Laranja

Laranja jatorriz Asiakoa den laranjondoak ematen duen fruta zitriko jangarria da. Izatez, azal gogor eta lodiko hesperidio bat da. Bere mamia zukuz betetako hainbat atalez osaturik dago. Aberatsa da C bitaminan, flabonoideetan eta esentzia-olioetan.

Laranja

Laranja aspaldian sortutako hibridoa da, seguru asko arabisagarraren eta mandarinaren nahastea. Munduan gehien kontsumitzen den frutetako bat da. Klima epel eta hezea duten eskualdeetan lantzen da.

Etimologia

Laranja hitza sanskritoko "laranjondo" hitzetik eratorria da, (sanskritoz: नारङ्ग, nāraṅga), baina ziur asko jatorri drabidikoa duen hitza da[1]. Tamilez narandam (நரந்தம்) esaten zaion "laranja mingotsa"ri eta nagarukam (நாகருகம்) "laranja gozoa"ri,nari (நாரி) "fragantzia" esateko.[2] Indiako beste hizkuntza batzuetan antzeko izenak aurki daitezke: teluguz: నారంగము, nāraṃgamu; malabareraz: നാരങ്ങ, nāraṅṅa; edo kannadaz: ನಾರಂಗಿ, nāraṃgi.

Sanskritora persieratik iritsi zen Europako hizkuntzetara (persieraz: نارنگ, nārang), lehenago arabieratik pasatuz (arabieraz: نارنج, nāranj zuhaitzerako eta نرنجة naranjah fuiturako)[3].

Europara iristerakoan hainbat aldaketa izan zituen hitzak. Horrela portugesez hasierako n soinua l batez aldatu zen, laranja hitza emanez. Italieraz l hori "la" artikulua izan daitekeenez kendu egin zuten, eta arancia deitzen dute. Arabierazko nāranj hitzetik abiatuz antzinako okzitanierara igaro zen, auranja moduan, eta hortik antzinako frantsessera, orenge gisa. Ipar Euskal Herrian erabiltzen den liranja hitza[4] (euskara baturako aproposa ez dena) Okzitaniatik iritsi dela proposatu dute, l'irange hitz-elkarketatik[5]. Ingelera ertainera frantsesetik pasa zen, hori baitzen hizkuntza landua Ingalaterran, orange gisa (zehazki pomme d'orenge hitzetik)[6]. Latinez frantsesezko orange horretako or hasiera urrearekin lotu zen, eta hortik dator aurantium hitza. Garai hartan ezagutzen zen laranja bakarra mingotsa zenez, barietate honek Citrus × aurantium izena du gaur egun.

Kolorearen izendapena fruituaren ostean sartu zen hizkuntzara[7], lehen aldiz ingeleraz 1512an.[8][9]

Europako beste hizkuntza batzuetan, ordea, ez da bide horretatik iritsi. Gaur egun ezagutzen dugun laranja barietate nagusia "gozoa" da, (Citrus × sinensis) eta Europara Portugalgo merkatariek ekarri zuten. Horregatik munduko hainbat hizkuntzatan Portugalen izena darama fruitu honek. Albanieraz, portokall deitzen da, bulgariera портокал (portokal), grezieraz πορτοκάλι (portokali), mazedonieraz portokal, persieraz پرتقال (poerteghal), turkieraz portakal eta errumaniera portocală. Izen antzekoak aurki daitezke beste hizkuntza batzuetan, adibidez arabiera البرتقال (bourtouqal), georgiera ფორთოხალი (p'ort'oxali) eta amhareraz ብርቱካን birtukan. Italian arancia esaten bada ere, napolieraz portogallo edo purtuallo esaten da.[10][11]

Era berean portugaldarrek barietate hau Txinatik ekarri zutenez erreferentzia batzuetan geratu da. Gazteleraz "naranjas de la China" esamoldea erabiltzen da (literalki, "Txinako laranjak") eta "naranja mandarina". Xabier Letek egindako Leonard Cohenen Suzanne abestiaren itzulpenean ere Txinako laranjak erabiltzen du.[12] Beste Indoeuropear hizkuntza batzuetan ere eraikuntza hau egiten da. Txinako sagarra gisako itzulpenak agertzen dira Behe alemanez (Apfelsine), nederlanderaz (appelsien eod sinaasappel), suedieraz (apelsin) eta norvegieraz (appelsin). Errusieraz ere Апельсин esaten da (Apel'sin). Hortik igaro zen Sobietar Batasuna osatzen zuten herrialde askotan hizkuntzatera. Gazteleraz china esaten da Puerto Ricon. [13][14]

Lehen aipatu dugun Antzinako frantsesezko pomme d'orenge hitzetik (literalki laranja-sagarra) hitzetik eslovakierazko pomaranč, txekierako pomeranč, eslovenierazko pomaranča eta polonierazko pomarańcza hitzak eratorri dira.[15][16]

Jatorria

Laranjondoa Valentzia hiriko merkatu nagusiaren ondoan, kasu honetan kaleko apaingarri, ez nekazaritzarako aprobetxatua.

Laranjondoa antzinatik landatzen den espezie hibridoa da, seguru asko arabisagar arbolaren (Citrus maxima) eta mandarinondoaren (Citrus reticulata) arteko nahastea. Zuhaitz loredun txikia da, 10 metro baino gutxiago hazten dena. Arrautza-formako hosto betiberde iraunkorrak ditu, 4 eta 10 cm artekoak, modu txandakatuan kokatuak eta ertz krenulatudunak. Bere fruitua den laranja hesperidio bat da, hau da, baia mota bat.

Sailkapen tradizionaletan, laranjondoa Citrus generoko Citrus sinensis espezie gisa sailkatu izan da. Genero honetako beste partaide batzuk limoiondoa, limondoa eta laranjondo mingotsa dira. Berriki egindako ikerketa genetikoek erakutsi dutenez, fruta-arbola hauek guztiak, izatez, arabisagar arbolatik, mandarinondotik eta zidrondotik eratorritako barietate hibridoak dira.[17]

Laranjondoaren laborantza duela milaka urte hasi zen Txinako hegoaldean.[18] Handik, Asiako hego-ekialde osoan hedatu zen eta, geroago, Ekialde Hurbil osoan eta handik Europara lehenik Alexandro Handiarekin edo bere aro helenistikoarekin eta, geroago, Zetaren Bidean eta Gurutzadetan zehar ere.

Gaur egun, laranjondoa oso ondo moldatzen da klima mediterraneora.

Barietateak

Laranja mingotsa.

Aparteko fruitu kontsideratzen da laranja mingotsa (Citrus aurantium). Aldaera hau arabiarrek Europara sartu zuten Iberiar penintsulako hegoaldetik X. mendean. Genetikoki, arabisagar arbolaren eta mandarinondoaren hibrido bat da. Laranja mingotsetik lurringintzan asko erabiltzen den esentzia ateratzen da eta marmelada ere egiten dute.

Fruitu jangarria

Fruitu zitriko jangarria da. Izatez, azal gogor eta lodikoa da. Bere mamia zukuz betetako hainbat atalez osaturik dago. Aberatsa da C bitaminan bereziki. Munduan gehien kontsumitzen den frutetako bat da. Mota ugarikoak daude: gozoak, garratzak, laranjak, gorriak...Klima epel eta hezea duten eskualdeetan lantzen da. Negua eta udaberri hasiera izaten dira jateko urtarorik onenak. Bere horretan jateko, zuku moduan, konfitaturik azkenburuetarako lagungarri moduan edo bere azalarekin marmelada egiteko erabil daiteke.

Kontsumorako munduko laranja esportatzaile herrialde nagusiena Brasil da, ondoren AEBek (nagusiki Florida) jarraitzen diote.

Laranja-zukua

Laranja-zuku egin berria saltzen, Mexikon.

Laranja-zukua ere edari freskagarri eta nutritiboa da. Etxean norberak egin dezakeen zukua da, baina irauteko freskagarri gisa ere ekoizten dute marka askok. Laranja zitrikoa denez C bitamina asko du. Hainbat markak beste osagai batzuk gehitzen dizkiote, kaltzioa edo D bitamina esate baterako.

Laranja-zukuarekin egin daitezkeen errezeten artean, angurri, marrubi edo masustekin ondo konbinatzen du.[19]

Elikagai azidoa da eta, hainbat saltsa eta ozpin egiteko erabiltzen da, zebitxe edo entsaladari botatzen zaizkienak. Hainbat koktelen osagaia ere bada. Ohiko nahasketa bat da laranja sorbetea txanpainarekin, funtsean zukua eta oso txanpain hotzarekin egina, baina aldagaiak jaso ditzakeena: Esnegain urtua ere nahasten dute batzuek, edo laranja edari freskagarri gasdun izoztua eransten diote beste batzuek, laranja azal birrindua edo azukrea ere gehitu daiteke.[20]

Informazio nutrizionala

Laranja
100 gramoko balio nutrizionala[21]

ura: 86,75 gerrautsa: 0,44 g zuntz: 2,4 gbalio energetikoa: 47 kcal
karbono hidratos: 11,75 g azukrea: 9,35 g proteina: 940 mg lipido: 120 mg
Oligoelementuak
potasio: 181 mg kaltzio: 40 mg fosforo: 14 mg magnesio: 10 mg
burdina: 100 µg zink: 70 µg kobre: 45 µg sodio: 0 mg
Bitaminak
C bitamina: 53,2 mg B1 bitamina: 87 µg B2 bitamina: 40 µg B3 bitamina: 282 µg
B5 bitamina: 250 µg B6 bitamina: 60 µg B9 bitamina: 0 µg B12 bitamina: 0 µg
A bitamina: 225 UI erretinol: 0 µg E bitamina: 0,18 µg K bitamina: 0 µg
Gantz-azidoak
gantz-azido saturatuak: 15 mg gantz-azido monoinsaturatuak: 23 mg gantz-azido poliinsaturatuak: 25 mg kolesterol: 0 mg

Ekoizpena

FAOren arabera, hauek dira munduko ekoizlerik handienak (2005ean, tonatan):

1. Brasil17.804.600
2. AEB8.393.276
3. Mexiko4.112.711
4. India3.100.000
5. Txina2.412.000
6. Espainia2.294.600
7. Italia2.201.025
8. Iran1.900.000
9. Egipto1.789.000
10. Pakistan1.579.900

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Orange definition and meaning | Collins English Dictionary. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  2. (Ingelesez) Katzer, Gernot. Spice Pages: Orange (Citrus sinensis/aurantium). (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  3. Anders, Valentin. NARANJA. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  4. Euskaltzaindia. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  5. A propos du mot "liranja" :: Liburu eta aldizkariak :: Euskomedia. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  6. orange - definition of orange in English | Oxford Dictionaries. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  7. (Ingelesez) Paterson, Ian. (2004-01-01). A dictionary of colour: a lexicon of the language of colour. Thorogood ISBN 1417595981. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  8. (Ingelesez) Sign IN - Open University. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  9. (Ingelesez) Maerz, A; Paul, M. Rea. (1930-01-01). A dictionary of color. McGraw-Hill Book Co. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  10. Citrus. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  11. (Ingelesez) Ostergren, Robert Clifford; Boss?, Mathias Le. (2011-01-01). The Europeans: A Geography of People, Culture, and Environment. Guilford Press ISBN 9781609181406. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  12. Xabier, Lete Bergaretxe. (2015-12-29). Xabier Lete. Abestitzak eta poema kantatuak. Elkarlanean, S.L. ISBN 9788490274989. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  13. (Ingelesez) Blog. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  14. (Gaztelaniaz) Duff, Charles. (1971-01-01). SPANISH FOR BEGINNER. Harper Collins ISBN 9780064632713. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  15. (Ingelesez) What is the meaning of the Slovak word pomaranč?. (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  16. (Ingelesez) Orange (France) facts, information, pictures | Encyclopedia.com articles about Orange (France). (Noiz kontsultatua: 2017-02-18).
  17. Rao, Muhammad Junaid; Zuo, Hao; Xu, Qiang. (2021-01-11). «Genomic insights into citrus domestication and its important agronomic traits» Plant Communications 2 (1): 100138.  doi:10.1016/j.xplc.2020.100138. ISSN 2590-3462. PMID 33511347. PMC 7816076. (Noiz kontsultatua: 2023-09-20).
  18. (Ingelesez) Lim, Lisa. (2023-02-07). «Opinion | The orange’s origins: its journey from East to West and how its name evolved» South China Morning Post (Noiz kontsultatua: 2023-09-20).
  19. «Errezetak | Sukaldean» sukaldean.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-20).
  20. «LARANJA SORBETEA CHAMPAGNEAREN KUTSUAN» sukaldean.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-20).
  21. Iturria: USDA Nutrient Database
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: laranja .

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.