Landare-olio
Landare-olioak edo landare olioak landare jatorriko lipidoak dira, gantz azidoen glizeridoz osatuta daudenak. Giro-tenperaturan (20 °C) likido direnean olio esaten zaie eta tenperatura horretan solido direnean, berriz, koipe[1][2]. Denak ez dira jateko onak. Linazi olioa, tung olioa eta errizino olioa, esate baterako, labaintzaileak, margoak, kosmetikoak, farmazia produktuak eta beste industria gai batzuk egiteko erabiltzen dira.
Osagaiak
Landare olio eta koipeak %100ean lipidoz osaturik daude (%99an triglizeridoz, eta gainerakoa, batez ere, lezitinak eta E bitamina dira). Ez dute urik eta kaloria ekarpen handia egiten dute. Olio mota bakoitzak gantz azido osaketa desberdina dauka. Gantz azido monoasegabe eta poliasegabeen proportzio handia dutenak hobeak dira osasunerako.[1][3]
Olio mota[4] | Jatorria | Gantz azido aseak (%) | Gantz azido monoasegabeak (%) | Gantz azido poliasegabeak (%) | Ke-puntua[5] |
---|---|---|---|---|---|
Arbendol olioa | Arbendolondoa (hazia) | 8,6 | 73,2 | 18,2 | 216 °C |
Arto olioa | Artoa (hazia) | 13,6 | 29 | 57,4 | 232 °C |
Ekilore olioa | Ekilorea (hazia) | 10,8 | 20,4 | 68,8 | 227 °C |
Ekilore olioa (oleiko ugarikoa)[6] | Ekilorea (hazia) | 9,7 | 83,6 | 3,8 | 232 °C |
Kakahuete olioa | Kakahuetea (hazia) | 17,8 | 48,6 | 33,6 | 227 °C |
Kakao gurina[7] | Kakaoa (alea) | 62 | 34 | 3 | 230 °C[8] |
Kartamo olioa | Zamo txikia (hazia) | 6,5 | 15,1 | 78,4 | 232 °C |
Koko olioa | Kokondoa (hazia) | 91,9 | 6,2 | 1,9 | 177 °C |
Koltza olioa | Koltza (hazia) | 7,5 | 64,1 | 28,4 | 204 °C |
Kotoi olioa | Kotoi-landarea (hazia) | 27,1 | 18,6 | 54,3 | 216 °C |
Mahats pipiten olioa | Mahatsa (hazia) | 10 | 16,8 | 73,1 | 216 °C |
Oliba olio birjina estra | Olibondoa (fruitua) | 14,2 | 75 | 10,8 | 207 °C |
Oliba olio findua | Olibondoa (fruitua) | 14,2 | 75 | 10,8 | 225 °C |
Palma olioa | Olio palmondoa (fruitua) | 51,6 | 38,7 | 9,7 | 232 °C |
Palmiste olioa[9] | Olio palmondoa (hazia) | 82 | 15 | 2 | 232 °C |
Sesamo olio (iluna) | Sesamoa (hazia) | 14,8 | 41,5 | 43,6 | 177 °C |
Sesamo olio (argia) | Sesamoa (hazia) | 14,8 | 41,5 | 43,6 | 232 °C |
Soja olioa | Soja (hazia) | 16,2 | 23,7 | 60 | 232 °C |
Ziape olioa | Ziapea (hazia) | 12,6 | 64,3 | 23,1 | 254 °C |
E bitamina liposolugarria da, hots, lipidoetan disolbagarria. Landare olioak, antioxidatzailea den eta zahartzearen aurka eragiten duen bitamina honen iturri garrantzitsuena dira, baina fintze prozesuetan edukiaren parte bat galtzen dute[10]. Hiri dela eta, botilaratu aurretik batzuetan olio finduei E bitamina gehitzen zaie.
Trans koipeak
Landare koipe hidrogenatuak (trans koipeak) 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortu ziren, animalia-koipeak ordezteko asmoz. Hidrogenazio prozesuaren bitartez giro-tenperaturan koipea solidoa izatea lortzen da. Horrez gain, koipe hidrogenatuek luzaroago irauten dute zaharmindu gabe. Elikagaien industrian trans koipeak asko erabiltzen dira, kostuak merkatzen dituztelako[11].
Trans koipeek ez dute kolesterolik, lipido hau animalia jatorriko elikagaietan besterik ez dagoelako. Hori dela eta, hasiera batean animalien koipeak baino osasungarriagoak zirela uste zen. Baina, ikerketa zientifiko ugarik agerian jarri dutenez, koipe hidrogenatuak ohiki jateak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitu egiten du. Izan ere, koipe hauek jaitsi egiten dute kolesterol onaren (HDL) tasa eta igo kolesterol txarrarena (LDL) eta triglizeridoena[11].
Ke-puntua
Ke-puntua olioa glizerol eta gantz-azido asketan desegiten hasten den tenperatura da. Ke-puntura iristen denean olioak ke urdinxka jariotzen du. Sukaldatzean ez da komeni tenperatura horretara heltzea, konposatu toxikoak (bentzopirenoa, akroleina) sortzen direlako[12].
Ekonomia
Bederatzi olio mota hauek dira munduan gehien kontsumitzen direnak. %80 jateko erabiltzen da, eta gainerakoa industrian eta bioerregaiak ekoizteko[13].
Olio mota | Munduko ekoizpena 2011/12an[14] (milioi tonak) |
---|---|
Palma olioa | 50,67 |
Soja olioa | 41,95 |
Koltza olioa | 23,60 |
Ekilore olioa | 14,15 |
Palmiste olioa | 5,84 |
Kotoi olioa | 5,33 |
Kakahuete olioa | 5,27 |
Koko olioa | 3,56 |
Oliba olioa | 3,10 |
Erreferentziak
- Lorenzo, Arantza; Uranga, Ane Miren, Koipe onuragarriak: olioak zientzia.net
- Landare-koipea Euskalterm
- Olio motak: Guztiak ez dira oliba, Eroski Consumer, revista.consumer.es
- Characteristics of different Cooking Oils ChartsBin
- Smoke Points of Various Fats Cookingforengineers.com
- Sunflower Oil Triedtastedserved.com
- Fat Comparison Chart Jivaka.com
- Spotlight on...cocoa butter! Venchi.it
- Fatty acid composition of common fats and oils Healthy-india.org
- Olibaz, ekilorez, soiaz, artoz... eginiko olioak Eroski Consumer
- Trans koiperik gabe (olio hidrogenatuetatik datozenak) Eroski Consumer
- Aceite de girasol y Fritura Codelsur.com
- [https://web.archive.org/web/20120526160202/http://www.bioenergytrade.org/downloads/vegetableoilstudyfinaljune18.pdf A global overview of vegetable oils with reference to biodiesel] Bioenergytrade.org
- Major Vegetable Oils: World Supply and Distribution United States Department of Agriculture. Foreign Agricultural Service