Lakota
Lakota[1] herria (erabiltzen diren beste izen batzuk: lakȟóta, teton, tetonwan edo teton siux) siux konfederazioaren barneko herri edo tribu bat da. Lakota hizkuntzaz mintzo dira, hau da, siux hizkuntzaren hiru dialekto nagusietako batean. Beste bi hizkuntza familiak Nakota eta Dakota dira. Siuxak hiruretatik mendebalderuntz zeudenak ziren, Dakota tribukoak ekialderantz eta Nakota taldea berriz hauen iparraldera aurkitzen zen.
Mota | federally recognized Native American tribe in the United States (en) , nazio eta indigenous peoples of North America (en) |
---|---|
Hizkuntza | Lakota (en) |
Lakota taldeak edo azpitribuak zazpi dira:
- Sičháŋǧu
- Oglála
- Itázipčho
- Húŋkpapȟa
- Mnikȟówožu
- Sihásapa
- Oóhenuŋpa
Badirudi Siuxen jatorria Mississippi ibaiaren hegoaldean kokatzen dela, eta ondoren Ohio ibaiaren bailarara migratu zutela. Beraien jatorria Ohio ibaiaren inguruan ere kokatzen dute beste batzuk. Nekazariak ziren eta baliteke siuxak Mound Builder zibilizazioaren parte izana k.o. 9. eta 12. mendeetan zehar. XVI. mendearen bukaera eta XVII. mendearen hasiera bitartean siuxak Ipar Mississippiko eskualdean bizi ziren, gaur egun Minnesota, Wisconsin, Iowa, Ipar Dakota eta Hego Dakota diren tokian. XVII. mendebalde erdi eta bukaera aldera Anishnaabe eta Cree tribuekin izandako gatazken ondorioz Lakota herriak mendebaldera joan behar izan zuen, Ordoki Haundietara. Behin hemen siuxak nomadak bihurtu ziren, bufalo taldeak jarraituz. Beraien dieta lautadetako sustrai eta baiekin osatzen zuten, bestalde inguruetako tribu nekazariekin ere komerziatzen zuten. Bisonteak ez ezik oreinak eta altzeak ere ehizatzen zituzten, neguan arraina ere funtsezkoa zelarik.
1730ean Lakotak zaldia erabiltzen hasi ziren Cheyenne tribuari esker. Honi esker Lakota herriak bisonteak eraginkortasun handiagoarekin hasi ziren ehizatzen.
XVIII. mendearen amaieraldera Ipar Amerikako erdialdeko larreetan bizi ziren. Baina europar kolonoen etorrera eta bultzadaren eraginez gaur egungo Minnesota, Ipar Dakota, Hego Dakota, Nebraska eta Wyoming estatuteako lurraldeetara lekualdatu behar izan zuten. Ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako Armadarekin izandako gerra eta guduak, nahiz gaixotasun eta alkoholaren ondorioz bakanduz joan ziren.
1660an 28.000 inguru siux (Lakota eta Dakota herriak, Nakota salbu) zeuden garaiko esploratzaile frantsesen arabera. Mende eta erdi beranduago (1805ean) 8.500 lakota gelditzen ziren, eta 1881ean biztanleria bikoiztu egin zen, XIX. mendean hazi zen indiar tribu gutxienetako bat. Gaur egun, erreserbetan bizi dira 70.000 inguru lakota, eta beste milaka batzuk Ameriketako Estatu Batuetan barreiaturik. Hauetatik 20.500 inguruk oraindik beraien hizkuntza (Lakota) mantentzen dute. Beste bi tribuak murritzagoak dira: Dakotak 20.000 eta Nakotak (edo Assiniboine) 4.000 inguru.