Landareen ugalketa

Botanikan,  landareak ugaltzeko erabiltzen dituzten mekanismo desberdinak adierazten ditu ‘landare-ugalketa’ terminoak. Goroldioetan, iratzeetan eta goi-mailako landareetan askotariko bizitza-historia, hazkuntza-ohitura eta fisiologiak ikusten ditugu. Era berean, ugalketa-sistemen aniztasuna aipatutako ezaugarriak bezain handia da gutxienez. Landare horietan guztietan ugalketa sexuala eta asexuala batera existitzen dira. Gehienek esporak sortzen dituzte, espezie bakoitzaren sakabanaketa eta biziraupena bermatzeko. Beraz, esporak landare batzuen ugalketa- eta sakabanatze-unitatea dira, eta indibiduo berri bat garatzeko behar den informazio genetiko guztia dute. Esporak sexualki nahiz asexualki eta oso egitura desberdinetan eratu daitezke.

Ugalketa sexuala

Sexu-ugalketak berekin dakar sexu-gametoak edo -zelulak sortzeko organo edo egiturak egotea, eta horiek ernalketan batuko dira.

Onddoen dibertsitatea

Onddoak

Onddo gehienek esporak sortzen dituzte. Onddoetan ugaltzeko bi modu daude: sexuala eta asexuala. Onddoen sexu-esporak asexualak baino erresistenteagoak dira, latentzia izaten baitute, eta, aktibatzen direnean, bakarrik ernetzen dira. Sexu-esporen eraketan askotariko egiturek hartzen dute parte.[1]

Oro har, bi zelula edo gametoko bi nukleo haploide elkartzen dira eta, horren ondorioz, meiosiaren bidez lau nukleo haploide sortzen dituen zelula diploide bat osatzen da. Prozesu horretan birkonbinazio genetikoa egon ohi da.

Goroldioak

Espora haploideak ernatuta protonema bat osatzen da. Protonematik gametofitoa hazten da, eta kaulidio eta filidioetan bereizten da. Kaulidioen muturretan goroldioen sexu-organoak garatzen dira. Organo femeninoei arkegonioak esaten zaie, eta maskulinoei, berriz, anteridioak. Arkegonioak arren gametoa irristatzeko moduko lepoa du.

Bryophyta goroldioa

Goroldioak dioikoak edo monoikoak izan daitezke. Goroldio dioikoen kasuan, arren eta emeen sexu-organoak gametofito desberdinek eramaten dituzte. Goroldio monoikoetan, landare berean daude. Goroldioen esperma biflagelatua da, hau da, beren propultsioan laguntzen dieten bi flagelo dituzte. Urik gabe, ernalketa ezin da gertatu. Ura dagoenean, gameto maskulinoak igeri egiten du anteridiotik arkegonioraino, eta ernalketa gertatzen da. Horren ondorioz, esporofito diploide bat sortzen da. Ernalketaren ondoren, esporofito heldugabea arkegonioaren hodian zehar mugitzen da. Pedunkulu luze batez eta operkulua izeneko estalki batez koroatutako kapsula bat du esporofitoaren gorputzak. Kapsula eta operkulua, aldi berean, kaliptra haploide batek babesten ditu, eta horiek dira arkegonioaren hodiaren hondarrak. Kaliptra, normalean, kapsulak heldutasuna lortzen duenean askatzen da. Kapsularen barruan, esporak sortzen dituzten zelulek meiosia izaten dute espora haploideak sortzeko, eta horietatik abiatuta zikloa errepikatu egiten da.

Iratzeak

Pteris excelsa iratzea

Onddoek eta goroldioek ez bezala, iratzeen belaunaldirik nabariena esporofito diploidea da. Hostoetan, esporangioak agertzen dira. Esporangio horien barnean gertatzen da meiosia, eta espora haploideak sortzen dira, gametofitoen belaunaldia hasten dutenak. Esporangioak sakabanatuta edo sorotan multzokatuta egon daitezke. Esporangioaren pareta hausten denean, esporak askatu egiten dira eta haizeak sakabanatzen ditu. Erortzen direnean, gametofitoa garatzen da. Gametofitoa lurzoruari lotuta egon behar da ernalketa gerta dadin, uraren araberakoa baita. Gametofitoan, zelula anitzeko ugaltze-egiturak garatzen dira: gameto femenino mugiezinak emango dituzten arkegonioek, eta anterozoide izeneko gameto flagelatu maskulinoak sortuko dituzten anteridioek. Aurrekoak gametofitoaren atzeko aldean agertzen dira, errizoideen artean; talde primitiboetan protaloaren barruan sartuta daude, eta haien pareta ez dago gainerako ehunetik bereizita, azalean izan ezik, eta barruan espermatozoide kopuru handia eratzen dute. Egungo taldeetan, anteridioek esfera txikien forma hartzen dute, pareta batez osatuak, eta horma horren barruan sortzen dira zelula espermatogenoak, 16 edo 32 espermatozoide sortzen dituztenak. Anteridioek zelula operkularra izeneko zelula dute, espermatozoideak kanpora askatzen dituena. Arkegonioak gametofitoaren goiko aldean agertzen dira, eta gainazal-zelula batetik abiatuta eratzen dira. Zelula hau zatitzean, lepoa (ikus daitekeen zati bakarra), hodia eta horren barruan obozelula eta beste zenbait zelula sortzen dira, masa lirdingatsu bat osatuz endekatzen direnak. Muzilagoak espermatozoideak erakartzen ditu kimiotaxiaren bidez. Oozitoa ernaltzen denean, zigotoa sortuko da eta, honek, hainbat zatiketa mitotikoren bidez, enbrioi primitiboa emango du. Enbrioia garatzen jarraitzen da heldua izan arte, latentzian sartu gabe.

Angiospermoak

Lorearen polinizazioa

Landareen sexualitateak barne hartzen du esporofitoaren (landarea bera, diploidea) eta gametofitoaren (polen-alea eta enbrioi-zakua, biak haploideak) egoeren arteko alternantzia ziklikoa. Loreetan gertatzen den meiosiak kromosoma-kopurua birkonbinatzea eta murriztea ahalbidetzen du, eta esporak sortzea eragiten du. Espora horiek lehen aipatutako gametofitoa bihurtuko dira. Enbrioi-zakua 7 zelulaz osatuta dago, eta horien artean dago obozelula. Bestalde, polen ale bakoitzak bi nukleo (n) dituen zelula bat du: bata sortzailea eta bestea begetatiboa. Nukleo sortzailea mitosiaz banatzen da, eta bi anterozoide eratzen dira: gameto maskulinoak.

Haziaren eraketak angiospermen ernalketa bikoitz bakarraren prozesua inplikatzen du: gameto maskulino bat (n) obozelularekin (n) fusionatzen da zigotoa sortzeko (2n). Zigoto horretatik aurrera garatzen da enbrioia. Ugalketa sexualean, meiosiak eta ernalketak bi gurasoen ezaugarrien birkonbinazio genikoa sortzen dute, eta, beraz, aldagarritasun genetiko berriko prozesu sortzaileak dira.

Ugalketa asexuala

Ugalketa asexuala gertatzen da banako bat bere kabuz ugaltzen denean espezie bereko beste banako baten beharrik gabe.

Onddoak

Onddoaren hifa

Ugalketa asexuala esporen bidez egiten da. Uretako onddoetan zoospora flagelatu eta biluziak sortzen dira. Lurreko onddoetan, aldiz, esporak pareta zelular batek inguratzen eta babesten ditu. Espora asexualak lehortearen eta erradiazioaren aurrean erresistenteak dira, baina ez beroaren aurrean. Aldiz, hezetasuna dagoenean ernaltzen dira, baita mantenugaiak falta direnean ere.

Espora asexualak hifaren barrualdean sortzen dira. Hifaren zelula bat bereizten da, eta beste hifen nukleoek zelula horretaraino migratzen dute. Estruktura horrek bere tamaina handitzen du, baita zelula-pareta loditu ere. Horri esporangioa deritzo. Barrualdean sortutako zelulak klamidiosporak dira, eta, esporangioa apurtzen denean, askatzen dira.

Goroldioak

Magnolia angiospermoaren belaunketa

Goroldioetan, ugalketa asexuala gametofitoaren zatiketaren bidez, protonemaren gemazioaren bidez edo propaguluetatik abiatuta gertatzen da.

Iratzeak

Iratzeen kasuan, esporek, leku egoki batean erortzean, tamaina txikiko egitura laminarra garatzen dute.

Angiospermoak

Angiospermoen ugalketa asexuala naturala zein artifiziala izan daiteke. Naturala mitosporen edo propaguluen bidez gertatzen da. Artifiziala, aldiz, zenbait prozeduren bidez gerta daiteke; horien artean: belaunketa, adar-aldaxka edo txertoa.

Erreferentziak

  1. Alexopoulos, Constantine John. (1996). Introductory mycology. (4th ed. argitaraldia) Wiley ISBN 0-471-52229-5. PMC 33012821. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.