Labar-artea
Labar-pintura, labar-artea, haitzuloetako pintura edo haitzulo pintura leizeetan egindako margoa da, normalean historiaurrean egindakoa. Batik bat, animalia basatiak irudikatzen dituzte margo hauek, zaldiak, oreinak eta zezenen familiakoak, ziur aski ehizarekin lotutako erritu funtzioarekin.
Munduan ezagutzen ditugun labar-pinturarik zaharrenak Erdi Paleolitokoak dira, orain dela 40.000 bat urte egindakoak.
Munduko adibideak
Europan
Oso ezagunak dira Lascauxen (Dordoina, Frantzia) eta Altamirako leizean (Kantabria, Espainia) topatutakoak. UNESCOk lehenengoa 1979an eta bigarrena 1985ean izendatu zituen.
Gurean, besteak beste, Santimamiñen (Kortezubi), Altxerrin (Aia) eta Ekainen (Deba) badaude, 2008tik Gizateriaren Ondaretzat hartuak.
Amerikan
Patagonia (Argentina) eta Uruguaiko labar-pinturak ezagunenetarikoak ditugu. "Cueva de las Manos" ("Eskuen leizea") Santa Cruzko probintzian (Argentina) kokatuta dago eta 1999an Gizateriaren Ondaretzat hartu zituzten hango margoak.
Afrikan
Hegoafrikan, Namibian, Somalian eta Saharan adibide nabarmenak dira, besteak beste.
Asian
Thailandia, Malaysia, Indonesia eta Indian badaude ere bai.
Ozeania
Australiako Kakadu Parke Nazionalean adibide esanguratsuak topatu ditzakegu.
Labar artea Euskal Herrian
Euskal Herrian ezaguna zen labar-artea ez da bereziki azaldu ia oraintsu arte. Baina, azken urteotan egin diren aurkikuntzak, gure herria, Paleolitoko artearen garrantzizko lekuan kokatua du[oh 1]..
Pinturak eta grabatuak
Euskal Herrian labar-artea franko-kantaurikoaren sailean kokatzen da. Historiaurreko gure pinturen aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren Frantzia erdialdeko Dordoñan Lascauxekoak (1940) eta askoz lehenago Altamirakoak (1879). Lascauxekoak antzinagokoak dira, hain zuen ere, Auriñaciense aldikoak, nolabaiteko giro epel garaikoak; Altamirakoak Madeleine aldikoak dira. Dirudienez, duela gutxi (1995) Frantzia hegoaldean, Ardèche departamenduan, lehen mailako garrantzia duen beste aurkikuntza bat egina da haitzulo batean, adituak ikertzen ari diren ehunka animalien irudiekin.
Goi-Paleolitoan labar-artea, zehatzago esanda, Madeleine aldian, pintura eta grabatu moduan azaltzen da.
Batzuetan, pinturak haitzen erliebe naturalei egokitzen zaizkie eta beroiek iradokiak direla dirudite. Madeleineko ertilariak margotzeko beltza –ikatz edo manganeso dioxidoa– zuria eta okrea –hau horitik gorrira eta bioleta alderako aldagaiak dituena– erabiltzen du. Eskualde batzuetan, denok ezagutzen ditugun fauna-adierazpenaz gain, gutxi-asko geometrikoak diren forma bitxiak azaldu dira –makarroiak– marra makurrez eginiko trazuak, behatzez eginak balira bezala; baita esku osoaren aztarnak ere, negatiboan, ia beti ezkerreko eskuarenak. Esan daiteke hor ditugula gure eskualdeko artearen lehen zizakadurak. Giza eskuaren silueta horiek kanpora azaltzeko modu bat dira, unibertsoan izen ematekoak; jabegoa hartze modu bat, nolabait ere. Ez dezagun ahantz gertakari plastiko hori euskarazko esku-bide hitzaren esanahiarekin bat datorrela.
Gero etorriko da antzekotasun aurkikuntza mimesiaren harridura, zenbait milurteko beranduago Aristotelesek arte figuratiboaren iturri gisa aipatuko duena, alegia, “honoko hau –marrazturiko objektua– hura dela” ziurtatzearen atsegina. Eta beranduago, edo agian aldi berean, zeinu abstraktua eta sinboloa azalduko dira.
Gure Paleolito aldiko artearen ondaretzat har dezakeguna gaibegiratu eta azaldu baino lehen egin ditzagun edozein historialariren berezko ohar batzuk. Ezer baino lehen, egin dezagun ohar hau, guri naturala iruditu dakiguken zerbait, hasierako gizonarengan kreazio ahalegin bitxi eta goiztiar baten balioa duena: hiru dimentsiotako objektuak horma baten bi dimentsioen adierazpenetara murriztea, alegia. Aipa dezagun gainera, eskala laburtuko erreprodukzio bat dela. Dirudienez Afrikako zenbait herri oraindik ez da iritsi abstrakzio maila horretara.
Beste abstrakzio bat litzateke: margo bakar batez eginiko marrazkiena, eredu naturalak berezkoa duen margo aniztasuna ordezkatzen duena. Paleolitoko gizonak bereganaturiko abstrakzio horiek bultzatu zituzten lehen arkeologoak a priorizko ideia bat botatzera, eskultura marrazkigintza baino lehenagokoa dela pentsatzera, alegia; baina ideia horri ezin eutsi izan zaio, historiaurreko azterketa objetiboaren aurrean.
Gainera, egiaztatu egiten da historiaurreko artean naturalismotik eskematizatze sinbolikora pasatzen dela, nahiz eta badiren bi margo motak elkarren ondoan bizi zireneko kasuak; baina hasieran naturalismoa da nagusi. Gai honi dagokionez, gogora dezagun Wilhem Worringerren tesia, XX. mende hasieran jada bere teoria erantsiz baieztapen hau egin zuenekoa, alegia, “benetako arte-sormena ez dela abstrakzio eta geometrian baizik hasten”.[1] Bistan da Madeleineko artistak ez zuela irudiak eskortzoan marrazteko eta beren bolumenak itxuratzeko zailtasunik.
Zalantza handiagoak daude bere zentzu konposatzaileari buruz. Denbora luzez uste izan da ez zuela horren ezagutzarik. Baina aldarrikapen hau, bere horretan, arte historian konposaketa kontzeptu horri ezin diogu eutsi eman izan zaion zentzu zorrotzera mugatuz baino; alegia, paisaiazko hondoera guztiak, eta eszena posible guztiak erdiratu, uztaitu eta antolatzeko espazioko erreferentzia txikienak alde batera uzten direnean. Eskuaren esparrua –artistarentzat, gorputz jarrera bat aldatu gabe iritsi dezakeen espazioa– eta gainjarritako irudiak, kokapena, simetria eta perspektiba aztertu ondoren, Leroin-Gouhanek ohar hau ematen du, pintura edo grabatuan gaur egunera arte zoruko marraren adierazpenik ez bazen ezagutzen ere, Paleolitoko ertilariek “sarritan erabili izan dute beraren ordezko hormako pitzadura edo erlaitzen bat.[2] Leroi-Gourhanek baino askoz lehenago, salatu izan ditu Max Raphaelek “Paleolitoko artea, espazioak, mugimenduak eta konposaketen arazoak aurrez aurre heltzeko ezgai zen arte hasberritzat jotzen zutenak”.[3]
Aldiz, oraindik orain, Paleolito aldiko geometriariak izena eman dionik ere izan da, beren marrazki eta margoetan zenbait trazatu erregulatzaileetan erabilera kontzientea delako ustea dutela-eta: urrezko ebaketa bikoitza, erro karratuaren proportzioa eta beste; dena dela, errealitatea begiz harrapatzeko eta egitura plastikoetan berriro sortzeko zuten ahalmen honen aurrean, Herbert Kühnek idatzi zuen bezala, “miresmenez, isilik geratzen da ahoa”.[4]
Labar-artea duten kobazuloak
Pintura horien aurkikuntza duela gutxi egina bada ere, Euskal Herriko aztarnategietan historiaurreko gizonak utzi dituen labar-arte multzoak ugaritzen hasiak dira –hamabi bat guztira– eta hauen artean, batzuk garrantzi handikotzat jotzen dira.
Aurkikuntzako kronologia gutxi gorabeherako bati jarraituko gatzaizkio, garrantzi txikienekoetatik abiatuta.
Aizpitarte. Palelitikoko aztarnategi handi baten lehen aurkikuntza Errenteriako Aitzbitartekoa izan zen, herri mailan Landarbasoko kobazulo deritzonean. Zenbait mailatan sailkaturik, historiaurreko gizonaren arrastoak aurkitu dira denbora luzez bizi izandakoak eta langintza ugarirenak: orriak, hartxabalak, zenbait eratako karrakagailuak, puntzoiak eta abar; gutxienez, Auriñaciense garaitik hasi eta Mesolitikora artekoak. Besteak beste, animalia-irudiz dekoraturiko hezur batzuen aurkikuntza harrigarriak azaldu diren, bertan diren bostetatik, III. haitzuloa arakatuz hasi badira ere; IV. haitzuloko aztarnategia izan da ondoen ikertu dena. Han aurkituak dira orein-burua grabaturiko plaketaren bat, makila zulodunen bat, hagatxo dekoratuak eta ebakiduraz eginiko animalia-irudiak dituzten zenbait hezur.[5]
Laperra Benta
Kantabriako mugetatik gertu, Bizkaiko Karrantzan dago Laperra Bentako kobazuloan egin zen 1904an labar-artearen lehen aurkikuntza: irudi bat, kobazuloaren sarreran bertan. Bi urte beranduago, Breuilek beste lau irudi gehiago aurkitu zituen: buruzagirik gabeko hiru bisonte azefalo, hatz oso bat, zehaztasun gutxiko bobido bat eta lerro-segida ulertezin bat. Haitzean halakoxe sakontasuna duen grabatu batez eginak daude. Grabatu hauen ezaugarri bereizgarria honetan datza: kobazuloaren sarreran zeudela eta eguzkiaren argitan ikus daitezkeela. Gure herrian aurkitu ditugunen artean, zaharrenak eta Auriñaciense aldiari dagozkionak dira. Apellanezi gertakari honek zera pentsarazten dio, Paleolito aldi antzinakoetan, Kantabriako artea, Euskal Herriko sartalderaino zetorrela, beste arte formula batzuk (piriniotarrak) hartu ahal izateko edo bere-bereak sortzeko, Herria libre utziz.[6]
Isturitze
Lehen ere aipatu dugu Isturitzeri kobazuloari buruz, arte higikorrean hain aberatsa bada ere, ez dela horrela labar-artean: bi zaldi eta bi elur-orein; horietako bati, isats motzeko eta egitura ederreko baina adardura desagertu zaien bi hausnarkariren gorputzak gainjarri zaizkio. Beste maila beheragoko batean beste hiru zaldi eta interpretatzerakoaan zalantza sortzen duten beste irudi batzuk agertu dira. Deigarria da haitz gaineko erliebe txikian eginak direla irudiak. Beren estiloz Erdi-Madeleine aldikoak dirudite, berrienaren muga aldekoak, alegia.
Haristoi
Isturitzeko kobazulotik oso gertu eta azpialdean dago Haristoiko kobazuloa, Otsozelaia ere esaten zaiona; han azalduak dira zaldia, bisontea, oreina eta hegazti buru bat. Erdi-Madeleine aldikoak dira.
Alkerki
Nafarroako Urdazubin Alkerdi kobazuloko lehen haitzetako pinturak Casteretek aurkitu zituen 1939an. Beranduago, J. M. Barandiaranek beste lau aurkitu zituen. Kobazuloko bi gunetan kokaturiko grabatu multzo bi dira. Bata, sarreraren aurrez aurre dago, 20 bat metrora. Bigarrena, berriz, beste horretatik 40 bat metrora, pasabide estu baten sakoneran. Besteak beste, gailentzen dira osatu gabeko orein baten grabatua, eta bi bisonterenak, baina konkorra eta isats oso luzea nabarmenduak dituztenak, eta beharbada otso baten buruaren grabatua. Behe-Madeleine aldian kokatzen dira.
Etxeberri
Zuberoako Gamere-Zihigan, Etxeberriko-Karbian, Boucherrek 1950ean zenbait irudi aurkitu zituen, oso nekez igo zitekeen leku batean, sarreratik 200 bat metrora. Irudiak apur bat itsustuak daude; beltzez eginak dira baina puntu eta orban okreak dituzte. Kobazuloaren bi aldetako hormetan, hamabi zaldi, bisonte pare bat, eta beste ahuntz pare bat ere zenbatu daitezke. Irudi batzuk buztin zuri gainean behatzez eginak dirudite.
Oraindik ere igoera zailagoa duen tontor batean, beste bost zaldi eta beste baten trazuaz gain, ahuntz bat, bisonte bat eta zenbait tanto gorrizko multzoa aurkitu da. Leroi-Gourhanen ustez, bi animalia parekatzea zaldia-bisontea eta beste hirugarren animalia baten –hemen ahuntza– etenik gabeko gaiari buruzko bi multzo berdinen santutegi bat da. Antropologo batzuk, zenbait irudi Auriñaciense aldian kokatzen dituzte. Leroi-Gourhanek Erdi-Madeleine aldiraino atzeratzen ditu.
Goikolau
Bizkaiko Berrituan, Goikolau kobazuloko irudiak J. M. Barandiaranek aurkitu zituen 1962an. Bost taldeetan banaturiko grabatu sail bat da. Batzuetan, bizkarra bata bestearen gainean jarria duten animalia-eskema osatugabeak dira; hainbesteko pila bata bestearen gainean jarririk, ez da erraza izaten zein animalia-espeziea den ezagutzen, ahuntzen bat edo beste izan ezik. Aurkitzailearen beraren ustez, postpaleolitoan kokatu behar dira eta aztarnategiko zenbait mailetako hilobi izaerarekin lotu.
Sinhikole
Bordeleeko espeolologo talde batek 1971eko abuztuan Sinhikoleko-Karbia kobazuloan labar-arte aztarnategi berri bat aurkitu zuen. Areto bakar bat da, luzeran 60 cm eta zabaleran 10 cm dituena, oso irudi gutxikoa; baina, kalitate bikaineko zaldi bat eta bisonte bat azaltzen dira. Zaldia, ingurune beltzez eta isats oso luzeaz margoturik. Barrutik, ilajearen eta buruaren margotze bikoitza gorriz egina da, begiarentzat hutsarte bat utzita. Bisontea, zaldiaren gainean kokaturik dagoena, osatu gabea da. Bere ile-zerra haitzaren ertzak osatzen du. Bi irudi horiek eskuinean, bisontearena dirudien osatu gabeko beste irudi bat dago. Zaldiaren aurrealdeko azpialdean, nekez uler daitezkeen trazu gorri batzuk ere badaude.
Arenaza. Arantzadi Elkarteko kideek, 1973ko neguan labar-artearen beste aztarnategi bat topatu zuten Galdameseko Arenaza kobazuloan. Irudiak, nekez igo daitekeen areto txiki batean daude. Gela erdiesferiko bat da, sarreraren ia bestaldeko muturrean kokaturik goraka doan luzapen bat dago, eta orein eme talde bat azaltzen da. Gutxi zaindu delako-edo, oso egoera txarrean daude, haitzak nozitu duen zartatzearen ondorioz. Orein emeak, Kantabriako beste kobazuloetan erabilitakoaren antzera, punteatze teknikaz daude gorriz margotuak. Xehetasun honek eta oreinak nagusi izateak, badirudi Asturias eta Santander aldeko artearekin ahaidetasun gertuagokoren bat adierazten duela, Laperra Bentari buruz aipatu den bezala, ipar Pirinioetako artearekin baino. Beren estiloagatik badirudi irudi hauek antzinako Madeleine aldikoen sailean atxiki behar direla.
Santimamiñe
Labar-arte multzo handi bat aurkitu zen 1916an Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan.[7] Arkeologia ikuspegitik, Santimamiñek garrantzi izugarria du, maila guztiak eskaintzen baititu, antzinako Auriñaziensetik hasi eta Behe-Inperiorainokoak.
Arte historialariarentzat, benetako santutegia esaten dioguna da esparru garrantzizkoena: 20 bat metroko luzera du eta 4 edo 5 m-ko altura. Irudien talde nagusia areto txiki batean dago, normalean oso sarbide zailekoa izaten da eta honen aurretik aretoaurre bat dago, osatugabeko zenbait bisonte eta zaldiez gainera, marra sail bat ere ikus daiteke. Ia biribila den ganbara edo aretoaren inguruetan –Leroi-Gourhanek biribilgune deitu zion– banaturik oraindik ere irudi-multzo gehiago daude.
Irudiak eta beren kokamena. Bere ikusgarritasunagatik, taula bat nabarmentzen da, oso argi eta garbi sei bisonte, zaldi bat, orein buru bat eta ulermen zailagoko beste trazu eta marra multzoa goza daitekeelarik. Zer adierazi nahi ote du behin eta berri zaldia eta bisontea parekatzeak eta beste sei bisonteek –hauetako batzuk zutikako jarreran jarririk– seiak erdi-erdian marrazturiko zaldi bakar batek inguruan dituela? –galdegiten du gaurko ikusleak jakin-minez. Baina, erantzunik gabeko galderak.
Bi multzo hauetaz gainera, kobazuloaren barruenean, sarreratik 150 m-ra, 1953tik 1962ra bitartean irudi berriak aurkitu dira; hauen artean, bisonte batzuk, zaldi bat eta ahuntz bat.[8]
Guztira, ia berrogeita hamarrera iristen dira animalia-irudiak. Espezierik ohikoena bisontea da.
Teknika eta estiloa
Hemen, Altxerrin ez bezala, irudi gehienak pintatuak daude, eta itzal eta guzti batzuk. Irudi grabatuak oso gutxi dira. Perfekzioan eta estiloan aldaketa sumatzen da baina ez da erraza hortik kronologia bat ateratzea.
Henri Breuilek zioen itzalekin modelaturiko lau bisonteetatik hiruk beren lau hankak agerian zituztela, eta trazu soil bakar batez marraztuak berriz bi besterik ez. Era berean, Madeleine aldiko ezaugarri moduan denek beren adardura profilez erakusten badute ere, bederatzik baino ez dituzte beren bi adarrak erakusten.[9]
Talde handiko bisonteen artean Ignazio Aldekoak ere desadostasun horiek ematen ditu: “marra-trazu soileko irudien ondoan, badira beste batzuk zenbait tokitan profilaren lodieraren biziagotzegatik-edo ia lauak direnak, gutxi-asko bular, konkor, papar... tinten betelanagatik argi-ilun gehigarri bat planteatzen dutenak. Zenbait aletan arte onekoa izan ohi da delako modelatzea”.
Esan daiteke, estilistikoki nahiko aurreratutzat hartu behar direla; ziur asko, Erdi-Madeleine aldi aldera gauzatuak. Benta Laperrakoen ondorengoak dira. Eta beren teknika eta ohikotasunagatik Pirinioetako santutegiekin uztar daitezke.
Altxerri
Gipuzkoan Aiako Altxerri kobazuloak aditu guztiak harritu zituen 1962an, ustekabean aurkitu baitzuten bertan Arantzadi Zientzia Elkarteko hiru kidek ordura arteko labar-arte aztarnategirik garrantzizkoena: ehun irudi baino gehiago eta oso espezie desberdinetakoak gainera, zazpi multzotan banaturik.
Aurkikuntza deigarri honen txostena jasotzean, J. M. Barandiaranek irudi guztien deskribapena egin zuen, marrazki bikainak erantsirik;[10] ondorenean, Jesus Altunak eta Juan Mª Apellanizek, argazki-ekipamendu bikain batekin, azterketa osoago bat aurkeztu zuten, irudien ikerketa kronologiko eta paleontologiako bat eginez.[11]
Adierazitako irudiak
Lehendik aurkituak zeuden –azken aurkikuntza hau baino lehenagotik– bisonteak dira nagusi, ia hogeita hamar bat ale guztira.[12] Baina, badira elur-oreinak, oreinak, zaldiak, uroak, ahuntzak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere. Giza itxurako bi irudi ere ikusten dira. Horiez gainera, ulermen zaileko zeinu sail bat, halaber. Leroi-Gourhanek, lan hauen kalitate plastikoa azaltzeaz gainera, “espainiar kobazuloetako elur-oreinaren garrantziaren lekukotasuna” azpimarratzen du.
Formen berezitasuna
Bitxia da, irudia osatu gabea dagoelako, zein espezietakoak diren identifikatzeko zailak diren animalia ugari egotea ere: batzuetan, burua baino ez zaie agertzen; beste batzuetan, atzealdearen laurdena. Irudi batzuk bata bestearen gainean daude, adibidez, azeri bat gerora margoturiko elur-orein baten barruan azaltzen da; eta zenbait animalia azaltzen da 4,20 m bider 2,10 m zabalerako bisonte izugarriaren barruan. Gertakari hau lagungarri izan daiteke lanen kronologia zehazteko orduan.
Lehen aurkikuntza honen ondoren, Jesus Altunak[13] beste bi bisonte aurkitu zituen kobazuloaren leizean: beraietan ikus daiteke, gorputz zati batzuk galduak badira ere, artistak animaliaren gorputzeko zatirik lodienean margo gorria erabiltzen zuela eta, margoa zenbait puntutan desagertu bada ere, marra gogor batek egoki zehazten duela bere silueta. Bestalde, beste lekuetan bezala, gorputz zati batzuk zehazteko haitzaren koskak erabiltzen zirela ikus daiteke hemen.
Altxerriko berezitasunik nabariena da, garai bereko beste aztarnategiekin alderatuz gero, grabatuak pinturaren gain duen nagusitasuna –ia erdiak dira; eta erliebearen barruan, teknika ugaritasun handia. Honek, ertilari bat baino gehiago izango zirela pentsarazi die adituei.
Animalien anatomia marrazkietan, bere gorpuzkera berdin-berdina egitearen ahalegina antzematen da, aldiz, beste batzuetan zenbait trazutan baizik ez da tematzen, egun estilo espresionista esan dezakegunarekin. Zenbait gradutan azaltzen den estiloaren azpimarratze hori, bisonteen marrazkietan erabiltzen da batez ere, marradura trinko batez ilajea iradokitzeko. Honetaz aparte, zabalerako marradura teknika erabiltzen da eta haren gainean margoturik animalia. Zabalerako marradura, gainean jarriko zaion animalia hobeto egokitzeko erabiliko den haitz-oinarri soil bat baino gehiago izaten da askotan; izan ere, irudiaren modelatzea hobetzeko eginkizuna baitu, gainera. Ignazio Barandiaranek eta A. Beltranek, edukitze, ehizatze edo suntsitze zeinutzat jo daitezkeela proposatzen dute, zalantza artean bada ere.[14]
Egiletasunak, estiloak eta kronologiak
Altxerriri buruz egiten duen azterketa zorrotzean –Apellanizek dio– grabatuetan, onarturiko teknika eta adierazpen-moduaren bolada oso era berezian sentitzen da, Kantabriako antzinako Madeleine aldiko grabatzaile eta “marratzaileen” aldetik. Altxerriko formula ez dator bat beste inongo moduekin; horregatik pentsatzen da Euskal Herrian bertako talderen batenak direla, guztiz.[15]
Gure ustez, XX. mendeko gizaki garen aldetik eta estetikako zein arte sormenezko ezagueraren berezitasunak eta “artearen historiaurrearenak” onartzen dituen kultur oinordeko izanik, ezin ditugu duten balioaren neurrian estimatu gabe utzi santutegi handi honetako apainketan jardun ziren hainbat artista, edo hainbat esku, “identifikatzeko” eta sailkatzeko Apellaniz maisuak egin dituen ahaleginak, eta haren ondorioei jarraikiz, ezta beste santutegiekiko ahaidetasunak bilatzen eta kronologikoki ordenatzen saiatu gabe utzi ere. Baina, era berean, labar-artearen ezagutza hartzeko, galderak egin behar dira ahalegin hauen eraginkortasunari buruz, betiere, talde izaerazko adierazpenak izanik, oso zorrotza zen kultur esparruaren arauek behartuta, gainera. Azken batean, ondorio orokor gisa, –Apellanizek dio– “leku desberdinetan lan egin duten bi giza talde desberdinek apaindua dela Altxerriko kobazuloa. Banaka hartu diren guneen harmonia ikusita, badirudi taldeen arteko irudien desberdintasunak ez direla denboraren iragaite arazoak, maisu bakoitzaren nahierazkoak baizik”.[15]
Altxerrin dagoen aztarnategia Solutre-Madeleine aldiari dagokiola dirudi, eta, batzuen ustez, irudiak Antzina eta Erdi-Madeleine aldian kokatu beharko lirateke;[16] baina, haien estilistika astiro aztertu ondoren, Juan M Apellaniz zuhurragoa da eta Solutre aldia eta Antzinako Madeleine aldia kanpoan uztea eta “sailkapen tradizionaletako Madeleine aldiko IV.,V. eta VI.eko (H. Breuil) data ziurragoa dela deritzo.
Dena dela, Altxerriko irudiek badute Santimamiñekoekin ahaidetasunik, eta beren estiloa iparraldeko labar-arte piriniotarrarekin gehiago uztartzen da Asturias eta Santanderkoekin baino.[17]
Arte adierazpen hauen esanahiari buruzko zerbait sendoa esan nahiko genuke; baina, adituek honi buruzko isiltasuna gorde nahi dute zuhurki. Hala ere, honi dagokionez oso garrantzizkoa da Jose Migel Barandiaranek 1964an iradoki eta azpimarratu zuena: Altxerriko animalia-irudi gehienak ez daudela osatuak. Alegia,”irudiak berak ez zirela ziur asko, zeinuak besterik, ikusiezinak ziren izakien ageriko formak: euskal mitologiak leizezuloetako biztanletzat hartzen zituen animaliak –zaldiak, ahuntzak, zezenak”.[18]
Ekain
Euskal Herriko Paleolitoko labar-artearen aurkikuntzarik garrantzizkoena da Ekaingo kobazuloan 1969an azaldurikoa, Debako udalerrian dagokiolarik ere, Zestoatik gertu dagoena. Zulo estu batetik sartu eta arrastan joan behar izan zuten aurkitzaileek[19] hogeiren bat metro, nabarmenki goraka egiten zuen barnebide batera iritsi arte. Zutik jarrita, gero eta zabalagoa eta ederragoa zen kobazulo batetik igaro ahal izan zuten. Harridura gero etorri zen. Benetako santutegi bat zen, ugari ziren zaldiak multzoan eta beste irudi-sail luze bat marrazturik. Jarraian egin ziren indusketetan santutegi hartako ezagutza –erlijio eta arte mailako altxorra– harrigarriro areagotu zuten. Irudiak eta maisuak. Ekaingo irudiak bikainak dira. Multzo zoragarriak. Horma zati bat, zaldirik gehiena dituena, Leroi-Gourhanek “Kuaternario aldi osoko zaldi talderik bikainena” dela aitortu du, inola ere, jada ezagunak ziren Altamira, Niaux eta Lascauxkoen edertasunaren bekaitzik izateko inolako arrazoirik gabeak. “Ekaingo irudiak, Niaux eta Altamirakoen garai berekoak izanik, gutxi gorabehera, franko-kantauriar artearen aldi klasikoaren gailurretako bat azaltzen dute”.
Ekainen, zaldia da erdigunean azaltzen dena. Badira 33 zaldi irudi, 10 bisonte, 4 ahuntza, 2 orein, 2 hartza eta 2 arrain. Ikonozko gorputzak perfekzio bikaineko adierazpenak dira, baliabide urriez eginak, bestalde. Irudietako batzuk koloreanitzekoak dira. Beren estiloz, Erdi- eta Goi-Madeleine aldikoak dirudite. Ez zaigu beharrezko iruditzen Ekaingo irudi hauen egiturazko xehetasunak deskribatzen eta aztertzen hastea, zeren eta ugari baitira mila hitzek baino gehiago adierazten duten koloretan argitaratu diren argazkiak. Juan M Apellaniz arkeologoa saiatu da, Altxerriko bezala, Ekaingo santutegi honetan esku hartu zuten “maisu desberdinen” ikerketan. Horretarako hiru alderdi aztertu ditu: ertzak markatzeko modua, gorputz xehetasunak eta erabilitako teknika. Horrela iritsi da lau “zaldi maisu”, “bisonte maisu” bat eta “ahuntz eta arrain maisu” bat bereiztera, eta guztietan “batasun tekniko bat” badela ikusi du. Proposaturiko galderak. Badira, adierazita dauden irudietan, beren kokamenean eta zenbait xehetasunetan azaleratzen diren hainbat galdera.
Egin dezagun ohar bat, gerora multzo guzti honen interpretazio bat egiten saiatzeko nahiko datu ditugunean garrantzizkoa izango baitzaigu: kobazuloko leku garrantzitsu batean bi hartza ikus daitezke, hau da, zaldien hormaren zati handiaren eta kobazuloko azken muturrean aurkitzen denaren artean. Bietako bat azefaloa da; “beraren esanahia oraindik ez da argitu –dio Leroi-Gourhanek; baina, garrantzizkoa izango zen”.
Beste baldintza bitxietako bat zera da, alde batean eta bestean kokaturiko zaldi gehienak hartzak dauden aldera begira daudela. Asmo berezirik gabeko edozein marrazkilariren joera natural eta bat-batekoarekin kontrajarrian azaltzen den xehetasun hau, oso kontuan hartu beharrezkoa da pintura hauen esanahia aurkitzeko.
Adierazitako espezieen bestelako tratamendu da Leroin-Gourhanek ohartarazi zuen beste berezitasun bat. Berak, “gorputzen modelatzea –beltzez eta okrez eginikoa– eta bereiziki zaldien lepo eta burukoa, fintasunagatik nabarmentzen dela esaten du. Aldiz, bisonteak oso estilo egokian moldatuak izanagatik –Madeleine aldiko IV. eta IV. estiloa–, zaldiekin alderatuz gero zabarragoak dirudite; guztien arteko bat besterik ez dago okrez margoturik, besteak ia profilaren trazu beltz soilez mugatuak daude”.[20]
Pintura hauen zentzua oraindik ere misteriotsuagoa egiten duen eta kontutan hartzeko beste xehetasun bat ehizatuaren eta adieraziaren artean alderantzizko proportzioa izatea da. Izan ere, aztarnategiko Madeleine maila beretan hezur aztarna ugarienak orein eta ahuntzenak dira. Kobazuloko hormetan gehien adierazten zutena da gutxien ehizatzen eta jaten zutena. “Ehizarako garaian Paleolitoko gizonaren gurariak eta ezagutzen zituen animaliak irudikatzerakoan zituen interesak ez zetozen bat”.[21] Beste hau ere kontuan hartzekoa da: Ekaingo zaldi batzuk azagaiaz eta mutur kirtendunez zaurituak agertzen dira, interpretazio totemiko bat egitea zailduz.
Ekaingo irudien eta Etxeberriko-Karbiako lanen artean ahaidetasun bat ikusten dela ohartarazi nahi da, bai espezien itxuragatik, bai zaldi-espeziearen ugaritasunagatik. Baina Ekaingo irudien kalitatea hain da goragokoa non, alderatuz gero, santutegi honek “ermita batekin alderaturiko katedrala” emango zukeen (J. Altuna).
Oharrak
- Artikulu honen oinarria Entziklopedia Enblematikoa da. Obra osoa eskuragarri dago, cc-by-sa lizentziarekin, Wikitekan
Erreferentziak
- W. WORRINGER, Abstraction und Einfühlung (München, 1908); gaztelaniazko itzulpena: Abstracción y Naturaleza (Mexiko, 1953).
- A. LEROI-GOURHAN, Los primeros artistas de Europa. Introducción al arte parietal paleolítico. Encuentros Argitaletxea 1983, 37. or.
- Trois essais sur la significationde lárt pariétal paléolitique (Kronos, 1906) 44. or.
- Herbert Kühn, Die Kunst der Primitiven (Munich, 1923, 24 or.); ikusi halaber, G. OUY-PARCZEWSKA,”Les originesdes règles de lárt. Une premièr enquête. Annales 27an, 4-5 znb., uzt.-urri. 1972, 1264-1316. or.
- Kobazulo honetan eginiko hainbat indusketa kanpaina 1961ean Munibe aldizkariari eginiko zenbait emanalditan deskribatuak izan dira, 3-4 znb. 1961an, 1-2 znb. 1963an, eta 1965ean, marrazki ugariz apainduak.
- Historiaurreko artea... (1982), 25-101 eta 219. or.
- Henri Breuilek 1916an bisitaturiko Santimamiñeko kobazuloa bederatzi kanpainetan ikertu zuten, T. Arantzadi, J.M Barandiaran eta E. Egurenek osaturiko taldeak 1918tik 1926ra bitartean. Guztien ondorenak beren Lan Bildumaren IX. liburukian daude. (La gran Enciclop. Vasca, 1976).
- Kobazulo honetako labarretako irudi guztien deskribapen zehatza J.M APELLANIZen, La caverna de Santimamiñe liburuan dago. Bizkaiko Foru aldundiak argitaratua (Bilbo, 1971).
- Quatre-cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´âge du renne. (Paris, 1974) 342. or.
- “Las cuevas de Altxerri y sus figuras rupestres”. Muniben 1964, 3-4 sorta, 91-141. or
- “Las figuras rupestres paleolíticas de la cueva de Altxerri (Guipuzcoa)” Muniben, 1976, 1-3 libk., 3-242. or.; ikusi halaber J. ALTUNA, Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais Vasco. Haranburu Argit. (Donostian, 1947).
- Munibe 16, 1964, eta 28, 1976.
- Munibe 42, 1996.
- “Paleolitoko artea Euskal Probintzietan”. Problemas de la prehistoria... “Penintsulako historiaurrearen IV. Symposuma” (1966) 41. or .29. Historiaurreko artea..., 220.
- Munibe 1976, 1-3 libk. 153.
- A. BELTRAN, “Avance al estudio de la cronología del arte parietal de la cueva de Altxerri”. Problemas de la prehistoria vasca, lanean. “IV Symposiuma....(Iruñea, 1966) 81-91. Lan honetan Altxerriko irudien katalogo deskribatzaile eta osatu bat ere azaltzen da, baina irudi grafikorik gabe.
- J. ALTUNA eta JUAN Mª APELLANIZ, Las figuras rupestres...., 147. or.
- Ibid., 139. or.
- Bi espeleologo gazte A. Albizuri eta R. Reizabalek 1969an aurkituriko santutegi bikain hau berehala ikertu eta, ondorioak aterata, argitaratu zituzten J.M Barandiaran eta J.Altunak. Arantzadi Zientzia Elkarteak babestuta.
- A. LEROI-GOURHAN, Prehistoria del arte occidental (Bartzelona, 1968) 337. or.
- J.ALTUNA, Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais vasco. (Donostian, 1997) 199. or.