Lartaun
Lartaun gizonezkoen euskal izena da[1]; bi dira antzinako Lartaunak, bata, Oiartzungo Lartaun, Oktavio Augustoren tropei Hernion aurre egin ziena, legendazkoa, Juan Benanzio Arakistainen Tradiciones Vasco-Cántabras liburuan agertzen dena; bestea, Butroeko Lartaun, Navarro Villoslada idazleak bere liburuko, Amaia edo euskaldunak VIII. mendean (jatorrian Amaya o los vascos en el siglo VIII, 1879), pertsonaia bati ematen dion izena, Aitorretxen bizi den Butroeko jauna, Aitorren ondorengo den Usuaren senar eta Amaiaren aita.
Biak ala biak eusko-kantabrismoaren teoriak eusten ditu.
Eusko-kantabrismoaren teoria
Teoria historiko-antropologiko honen arabera, iturri greko-latindarren Kantabriak gaur egungo Kantabria ingurua ez ezik, ad vascones et Pyrenam (ἔστι δὲ τῶν ὀρείων ὁ βίος οὗτος, ὧνπερ ἔφην, λέγω δὲ τοὺς τὴν βόρειον πλευρὰν ἀφορίζοντας τῆς Ἰβηρίας, Καλλαϊκοὺς καὶ Ἄστουρας καὶ Καντάβρους μέχρι Ὀυασκώνων καὶ τῆς Πυρήνης, Estrabon III, 3, 7; ”hau da menditarren bizitza, nioen bezala, eta hartzen ditut barne Iberiako iparraldeko kostakoak, galaikoak, asturrak eta kantabriarrak, baskoien lurraldera eta Piriniora arte”) ekialderagoko lurrak ere hartuko zituen. Kantabria izan zen penintsula iberikoan erromatarrek menderatu zuten azken herrialdea. Gogor egin zieten kantabriarrek (teoria honen barruan euskaldunek) erromatarrei eta ondoren etorri ziren bisigodoei (Domuit Vascones).
Oiartzungo Lartaun
Tradizio eusko-kantabristak kontatzen du Kantabriako gerren garaian euskaldunek, Lartaun buruzagiaren agindupean, Zelatunen Augustoren tropei aurre egin zietela. Lartaun Lekobide euskal buruzagiaren iloba da[2].
Elezaharraren laburpena
Laburpena Jose Mari Lertxundiren Igaroari begira liburuko Zergatik Ernioko gurutzeak? kapitulua jarraituz[3].
Herniora estrainekoz joan ziren erromatarrak, ingurua aztertzera edo, euskaldunek eraso eta garbitu zituzten ia denak, behi eta ardi lapurretan hasi zirelako. Beste erasoaldi batzuk etorri ziren, euskaldunak haitz gainetan babestuta eta erromatarrak Zelatungo sakonetik gora, baina denak ez ziren euskaldunen hain aldeko izan. Hala ere, egunak joan eta egunak etorri, inork ez zuen amore eman nahi.
Halako batean, erromatarrek mezulari bat bidali zuten euskaldunen buruzagiarengana eta elkar neurtzeko beste modu bat proposatu zion, bi borrokaldi egitea: ehun soldadu alde bakoitzetik, lehenengo borroka Zelatunen bertan, eta bigarrena Erroman; biak alde batekoak irabazi ezkero, hura nagusi; bestela, hirugarren neurketa bat erdi bidean. Euskaldunen buruzagiak tratua aztertu ondoren konforme zegoela erantzun zion. Ehun euskal soldaduen buru Lartaun gaztea izango zen, Oiartzungo semea.
Zelatungo borroka euskaldunek irabazi zuten, baina gero Erromara joan beharra zeukaten. Euskaldunak Erromako portura iritsi zirenean, Lartaunek agindu zien eraman zuten ontzia zulatzea eta hondoratzea. Erromatarrek, harriturik, galdetu zieten:
- Zergatik hondoratu duzue zuen ontzia?
Eta Lartaunen erantzuna:
- Galtzen badugu, ez dugu ontzi beharrik; eta, irabazten badugu, zuen ontziarekin joango gara.
Behin Erroman, Oktavianok euskaldunei esan omen zien, laguntzeko asmotan baina azpijokoan, armadura gogorrik ez janzteko gorputzean, mugitzeko erraztasuna galduko zutela eta. Erromatarrak, berriz, gerrirainoko armadurekin agertu ziren. Borroka hasi eta euskaldunak bata bestearen ondoan hilda erortzen hasi ziren. Lartaunek laster jakin zuen zer egin behar zen, eta honela deiadar egin omen zien bere soldaduei:
- Sabeletik, mutilak! Eraso sabel barrenetik!
Euskaldunek entzun zuten nagusiaren esana eta, azpitik eraso zutenean, garaile atera ziren.
Bertsioak
- Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" (1933), Orain bi milla urte, Argia 647[4]-648[5]
- Piarres Lartzabal (1969), Lartaun. Pastorala antzeko antzerkiak[6]
- Jose Mari Lertxundi (1991), Igaroari begira, Auspoa. ISBN-10: 8471581442 [3]
- Martin Anso (2004), Elezaharren bidetik, Alberdania. ISBN: 9788496310070[7]
Butroeko Lartaun
Navarro Villosladaren Amaia edo euskaldunak VIII. mendean (jatorrian Amaya o los vascos en el siglo VIII, 1879) liburuko pertsonaia da Butroeko Lartaun, Aitorretxen bizi den Butroeko jauna, Aitorren ondorengo den Usuaren senar eta Amaiaren aita.
Argudioa
Eleberriaren konplexotasunak nabarmen zailtzen du argudioaren laburpena, non historia eta elezaharrak nahasten diren.
Euskaldunen patriarkak, Aitorrek, antzina-antzinatik profetizatu zuen euskaldunen lehen erregea bere leinukoa izango zela eta leizeren batean ezkutatutako altxor zoragarri bat heredatuko zuela. VIII. mendean, Aitorren ondorengoak hiru emakume dira: Lorea, Ranimiro bisigodoarekin ezkondua eta Amaiaren ama, kristaua, Amagoia, Basurderekin ezkondua eta jatorri misteriotsuko Asier-Eudon semetzat duena, jentilen buru, eta Usua, Butroeko Lartaunekin ezkondua eta Amaiaren ama; Amaia hau gerora kristautzen da. Gauzak honela, euskaldunen errege izateko hiru dira hautagai nagusiak: Gartzi Ximenitz euskaldunen buruzagia, godoen gaineko garaipenarekin bikain nabarmentzen hasi dena; Teodosio Goñikoa, euskaldunen kontseilua osatzen duten hamabi agure agurgarrien arteko baten, Migelen, semea; eta Asier-Eudon, Amagoiak semetzat duena, jatorri misteriotsuko pertsonaia, gerora Kantabriako duke eta Pakomio juduaren seme. Asierrek Butroeko Amaiarekin esposatu nahi du, baina Lartunek esaten dio Kantabriako duke izan arte ezingo dela izan. Mila peripezien ondoren, Teodosio Goñikoa Butroeko Amaiarekin ezkontzen da. Ezkontza gauean bere gurasoak hiltzen ditu, Eudon eta Amaia direlakoan. Bere bekatu handia garbitzera atzerrira abiatzen da, eta, beranduago, Aralarrera ermitau. Aita Santuaren aginduz, kate batek lotzen dio gorputza penitentzia gisa eta kateak apurtzen direnean barkatua izan denaren seinale izango da. Teodosiok hiltzear den Eudon bataiatzen du eta kateak apurtzen dira. Teodosio eta Amaia Goñin geratzen dira. Gartzia Ximenez Amaia kristauarekin ezkontzen da eta Euskaldunen errege-erregina egin.
Bertsioak
- Iñaki Azkune Mendia; Jesús María Arrieta Sagasti (1975), Amaia, Ekilore bilduma, Ed. Mensajero. ISBN: 9788427128149
- F. Navarro Villoslada, Amaia. Euskaldunak VIII. mendean komikia (2013), Gidoia eta marrazkiak: Rafa Ramos. Itzultzailea: Ipar Alkain. Argitaletxea: Denonartean. ISBN: 978-84-15756-21-7
Ikus, gainera
Erreferentziak
- «EODA - Search - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- (Gaztelaniaz) Araquistáin, Juan Venancio de. (1866). Tradiciones vasco-cántabras / por Juan V. Araquistain.. (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- Lertxundi Zuloaga, Jose Mari. (1991). Igaroari begira. Auspoa.
- «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- «Piarres Larzabal: Pastorala antzeko antzerkiak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- Anso, Martin. (2004). Elezaharren bidetik. Alberdania ISBN 978-84-96310-07-0. (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).