La Puente dorrea
La Puente dorrea edo Balparda dorrea Sopuertako Carral auzoko dorretxea da[1].
La Puente dorrea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Barbadun ibaiaren arroko industria paisaia | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Sopuerta |
Koordenatuak | 43°15′15″N 3°09′15″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | pizkundetar arkitektura Arkitektura barrokoa |
Ondarea | |
EJren ondarea | 86 |
- Artikulu hau dorretxeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «La Puente».
2010eko apirilaren 20n Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].
«La Puente» dorrea edo Balpardakoaz, bere inguru urbanizatuaz eta lorategi-eremu batez osaturiko multzoa da.
«La Puente» dorrea edo Balpardakoa
Balpardako dorrea El Carral auzoko sarreran dago, Sopuertako udalerrian, gaur egungo errepideak estalita geratu den Balmaseda eta Castro Urdiales galtzadaren ondoan.
Gaur egun, bolumen kubikoa da gutxi gorabehera, baina hasiera batean, askoz ere baxuagoa izan zen. Etxeak hiru oin dauzka: beheko oina, bizilekutarako oina, eta azken horrek hainbat jasodura dauzkala-eta hirugarren oina osatzen duen ganbara bat ere badu. Lau isuriko teilatuz estalia dago.
Fatxadaren hainbat fabrika ikus daitezke, esku-hartze anitz izan dituela adierazle. Lehenengo bi oinak uniformeak dira eta harearrizko harlangaitza eta tuparria dute akaberan. XVII. mendean egin zitzaion zabalkundean, zabalkunde garrantzitsuenean, ia beste metro bat harlangaitz oso irregularra erantsi zioten, mortero oso buztintsua zuela. Harlanduak, hareharrizkoak eta ondo eskuairatuak, baoetako eskantzu eta uztaietan daude, eta bai saloiko leihoen horma-ataletan ere.
Behean, arku formako sarbidea egon zen, oraingo alde nagusian, baina haren dobelak atera egin zituzten berritu zutenean, haren ordez ateburu dobeladuneko pasabide bat instalatzeko. Oin horretako argiztapena osatzeko gezileiho bat dago, oso alboratua, hainbat argi-zulo eta hiru leiho.
Egoitzetarako oina izan zen berrituena XVII. mendean. Gaur egun, bederatzi leiho dauzka alboetako eta atzeko aldeetan eta fatxadarekin arras dauden bi balkoi aurreko aldean. Hasierako multzotik bi gezi-leiho alboratu mantentzen dira atzeko aldean, eta beste bat eskuinean, eta baita bi argi-zulo altu ere, batzuk bitxiak benetan: paldozko bost kanoi-zulo eta bi gezi-leiho.
Bao horien gainean dago lehenengo aparailu-aldaketa, hiru eraikuntzekin hazita dago-eta. Jatorriz saloirik gabeko dorrea zela dirudi eta, geroago, atalik altuena erantsi zitzaiola. Jasodura horietatik lehenengoa ganbararen zabalkuntza da. Kanpotik harburu-ilara batera heltzen da bozel laurdenean, eta horrek adierazten du une batean hori izan zela etxearen goiko muga. Gune horretan, argi-zulo zabal bat era bi kanoi-zulo berri daude.
Bigarren eranskinean, hormak estutu egiten dira. Ganbara saloi bihurtu zuten, zalantzarik gabe. Orduan irekitako baoak bi konopio eder dira, aurrealdea eta arkugainera bi baketoiez zeharkatua, barneratzeko oinarritxo baten gainean. Horien artetik pasatzen da tetrafoliak dituen tutuerdia. Barlasaiek moldura konkaboa dute, lore eta pometarako. Alfiz konopialez inguratuta dago, baso poligonaleko mentsulen gainean, eta dena lore apaingarri gehiagorekin osatuz. Albanegetan, eskudete konopialak daude, IHS anagrama dutenak, letra gotikoetan, eta behean, Alcedotarren armak. Hori guztia ondo eskuairatutako harlanduzko horma-atalean sartzen da. Leiho aipagarri horren gainean, beste harburu-ilara bat dago, teilatuaren hegalari eutsiko ziona -alde honetan teilatua luzeagoa da eta- leihoa babestu ahal izateko.
Hirugarren jasodura, harlangaitzezkoa, XVII. mendean eraiki zuten. Orduan, berritu zuten baita barruko egitura ere: egoitzetarako oinak altuera galdu zuen, saloitik zorua jaitsita, eta behin betiko ganbara bihurtu zuten.
Balpardako dorrea estilo gotiko-errenazentistako eraikina da, XVI. mendean egindakoa. Jatorrian, saloirik gabeko dorrea izango zen, baina, hainbat obraren ondoren, benetako saloi eta guzti gelditu zen, bi leihoz argiztatutako saloia. Esan daiteke leiho horiek Bizkaiko dorreetan aurkitutakoen artean ikusgarrienetakoak direla. XVI. mendeko lehenengo hamarkadetakoak dira.
Balpardako jauregia
Eraikin isolatua da, oinplano angeluzuzenekoa (14 x 17 m). Beheko solairua, bi solairu gehiago eta teilatupeko solairua ditu eta errepidearen ertzean dago. Eraikinaren alde laburretako batek -ekialdeko fatxada- muga egiten du errepidearekin.
Fatxada horretan, hiru bao-ardatz bertikal daude, eta erdian ate bat, nahiz eta hori sarrera nagusia ez izan.
Fatxada nagusiak lau bao-ardatz ditu eta iparraldera begira dago, lorategiaren iparraldeko atalera. Hain zuzen, atal hori ikusten da lehenbizi hirigunetik etortzean. 90 cm-ko lodierako karga-hormez eraikita dago, ia eraikinaren altuera osoan. Zenbait ataletan, harlandua erabili da.
Testura nabarmena du fatxada guztietan, eta nahita egin da horrela. Horretarako, mortero-emokadura erabili da, harlandu kuxindu nabarmenaren itxura duena. Elementu hori eklektizismoko zenbait eraikinetako fatxadetako elementu bereizgarria da.
Estalkia karel batek ezkutatzen du. Fatxaden goiko aldean, erremate perimetral batek jauregiaren inguru osoa hartzen du. Erremate hori hauek osatzen dute: erlaitz batek (toru erdiko 15 cm-ko inposta baten gainean) eta zuburuek (50 cm-ra).
Hutsarteak erregularki tartekatuta daude fatxada guztietan, Dinteldunak dira. Goiko solairuetan, balkoiak dira, kaxetan forraturiko soliberia-hegaden gainean, eta hormara ainguraturiko karelak dituzte, eskudelak eta galdaketazko babesak dituztenak. Teilatupeko solairuko hutsarteak etzanak dira, eraikin mota horretako goiko aldeetan erabiltzen direnen motakoak. Halaber, hutsarte guztiek harlandua dute inguruan, fatxadaren testura orokorrean erabilitakoa baino lodiagoa. Elementu hori bereizgarria da XIX. mendearen amaierako bizitegi-eraikinetan.
Jauregiari lotuta, kotxetegiaren eraikin txikia dago. 10x5 m-ko oinplanoa du, gutxi gorabehera, eta errepidearen eta XVI. mendeko dorrearen ondoan dago. Hain zuzen, harriz zolaturiko galtzada batek bereizten ditu dorrea eta kotxetegia. Azken hori gurdia gordetzeko erabiltzen zen.
Balpardako jauregiko lorategia
Balpardako jauregiko lorategia zenbait zuhaitz-multzok eta zuhaitz horien arteko eremuek osatzen dute. Horien guztien bidez, jauregiaren eta dorrearen partzela antolatzen da. Lorategi paisajista da, landare-konposizio geometrikoetan oinarrituriko konposizio formalista baino gehiago, eta tamaina ertaineko zuhaitzek osatzen dute paisaia. Lorategi-mota horren helburua lotzen dituen hiru elementuak (zuhaixkak, zuhaitzak eta horien arteko eremuak) partzela batean integratzea da. Partzela horren baitan, lorategiak barne-perspektibak sortzen ditu, eta, batzuetan, perspektiba zabalagoak irekitzen dira.
Horretarako, Balpardako lorategian, jauregiko zuhaitz-multzoen antolaketan ezarritako ordenak partzela batean integratzen ditu eraikinak, zuhaitzak eta larredia. Partzela horretan, oraindik ere hauteman daitezke jauregitik alde batera eta bestera zein gora eta behera zihoazen bidezidorrak, lurraren orografia naturalari jarraiki, antolaketan zenbait aldaketatxo eraginda.
Lorategiko elementuek, nabarmendu beharrean, integrazioa dute helburu: iradoki egiten dute, erakarri, perspektiba irekien bidez, goitik itxi gabe. Besteak beste, hormatxodun landare-itxiturak daude, landareak, eta zuhaitz-multzoak, partzelaren alboko mugetan iparraldean eta hegoaldean. Iparraldeko mugan, landare-itxiturak zuhaitz-multzo bat du erdian. Ekialdeko mugan, errepidearen ondoan, zuhaitz baxuak daude: tamaina ertaineko hurritzak.
Antolaketan, elipse formako urmael bat dago, 15 x 5 m-koa. Partzelaren goiko erdialdean dago, XVI. mendeko dorrearen aurrean, 100 m ingurura, partzela bera ikusmenean duela. Ur-hornidurari dagokionez, zenbait hartune daude atzealdeko baso-eremuan. Halaber, iturri bat zegoen urmaelaren beheko aldearen parean (egun ez dago).
Partzela osoak zehar-drainadura du (hegoalde-iparralde), basotik sartuta larredia putzuz bete zezaketen urak irten zitezen.
Lorategiko zuhaitzak tamaina ertain/handikoak dira, espezie hauetakoak:
- Magnoliaz eta ezkiz osaturiko multzo bat lorategiaren iparraldeko erdian, jauregiaren hegoaldeko fatxadaren aurrean, ur-putzu handi baten ondoan landatuta. Putzuak harlauza handi bat du gainean, mahai baten gisa. Multzo hori jauregiaren hondakinetik gertuen dagoen zatian dago, errepidearen ondoan dagoen burdin hesitik hegoalderantz, 40 m ingurura. Eremu horretan, jauregiaren ipar-mendebaldeko izkinan, bi zuhaitz konifero handiren motzondoak daude. Uste dugu eraikinaren estalkia hondatu zutelako moztu zituztela zuhaitz horiek.
- Hiru zedrok eta izei batek osaturiko multzoa. Laurak oso handiak dira eta lorategiaren hegoaldean daude, XVI. mendeko dorrearen hegoaldeko fatxadaren aurrean. Halaber, eremu horretan, partzelaren hegoaldeko mugatik gertu, indigaztainondo arrunt bat dago, lore zurikoa eta tamaina ertain/handikoa.
- Partzelaren iparraldeko eta hegoaldeko mugen alboetan zuhaixka- eta zuhaitz-lerro batzuk daude. Hain zuzen, haritzak, sahatsak, lizarrak, ereinotzak eta hurritzak daude, itxuraz ordenarik gabe kokatuta. Iparraldeko mugan, erdialdean, zuhaitz-multzo bat dago, tamaina handikoa, izei batek, Atlasko zedro batek eta bi motatako palmondoek osatua.
- Bertako zuhaitzez -quercus robur- osaturiko multzo bat, partzelaren hondoan. Multzo horretan ixten da eraikinetatik ikus daitekeen perspektiba. Multzo horren iparraldean, enbor bikoitzeko haritz bat nabarmentzen da; haren ondoan, banku bat zegoen, esertzeko.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |