Larrain dantza
Larrain-dantza gizon-emakumeen dantza da, plazan dantzatzekoa biribilean bikoteka; baina jatorrian pentsatzekoa denez larrainetan egiten zena[1]. Itxuraz, Lizarran du jatorria, baina dantzaren antzeko aldaerak egiten ziren Uxuen, Agoitzen eta Arruazun ere XIX. mendearen bukaeran eta XX.eko hasieran. Erraz suposatu daiteke soka-dantzaren eboluzioa omen da larrain-dantza XIX. mendean gertaturikoa. Bilakaera horretan soka-dantzaren alde zeremoniatsua asko murrizten da, kutsu mediterraneoa askoz nabarmenagoa da, eta horrela bikoteka eta ziur aski lotuta egiten ziren modako dantza demokratikoagoek erregimen zaharreko hain garrantzitsua zen alde hierarkikoa ordezkatu zuten.[2]
Dantzaren zatiak
Dantzariek bikoteka eskuak zapi baten bidez loturik dantzatzen dute inguru irekian biribilean erlojuaren kontrako norantzan. Musika beti interpretatzen da dultzaina eta danborrarekin. Hainbat zatiz osatzen da dantza osoa, Lizarrako bertsioan hauek dira zatiak:
- Sarrera.
- Katea eta zubia.
- Fandangoa eta abestia.
- Balsa.
- Jota Zaharra.
- Bolerak.
- Azken korrikaldia.
Historia
1888an aita Castillok Uxuen deskribatu zuen aldaera bat. Lehenengo bertsio formal bat Lizarrako plazan dantzatu omen zen 1903ko abuztuan, Espainiako errege Alfontso XIII.ak egin zuen bisitaren barruan. Partituraren egilea Demetrio Romano dultzaineroa izan zen, Modesto Iribas mediku folklorezalearen laguntzarekin.[3] 1928an, Iruñeko Udalak lehiaketa bat antolatu zuen, txistu eta gaitarako pieza dantzagarrien bilduma bat saritzeko asmoz, de la era, inguruchu, eta abar dantzekin bat etortzeko.[4] Patxi Arraras-ek Agoitzeko aldaera bat deskribatu zuen, eta beste aldaera bat, Arruazukoa, berreskuratu zuen Iruña taldea izeneko talde folklorikoak.
Gerra ostean galduta egon zen dantza. 1936an, Errepublikaren kontrako altxamenduan militar berriek hartu zuten boterea, Fortunato Aguirre alkatea ere fusilatuta txistu guztiak aginteei emateko agindu zen. Larrain-dantzariak ere koartelera deitu zituzten eta taldeko jantziak entregatu behar izan zituzten. Larrain-dantza taldea desagertu egin zen.
Halere, 1944an, Francisco Beruete-k, 1933ko taldeko dantzari bat, udal idazkari izendatu zutenean udal dantzari talde bat sortzea lortu zuen, Nafarroan zegoen lehena. Talde honek sortu zituen aunitz koreografia berezko, baina bere errepertorioan paper nagusia larrain-dantzak hartu zuen. 1966an taldeak Larrain izena hartu zuen eta udala izateari utzi zion. Tarte horretan, larrain-dantza, kanpoan gero eta ezagunagoa izateaz gain, erabat popular egin zen Lizarran. Azken aldaerak egin ziren eta dantzatzeko jantzi berri bat sortu zen, XIX. mendekoan oinarriturik, betiko zuri-gorria ordezkatu zuena.[5]
Larrain-dantza aski ezaguna zen 1970reko hamarkadan Lizarratik kanpo ere. 1978n Euskal Dantzarien Biltzarrak lehen aldiz Dantzari Eguna Hegoaldean antolatu zuenean, Iruñean, zezen plaza jendez lepo bete zen, herrialde guztietako dantzak egin ziren, eta azkena larrain-dantza izan zen. Euskal dantza nazionaltzat hartzea erabaki zen, eta Euskal Herri osoan zehar zabaldu zen gero. Euskal dantza mistorik distiratsuena zelako, balio du dantzari trebeentzat, baina lorgarria ia edozein pertsonatarako ere.
Geroago Lizarrako aldaera hori ezaugarri batzuetan aldatuta ikusten zutela Lizarran ezinegon bat sortu zen eta eredua mantendu eta defendatzeko mugimendu bat sortu zen.[6][7]
XXI. mendean larrain-dantza bizi-bizirik dago, hainbat herritan antolatzen diren herri-dantza saioetan beti izaten baita bukaerako dantza.[8]
Erreferentziak
- Gran Enciclopedia de Navarra | BAILE DE LA ERA. (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
- Karlos Sánchez Ekiza. «Larrain Dantza» Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2017-04-18).
- Eslava, Ana. (2018-01-27). «Lizarratik plaza guztietara» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-01-27).
- Euskalerriaren Alde (75 orr.).
- Larrain Dantza :: Auñamendi Entziklopedia :: Euskomedia. (Noiz kontsultatua: 2017-04-19).
- BailedelaEraEstella. (2008-11-10). Koreografia - Lizarrako Larraindantza. (Noiz kontsultatua: 2017-04-19).
- DVD Baile de la Era. 3 siglos de danza. 2009-05-05 (Noiz kontsultatua: 2017-04-19).
- Eskunabarrak. (2017-02-19). Larrain dantza Donostia,2017-2-19. (Noiz kontsultatua: 2017-04-19).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz)Baile de la Era de Estella
- Lizarrako Larraindantza bideoa Youtube-n