Pablo Fermin Irigarai

Pablo Fermin Irigarai Goizueta, izengoitiz Larreko (Auritz, 1869ko urtarrilaren 25a - Iruñea, 1949ko irailaren 3a) nafar medikua eta euskal idazlea izan zen, Aingeru Irigarai idazlearen aita eta Jose Angel Irigarairen aitona. Haren estiloa herrikoia eta jasoa da aldi berean, ugaria eta argia, bizia, literarioa baino gehiago. Auritzen, bere etxe izandakoan, oroitarria dago ipinita.

Pablo Fermin Irigarai

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPablo Fermin Irigaray Goizueta
JaiotzaAuritz, 1869ko urtarrilaren 25a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea, 1949ko irailaren 3a (80 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaZaragozako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmedikua, saiakeragilea eta idazlea
MugimenduaEuskal Pizkundea
Izengoitia(k)Larreko
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 282

Bizitza

Auritzeko Martinzurginenea etxean jaioa, aita Ramon Irigarai Gurpide zuen, auriztarra eta sortetxeko jabea, eta ama, Josefa Goizueta Madina, doneztebarra. Herriko eskolan ikasketak bukatu ostean, Iruñeko Huarte eskoletara joan zen. Medikuntza ikasketak Zaragozan eta Madrilen egin zituen. Mediku aritu zen bere bizitza guztian, Beran, Iruritan eta Iruñeko erietxean. Bere lana euskaldun jendearekin bete behar zuenez, euskaraz alfabetatu eta idazten hasi zen. Eskualduna aldizkarirako astero idazten zituen kronikak[1].

1911n Nafarroako EAJ Napartarra astekaria argitaratzen hasi zelarik, Eskualduna-ko irakurleen artean arrakastatsu gertatu ziren atalak eransten zizkion Larrekok. Oso ziren inportanteak herrietako berriak, Nafarroako Pirinioetako ibarretatik, bakoitzak bere etxeko moldean, euskara erraz eta egunerokoan igorritako kronikak. Bere gain egon zen euskara atala eta hala idazteko gaztigatu zien herrietako berriemaileei. Napartarra-n egindako lanaz gainera, Gure Herria, Euskal-Esnalea eta La Voz de Navarra-n ere kolaboratu zuen.

1936ko gerrak eten zuen haren prentsa jarduna. Idazten jarraitu zuen, baina ezkutuka. Hegoaldean euskaraz idaztea erabat ezinezkoa bazen ere, Larrekok ez zuen etsi eta noizbehinka gutunak bidaltzen zizkion Iparraldeko Herria aldizkariko zuzendaria zen Piarres Lafitteri, han argitara zitzaten. Nabarmentzekoa da 1993 arte argitaratu ez zen Gerla urte, gezur urte kronika liburua, Espainiako Gerra Zibilean bere inguruan, Iruñean, gertatutakoa kontatzen duena, betiere Francoren aurka agertuz, politikoki euskal abertzalea baitzen.

Euskaltzalea zen, eta sarritan agertu zen euskararen erabileraren alde:


« ...ez da aski goraka ibiltzea, ez da aski diputadoak hautestea; hori ongi dago, ederki zait, baina, nabarmen horiekin batean baldin nabari ezpadira euskarari zor diogun atxikimendua ta maitasuna, alferrik gabiltza  »

—Larreko, 1918

Idazlanak

Artikulu bildumak

  • Nafarroatik (1992, Sendoa)
  • Lekukotasuna (1916-1936) (1992, Sendoa)
  • Gerla urte, gezur urte (1993, Pamiela)

Artikuluak, gaika

  • Euskararen inguruan: "Naparra'ko erranerak", "Nafarroako euskal esakerak", "Eskuara eta toki izenak" eta "Erronkariko uskaraz"
  • Osasunaz: "Apendizitis", "Edarikoia", "Sendalari baten argiak" eta "Guía médica del intérprete de milagros y favores" (azken hori, gaztelaniaz).
  • Bertze batzuk: "Euskaldun bioztuna Mexico'n", "Azkena" eta "Orreaga'n".

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.