Lapaza etxea
Lapaza etxea Gipuzkoako Tolosa udalerrian dagoen landa-estiloko[1] eraikina da. XVIII. mendean eraiki zen eta Lapaza familiari egozten zaio etxea eraikitzea.[2] Urteetan zehar Anbrosienea edo Anbrosinea ere deitu izan zaio eraikin honi. Tolosako Alde Zaharrean dago kokatuta, Korreo kalearen 17. zenbakian, eta Letxuga kalearekin izkin egiten du; fatxadaren bi alde dauzka ikusgarri. Lau solairuko eraikuntza da, beheko solairuaz gain, hiru isurialdeko teilatupean beste hiru altuerak osatuta. Lehenengo biak harlanduzko hormaz eginak daude eta beste biak adreiluz.[3] Zurezko egitura du, teilatu hegala, landutako egurrez egina dago.[4]
Lapaza etxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Tolosako hiri historikoa Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Tolosa |
Koordenatuak | 43°08′17″N 2°04′22″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVIII. mendea |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 28 |
Eraikinaren egitura
Fatxada nagusian, Korreo kalera ematen duenean, lurretik hasi eta erdialderainoko tartean, ongi zaindutako harlanduak dauzka. Platabanda batek bereizten ditu erdi hori eta goiko bi solairuak. Bi solairu horiek bistaratutako adreiluz eta zurezko bilbaduraz eginda daude. Solairu bakoitzean bost bao daude, ardatzean ordenatuta eta simetrikoki antolatuta. Beheko solairua merkataritzarako erabili izan da urte luzez. Lehenengo altueran, erdian balkoi hegaldua ageri da, burdinaforjaketaz egindako barandaduna eta hiru zarpaduna. Alboetan leiho eskartzanoak dauzka. Bigarren eta hirugarren solairuetan, banaketa bera izan arren, balkoia handiagoa da. Interesgarriena hirugarren solairua da. Alboetan dauden leihoek burdina forjaketako karela dute, eta balkoiak, burdina forjaketakoa beharrean, zurezkoa den kalostra du. Teilatu-hegal handi batek errematatzen du eraikina. Ezkerretako fatxadak, Letxuga kalean kokatuta dagoenak, hiru bao dauzka solairu bakoitzean, lehenengoan izan ezik, hor bi daude. Ezaugarriak fatxada nagusiko ezaugarrien antzekoak dira, hala ere, lehen solairua harlanez izan beharrean, bistaratutako harlangaitzez egina du.
1958. urtean, eraikineko ezkaratz nagusia lekuz aldatu eta etxebizitzetarako sarrera Korreo kaletik Letxuga kalera pasa zen.
Malumbres joskintza denda
Urte luzez Tolosan ezaguna izan den Malumbres denda kokatu da Lapaza etxearen beheko solairuan. Malumbres joskintza denda 1915. urtean ireki zuten Zaldibiako Maria Olano eta Corellako Isidoro Malumbresek.[5] 1915. urtean Olano eta Malumbres ezkondu eta Fermin Alegriarena zen Anbrosienea dendaren eskualdatzea egin zuten; ordutik aurrera Malumbres izena izatera pasa zena. Gizonezkoen jantzietan espezializatutako denda izan da Malumbres, eta 1963an pareko eraikinean emakumezko arropa saltzen zuen denda ireki zuten Malumbrestarrek. 2009tik aurrera, Lapaza eraikineko behealdean saldu zituzten gizonezkoen zein emakumezkoen arropak, pareko denda itxi ondoren. Jantzi dendaren ardura familiako hiru belaunaldiren artean eskualdatu eta gero, 104 urteren ondoren, 2019ko uztailaren 30ean itxi zituen ateak Malumbres dendak.[6]
Donejakue bidea
Lapaza etxearen aurrealdetik, Korreo kaletik[7], igarotzen da erromesen Donejakue bidearen barnealdeko ibilbidea.[8]
Lapaza etxea iruditan
Erreferentziak
- «Lapaza etxea. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- «Lazapa etxea - Tolosaldea Turismo» www.tolosaldea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- «Lapaza Etxea» turismoa.tolosa.eus 2017-12-05 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- «Malumbres: 100 urte joskintzari lotuta - Tolosa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- «Denda historiko baten itxiera -» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000ff26d4661aa470b8e961d85e487feff5. (2008-08-14). «Donejakue Bidea barnealdetik» turismoa.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).
- «Donejakue bidea» turismoa.tolosa.eus 2017-12-27 (Noiz kontsultatua: 2021-03-04).