La Main Rouge

La Main Rouge (Esku Gorria) Frantziako talde armatu bat zen. 50eko hamarkadan atentatu asko egin zuten Europan eta Iparraldeko Afrikan. Ofizialki, eskuin muturreko kolono batzuek sortu zuten, Afrika iparraldeko mugimendu independentisten kontra borrokatzeko[1]. Egiazki, Frantziako Kanpo Dokumentazio eta Kontra-Espioitza Zerbitzuarentzako (SDECE) egiten zituen atentatuak[2].

Atentatuen jomugan zituzten Maroko, Aljeria eta Tunisiako militante independentistak eta Aljeriako Nazio Askapenerako Fronteari (FLN) armak saltzen zizkietenak, FLNren abokatuak eta Aljeriako gerran Frantziako armadari traba jartzen zien herritar oro.

Erakundea gelditu zen 1962an, Aljeriak independentzia lortu zuenean.

Frantziako zerbitzu sekretuen tresna

Frantziako Gobernuak eta DGSEk (SDECEren ondorengoa) ez dute aitortu La Main Rouge erakundearen atzean zeudenik. Eta artxiboak oraindik sekretupean daudenez, ezin da ofizialki baieztatu. Baina hainbat agentek eta arduradunek eman zuten lekukotasuna 2010eko urteetan, eta kazetari batzuek ikerketa lanak egin zituzten. Roger Faligot eta Jean Guisnel kazetariek Histoire secrète de la Ve République (V. Errepublikaren historia sekretua) liburuan idatzi zuten erakunde hura “Frantziako zerbitzu sekretuen hiltzeko makina” zela.

La Main Rouge erakundearen atentatuak agintzen zituztenak ziren, batetik, Jacques Foccart Charles De Gaulle Frantziako presidentearen aholkulari eta Michel Debré Lehen Ministroarekin harreman zuzena zeukana, bestetik, Paul Grossin jenerala eta SDECEko buruzagia, eta, azkenik, Robert Roussillat koronela, Ekintza Zerbitzuetako buruzagia. Atentatuen agindua Matignonetik (Frantziako Lehen Ministroaren egoitza) joaten zen, eta dosier guztiak erretzen zituzten atentatua egin ondoren[2]. 2017an Jacques Foccarten artxiboan aurkitutako zuten dokumentu bat, Foccartek berak izenpetua: "1958ko abuztuaren 3an jasoa, printzipiozko adostasuna ematen dut"[3].

Ekintza Zerbitzuko sortzaileetako batek, Bob Maloubier Frantziako Erresistentziako kide ohiak, azalpen hauek eman zituen: “Zerbait gertatzen zen guztietan, erraten genuen: La Main Rouge izan da! Baina La Main Rouge ez zen existitzen!”[4].

Atentatuak

Afrika iparraldean

Tunisiako mugimendu abertzaleko hainbat arduradun hil zituzten. 1952ko abenduaren 5ean Tunisiako Lanaren Batasun Nagusia (Union Générale Tunisienne du Travail) alderdiko idazkari nagusi Farhat Hached hil zuten. 1953ko irailaren 13an Hédi Chaker tunisiar liderra hil zuten. 1954ko uztailaren 13an, Abderrahmen Mami hil zuten. Horiez gain beste atentatu ugari egin zuten.

Marokon hainbat atentatu egin zituzten. Frantziako polizia bat atxilotu zuten atentatu haietako batean parte hartzeagatik, baina kargurik gabe utzi zuten aske geroago[5]. Polizia hark, urte batzuk geroago adierazi zuen “berriz egin behar balitz, egingo” lukeela[5].

Europan

FLNren aldekoen kontrako atentatuak eta atentatu-mehatxuak egin zituzten Europan. 1956ko irailaren 28an egin zuten lehen atentatua Europan, Hanburgon (Alemania). Otto Schlütter FLNri armak saltzen zizkion arma ekoizle baten kontra. Enpresako langile bat hil zen atentatu hartan. Haren kontrako beste atentatu batean, haren ama hil zuten, 1957ko abenduan.

1957ko irailaren 9an, Georges Geitser detonagailu ekoizleari labana sartu zioten Genevan. Irailaren 19an, Genevan, Marcel Leopold arma saltzailea hil zuten, zerbatana bidez gezi pozoitsu bat botata[6].

1958ko azaroaren 5ean, FLNren eta arma saltzaileen arteko lotura egiten zuen abokatu bat, Ameziane Aït Ahcène, hil zuten, metrailetarekin tiro eginda, Bonnen (Alemania)[7].

Mendebaldeko Alemanian eta Suitzan aritzeaz gain, Frantzian, Espainian, Belgikan, Italian eta Herbeheretan ere egin zituzten atentatuak. Jende asko hil zuten, esate baterako, 1960an 135 hil zituzten, eta 1961ean 103.

Erreferentziak

  1. «La main rouge contre le FLN» Libération 2001/7/18 (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).
  2. Nouzille, Vincent, (1959- ...). (DL 2015). Les tueurs de la République : assassinats et opérations spéciales des services secrets. Fayard ISBN 978-2-213-67176-5. PMC 905100818. (Noiz kontsultatua: 2020-01-27).
  3. Follorou, Jacques. (2017/9/5). «Un document signé Jacques Foccart établit la pratique des assassinats ciblés de l'État français» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).
  4. Histoire des services secrets français : L'heure des combats, 1940-1960. (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).
  5. Mandraud, Isabelle. (2010/3/20). «L'assassinat d'un nationaliste tunisien en 1952 revient devant la justice française» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).
  6. Histoire secrète de la Ve République. La Découverte 2006 ISBN 2-7071-4902-0. PMC 421707844. (Noiz kontsultatua: 2020-01-27).
  7. Révélation sur l’histoire de La Main Rouge : En Tunisie & Ailleurs. .
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.