Lantegi
Lantegia — Hego Euskal Herrian tailerra (espainieratik) eta Ipar Euskal Herrian atelierra (frantsesetik) ere deitua— lan egiteko tokia da, orokorrean fabrika baino txikiagoa.[1] Bi mota nagusitan sailkatzen dira: eskulangintza motakoak (artisau lantegia) edo fabrikaziozkoak. Gainera, hedaduraz, toki finkoa izendatzeko ez ezik, lantegi hitza erabiltzen da gai jakin bat lantzen duen liburua izendatzeko (adibidez: Joskera lantegi, Juan Garziarena) edota gain jakin bat lantzen duten eskolak izendatzeko (adibidez: Tolosako Udalaren antzerki lantegia[2]).
Eboluzio historikoa
Historikoki, eskulangintzako lanbideetakoak ziren lantegiak. Tipologikoki, modu anitzetan garatu dira, jatorrizko gremio lantegitik hasi eta lantegi intelektual modernoetara.
Antzinako zeramikatik hasi eta Erdi Aroko korporazio sindikaletaraino, lantegia, lan eta ekoizpen espazio gisa, era guztietako lantegiak sortzera iritsi da (joskintzakoak, gozogintzakoak, zeramikakoak, ingeniaritzakoak...). XXI. mendeko lantegi askok, irakasle, ikasle eta laguntzaile egitura gordetzen dute. Egitura horrek Arte Ederretako eta Arte Aplikatuetako eskoletan eta lantegietan izan zuen bilakaera. Horrela sortu zen Arts and Crafts kontzeptua, Willian Morrisek «diseinu lantegi» deiturikoa. Kontzeptu hori modernismoan, art decó-an eta bauhausen zegoen oinarrituta.
Gremio lantegia
Mendebaldeko Europan, Erdi Aroan eta Antzinako Erregimenean antolatutako ekonomia eta lan antolaketan, lantegia gremioetan antolatzen zen. Lantegi bakoitza maisu baten jabetzakoa zen, eta ofizialak eta ikastunak eduki zitzakeen.
Arte lantegia
Historia modernoan eta ikonografian, artista plastikoaren (margolari, eskultore...) lantegia bottega errenazentistaren oinordeko gisa agertzen da atelier delakoarekin betikotua. Atelierra, jatorriz, margolanei lotutako frantsesezko terminoa zen, gerora pintura lantegiak izendatzeko erabili dena. Lan egiteko espazioaz gain, lantegia beste hainbat gauza ere bada; esate baterako, maisu batek fundatutako eskola artistikoa. Horrez gain, lan baten egile zehatza nor den ez dakigunean ere, lantegiko obra gisa hartzen da lan hori.
Fabrikako lantegiak
Fabrika baten barruan, lantegia zenbait lan gauzatzeko beharrezkoak diren makinak eta tresnak dauden lekua da, hala nola arotz lanetako lantegia, soldadura lantegia, metalurgia lantegia...
Lantegi mekanikoak, berriz, makineria konpontzen diharduten enpresa txiki edo ertainak izaten dira. Adibidez: ibilgailuak konpontzen dituzten lantegiak, etxetresna elektrikoak konpontzekoak, eta abar.
Beste lantegi mota batzuk
- Lantegi zientifikoa edo laborategia.
- Lantegi didaktikoa edo hezkuntza modulua.
- Lan arlotik kanpo, literatura lantegia.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
- Eneko OLASAGASTI: «Tolosako Udal Antzerki Lantegia martxan», Argia, 1122. zenbakia, 1986-10-26
Ikus, gainera
Bibliografia
- (Ingelesez) Chilvers, Ian (1998). A Dictionary of Twentieth-century Art. Oxford University Press. ISBN: 0192116452.