Ladislao Zabala Salazar

Ladislao Zabala Salazar (Tolosa, Gipuzkoa, 1806Ibidem, 1897ko apirilaren 21a) tolosar politikaria izan zen.[1]

Ladislao Zabala Salazar
Bizitza
JaiotzaTolosa, 1806
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaTolosa, 1897ko apirilaren 21a (90/91 urte)
Familia
AitaManuel José Zabala
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Bizitza

Familia

Manuel José Zabala Acedo Villafuertesko kondearen semea zen. Gipuzkoako landa-nobleziako familia batean bizi izan zen, nekazaritza-errentei lotua, errotak eta burdinolak zituena. Zabalak lehen mailako “kapitalistatzat” hartzen ziren, Frantziako tropek Gipuzkoako familien artean eragindako gastuak ordaintzeko maileguaren banaketan ageri denez (1808).[2]

Zortzi aberats-kategoria ezarri ondoren, Villafuertesko kondea lehena zen, 8.000 dukat kontribuzioarekin. Jauntxo hauek Tolosako toki administrazioa eta Gipuzkoako probintzi erakunde gorena kontrolatu zuten. Manuel José Zabala Tolosako alkate eta epaile arrunta izan zen (1804); hainbat Batzar Nagusitan herri honetako prokuradore zalduna; diputatu nagusi albokoa (1801); Tandako diputatu nagusia (1803, 1804, 1805 eta 1815); Alderdiko diputatu nagusia (1813); Hirurtekoan buruzagi politikoa eta 1839an probintzia zuzentzen zuena.

Kargu publikoak

Ondorengoek beren pribilegio pertsonal eta lurraldekoekin lotutako ordezkaritza politikoa bereganatu zuten. Ladislao Zabala Tolosako alkate eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide izan zen 1833tik 1867ra bitartean. Gipuzkoako Foru Aldundian Tandako diputatu nagusia (1830, 1833, 1839, 1850, 1851 eta 1853), 2. Alderdiko diputatu nagusia (1861), bigarren diputatu nagusi albokoa (1855), lehen diputatu nagusi albokoa (1849 eta 1862) eta jarduneko diputatu nagusia (1844 eta 1857) izan ziren.[1]

Liberal foruzalea

Bergarako Ituna sinatu ondoren, 1839ko irailean, Ladislao Zabalak, Gipuzkoako 32 hiribilduen ordezkaritzan, agiri bat bidali zion Erreginari, Batzar Nagusien deialdia eta Foruen berrespena eskatuz, beldur zelako “gauzen ordena berria ez ote zen bere askatasun zaharren heriotza izango, antzina-antzinatik bizi izan ziren ohitura galduak”. 1840ko urtarrileko hauteskunde orokorretan, Gorteetako diputatu hautatu zuten, Pedro Egaña eta Valentín Olanorekin batera. Azken horrek hartu zuen Gipuzkoari dagokion eserlekua Kongresuan. Urte horretan bertan, Azkoitiako Batzorde Partikularrean probintzia-gobernuko batzordea osatzeko izendatu zuten. Batzorde horrek Buruzagi Politikoaren izendapenaren ilegaltasunaren berri eman behar zuen, antiforala baita.[2]

Ladislao Zabalak bere aitaren, Villafuertasko kondearen, tesi liberal foruzaleak hezur-mamitzen ditu. Monterrongo kondearekin batera, Gipuzkoako alderdi politiko honen sortzailetzat jo izan dira. “Konstituzioa eta Foruak” lemapean, Karlistaldiaren ondoren foruzale bihurtu zen Lurreko aristokrazia hori euskal probintzietako berezko erakundeak konstituzio-esparru berriaren barruan gordetzen saiatzen zen.[2]


Erreferentziak

  1. «ZAVALA SALAZAR, Ladislao de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-18).
  2. «Ladislao Zavala Salazar | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-18).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.