nagusia zuen kalea, eta Nueva del Este kalea (gero Rufino Blanco kalea izan zena), Madrilgo Salamanca barrutiko La Fuente del Berro auzoa. Eraistearen ondorioz, Madrilgo arkitektura arrazionalistaren adibide onenetako bat suntsitu zen.

    Aitortzak

    1967an, Mercedes Núñez Targa politiko errepublikanoak Cárcel de Ventas/Ventas kartzela liburua idatzi zuen. Bertan, diktadurak harrapatutako denboran izandako esperientziatik abiatuta, espetxe hura nolakoa zen kontatu zuen.[3]

    2017an, Madrilgo Udaleko Salamancako Zinegotzigoak web atari bat sortzea bultzatu zuen. Atari horrek Ventasko kartzelaren historiari buruzko hainbat dokumentu biltzen zituen, baita preso ohien testigantzak ere, emakume horiei diktaduraren aurkako erresistentzian omenaldia egiteko: Ángeles García-Madrid, Manolita del Arco, Trinidad Gallego Prieto, Nieves Torres, Juana Doña, Mercedes Núñez Targa eta María del Carmen Cuesta Rodríguez.[4][5]

    Erreferentziak

    1. Ruiz, Julius (2014) [2012. The 'Red Terror' and the Spanish Civil War. Nueva York: Cambridge University Press. ISBN 978-1-107-05454-7.. ].
    2. Ruiz 2014.
    3. (Gaztelaniaz) Holgado, Fernando Hernández. (2003). Mujeres encarceladas: la prisión de Ventas, de la República al franquismo, 1931-1941. Marcial Pons Historia ISBN 978-84-95379-64-1. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
    4. Web Cárcel de Ventas
    5. «Cárcel de ventas» carceldeventas.org.

    Bibliografia

    • Hernández Holgado, Fernando (2013). Mujeres encarceladas: la prisión de Ventas, de la República al franquismo, 1931-1941. Madrid: Marcial Pons Historia. 
    • Ruiz, Julius (2014) [2012]. The 'Red Terror' and the Spanish Civil War. Nueva York: Cambridge University Press. ISBN 978-1-107-05454-7

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.