La Naval ontziola

La Naval ontziola edo Construcciones Navales del Norte (euskaraz: «Iparreko Itsas Eraikuntzak»), Sestaon dagoen ontziola da. Enpresa 2005. urtean sortu zen, "La Naval" ontziola historikoaren pribatizazioa burutzean, 2007. urtean 500 langile eta 10,46 milioi euroko irabazia lortu zuen.

La Naval ontziola
Datuak
Izen ofiziala
Construcciones Navales del Norte
Motaontziola
Jarduera sektoreaontzigintza
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Enplegatuak500 (2007)
Agintea
Egoitza nagusi
Ekonomia
Diru-sarrerak106.050.000 € (2007)
Irabazi garbia10.460.000 € (2007)
Historia
Sorrera2005
AurrekoakIZAR
Desagerpena2020ko abenduaren 18a
webgune ofiziala

Historia

"Infanta María Teresa" gurutzaontzi akorazatuaren uretaratzea Sestaoko Astilleros del Nervión ontziolan 1890. urtean

La Naval ontziolaren aitzindari izandako Astilleros del Nervión, Nerbioi ibaiko ontziola, 1891. urtean sortu zen. 1908an, Espainiako gobernuak Sociedad Española de Construcción Naval delako elkartea sortu zuen, Espainiar armadarentzako gerraontziak eraikitzeko asmoarekin. 1915ean ontziolak bestelako ontzien eraikuntzari ekin zion, Lehen Mundu Gerrak eragin zuen egoeraz baliatuta. Urte berean, Sestaoko ontziola berria eraiki zen. 1920an Alfontso XIII.a erregeak, ontziola berriak egindako lehen ontzia inauguratu zuen, erregearen izena zeraman Alfonso XIII 1.809 bidaiarientzako transatlantikoa (gero Errepublika garaiean Habana bezala berrizendatuko zena.

1924ean La Naval ontziolak Nerbioiko Ontziola erosi zion Bizkaiko Labe Garaiei, ontziolaren alokairua urte pare batez ordaintzen ibili eta gero. 1920ko hamarkadan, mundu gerra amaitu eta gero, ontziolak lehen krisialdia bizi izan zuen, eta krisiari aurre egiteko 1925ean burdinbideentzako materiala eraiki zuten. Gerra Zibilean 1936tik 1939ra, ontziolak etenaldia izan zuen. Gerra amaitzean, ontziolak, kargaontzi handien eraikuntzari ekin zion. 1944ean gerra osteko lehen ontziak amaitu ziren. 1946an hainbat ospakizun egin ziren, La Navalek eraikitako 50. ontzia zela eta ("Tornado" izeneko arrantzontzia).

Hazkunde handia eta krisialdia

1950eko hamarkadan zehar etengabe ateratzen ziren ontzi berriak ontziolako kaietatik, eta 1961ean 100. ontzia entregatu zen, Campocerrado izeneko petrolio-ontzia. 1969an Espainiako gobernuak, estatuan zeuden ontziolak batu eta Astilleros Españoles (AESA) izeneko enpresa publikoa sortu zuen. Horretarako, Astilleros de Cádiz, Euskalduna ontziola eta La Naval batu ziren. Sorturiko enpresa, munduko laugarren ontziolarik handiena zen 1960ko hamarkadaren amaieran.

1969tik 1974era AESAren barnean, La Naval ontziola, petrolio-ontzi eta kargaontzi handien eraikuntzan espezializatu zen, garai hartan eskaririk handieneko ontziak. 1974ean ontziolak bizi izandako krisialdirik larriena hasi zen eta nahiz eta urtebete beranduago ontziolak bere 200. ontzia entregatu ("Ondiz" izenekoa), diru pribatuak ontziolatik ihes egin, eta Espainiar estatua bakarrik geratu zen "Instituto Nacional de Industria" delakoaren bitartez enpresako akziodun moduan.

1982tik 1986ra, gobernuak diru-laguntza handiak eman zizkien estatu osoko ontziolei Hego Koreako ontziolek eskaintzen zituzten prezio merkeei aurre egin ahal izateko. Dena den, Espainia 1986an Europar Batasuneko kide bihurtzean, diru-laguntzak bertan behera utzi behar izan zituen gobernuak. Eskaririk gabe, Espainiar estatuko ontziola askok ateak itxi behar izan zituzten. Bizkaian Euskalduna ontziola eta Asua eta Olabeagako azpiegiturak itxi egin ziren. Itxitako ontzioletan, Sestaoko La Navalen ez bezala langileen ordezkari nagusia ELA sindikatua zen. Azkenik, PSOEren gobernuak, Sestaoko ontziola bakarrik utzi zuen zabalik (bertan sindikatu nagusia UGT zen).

Azken urteak

1988tik 2000ra bitartean, La Naval ontziolak produktu kimikoen eta gas garraiorako ontzi bereziagoak eraiki zituen, Hego Koreako ontziolekin lehiatzeko asmoarekin. 1998an SEPI delako erakunde publikoak, Astilleros de Sestao S.R.L. enpresa sortu zuen, Astilleros Españoles enpresaren barruko azpienpresa. Bi urte beranduago Espainiar estatuko ontziola zibil guztiak ontziola militarrekin (Empresa Nacional Bazán) batu eta "IZAR" delako enpresa sortu zuen.

Dena den, Izarrek porrot egin zuen, PPren gobernuak emandako diru-laguntzak itzultzeko Europar erakundeek emandako aginduagatik, eta mundu mailan lehiatzeko ontziolek zuten ezintasunagatik. Gauzak horrela, gobernuak ontziolak bitan banatu zituen, batetik militarrak "Navantia" delako enpresan eta bestetik ontziola zibilak. Navantiaren egiturari, Izar enpresa publikoa osatzen zuten hiru ontziola zibil batu zitzaizkien, baina horien artean ez zegoen La Naval ontziola.

Enpresa berrian sartu ez ziren ontziolak, saldu edo desagertzeko arriskuan zeuden. Saldu aurretik, gobernuak ontziolaren egoera hobetzeko asmoarekin, 578 langile aurrejubilatu zituen, eta azkenik 2006an, urte bat lehenago sortutako Construcciones Navales del Norte (CNN) sortutako enpresari saldu zioten ontziola. Salmenta horren kopurua jakitera eman ez zen arren, bost milioi euro inguru ordaindu zirela uste da. CNNk aurretik lan egiten zeuden 340 langileen lanpostuak mantendu eta beste 236 langileri "Enplegua Araupetzeko Espedientea" egin zieten.

2007an jabe berriekin entregaturiko lehen ontzia Sestao Knutsen izan zen. 2009an zehar Cristobal Colon eta Simon Stevin dragen eraikitzea amaitzean, aldi baterako langile gehienak kaleratu zituzten eta azkenik 2010eko otsailean, urte osorako Enplegua Arautzeko Espedientea (EAE) aurkeztuko zutela jakinarazi zen[1].

2015eko urtarrilaren 5ean, La Navalek hiru urteko bi kontratu sinatzea lortu zuen, bi galga egin ahal izateko. Bi milioi lanordu izango ziren 2018 bitartean eta ontziek 158 metroko luzera eta 36 metroko zabalera izango zuten[2].

Urtarrilaren 16an, Belgikako konpainia batentzat beste ontzi bat egitea lortu zuen[3].

Akziodunak

Sestao Knutsen gasontzia, Sestaon 2005ean.
Sestaoko ontziola 2013an.

2005ean egindako pribatizioaren ondoren, enpresaren akziodunak, honakoak dira:

  • Astilleros de Murueta, s.a. (%34,36%): Muruetan egoitza duen Bizkaiko ontziola historikoa.
  • IDIE (Inversor para el Desarrollo de Iniciativas Empresariales) (34,36%): Ingeteam taldeko eskumendeko enpresa.
  • Iniciativas Navales del Norte, s.l. (12,37%): IZAR eta Navantia enpresa publikoen buru izandako José Luis Álvarez Garcíak sorturiko enpresa.
  • Naviera del Nervión, s.l. (10,31%):
  • Global Nogues, s.l. (Knutsen Taldea) (8,60%): Knutsen Taldeko enpresa.


Eraikitako ontziak

Sakontzeko, irakurri: «La Naval ontziolan eraikitako ontziak»

Ontziolak historian zehar eraikitako ontzirik garrantzitsuenak honakoak dira, kontuan izan behar da zerrenda honek, ontziolak itsasontziei jarritako zenbaki berak dauzkala:

Zenbakia Izena Ontzi mota Luzera Zabalera Ontzijabea Itsasoratze data
1 Alfonso XIII Bidai-ontzia 146,30 18,59 Cia. Transatlántica 1923
21 Juan Sebastián Elcano Belaontzia 140,12 17,06 Cia. Transatlántica 1928
50 Tornado Arrantzontzia 65,04 10,85 Naviera Aznar 1949
55 Monte Urbasa Kargaontzia 138,68 18,92 Naviera Aznar 1948
61 Monte Urquiola Kargaontzia 138,68 18,92 Naviera Aznar 1949
75 Cabo San Roque Bidai-ontzia 155,00 21,00 Ybarra y Cía. 1957
100 Campocerrado Petroliontzia 130,22 17,22 Campsa 1961
148 Zaragoza Petroliontzia 252,00 39,00 CESPA 1968
182 Urquiola Petroliontzia 262,00 39,00 Artola 1973
201 Tavira Petroliontzia 265,00 40,00 Artola 1976
273 Mikhail Kalatozov Kimikaria 117,50 20,50 Sobietar Batasuna 1988
285 Marie Knutsen Petroliontzia 251,50 42,50 Knutsen 1992
319 Iñigo Tapias Gasontzia 271,00 42,50 Naviera Fernando Tapias 2003
?? Bilbao Knutsen Gasontzia 284,40 Knutsen Oas España SL 2006
?? Sestao Knutsen Gasontzia 284,40 Knutsen Oas España SL 2007
332 Cristobal Colon Draga 214,00 Jan de Nul 2009
333 Simon Stevin 191,50 Dredging & Maritime Management 2009

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.