Lansana Conté
Lansana Conté (Dubréka, Ginea Frantsesa, 1934ko azaroaren 30a - Konakry, 2008ko abenduaren 22a) gineatar militarra eta politikaria izan zen, Gineako Errepublikako presidentea 1984-2008 bitartean. Militar batzuekin batera estatu kolpea emanda eskuratu zuen botera, eta polemikaz beteriko hiru hauteskunde irabazi zituen.[1]
Lansana Conté | |||
---|---|---|---|
(2001) | |||
1984ko apirilaren 5a - 2008ko abenduaren 22a ← Louis Lansana Beavogui (en) - Moussa Dadis Camara (en) → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Dubréka (en) , 1934ko azaroaren 30a | ||
Herrialdea | Ginea | ||
Heriotza | Konakry, 2008ko abenduaren 22a (74 urte) | ||
Hobiratze lekua | Lansanya (en) | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Henriette Conté (en) 2008) Kadiatou Seth Conté (en) 2008) Hadja Asmaou Baldé Conté (en) 2008) | ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria, militarra eta Erresistentziaren kidea | ||
Zerbitzu militarra | |||
Adar militarra | Frantziako Lurreko Armada | ||
Gradua | jeneral | ||
Parte hartutako gatazkak | Aljeriako Independentzia Gerra | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | islama | ||
Alderdi politikoa | Unity and Progress Party (en) | ||
Bizitza
Lansana Conté Dubrékan jaio zen, 1934ko azaroaren 30ean; susu etniakoa zen. Bingervilleko (Boli Kosta) eta Saint-Louisko (Senegal) eskola militarretan ikasi zuen. Frantziako armadan sarturik, Aljeriako Independentzia Gerran parte hartu zuen. 1970ean, portugaldar inbasioren aurka borrokatu zen, eta kapitain mailara goititu zuten horren ondoren. 1980an, diputatu hautatu zuten.
1984ko martxoaren 26an Ahmed Sékou Touré presidentea hil ondoren ondoren, Louis Lansana Beavogui jarduneko presidente izendatu zuten. Apirilaren 3an, ordea, militar talde batek estatu kolpea jo, eta Conték hartu zuen presidente kargua. Gineako Alderdi Demokratikoa estatu-alderdia eta haren erakundeak desegin zituen, preso politiko asko askatu eta ondasunak itzuli zitzaizkien, eta nekazariek salgaietan ordaindu beharreko zergak ezabatu zituen. Alabaina, ez zen demokraziarik ezarri, eta alderdi politikoak debekatu ziren.
1993ko abenduan, presidentetzarako hauteskundeak egin ziren; Conté izan zen garaile, alde txikiarekin ordea. Protestak izan ziren, hauteskunde garbiak ez zirelakoan. Hauteskunde kanpaina eta hauteskundeak berak ere bortizkeria giroan egin ziren, eta hildako asko izan zen. Conté nagusitu zen 1998ko abenduko presidentetzarako hauteskundeetan ere eta, aurrekoan bezala, emaitzen kontra agertu zen oposizioa. 2001ean, konstituzioa aldatu zuen hirugarren agintaldira aurkeztu ahal izateko; hori ahalbidetzeko antolatu zen erreferendumean herritarren % 98k alde bozkatu zuen, baina parte hartzea oso txikia izan zen.[2]
Horiek horrela, 2003an berriz hautatu zuten presidente. 2004an Lounseny Fall izendatu zuen lehen ministro, baina urte hartan bertan uko egin zion karguari, AEBetan zela, Conték ez ziolako behar adina aukerarik ematen herrialdeko ekonomia salbatzeko. 2007an, greba ugariren eta manifestazioen ondoren, Lansana Kouyate izendatu zuen lehen ministro. 2008ko abenduaren 22an hil zen.[1]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2020-12-22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Gineako presidentea hil da, eta armadak Gobernua desegin du. Berria, 2008ko abenduak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
- Hirugarren agintaldiari eustea lortu du Conték, erreferendumean. Euskaldunon Egunkaria, 2001ko azaroak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).