Hizkuntza-erregistro
Hizkuntzalaritzan, hizkuntza erregistroa egoera, hizketa-gai eta helburu jakin bati buruzko hizkuntza aldaera edo estiloa da. Hizkuntza-erregistro baten erabilera eragiten duten beste faktoreak formaltasun edo erritualizazio-maila eta erabiltzen den bitartekoa (ahozko hizkuntza edo hizkuntza idatzia den, besteak beste) izaten dira. Adibidez, idatzi administratiboetan erabiltzen den estiloa hizkuntza-erregistro bat da, gai jakinei buruz (administrazioarekin loturikoak), bitarteko jakin bat erabiliz (idatziz) eta modu ofizial batez garatzen dena baita.
Erregistro motak
Hizkuntza-erregistroak aipatzen direnean, bi mutur aipatu ohi dira. Lagunarteko erregistroa edo kolokiala[3], alde batetik eta erregistro jasoa edo formala bestetik.
- Adibidez:
- Administrazio erakunde batetik igorritako gutun formal batek hizkuntza-erregistro formala, jasoa, beharko luke. ('[...] zuzentzen gatzaizkizue', '[...] gure eskaera kontuan hartuko duzuelakoan'...).
- Bi boxeolari harroputzen arteko taberna bateko elkarrizketa baten itzulpenak, ziur aski, hizkuntza-erregistro lagunartekoa beharko luke. ('Izorra hadi!', 'hoa antzarak ferratzera!', 'Zakurraren putza!'...).
Bi hizkuntza-erregistro horien artean, hainbat hizkuntza-erregistro mota daude: erregistro formalenetik lagunartekoeneraino. Esate baterako, bi ezezagunen arteko lehen elkarrizketak erregistro formalago edo lagunartekoago izango du testuinguruaren arabera.
Erregistroak eta hizkuntzen didaktika
Mundu akademikoan hizkuntzen didaktikaz arduratu diren ikerlarien artean, Euskal Herrian, ziur aski aipatuena Jim Cummins (1949) da[4]. James Cummins, Torontoko Unibertsitateko Hezkuntza Saileko Ontario for Studieseko irakaslea da. Ingeleseko ikasleen hizkuntza-garapena eta hizkuntza-garapena oro har lantzen ditu. 1979an, Cumminsek BICS eta CALP akronimoak sortu zituen, irakasleek ikasleei hizkuntza gaitasuna lortzen laguntzen diotenean ematen diren prozesuei buruz hitz egiteko.
BICS
Basic interpersonal communicative skills (BICS), hau da, Komunikaziorako oinarrizko trebetasunak, gizarte-egoeretan elkarrekintzan aritzeko beharrezkoak diren hizkuntza-trebetasunak dira, adibidez, lagun bati hitz egitean. Lagunarteko erregistroan behar diren hizkuntza-trebetasunak.
BICSek, nagusiki, aurrez aurreko komunikazioari egiten dio erreferentzia, ume txikiek eta eskolatu gabeek ikasi zuten hizkuntza-erregistroa, eguneroko elkarrekintza sozialean erabiltzen dena.
CALP
Cognitive academic language proficiency, (CALP), hau da, Hizkuntza akademikoaren erabilgarritasun kognitiboa, Jim Cumminsek garatutako terminoa da, ikasketa akademiko formalari erreferentzia egiten diona, hizkuntza-erregistro formalari, goiko BICS horren aurkako moduan. Eskoletan, BICS eta CALP terminoak erabiltzen dira gehienetan hizkuntza berria lortzeko prozesuan dauden ikasleen hizkuntza-aprobetxamendu mailei buruz hitz egiteko. Ikasle batzuek, CALP edo hizkuntza akademikoa ikasi baino lehen, oinarrizko hizkuntza-erregistroko trebeziak BICS ondo garatzen dituzte. Ondorioz, ikasleak hasiera batean erabat emankor eta jariotsu ager daitezke, oraindik hizkuntza-hutsune esanguratsuen aurka borrokan badabiltza ere.
CALPek ikasgelan gertatzen den komunikazio oso abstraktu eta deszentralizatuari egiten dio erreferentzia, batez ere oinarrizko mailetan. CALPek "ikasgelako hizkera, ikasteko lengoaia" barne hartzen du, haurrek esperientzia pertsonalik ez duten egoera askotako problematika, hipotesiak, pentsamendu abstraktua, arrazoia eta proiektuak egiteko aukera ematen duena. Irakurtzen eta idazten ikasteagatik eta arrakasta akademikoa gainditzeagatiko behar-beharrezkoak den hizkuntza-erregistroa.
BICS eta CALP kontzeptuek haurrentzat dituzten inplikazioak hauek dira: ikasgelako bigarren hizkuntza lantzerakoan lagunarteko erregistroa eta erregistro akademiko formala, erregistro guztiak landu egin behar dira eta erregistro batean konpetentzia erakusteak ez dakar, automatikoki, beste erregistroan konpetentzia maila bera.
Erreferentziak
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- «Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- Larrinaga Larrazabal, Asier. (2020). Euskara kolokialaren eskuliburua. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-761-9. PMC 1226166388. (Noiz kontsultatua: 2021-03-16).
- «Harremanetarako hizkuntza_Hizkuntza akademikoa» in Amarauna.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-02).
Bibliografia
- (Ingelesez) Jim Cummins: Bilingual Children's Mother Tongue: Why Is It Important for Education?, (Ama-hizkuntza elebiduna haurrentzat: Zergatik da garrantzitsua hezkuntzarako?). 2003. (fiplv.org).
- (Ingelesez) Jim Cummins: ELL Students Speak for Themselves: Identity Texts and Literacy Engagement in Multilingual Classrooms., (Bertako ikasleek beren kabuz hitz egiten dute: Identitate testuak eta alfabetatzeko konpromisoa gela eleaniztunetan). 2008. (achievementseminars.com).
- (Ingelesez) Jim Cummins: Teaching for Cross-Language Transfer in Dual Language Education: Possibilities and Pitfalls., (Hezkuntzan hizkuntza gurutzatuak bi hizkuntzatan transferitzeko irakaskuntza: aukerak eta tranpak). 2005. (achievementseminars.com)..
- (Ingelesez) Jim Cummins: Affirming Identity in Multilingual Classrooms. (Identitatearen baieztapena ikasgela eleaniztunetan). (ascd.org).
- (Alemanez) CUMMINS, James (Jim). Die Bedeutung der Muttersprache mehrsprachiger Kinder für die Schule. (kompetenzzentrum-sprachfoerderung.de).