Landarraitz
Landarraitz Satui mendien gailurrik mendebaldekoena da, Antzuola (iparraldean) eta Oñati (hegoaldean) haranak bereizten ditu. Batzuetan Asalditta/Azaldegieta/Asaldieta izena agertzen da tontor honen sinonimo gisa, baina iparralderago (789 m), baina esan behar da, Azaldegieta lepoaren beste aldean (769 m), dagoen goraguneari esaten zaiola. Aipatzekoa da, bestalde, mendi gailurrean Oñati eta Antzuolako udalerrien mugarria dakusagula.
Gailur honen beste izen bat, agian ezagunagoa, Landarratx da. Hego-ekialdera altxatzen den aurrealdeari, berriz, Lizargarate lepotik gertu (754 m), Irupagoeta (775 m) esaten zaio, Landarraitzetik iparraldera (829 m). Askotan, Satuiko mendien azken goragune horri aplikatutako Asalditta izena hartzen da kontuan. Aipatu behar da Azaldegieta, Azaldieta edo Azalditta izenek Landarraitzen azpian edo lepoan dagoen aisialdi-eremuari erreferentzia egiten diotela. Azaldegietako eremu hori (769 m) Astuagako lepoa ere (garai batean dagoeneko desagertuta dagoen baserriaren izen bera) esaten zaion mendi-lepo batean dago. Hemen iturria eta bankuak daude, eta Antzuolatik (260 m) sarbidea du egoera txarrean dagoen bost bat kilometroko luzera duen pista batetik.
Oñatitik eta Bergaratik ere igoera du. Oñatitik Zubillaga auzotik eta, Bergaratik, berriz, Altos Hornosetik, Ipiñarri baserritik, gora. [1]
Azaldegieta, Asaldittako eguna eta erromeria
Lur eremu honetan kokatzen da iturria, Landarraitzera joateko bizkarra eta aisialdirako lekua. Garai batean, berriz, erromeria egiteko lekua ere izan zen.[2] Pietate edo Antzuolako jaien aurreko domekan (garai batean abuztuan zirenean) ospatzen zen erromeria, eta bertan toki askotako jendea batzen zen, batez ere Oñatiko auzotarrak: zubillagar, madalenatar, garibaitar, goribartar, larrañatar eta kaletar ugari ere; bergararren artean San Prudentziokoak ziren nagusi, Labe Garaieta, San Antonio eta beste auzo batzuetakoak ahazteke; antzuolarrek joera handia zeukaten, partaidetza inportantearekin jaiaren antolamenduan; eta Legazpi eta beste herri batzuetako erromeriazalerik ere ez zen falta izaten. 1960. hamarkadaraino luzatu zen ... baina ez dakigu noizkoa den erromeria hau. Egia da, erdi brometan-edo, Asaldittako zaindariari San Balandran jarri zioten. Gerra osteko erromerietan bi edo hiru soinujole jartzen ziren zelaiaren ertzetan, saxofoi eta jazbanarekin inoiz, bakoitzak bere dantzari-pilatxoa erakartzen zuelarik. Taberna ere ipintzen zen behetik gurdian edo mandoetan jasotako edariekin. Eta barkillerorik ere ez zen falta, Oñatiko Pedro Lopezek barkilloak, gozokiak eta izozkiak saltzen zituen. Giro egokia zen hura lagun berriak egiteko, batzuetan senargai edo andregai izatera ailegatzen zirenak.
Baina poliki-poliki galtzen joan zen, eta Lizargaratek hartu zuen bere lekukoa, eta jaiaren bilakaera eman zen. Antzuolarrek erromeria antolatzeari utzi zioten, eta ondoren hasi ziren Lizargarate gastronomia elkartekoak antzerako zerbait egiten Lizargaraten. Esan behar da uda garaian Lizargarate beti izan dela erromeria lekua, eta ondorioz Lizargarateko elkartekoak Asaldittaren ordezko jai bat egiten saiatu ziren, urtero egiten den eta arrakastatsua izaten dena.[3]
Astoaga eremua eta baserria
Landarraitzek bat egiten du Astoaga izeneko lur eremuarekin. Berez, lursail handia da eta Antzuola-Bergara udalerrien arteko mugarria ere bada. Bertan sei mugarri aurkituko dira (34tik 39ra doazen zenbakidunak, Antzuolaren kasuan). Baina horrez gain, ezaguna bere garaian Astoaga izeneko baserri bat ere egon zelako. 1596an Juan de Lizarralde bizi omen zen bertan, eta agiri historikoen arabera erreta omen zegoen XVIII. mendean. Gaur egun ez dugu bere aztarnarik, harri pila bat ez bada. [4]
Mitoa da nagusi baserri honen inguruan, eta aho tradiziotik jasota adierazten da bertan, Astoaga baserrian, Peru eta Marixa bizi zirela, eta hauek "izeuken txerri txikixa eta emuten zotzen aza berdia eta egiten zeban kaka berdia".
Arrandaritorre baserriko nagusia zen Bizente Igartzak ere goraipatzen zituen Astoaga baserriko kontakizunak:
- "Garai hartan gari gutxi jasotzen zen gure lurraldeetan, eta gure Astoagako jauna joan omen zen Arabara gari bila. Bero handiko uda izan, ustez, garai hartakoa, eta Astoagako jauna Arabatik bueltan zetorren gari-zakuak lepoan zituela. Alabatxoak egoera horretan ikusi zuenean, bere aita egarriz zetorrelakoan, bidera irten zitzaion urez betetako kupel batekin. Nahiz eta bertan egon ura edateko katilua ere, gizonak kupela hartu eta katilu eta guzti ura irentsi zuen. Ordaun alabatxoak esan omen zion aitari, -baina ez duzu katilua kupelean ikusi?, eta aitak erantzun zion: -aizan, nik bai ezpal bat edo zerbait sentitu dudala".
- "Orduan ikazgile asko omen zeuden herriko basoetan, eta halako batean, Bergarako San Prudentzion ikatzetan zebiltzanak surik gabe-edo gelditu omen ziren. Hori ikusirik, Astoagako jaunak pago baten subila edo zuziari sua eman eta jaurti zuen kilometro askora dagoen San Prudentzio aldera, bertako ikazgileek txondorrari sua eman ziezaioten".
- "Astoagako jauna Uzarragara konfesatzera joan behar omen zen behi bat harrapatu zuela atortzera. Hala ere ez zuen aitortza hori egin, harrapatutako behia txikia omen zelako".
- "Astoagan ere iturri ederra bezain hotza dago. Bera edanez gero hortzak apurtzeko gai dena. Hala ere, iturburutik Astoaga baserrira (100 bat metrora) berehala epeltzen zena eta edangarria bihurtzen zen".[5]
Erreferentziak
- Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (2012). URKILLU-KOROSO-LANDARRAITZ-TRUKARRI-URKILLU. .
- Azurmendi, Eneko. (2018). Bihar, domeka, ospatuko dute Lizargarateko eguna.. .
- Artixa Taldea, Lizargarate Elkartea. (2015). Aurrekomendiko kontuak. Oñati: Oñatiko Udala, 16-17 or..
- Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (2021). UDALERRIKO MUGARRIAK ZAINTZEN: ANTZUOLA-BERGARA. .
- Ramirez de Okariz, Iñigo. (1995). Antzuolako baserriak eta errotak.. Antzuolako Udala, 163 or. ISBN 84-920474-1-0..