Aintzira

Aintzira edo lakua[1] lurrez inguratuta dagoen ur eremu bat da. Aintzira gehienek ur geza dute, eta gehiago daude Ipar hemisferioan Hego hemisferioan baino. Handiak direnean itsasotzat hartzen dira. Txikiei urmael edo umantzi deritze.

Nahuel Huapi aintzira, Bariloche (Argentina)
Manasbal aintzira, India

Aintzirak aztertzen dituen zientzia Limnologia da.

Ezaugarriak

Aintziren azterketa hidrologikoa egiteko miniaturazko ozeano baten parekoa dela eta hala aztertu behar dela hartu behar da kontuan lehenik eta behin. Horren arabera, aintzira ur masa bat da, eta ozeanoetako ur masaren antzera, ezaugarri fisiko eta kimiko jakin batzuk izan behar ditu, eta banaketa jakin bat gainaldean eta sakoneran.

Aintziretako uretan, ozeanoetakoetan bezala, mugimendu batzuk gertatu behar dira. Mugimendu horietan urlasterrak, bertikalak bereziki, garrantzi handikoak dira aintziran bizitza antolatzeko, ur laster horiei esker ur masa osoan zehar barreiatzen baitira elikagaiak.

Ozeanoa ez bezala, aintziretako ur bolumena denboran zehar aldatzen da, urteko zikloak osatuz oro har, nahiz eta epe luzeagorako aldaketak ere badiren; era berean, aintziretako ur bolumenean berezitasunak gertatzen dira aintzira beste ur emari baten isurbide izan ala ez. Beste ur emari baten isurbidea denean ura hartzen duen egitura bat da aintzira, eta ez badu beste ur emariren urik hartzen, berriz, ura pilatzen den gune bat da.

Ezaugarri horiek aintzira dagoen lurraldeko eragile jakin batzuen araberakoak izaten dira. Aintziretan isurtze arroetako ura pilatzen da, baina aintzirara iristen den urean eragina dute arroa horretako klimak edo klimek, arro horretako harri motak, topografiak eta landarediak, eta gizakiaren jarduerak urari egiten dion oztopoak .Aintzira ur hedadura sakon samarra da, sakongune batean ura pilarazten duen kontrako malda bati esker sortua eta, beraz, sistema ozeanikoaren eraginik ez duena.

Aintzirara iristen den ur kopuruaren eta aintzirak lurruntze edo irazte bidez galtzen duen ur kopuruaren arteko balantzearen arabera, edo aintzirak gainezka egiten du eta isuri bat izaten du ozeanora iristen dena (kasu horretan sistema exorreikoa da), edo, alderantziz, ura galtzen du (sistema endorreikoa).

Uren zirkulazioaren ezaugarri horiek eragina dute uraren osaera kimikoan, eta batez ere uretan disolbatutako gai kopuruan. Aintzira gaziak sistema endorreikoak dira, eta aintzira gezak, berriz, exorreikoak.

Ur geruzak (estratifikazioa): epilimnioia, metalimnioia eta hipolimnioia.

Ur geruzak

Latitude ertainetako aintzira sakonetako ura termikoki estratifikatuta egoten da askotan. Aintzira horietan goi eta behe geruzetako ura nahastu egiten da udaberrian, eta horrela, ur masak du ia oxigeno hornidura egokia. Uda partean, berriz, azaleko ura berotu eta aintziran tenperaturaren araberako geruzak bereizten dira: epilimnioi izeneko ur beroko geruza bat eratzen da goian, eta haren azpian hipolimnioi izeneko beste geruza bat, hotzagoa eta dentsitate handiagokoa, oxigenoa behar duten organismo gehienen bizilekua dena. Estratifikazioak udazken amaiera arte irauten du, harik eta berriro goi eta behe geruzetako uren arteko nahasketa gertatzen eta hipolimnioia oxigenoz gehiago betetzen den arte, hain zuzen ere. Industriarako gaiak hozteko ura behar izaten denean hipolimnioitik kanpora ponpatzen da ura, eta, behin berotu ondoren, aintziraren gainaldean askatzen da. Goiko geruzari erantsitako beroak areagotu egiten du estratifikazio termikoaren iraupena, udazkenean ohi baino beranduago hozten baita epilimnioia eta bizkorrago berotzen baita udaberrian. Hipolimnioiko urak landareentzako organismo elikagarri aberatsak ditu eta, beraz, aintzirako dinamikari arrotzak zaizkion mekanismoen bidez ura berotuz eta goiko geruzetan hustuz, eta Eguzkiaren izpiak gehien argitzen duten aldea denez, algak hazten dira goialdean. Algak hiltzean hipolimnioian pilatzen eta usteltzen dira hondakinak eta aintziraren eskualde horretako bizitza oparoa mantentzeko beharrezkoa den oxigenoa xurgatzen dute. Beraz, berotasunak aintziran duen oreka zertxobait aldatuz gero, berehala aldatzen da aintziretako bizitza ere, eta baita hondatu ere.

Motak

Ikuspegi hidrologikotik begiratuta, ezin egin daiteke aintziren sailkapen edo tipologia bat. Aintzira bakoitza egitura bakartu bat da, tokian tokiko baldintzen eragina du eta, horrenbestez, egitura berezia da eta ez du berdinik. Hala ere, aintziren sorreran badira eragile jakin batzuk eta aintziraren jatorriaren edo sorreran araberako sailkapen bat egin daiteke, jatorria zein den halakoak izango baitira aintziraren ezaugarriak, oro har.

Jatorriaren arabera

Aintzirak ez dira eragile bakar baten bidez sortuak eta prozesu konplexua izaten da gainera, baina hala eta guztiz ere, aintzira mota hauek bereizten dira jatorriaren arabera: jatorri tektonikoko aintzirak, jatorri glaziarrekoak, sumendi jatorrikoak, jatorri karstikokoak eta aintzira artifizialak.

  • Jatorri tektonikoko aintzirek lurreko erliebe tektonikoarekin dute zerikusia. Hobi tektonikoetan eratzen dira sakonera handienekoak; horrelakoak dira, adibidez, Siberiako Baikal aintzira (1 620 metro sakonera) eta Afrikako hainbat aintzira, Tanganyika aintzira (1 470 metroko sakonera) besteak beste. Beste aintzira batzuek sakonera gutxiko beheraguneak betetzen dituzte; era honetakoek ez dute beti eremu bera hartzen, aldatu egiten da bai urte barruan bai urte batetik bestera, aintzirek hartzen duten uraren eta lurruntze bidez galtzen dutenaren arteko erlazioaren arabera. Eremu aldaketa horretan kasu aipagarria da Afrikako Txad aintzirarena; aintzira horren batez besteko sakonera lautik zazpi metrotara bitartekoa da eta azalera batetik hirura aldatzen da sakonerari buruz, urteen arabera.Zenbaitetan, tektonika beste prozesu batzuen abiapuntu bakarrik izaten da, aintzira sortzeko prozesuen abiapuntua adibidez. Ipar Ameriketako Aintzira Handiek esaterako, lur zola zaharraren eta haren gainean eratutako jalkitze estalkiaren arteko sakongunea betetzen dute, baina, funtsean, dinamika glaziarraren ondorioz sortuak dira.
  • Jatorri glaziarra duten aintzirak aldi hotzetan hormategiek izandako jardueraren ondorioz sortuak dira. Kontrako alderako malda bat sortzen da lehenik, izotz masak gainaldea zulatzean edo morrena pilatu eta ibar hondoan eratzen duen oztopoaren ondorioz. Azken izotzaldia gertatu zen eskualdeetan daude era honetako aintzirak, hala nola Kanadako edo Siberiako bouclierrak, Finlandiako aintzirak edo Kanadako Esklaboen Aintzira Handia, 614 metrokoa. Era berean, Laugarren aroko izotz eremu handietan aurkitzen da, adibidez, mendi oinarri alpinoetan: Suitzan, Austrian eta Italiako Aintzira Handien eremuan.
  • Sumendi jatorriko eta jatorri karstikoko aintzirak. Sumendi jatorriko aintzirak krater zaharretan (Pavin aintzira adibidez) edo laba koladek itxiriko ibarretan (Chambon aintzira adibidez) eratzen dira.
  • Jatorri karstikoko aintzirak, berriz, dolinetan edo poljeetan eratzen dira, lurpeko kareharria urtzean. Behin-behineko iraupena izan dezakete, batzuetan aintzira dagoen gunean lur emankorrak eratzen baitira eta landa gisa erabiltzen baitira. Hori gertatzen da, besteak beste, Jugoslavia ohiko Istria eskualdeko aintzira askotan.
  • Aintzira artifizialak. Aurrerabide teknikoei esker aintzira moduko lan artifizial handiak egin ahal izan dira. Urtegi moduko aintzirak energia hidroelektrikoa ekoizteko erabiltzen diren ur biltegiak dira gehienak; horretarako bereziki egokiak diren lekuetan eraikitzen dira, mendi ibar ugari, eta baita Europako zabaldi batzuk ere, ixten dituztela. Zer beharri erantzun behar dion aintzirak, halako lurralde antolamendua hautatu da orain arte eta gaur egun ere horrela ari da gertatzen garapen bidean diren herrialdeetan, batez ere Afrikan eta Hego Ameriketan. Aintzira artifizial aipagarriena, bere handitasunagatik, Nasser aintzira da, Assuan garaian, Egipton.

Konposizio kimikoaren arabera

Konposizio kimikoa, esaterako, eta ez gatzen eduki soila, ingurune biofisikoaren funtsezko ezaugarria da. Nitrato eta fosfato edukia oso handia bada uretako landaredia oso ugaria da eta uretan disolbaturiko oxigeno guztia kontsumitzen du, eta horren ondorioz, animalia bizitza oro eragozten du; aintziraren eutrofizazioa gertatzen dela esaten da kasu horretan. Hori da, hain zuzen ere,aintziren ekologiaren kezka nagusietako bat; kezka hori dela eta aintziretara isurtzen diren hondakin industrialen kontrola lortu nahi da, hortik iristen baitira aintziretara nitrato eta fosfato kopuru handienak.

Munduko datuak

  • Finlandiak 187.888 aintzira ditu, horietarik 60.000 handi.
  • Munduko aintziren %60 Kanadan daude.
  • Munduko aintzirarik handiena Kaspiar itsasoa da. 394,299 km² ditu eta hurrengo sei aintzirarik handienak batuta ere hau handiagoa da.
  • Munduko ur gezako aintzirarik handiena Superior da 82,414 km². Bigarren handiena da ere. Hala ere Michigan eta Huron aintzirak elkartzen badira 117,350 km² ditu eta batzuetan horrela kontsideratzen dira.
  • Munduko aintzirarik sakonena Baikal da, Siberian, 1.637 metroko sakonarekin. Ur geza kopururik altuena duena ere bada. Era berean munduko aintzirarik zaharrena da. Hurrengoa Tanganyika da.
  • Nabiga daitekeen aintzirarik altuena Titikaka da, 3.821 metrotan dagoelarik. Hego Amerikako bigarren handiena eta ur gezako handiena da.
  • Munduko aintzirarik altuena Lhagba Pool da. Tibeten dago, itsas mailatik 6.368 metro gorago.
  • Munduko aintzirarik baxuena Itsaso Hila da, itsas mailatik 418 metro beherago.
  • Ur gezako aintzira batean dagoen uharterik handiena Manitoulin uhartea da, Huronen, 2.766 km karraturekin. Han dago Manitou, ur gezako aintzira batean dagoen uharte baten barruko aintzirarik handiena.
  • Baffin uhartean Nettilling aintzira dago. Hori da uharte batean dagoen aintzirarik handiena.
  • Sumatran dagoen Toba sumendi kaldera batean dagoen aintzirarik handiena da.
  • Victoria munduko ur gezako bigarren aintzirarik handiena da azalera kontutan hartuta.
  • Maracaibo Hego Amerikako aintzirarik handiena da, baina berez badia bat da.
  • Kanadako Ontarion dagoen Sudbury hirian Wanapitei dago, hiri baten barruan dagoen munduko aintzirarik handiena.

Euskal Herrian

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko urtegiak»

Euskal Herrian aintzira naturalik ez dago, padurak eta urtegiak baizik. Horien artean, Itoitz eta Esa (Nafarroa) eta Uribarri Ganboa (Araba) ditugu handienak.

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan araututa dagoenez, aintzira izena egokiagoa da laku baino.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.