Lagun mina
Lagun mina zazpi agerraldien antzerki lan honekin Aitor Aranak 2002. urtean Toribio Altzaga Saria irabazi zuen. Lanaren oinarria hiru pertsonai arteko elkarrizketa gainean sortzen da, hirurak homosexualak: bi, Aitor eta Alex, bikotea, eta hirugarrena, Sebe, Aitorren laguna. Argumentua bizitzaren une desberdinetan hiru pertsonaien arteko harremanen gainean antolatzen da. Lanaren berritasuna homosexualitatearen inguruko hausnarketan datza. Egileak "erabat autobiografikoa" bezala definitu du.[1]
Lagun mina | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | (2002) |
Argitaratze-data | 2003 |
Generoa | Antzerkia |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bilduma | Toribio Altzaga Saria. Bilbao Bizkaia Kutxa literatura sariak |
Orrialdeak | 60 |
Egitura
Lanaren agerraldi guztiek antzeko egitura azaltzen dute. Aitor, egilearen alter egoa, bakarrik agertzen da zenbait azalpen adierazten. Azalpen horiek argumentuarekin lotuta daude eta sarritan hausnarketa kutsu nabaria dute. Ondoren, aktoreek agerraldiari ekiten diote. Gertalekuak beti barrukoak dira: etxea, bulegoa, taberna. Denboraren aldetik, argumentua mende erdi batean luzatzen da; lehenengo agerraldian Aitorrek hogei urte ditu; zazpigarrenean, hirurogeita hamar.
Argumentua
Argumentua nahiko lineala eta xinplea da, gertaera handirik gabekoa. Aitorrek eskola garaietan asko sufritu du. Urte horietan Seberengan lagun hurkoa topatu zuen; nahiz eta ezer ez esan, Aitor maiteminduta zegoen hartaz. Biek interes antzekoak zituzten, nahiko bakarrik zeuden elkarrekin gustura egoten ziren. Lehenengo agerraldian Aitor Arantzazun dago, fraide izateko asmoz. Han Seberen bisita jasoko zuen. Une horretan Aitor Sebengandik erakarrita sentitzen zela aitortuko du baina lagunari ez dio ezer esango. Denbora aurrera joan ahala Aitor komentua utziko du eta Alexekin, bere mutilarekin, biziko da. Alex gay militantea da. Berriro ere Sebe agertuko da eta Aitorrek bere homosexualitatea aitortzera behartuko dio. Ordutik aurrera hiruren artean adiskidetasuna indartuko da. Izan ere, Sebek ez du "armairutik atera nahi", publikoki ez du bere homosexualitatea azaldu nahi. Horrek hiruren arteko eztabaidak eragingo ditu. Azkenik, Sebe beste bi lagunengandik modu txarrez urrunduko da, haien bizitzatik erabat desagertuz. Zazpigarren agerraldian Aitor zaharra da eta Alex hil da; zaharren egoitzan Seberekin topatuko da baina Sebe, bera ikusi bezain pronto, alde egingo du.
Pertsonaiak
- Aitor: Egilearen irudia zalantzarik gabe. Homosexuala da eta onartu du bere izaera. Dena dela, ez du horren bandera egiten. Lasaitasunez eramaten du bere bizitza.
- Alex: Gay mugimenduaren militantea da eta, Seberi laguntzearren, publikoki bere joera adierazteko beharra azaltzen dio behin eta berriro.
- Sebe: Homosexuala izanda ez du ezer azaldu nahi. Beldurrez dago gurasoek jakinez gero zer esango zuten, herrikideen txutxu-mutxuak, arazoak... Beldur da eta beldur horren ondorioz gauza da bere lagun minarekin puskatzeko.
Erreferentziak
- Ikus liburuaren atzeko azala.