Langile Abertzaleen Batzordeak

Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) Euskal Herriko klase sindikatu bat da, 1974. urtearen bukaeran sortua, eta bere burua Ezker Abertzalearen barnean kokatzen duena. Gaur egun Euskal Herriko laugarren sindikatua da afiliatu kopuruaren aldetik (ia 50.000 baititu[1]), baina bigarren sindikatua delegatu kopuruari dagokionez (2024ko urtarrilean 4.897 zituen Hego Euskal Herrian[1], lau probintzietako ordezkaritza sindikalaren %19,6). Euskal Herri osoan presente dagoen sindikatu bakarra da. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira bere koordinatzaile orokorrak 2022tik[2].

Langile Abertzaleen Batzordeak
Datuak
Izen laburraLAB
Motasindikatua
HerrialdeaEuskal Herria
IdeologiaEusko abertzaletasuna, independentismoa, sozialismoa eta feminismoa
Jarduera
KidetzaEstaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataforma
Kide kopurua49,476
Honen parteezker abertzale eta Koordinadora Abertzale Sozialista
Agintea
Idazkari orokorraGarbiñe Aranburu
Historia
Sorrera1974
webgune ofiziala
Inguma: lab-sindikatua

LABek bere burua Euskal Herri «independente, sozialista, feminista eta euskalduna» eskuratzeko «euskal langileen askapen osorako tresna gisa» definitu du.[3]

Nazioartean, LAB sindikatua bi erakundetako partaide da: Munduko Federazio Sindikala, eta Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataforma.

Antolaketa

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileen manifestazio bat Iruñean, 2020ko azaroaren 17an, LAB sindikatuak antolatua.

Hilero kuota bat ordaintzen duten afiliatuen ekarpenari esker lortu du LABek bere diru sarreren %90 berea izatea[4]. 2006.urtean LABek 45.000 afiliatu inguru zituen, Euskal Herriko lurralde guztietan banatuta. Alabaina, krisi ekonomiko gogorra etorri zen gero eta, sindikatu guztiei gertatu zitzaien gisara, LABek milaka afiliatu batzuk galdu zituen. Hala, 2017ko maiatzean Gasteizen eginiko IX. Biltzarrean informatu zuen afiliazio galerari buelta ematea lortu zuela eta 40.500 bat afiliatu zituela[4]. Hurrengo urteetan ere gora egin zuen bere afiliatu kopuruak eta 2021 urtearen hasieran 45.000 afiliaturen inguruan zebilen berriz ere. Goranzko joera horri jarraituz, 2022. urtea 47.742 afiliaturekin bukatu zuen[5] eta 2023.a, 49.476 afiliaturekin[1].

LAB sindikatua, bere ekintza sindikala bideratzeko, hiru federaziotan dago antolaturik: Zerbitzu Publikoak, Zerbitzu Pribatuak eta Industria.

Eskualdeka ere antolatzen da (eta ez herrialdeka), 17 eskualdetan, eta Euskal Herriaren luze zabalean 44 egoitza zituen 2020. urtean: 4 Araban, 12 Bizkaian, 16 Gipuzkoan, 2 Lapurdin eta 10 Nafarroan. Egoitza nazionala Donostian du, Igara industrialdean.

LABek hainbat zuzendaritza organo konfederal ditu: Biltzar Nagusia, Biltzar Nagusi artekoa, Nazio Biltzarra, Nazio Komitea, Komite Exekutiboa eta 17 eskualdeetako idazkaritzak. Bere azken biltzar nagusia, hamargarrena, 2022an egin zuen.

Historia

Sorrera (1974-77)

LABen lehenbiziko logotipoa Korrika 6ren pankarta batean, 1989an.

Hego Euskal Herrian, 1970eko urteetan, Francoren diktaduraren aurkako borrokaren indartzearekin batera, langileak lantokietan antolatzen hasi ziren eta paper erabakigarria izan zuten diktaduraren aurkako konfrontazioan. Testuinguru hartan, eta euskal langileen masa antolakunde bat sortzeko beharrari erantzunez, LAIA alderdi iraultzaile eta abertzale sortu berriak LAK Langile Abertzale Komiteak (COA Comisiones Obreras Abertzales, gaztelaniaz) izeneko langile taldeak sustatu zituen 1974ko udan, emantzipazio nazional eta sozialaren alde ikuspegi sozialista batetik borrokatzeko.

LAK haietako gehienen eboluzio azkarraz jaio zen Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) 1974ko udazkenean, langile abertzale eta ezkertiarrei antolakuntza eta borrokarako esparrua eskaintzeko asmoz. LABek bere lehenbiziko batzarra 1975eko otsaileko gau batean egin zuen, Miarritzeko (Lapurdi) gozotegi batean[6]. Batzar hartan 40 ordezkari inguruk hartu zuten parte ‒gehienak gipuzkoarrak‒ eta, besteak beste, erabaki zuten egitura berria bitarteko ekonomiko eta tekniko gehiagoz hornitzea, ahal bezainbeste ekarpen teoriko egitea eta hurrengo batzarra Hegoaldean egitea.

Jon Idigoras izan zen LABeko sortzaile ezagunenetariko bat; lehenbiziko batzarretan hartu zuen parte, eta zuzendaritzako kide aukeratu zuten Iralako (Bilbo, Bizkaia) frantziskotarren komentuan eginiko batzar orokorrean, Joselu Cereceda, Martin Auzmendi edo Xabier Elorriagarekin batera. Batzarrean, LABen lehenbiziko logotipoa aukeratu zuten, fabrika baten eta argizaiol baten irudiak nahasten zituen hura. Eta batzarraren ondotik, 1975eko maiatzean, LAB sindikatua jendaurrean aurkeztu zuten eta bere oinarrizko printzipioak ezagutarazi zituzten.

LAB profil politiko zabaleko erakunde gisa sortu zen, bertan bat egin ahal zezan esplotazio bikoitzaren ‒naziokoaren eta klasekoaren‒ aurka borrokatu nahi zuen jende guztiak. Baina, hain zuzen ere, nazio zapalkuntzari emandako garrantzia izan zen LABen eta beste langile masa erakunde batzuen artean alde politikoa markatu zuen kontua.

Agitazio politiko handiko urtea izan zen 1975koa. Frankismoak ez zuen hil nahi izan, eta errepresio handiz erantzun zien fabriketako zein kaleko borrokari edo ezkerreko talde armatuen borrokari. Konparazio batera, 1974ko urtearen bukaeran 245 euskal preso politiko zeuden, baina 1975koaren bukaeran, 749 (gehienak ETAren bi lerroetakoak).[6] Bada, garai hartan baziren antolakunde ezkertiar eta abertzale guztien borrokak koordinatzen saiatzeko sortu zen abuztuaren 1ean Koordinadora Abertzale Sozialista izenekoa. ETApm eta ETAm erakunde armatuek sortu zuten, eta LAIA eta EHAs alderdiek. Aurreraxeago LAB eta COA-LAK erakunde sindikalak sartuko ziren (azken hori LAIAren esku zegoen).

LABek 1976ko urriaren 17an egin zuen bere lehenbiziko Asanblea Nazionala. Edo, hobeki esanda, Biltzar Nazionalaren lehen zatia egin zuen egun hartan, bigarren zatia 1977ko urtarrilaren 23an egin baitzuen. Urrikoan, Hegoaldeko lau herrialdeetako 250 ordezkari inguruk hartu zuten parte. LABek bere izaera soziopolitikoa finkatu zuen orduko hartan. Masa antolakundetzat zuen LABek bere burua, eta mugimendu asanblearioaren defentsa sutsua egiten zuen. Era berean, afiliatuak izatea erabaki zuen.

Hasiera batean, Euskal Herriko langileen sindikatu unitarioa sortzea zuen LABek helburutzat, fabriketako batzarren erabakien zerbitzura egongo zena. Baina beste inork hartu ez zuenez LABek eginiko proposamen hori, eta ikusita sindikatu handiek oso bide ezberdinak hartuak zituztela, LAB sindikatu konbentzional bilakatzeko urratsak egin zituen. Hala, 1977ko maiatzaren 24an sindikatuaren eratze akta eta estatutuak aurkeztu zituzten beharrezko legezko erregistroan, izen honekin: "Federación de Asociaciones Obreras Sindicales (Langile Abertzaleen Batzordeak)". Hurrengo eztabaida izan zen hauteskunde sindikaletan parte hartu ala ez. Hauteskundeak egiteko modua zehazten zuen legea gogor kritikatu zuen LABek, baina parte hartzea erabaki zuen azkenean. 1978ko urtarrilean eginiko hauteskunde sindikaletan LABek emaitza eskasak erdietsi zituen.

Lehen bi biltzarrak (1978-80)

LABek 1978ko maiatzaren 25etik 28ra egin zuen bere I. Biltzarra, Leioan (Bizkaia). Biltzarkideek gehiengo handiz berretsi zituzten LABen oinarri ideologikoak (haien artean, langile batasuna fabriketako batzarren bidez bilatzen segitzea, eta ez enpresa batzordeen bidez), baina eztabaida sutsua izan zuten KASen jarraitzeari buruz. Ideologikoki LAB KASen sintonia berean zegoen arren, azkenean, autonomia sindikalaren izenean, KASetik atera zen LAB bere eguneroko jardunean. Biltzar hartan aukeratu zuten Idazkaritza Nazionaleko zortzi kideetatik bost EIA alderdikoak ziren, bi HASIkoak, eta zortzigarrena Jon Idigoras zen.

LABek, sortu berria zen Herri Batasuna koalizioak bezalaxe, 1978ko Espainiako Konstituzioaren aurkako kanpaina egin zuen, besteak beste, ez zuelako Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen eta kapitalismoaren eredu sozioekonomikoa finkatzen zuelako; LAB-en propaganda leloetan laburbilduta: "Konstituzio honi ez. No a una constitución antiobrera y antivasca". Bestalde, 1979an, ez ziren gutxi izan LABen barnean izandako eztabaidak Espainiako hauteskundeen aurrean eta Gernikako Estatutuaren aurrean hartu beharreko jarreraren inguruan. Azkenean, ez batean eta ez bestean ez zen argi gelditu zein zen sindikatuaren jarrera.

Modu argiagoan jo zuen LABek Espainiako Langileen Estatutuaren aurka, sindikatuaren iritziz, murriztailea, kontinuista eta zentralista baitzen. LABek, SU eta CSUT sindikatuekin batera, greba orokorra deitu zuen 1979ko azaroaren 27rako estatutu proiektuaren aurka. Deitzaileen iritziz greba arrakastatsua izan zenez, CCOO eta ELA behartu zituzten abenduaren 7an beste greba bat deitzera; UGTk ez zuen bat egin, ordurako sinatua baitzuen enpresaburuen elkarteekin Akordio Marko Interkonfederala izenekoa. Abenduko grebak Hego Euskal Herria erabat gelditu omen zuen. Dena dela, Espainiako Langileen Estatutua 1980ko martxoan sartu zen indarrean.

LABen II. Biltzarra 1980ko udaberrian zen egitekoa, baina hura egin aurreko hilabeteetan barne eztabaidetan lokaztua egon zen sindikatua, batez ere KASen berriz sartzearen ingurukoetan. Eta jarrerak hain zeuden kontrajarriak, bi biltzar ezberdin antolatu baitzituzten batzuek eta besteek. LABen ordu arteko bidea babesten zutenek mila delegatu inguru elkartu zituzten Leioan, apirilaren 11tik 13ra; ez zuten bozkatu ea KASen sartuko ziren, baina aurrera atera zen LABek KAS alternatiba bere egiten zuela zioen mozio bat. EIAren lekukoa hartua zuen Euskadiko Ezkerrak sostengaturiko sektoreak, berriz, Donostian egin zuen biltzarra; 500 delegatu inguru batu zituen; eta erabaki zuen LABeko jendea ELA sindikatuan sartzeko modua izanen zela indibiduala eta ez denak batera.

Urriaren 18an, Ormaiztegin (Gipuzkoa), ezohiko biltzarra egin behar izan zuten lehenago Leioan elkartu zirenek. KASen sartzea erabaki zuten, gehiengo osoz, baina ez begirada prozesu iraultzailearen bukaeran jarrita, baizik KAS alternatibaren puntu guztiak konkistatzearen aldeko jarreran jarrita.

1980ko urteak

1973tik mundu kapitalista astindu zuen krisi ekonomikoak gogor jo zuen Euskal Herria 1980ko urteetan, batez ere ordu arte punta-puntako sektoreak izan ziren ontzigintzan (Euskalduna, adibidez) eta sektore siderometalurgikoan (Bizkaiko Labe Garaiak, adibidez). Sektore horietan langabeziak gora egin zuen etengabe eta 1981eko azaroaren 23rako greba deialdia egin zuten CCOOk eta UGTk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Metalean. LABek bat egin zuen greba harekin, baina ikuspegi zabalagoa eman zion, eta grebak Nafarroara eta beste sektore batzuetara egin zuen salto.

1982an Espainiako Gobernua PSOEk eskuratzeak industria birmoldaketa baino ez zuen indartu. Han eta hemen sortu ziren langabeen batzarrak, eta LABek Gobernuaren politika ekonomikoari aurre egiteko sentsibilizazio eta mobilizazio kanpaina bat abiatu zuen; kanpaina haren barnean, 1983ko abenduan batzarra egin zuten Gasteizen 700 delegaturekin. 1984ko otsailaren 3an Metaleko beste greba bat egon zen, ELAk, CCOOk eta UGTk deituta; LABek bat egin zuen grebarekin, nahiz eta ez zuen beste hiru sindikatuen jokabideekin bat egiten.

Bizkaiko ontzigintzaren desegiteak ere ekarri zuen greba handirik; hala nola, 1984ko uztailaren 12koa eta abenduaren 11koa. LABek parte aktiboa izan zuen Euskalduna ontziolaren enpresa batzordean, eta hark kale borroka sustatu izanak tirabirak sortu zituen LABen eta CCOOren artean. LABek eta HBk estrategikotzat jo zuten ontziolaren itxieraren aurkako borroka ‒itxierak inflexio puntua ezar baitzezakeen euskal industriaren egoera krtitikoan‒, baina baita Espainiako Gobernuak ere, eta langileek eskura zituzten borroka tresna guztiak erabili bazituzten, Gobernua ez zen atzean gelditu. Konparazio batera, 1984ko azaroaren 23an Polizia sindikatuen ontzioletako lokaletan sartu zen ‒UGTkoan izan ezik‒, hankaz gora jarri zituzten, langileen aurka benetako munizioarekin tiro egin zuten, hainbat atxilotu eta zauritu izan ziren, eta langile bat hil zen: Pablo Gonzalez Larrazabal[7]. Euskaldunaren itxieraren balorazioa egiterakoan (Egin, 1985/01/08), LABek langileen etsaitzat jo zuen UGT, azpimarratu zuen CCOOk Madrilen terroristatzat jo zituela tiragomak erabili zituzten langileak, eta nabarmendu zuen EAJ zein ELA "ikaratu eta desagertu" zirela.

Euskalduna, Labe Garaiak, Acenor, Magefesa eta beste hamaika enpresaren itxierek edota plantilla txikitze basatiek milaka eta milaka lanposturen galera ekarri zuten euskal Industrian ‒ia 200.000 lanpostu 1973 eta 1985 urteen artean‒[6]. 1985ean hasi zen berreskuratzea, gutxika-gutxika, langabezia altuarekin oraindik ere ‒1987an, 225.000 langabe inguru zeuden Hego Euskla Herrian‒ eta lan merkatuaren malgutasun prozesua gero eta indartsuago eginez.

1988ko abenduaren 14an Espainiako historia garaikidean ziurrenik inoiz egin den greba orokorrik arrakastatsuena egin zen (halakoxea izan zen baita hego Euskal Herrian ere), PSOEren gobernuak aurkezturiko Gazte Enplegu Planaren aurka, enpresaburuei ia dohainikako lan-eskua eskaintzen baitzien. LABek bat egin zuen greba harekin, baina ikuspegi zabalagoa eman nahi izan zion. Grebaren ondorioz-edo hobekuntza neurri batzuk lortu ziren ‒haien artea plana erretiratzea‒, baina LAB ez zen ase gelditu, neurri estrukturalak eskatzen baitzituen, eta ez koiunturalak.

1980ko urteetan, LAB pixkanaka-pixkanaka joan zen bere ordezkaritza handitzen (1980an %4,53 zuen, eta 1990ean %12,58); baina, batez ere protagonismoa hartu zuen kaleratzeen aurka edo erreforma eskubide-murriztaileen aurka erakutsitako jarrera irmoarengatik: mobilizazioak, grebak, lantegien okupazioak, ekintza zuzenak... Adibidez, 1985ean, PSOEren gobernuak Gizarte Segurantza erreformatu zuela-eta, ELAk eta CCOOk greba orokorra deitu zuten ekainaren 20rako; baina hori baino lehenago, ekainaren 5ean, LABeko hainbat delegatuk Espainiako Gizarte Segurantzaren bulegoak okupatu zituzten Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Hasieratik LABen ohikoak ziren barne eztabaida ideologikoen egoerari dagokionez, aipatzekoa da 1987an HASI alderdian egon zen zatiketak KASeko eragile guztiak ukitu zituela, baita sindikatua bera ere. Barne liskarrek LABen funtzionamendu nazionala oztopatu zuten hein handi batean, baina sindikatuko Idazkaritza Nazionalaren gehiengoak KASen tesiaren alde egiten jarraitu zuen, bidean militante batzuk-batzuk galduagatik ere. 1987ko apirilaren 4an Altsasun batzartu zen LABeko Batasun Nazionala. 105 kide elkartu ziren eta Idazkaritza Nazional berria hautatu zuten: Javier Elorriaga eta Eli Virumbrales Arabatik; Joselu Cereceda, Peio Elexpe eta Marian Verdes Bizkaitik; Rafa Diez, Juantxo Latasa eta Jose Maria Sasiain Gipuzkoatik; eta Patxi Erdozain, Santos Indakoetxea eta J. Landa Nafarroatik. Hurrengo urtean Gernikan eginiko Batasun Nazionalean erabaki zuten Idazkaritzan hiru kide gehiago sartzea eta koordinazio politikoa zein dinamizazio sindikala eramango zituen Iraunkor bat osatzea.

1990eko urteak

LAB sindikatuak 1990etik erabili zuen logotipoko pegatina zaharren multzo bat.

1990. urtearen hasieran LAB sindikatuak 2.100 delegatu zituen, eta 17.000 afiliatu inguru. Urte hartan hasi zen logotipo berria erabiltzen (sindikatuaren siglak laukizuzen baten barnean, eta haien azpian siglen azalpena: langile abertzaleen batzordeak). Eta, hain zuzen ere, urte hartako hauteskunde sindikalak pasatuta hasi zen sortzen LABen eta ELAren arteko elkarlana, gutxienez hamarkada bat iraungo zuena, lan esparru eta harreman propioen aldekoa. Ordurako, bi sindikatuek bazuten EAEko ordezkaritza sindikalaren erdia baino gehiago.

Sindikatuaren bigarren biltzarretik hamabi urtera egin zuen LABek III.a Leioan, 1992ko martxoaren 19tik 21era. 600 ordezkari elkartu ziren: 240 Bizkaitik, 237 Gipuzkoatik, 58 Nafarroatik eta 45 Arabatik. Hiru ponentziaren inguruan erabaki behar izan zuten: koiuntura azterketa (Rafa Diez Usabiagak aurkeztua, ordurako sindikatuaren koordinatzaile nagusi lanak egiten baitzituen), ekintza sindikala eta antolakuntza. LABen estatutu berriak onartu zituzten eta, neurri zehatzagoei dagokienez, besteak beste, sindikatuan emakumeen arloa sortzea erabaki zuten, "emakumeek lan esparruan jasaten duten bazterketaren inguruko kontzientzia" sustatze aldera; emakumeek, dagoeneko, afiliatu guztien herena osatzen zuten.

Espainia Europar Batasunean sartzeko konbergentzia planek murrizketak egitera eraman zuten PSOEren Gobernua. Haien aurka borrokatu zen LAB, batzuetan bakarka, batzuetan beste sindikatuekin batera. Konparazio batera, 1992ko apirilaren 15ean, LABen 1.500 delegatuk INEM Espainiako Enplegu Institutuaren 25 bulego okupatu zituzten, Carlos Solchaga ministroak langabezia prestazioetan egin nahi zituen murrizketak zirela-eta protesta egiteko. Eta maiatzaren 27an greba orokor arrakastatsua izan zen arestian aipaturiko arrazoiari desegite industrialarena gehituz, ELA, CCOO eta UGTrekin batera ‒azken horrek ez zuen babestu egun horretan Nafarroan ere egitea, "Espainiako" greba hurrengo egunerako baitzegoen jarria‒.

Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan eragina izan zuen bigarren birmoldaketa industrialak dinamika eta borroka askotan bat egitera eraman zituen LAB, ELA eta CCOO. 1993ko otsailaren 12an, ekintza batasunerako akordioa sinatu zuten hiru sindikatuek, "Euskadiren etorkizuna industrializaziotik eta enplegutik pasatzen da" izenburupean. UGT eta Nafarroako CCOO akordio haren aurka agertu ziren, Nafarroa barne sartzen zuelako. Ekintza batasun haren lehenbiziko fruitua martxoaren 5ean Ezkerraldean eginiko greba orokorra izan zen. Dena dela, batasun hark, asko jota, urtebete iraun zuen eta, adibidez, ez ziren Maiatzaren Lehen bateratua egiteko gai ere izan.

PSOEk 1993ko hauteskundeak irabazi zituen berriz ‒baina ordu hartan gehiengo sinple batekin‒ eta lan merkatua erreformatzeari ekin zion; enplegu prekaritatea erraztuz, kaleratzeak merkatuz eta negoziazio kolektiboa zentralizatuz. Erreformari aurre egiteko moduek, denborek eta arrazoiek zartatu zuten LAB, ELA eta CCOOren arteko ekintza batasuna. Salaketa publiko sutsuak izan ziren alde batetik bestera eta, azken unean, ELAk eta CCOOk adostu zuten 1994ko urtarrilaren 27an greba orokorra egitea, Espainian bezala baita Hego Euskal Herrian ere. LABi ez zitzaion akordio hura gehiegi gustatu, baina grebarekin bat egin zuen.

Espainiatik zetozen erreforma eta murrizketei aurre egiteko modurik onena zelakoan, lan harremanen esparru propio baten aldeko borroka bateratua sustatzen segitzeko lanean, LABek eta ELAk manifestazio nazionala antolatu zuten 1994ko otsailaren 19an, Bilbon, Euskal langileok geure buruaren jabe lelopean. Antolatzaileez landara, honako eragile hauek babestu zuten manifestazioa: HB, EA, Euskal Ezkerra, Zutik, Eusko Abertzale Ekintza, ESK-CUIS, STEE-EILAS, eta Jarrai. LAB eta ELAko ordezkariek bazekiten alor sindikalean ari zirela dinamika bat eramaten alor politikoarentzat eredu izan zitekeena, eta halaxe adierazi zuten.

1994ko Maiatzaren Lehena elkarrekin ospatu zuten LABek eta ELAk, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Tuteran. Bai eta 1995eko Aberri Eguna ere (Bilbon). Azken horretarako, manifestu bateratua atera zuten bi sindikatuek euskal nazioa aitortuz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz, gatazka armatua gainditzeko elkarrizketa eta negoziazioa eskatuz, lan harremanetarako esparru propioa galdeginez, eta euskal langileak eraikuntza nazionalarekin bat egitera deituz. 1995eko Maiatzaren Lehena ere elkarrekin ospatu zuten bi sindikatuek, Bilbon.

1994ko Espainiako lan erreforma batek ABLE Aldi Baterako Lan Enpresak legeztatu zituen, eta haien aurkako borroka abiatu zuen LABek, "esklabistatzat" jotzen baitzituen. Adibidez, 1995eko azaroaren 10ean ECCO multinazional frantsesaren bulegoak okupatu zituen Gasteizen.

1996ko apirilaren 19 eta 20an IV. Biltzarra ospatu zuen LABek, Langileok gizarte aldakuntza bultzatuz egunero Euskal Herria eraiki lelopean. Biltzarra baino lehenagoko bezperan, Rafa Diezek adierazi zuen sindikatuak 23.857 afiliatu zituela eta azken hauteskundeetan 50.000 boto baino gehiago jaso izan zituela[8]. Hain zuzen ere Rafa Diez LABeko idazkari nagusi izendatu zuten, lehenbizikoz ardura horri izen hori emanez. Emakumearen alorrari "LAB Emakumeak" izena eman zitzaion eta gazteena ere sortu zen: "LAB Gazteak" (Ainhoa Etxaide Amorrortu izan zen bere lehenbiziko arduraduna). KAS desagertua zen dagoeneko eta LABek Biltzarra baliatu zuen bere estrategia sindikala eta autonomia balioesteko, Ezker Abertzalearen erakunde sindikal gisa betiere.

1996ko Maiatzaren Lehena, berriz ere, elkarrekin ospatu zuten LABek eta ELAk. Eta Iruñean egin zuten. Manifestazioak 20.000 pertsona inguru batu zituen eta bukaerako mintzaldietan prekaritatea eta langabezia aipatu zituzten batez ere, bai eta Hego Euskal Herrian dagoeneko nahiko bereizita zeuden bi sindikalismo eredu ezberdinak ere. Baina LAB eta ELAren arteko ekintza batasuna ez zegokion bakarrik esparru sindikalari, eta, adibidez, abuztuaren bukaeran sakabanaketaren aurkako eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestu bat sinatu zuten elkarrekin, Senideak elkarteak eskatuta. Batasun horrek gorabeherak izan zituen, noski; konparazio batera, ETAk 1997ko martxoan Javier Gomez Elosegi ELAko afiliatua hil zuenean bezala. Hartara, urte hartan ez zuten Maiatzaren Lehena elkarrekin ospatu. Baina UGTk eta CCOOk CEOErekin urte hartan adosturiko lan erreformaren aurka batera borrokatu ziren, ESK eta STEE-EILAS sindikatuekin batera.

1998an 35 orduko lanastearen aldeko dinamika bateratua abiatu zuten LABek eta ELAk. Ekimen ugari egin zituzten gai horrekin lotuta, besteak beste manifestazio nazionala Iruñean martxoaren 28an, ordubeteko lanuztea apirilaren 23an, eta Maiatzaren Lehen bateratua Bilbon. Dinamika abiatu eta urte eta erdira, patronalak bere jarrera itxiarekin segitzen zuenez, LAB, ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek greba deitu zuten 1999ko maiatzaren 21erako. UGT eta CCOO sindikatuek greba babestu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; ez ordea, Nafarroan. Greba arrakastatsua izan zen EAEn batez ere Industrian, eta ez hain arrakastatsua Nafarroan[9].

LABek eta ELAk praktikan jartzen zuten ezberdinen arteko akordioen kultura horrek 1998an fruitu garrantzitsua eman zuen esparru politikoan: Lizarrako Akordioa (geroago Lizarra-Garaziko akordioa deituta). Irailaren 12an sinatu zuten ‒LABek ere sinatu zuen‒ eta sei egun geroago ETAk su-etena iragarri zuen ‒1999ko azaroaren 28 arte iraun zuen‒.

2000ko urteak

2000. urteko apirilaren 7an eta 8an bere V. Biltzar Nagusia ospatu zuen LABek, Donostian. Aurreko urteetako bidea berretsi zuten biltzar hartan (alor sindikalean zein politikoan), bai eta Rafa Diez berriz idazkari nagusi izendatu ere. Biltzarraren aurreko azken datuen arabera LABek 3.348 delegatu eta 26.971 afiliatu zituen. Nazio Komitea izenekoan 39 kide sartu zituzten (horietako 10 emakumeak): Komite Exekutiboko 13, 17 eskualdeetako idazkariak eta sektoreetako 9 arduradun nazional.

VI. Biltzarra Iruñean egin zuen, eta VII.a BEC-en. Hain zuzen ere, 2008ko maiatzaren 22an eginiko hartan, Rafael Diezek idazkari nagusiaren kargua utzi, eta biltzarkideek Ainhoa Etxaide hautagai bakarra hautatu zuten hura ordezkatzeko.

2020ko urteak

X. Biltzarraren azken eguneko itxiera ekitaldia.

2022ko maiatzaren 3an Bilboko egoitzan eginiko agerraldian LABek iragarri zuen bere X. Biltzar Nagusia Baionan eta Miarritzen (Lapurdi) eginen zuela[10]. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo Leatxe idazkari nagusiaren ondokoak eman zuten prentsaurrekoan, azaldu zuten antolaketari dagozkien neurrien artean garrantzitsuena zela sindikatua idazkari nagusi bat izatetik bi koordinatzaile orokor izatera pasatuko zela. Hain zuzen ere, biltzarkideei proposatuko zaie Aranburu eta Arroyo izatea lehenbiziko koordinatzaile horiek. Aldaketa hori sindikatuaren esparru guztietan egiten ari diren "eraldaketa feministaren ikur" izango zela adierazi zuen LABek; izan ere, asmoa dute estatutuetan ezartzeko koordinatzaile horietako bat, gutxienez, emakumea izango dela beti. Ildo berean, maiatzaren 17an eginiko agerraldi batean LABek esplikatu zuen X. Biltzarretik aterako zen Komite Exekutibo berrian 14 kidetatik bederatzi emakumezkoak izango zirela, eta bost, gizonezkoak[11].

2024ko urtarrilaren 22an, LABeko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak prentsaurrekoa eman zuten Bilbon eta iragarri zuten sindikatuak urte horretan ospatuko zuela bere 50. urteurrena[1].

Idazkari nagusiak

Idazkari nagusien zerrenda*
2022 - Garbiñe Aranburu Irazusta eta Igor Arroyo Leatxe[10]
2017 - 2022Garbiñe Aranburu Irazusta
2008 - 2017Ainhoa Etxaide Amorrortu
1996 - 2008Rafa Díez Usabiaga
1974 - 1996 (LABek ez zuen idazkari nagusiaren figurarik)

(*) 2022ko biltzarrean LABek erabaki zuen ordu arte 'idazkari nagusi' zena aurrerantzean 'koordinatzaile orokor' deitzea eta, pertsona bakarra izan beharrean, bi izatea (eta horietako bat derrigorrez emakumea izatea)[10].

Biltzar nagusiak

LAB sindikatuaren biltzar nagusiak
URTEA EGUNAK LEKUA LELOA ERABAKI NAGUSIAK
I. 1978 maiatzak 25-28 Leioa (Bizkaia) - Ordu arteko LABen oinarri ideologikoak berrestea.

- Eguneroko jardunean KASetik ateratzea.

II. 1980 apirilak 11-13 Leioa Klase eta nazio sindikalismoa finkatzeko - LABek KAS alternatiba bere egitea.
II.bis 1980 urriak 18 Ormaiztegi (Gipuzkoa) - LAB KASen sartzea.
III. 1992 martxoak 19-21 Leioa - LABeko emakumeen arloa sortzea.
IV. 1996 apirilak 19-20 Leioa Langileok gizarte aldakuntza bultzatuz egunero Euskal Herria eraiki - Idazkari nagusi bat izatea.

- LAB Gazteak sortzea. - LABen autonomia sindikala berrestea (KAS desagertua zen).

V. 2000 apirilak 7-8 DonostiaGeroari aurrea hartuz - LABek Ipar Euskal Herrirako jauzia ematea benetan.
VI. 2004 maiatzak 21-22 IruñeaGeroa gorrira ekarri
VII. 2008 maiatzak 22 Barakaldo (Bizkaia) - Sektore Soziokomunitarioa antolatzea (zahar etxeak, Esku-hartze Soziala, enplegu zentro bereziak...)
VIII. 2012 ekainak 21-22 Barañain (Nafarroa) Eraiki dezagun langileon Euskal Herria. Orain da garaia
IX. 2017 maiatzak 25-26 Gasteiz LAB 4.0. Gure garaia - Idazkaritza Feminista sortzea
X. 2022 ekainak 16-17 Baiona, Miarritze Bagara, bagoaz - Idazkari nagusi bat izatetik bi koordinatzaile orokor izatera pasatzea.

- Idazkaritza Antirrazista sortzea

Ordezkaritza sindikala

Hona hemen Hego Euskal Herriko hauteskunde sindikaletan LABek lorturiko ordezkaritzaren bilakaera, ehunekoetan:

Araba, Bizkai, GipuzkoaNafarroa GaraiaHego Euskal Herria
1980 -- % 4,53 [8]
1982 - - % 5,73 [8]
1986 - - % 10,66 [8]
1990 - - % 12,58 [8]
1994 - - % 14,45
1998 - - % 14,59
1999 - - % 15,29 [8]
2002 - - % 15,11
2004 % 16,26[1] % 11,67 [1] % 15,15[1]
2008 - % 12,48 [12] -
2009 - % 12,33 [12] -
2010 - % 12,51 [12] -
2011 % 17,25 [13] % 13,02 [12] % 16,20
2012 - % 12,93 [12] -
2013 % 17,94 [14][15] % 13,07 [12] % 16,72
2014 % 18,34[1] % 13,71 [12] % 17,13[1]
2015 - % 14,76 [12] -
2016 - % 15,18 [12] -
2017 - % 15,75 -
2018 % 19,09[5] % 16,24[5] % 18,35[5]
2019 % 19,65 % 16,95 % 18,93
2020 % 19,89 % 17,63[16] % 19,32 [17]
2021 % 17,29[18]
2022 % 19,59[5] % 17,16[19] % 18,94[5]
2023 % 20,21[1] % 17,96[20] % 19,60[1]
  • Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1994ko hauteskunde sindikaletan lortu zuen LABek ordezkaritza handiko sindikatu izaera. Espainiako legediak (1985eko Askatasun Sindikalaren Lege Organikoak) halako izaera onartzen die erkidego batean ordezkaritzaren %15 gainditu ez ezik 1.500 delegatu baino gehiago dituzten sindikatuei. Nafarroa Garaian LABek ez du izaera hori eskuratu, ordezkaritzaren %15 baino gehiago izan arren, 1.200 delegaturen bueltan dabilelako.
  • Ipar Euskal Herrian lehen aldiz hartu zuen parte bozketetan 2002ko hauteskundeetan. Emaitza bozketen %8,9 izan zen.

2014ko abenduaren 4an, lehenengoz aurkeztu zituen LAB sindikatuak Ipar Euskal Herriko funtzio publikoan zerrendak eta Kanbo, Uztaritze eta Hendaiako herriko etxeetan ordezkariak lortu zituen, botoen %20-30 bitartean jasota. Abenduaren 17an jakin zenez, LABek irabazi zuen Bizkaiko Foru Aldundian.[21]

Zerbitzu publikoetan lehenengo indar sindikala da Hego Euskal Herri osoan; eta, 2014tik aurrera, Euskal Herri osoan gehien hazi den sindikatua da.

Ezaugarriak

LAB bere etorkizuna erabakitzeko gai den Euskal Herri burujabea nahi duen klase sindikatu bat da. Euskal Herri hori euskal gizartearen premien arabera eraikia, autodeterminazioaren bidetik, jendarte solidario eta justuaren alde gainerako herriekin batera borrokatuko den Euskal Herria aldarrikatzen du.[22]

Feminista

LABen prentsaurrekoa Iruñean, bere kideen aurkako jazarpen poliziala salatzeko.

LAB sindikatuak bere estatutuetan dio bere egiten dituela feminismoaren balioak: «bizitza eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzea; lan erreproduktiboaren aitortza eta banaketa aldarrikatzea; ezkutuko botere harremanak eta emakumeenganako indarkeria mota oro azalarazi eta borrokatzea; kolektibotasuna eta auzolana balioztatzea; berdintasun formaletik harago, parekidetasun erreala defendatzea, besteak beste».

Nazionala

LAB Euskal Herriko zazpi herrialdeetan antolatzen den sindikatua da. Bere sorreratik LABek eraldaketa soziala eta nazio askapena elkartu ditu bere estrategia sindikalean. Klase esplotazioari eta euskal langileriaren aurkako erasoei egin die aurre politika ezberdinekin eta, era berean, Euskal Herriaren nazio eraikuntzarekin duen konpromisoa eta langileriak prozesu horretan izan behar duen esku-hartze zuzena aldarrikatzen du. LABek dio «sindikatu soziopolitiko gisa» jaio zela eta «oraindik ere» eusten diola printzipio horri.

XX. mendean LABen antolakuntza esparrua Hego Euskal Herrira mugaturik egon bazen ere, 2000. urtetik aurrera, Ipar Euskal Herriko langile kopuru gero eta zabalago baten eskutik, LAB Iparraldeko lurraldeetara ere zabaldu zen. Modu horretan LABen izaera nazionala finkatu zen eta Euskal Herriko sindikatu nazional bakar bilakatu zen.

Kontraboterezkoa

LAB sindikatuak bere estatutuetan dio klase sindikatua dela, «langile klase osoaren interesak» defendatzen dituena. «Langile guztien bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeaz gain, azken hamarkadetan indartu den kapitalaren botereari aurre egingo dion langile kontraboterea elikatzea du eginkizun. Norabide horretan langileriaren parte hartze aktiboa aldarrikatu, klase kontzientzia indartu eta praktika sozio-sindikal borrokalaria gauzatzea du helburu».

Independentista

LABek Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen du. «Euskal Herriak nazio moduan nazioartean eduki lezakeen adierazpide politiko gorena izan dezan, zein herriaren burujabetza bermatuko duen Estatu berri bat eraikitzeko». Era berean, internazionalistatzat jotzen du LABek bere burua.

Sozialista

LAB sindikatu sozialista da «kapitalismoa gaindituko duen alternatiba sozialista eraiki nahi duen neurrian». LABek bere estatutuetan dio egunerokotasunean praktika sozialista gauzatzea duela erronka: «injustizia eta esplotazio mota ororen salaketa aktiboa egitea; klase elkartasuna praktikan jartzea; kapitalismoaren milaka aurpegiei kritika egitea; bizi eta kontsumo ereduen bidez, kapitalismoa bera indartu beharrean, alternatibak indartzen saiatzea». Sozialista adjektiboari eko- aurrizkia jarri ohi dio LABek «krisi ekologikoaren ondorioei eta urrituz doazen baliabideak eskuratzeko gerra inperialistei aurre egiteko modu bakarra sistema kapitalista gainditzea eta bizitzaren iraunkortasuna helburu duen eredu sozialista indarrean jartzea» dela uste baitu.

Euskalduna eta euskaltzalea

LABek uste du «hizkuntza eskubideen aldeko borroka langileon borrokaren parte» dela, eta «herritar eleanitzek osatutako Euskal Herri euskalduna erdiesteko konpromisoa" duela dio, bai eta «lan munduaren euskalduntzean eragile aktibo izateko bokazioa». Logika horri jarraikiz, LAB sindikatuak hizkuntz irizpide zehatzak ezarriak ditu euskara bere komunikazio eta lan hizkuntza izan dadin.

Inklusiboa

LABek dio «aniztasun ororen (jatorri eta kultura aniztasun, aniztasun sexual zein aniztasun funtzionalaren) aitortza» oinarri hartzen duela eta «sindikatu plural, integral, inklusibo eta mugarik gabekoa lortzeko konpromisoa» duela.

Autonomoa

LABek dio bere autonomia aldarrikatzen duela «edozein alderdi politikoren, instituzioren eta presio-talderen aurrean», eta bere zuzendaritza organoek onetsitako ebazpenei baino ez diela men egiten.

Erreferentziak

  1. LAB sindikatua. (2024). Inoizko afiliazio eta ordezkaritza handienarekin ospatuko dugu 50. urtemuga, sindikalismo eraldatzailea zabaltzen jarraitzeko bokazioz. (argitaratze data: 2024/01/22).
  2. «LABek Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izendatu ditu koor...» Enpresa Bidea (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  3. LAB sindikatuaren estatutuak. , 10 or..
  4. «Garbiñe Aranburu aukeratu dute LABeko idazkari nagusi, botoen %91,5 lortuta» Berria 2017-05-25.
  5. Aritz, Zubiateko. Hauteskunde sindikaletan azken lau urte hauetan gehien hazi den sindikatua gara | LAB SINDIKATUA. (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  6. Majuelo, Emilio. (2000). LAB sindikatuaren historia (1975-2000). Txalaparta ISBN 84-8136-190-9..
  7. «Un muerto de infarto y un herido de bala al tomar la policía el astillero Euskalduna» El País 1984-11-23.
  8. (Gaztelaniaz) Majuelo, Emilio. (2000). Historia del sindicato LAB. Txalaparta, 197 or. ISBN 84-8136-189-5..
  9. (Gaztelaniaz) «Las huelgas generales convocadas en el País Vasco desde la aprobación de la Constitución» El País 2010-06-23 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  10. Martin, Xabier. «Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izango dira LABeko buru, batera, 2027ra arte» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-26).
  11. Sagarzazu, Jokin. «LABek zuzendaritzarako hautagaiak aurkeztu ditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-26).
  12. «CCOO supera por primera vez desde 1980 a UGT como primer sindicato de Navarra» Diario de Noticias 2020-12-17.
  13. LAB izan da 2011. urtean Hego Euskal Herrian ordezkaritza gehien igo duen sindikatua. (Noiz kontsultatua: 2012-05-04).
  14. (Gaztelaniaz) ELA: La afiliación y representación en cifras (2013/12/31).. (Noiz kontsultatua: 2014-04-18).
  15. LAB da 2013 urtean EAEn ordezkaritza sindikalean nabarmenki igo duen sindikatu bakarra. (Noiz kontsultatua: 2014-04-18).
  16. (Gaztelaniaz) «La UGT acaba el a�o 2020 como primera fuerza sindical de Navarra, liderazgo que mantiene desde hace 40 a�os» navarra.ugt.org (Noiz kontsultatua: 2021-09-15).
  17. «LABek inoizko ordezkaritza eta afiliatu gehien lortu ditu Hegoaldean» Berria 2021/03/11.
  18. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «UGT recupera la primera posición sindical de Navarra a cierre de 2021» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-30).
  19. (Gaztelaniaz) UGT. (2023-01-30). «UGT termina 2022 como primera fuerza sindical en Navarra» UGT Navarra (Noiz kontsultatua: 2023-02-08).
  20. LABek Nafarroa Garaian inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2023ko hauteskunde sindikaletan: 1.223 delegatu ditu eta %18tik hurbil dago |. 2024-02-23 (Noiz kontsultatua: 2024-02-25).
  21. «LABek irabazi du Bizkaiko Diputazioan» Berria 2014-12-18.
  22. Faraldo, José M.. (2010). Spain: The Common Experience of Transition and a Military Coup. in: Solidarity with Solidarity: Western European Trade Unions and the Polish Crisis, 1980–1982. Lexington Books, 54 or..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.