Landetxe
Landetxea herri txikietan edo landez inguratuta dagoen etxea da. Iberiar Penintsulan izaera propioa duten bereizitako mota tradizionalak ditugu Euskal Herrian (baserria), Herrialde Katalanetan (masia, pardina Aragoin), Galizian (pazo eta palloza) eta Andaluzian eta Extremaduran (cortijo). Hego Amerikan estancia izena hartzen du eta bereziki present daude Argentina eta Uruguain.
Munduko toki gehienetan ordea izen eta izaera bereizturik ez dute, eta izen orokorra hartzen dute, euskaraz abeletxe, abeltegi edo etxalde dena eta ingelesez farm, frantsesez ferme, alemanieraz baurnhof, gaztelaniaz granja edo chacra eta portuguesez fazenda, besteak beste.
Nekazaritza eta abeltzaintza landetxeekin lotutako jarduera tradizionalak badira ere, gaur egun turismo mota bat ere garatu da etxe hauek aprobetxatuz.
Egiturari dagokionez, beheko solairuan abereak gordetzeko ukuilua edukitzea eta gainean sukaldea eta logelak modurik ohikoena da, goiko solairu batean ganbara batekin batera.
Motak
Baserriak
Baserria edo basetxea euskal bertako landetxe mota da, Erdi Arotik aurrera geure paisaian agertzen joan zena. Lur eta naturarekin oso lotuta alde batetik, eta bestetik giza jarduera eta ohitura tradizionalekin eta euskararen gordelekua eta familia barneko transmisio gune aparta izanik, Euskal Pizkundearen garaian izaera goratua hartu zuen, bizitoki arruntetik haratago eta nekeak eta bestelako ajeak bazter batean sarritan utziz eta leku sakratutzat joz. Musikan eta literaturan XIX. mendetik aurrera baserriak lan askoren ardatza izan dira.
Masiak
Euskal Herrian bezala, Katalunian ere landetxe mota propioa den masiak idealizazioak jo zituen Renaixença eta erromantizismoaren haizeek hauspotuta. Hiria eta herriaren arteko dikotomiaren adibidea da azken finean, liberalismo eta karlismoaren artekoa, nazionalismo periferikoek erabilitako ikur kulturala.
Bordak
Bordak mendialdeko landetxe edo abeletxe txikiak dira, Pirinio aldean bereziki present daudenak, geurean Nafarroako alde bietan eta Zuberoan. Abereak eta belarra gordetzeko erabili izan dira tradizionalki, baita artzainak edo abeltzainak bertan aterpetzeko ere.
Osagaiak
Errotak
Ur-errotak eta haize-errotak landetxeen osagai klasikoen artean ditugu, alde batetik ibaiek edo errekek eta bestetik haizeak emandako energia naturala aprobetxatzeko eraikitakoak. Errotek sortutako indarrarekin laboreak eta garauak birrintzen zituzten irina egiteko. Landetxe askotan oso ohikoa izan da ogia bertan egitea auto-ekoizpen moduan, baita artoaz egindako taloak ere.
Burdinolak
Burdinolak metal hori lantzeko atelier zaharrak ziren, eta sarritan landetxeen ondoan zeuden. Labe txikiek osatzen zuten eta mendez mendeko jarduera zaharra ahalbidetu zuten, baina industrializazioak ekarritako labe garaiek euren tokia hartu zuten XIX. mendetik aurrera.
Garaiak
Garaia (Galizieraz hórreo) landa inguruetan goratuta eraikitako garautegi berezia da, laborea edo bihiak gordetzearekin batera animalia txikiak eta hezetasuna saihesteko horrela egindakoa.
1918 Eugeniusz Frankowski poloniar antropologoak eraikin hauen erabilera eta adibideak bildu zituen Europan zehar Iberiar Penintsulako iparraldean, Alpeetan, Eskandinavian eta Balkanetan, bai eta Sahara azpiko Afrikan, Persia, Asiako hegoekialdean, Japonian, Kamtxatkako penintsulan eta Beringeko itsasartean ere.
Dolareak
Dolareak sagardoa egiteko eta gordetzeko eraikin txikiak dira, sarritan landetxeen ondoan edo horien barruan zeudenak eta auto-ekoizpena ere islatzen zutenak. Sagardotegiek, leku publiko moduan, nolabait dolaretxe pribatu horiek ordezkatu zituzten.
Metak
Belar metak ere (katalunieraz paller) landetxeen osagai klasikoa izan da, azken urteotan geure paisaiatik desagertzen joan bada ere. Belarra eta garoa lehortzea eta pilatzea helburu nagusiak ziren eraikin txiki hauekin, eta ardatz moduan zutik ipinitako makil luze eta lodi baten inguruan egiten zituzten, batzuetan estalki batekin gainaldean babestuta.
Txondorrak
Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta ehizaz gain, ikazkintza ere landetxeen inguruko jarduera tradizionalen artean dugu. Euskal Herrian, baina beste toki batzuetan ere, Herrialde Katalanetan adibidez, txondorrak eraikitzen ziren egurretik ikatza sortzeko, lan handia eskatzen zuen eta batzuetan arriskutsua zen prozesu baten bidez egindakoa.
Landa turismoa
1990eko hamarkadan abiatu zen gurean landa-turismo edo baserri turismo delakoa, denborarekin harrera gero eta handiagoa hartu duena Hego Euskal Herrian. Gaur egun ehundaka landetxe daude zerbitzu hauek emanez, EAEn nagusiki Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Nafarroan bereziki ipar erdialdean.
Galeria
- Masia de la Tejería (Olocau del Rey, Castellóko probintzia).
- Borda (Bal de Vió, Aragoi).
- Galiziako garaia.
- Tximinia (Sobrarbe, Aragoi).
- Errota baten zirrindola.
- Ur-errotaren osagaiak: Antapara, errotarria eta transmisio sistema.
Kanpo estekak
- (Frantsesez)(Gaztelaniaz)(Ingelesez)Euskadiko Nekazalturismo eta Landa-etxeak
- (Frantsesez)(Gaztelaniaz)(Ingelesez)Nafarroako Landa turismoa