Lüküze
Lüküze Lüküze-Altzümarta udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Altzümarta gabe, 1842 arte aparteko udalerria osatu zuen.
Lüküze | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Lüküze-Altzümarta |
Administrazioa | |
Posta kodea |
|
Herritarra | lüküztar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°20′45″N 1°04′38″W |
Demografia |
Herritarrei "lüküztar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 36 km daude.
Izenaz
Dokumentazio historikoan lekuizen hau forma desberdinetan agertzen da: Luxa (XII. mendean), Sancta Maria de Lucse (1160an), Luc (1249an), Lucxa (1264 an), Luxa (1264an), Luixe (XIII. mendean Baionako kartularioan), Lucxa (1384an), Nostre-Done de Lucxe (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen idazkietan) eta Lixe (1650ean).[1] Jean-Baptiste Orpustan adituak latinezko lucu ("baso (sakratu)") hitzetik eratorria dela uste du. Okzitaniako Luc edota Herrialde Katalanetako Lluc lekuizenekiko jatorri berbera izango luke.
Eskualde honetan hainbat kasutan gertatzen den bezala, etxe noble edo jauregi batek zeukanetik eman zitzaion izena herriari.
Geografia
Kokapena
Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Barhoa izenekoan kokatuta dago. Herriaren mugak hauexek dira: iparraldean Altzümarta udalkidea; ekialdean hurbilen duen herria dago, Garrüze Amiküzeko burua izan zena eta Donejakue Bidean puntu gakoetakoa; hegoaldeko muga Algeruko errekak marrazten du, Bithiriñako lurretatik bereiziz; aldiz, mendebaldekoa, Behauzerekikoa, Laharminako errekak egiten du.
Aipatu herri guztiak amikuztarrak dira.
Orografia
Herria bera 100 mtik pasatzen bada, bere lurren barruan garaiera handiagoak lortzen dira, batez ere D 14 errepidetik hegoaldera:
- Lukus Oihenan (HM) 234 m.
- Turunan (HE) 220 m. Frantsesez Tourouna, okzitanierazko Turon (ahoskatu /tu'ru:/; esanahiz "tontor" edo antzekoa) hitzean oinarria izan lezake.
Demografia
Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 285 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1836koan 332. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Lüküze-Altzümarta.
Errepideak
Departamendu mailako errepide bat, D 14 (Donapaleu-Hazparne lotura burutzen duena) herriaren hegoaldetik pasatzen da. Auzo-bide batzuek iparralderantz jotzen dute, Altzümartara (IE) nahiz Behauzera (IM).
Historia
- Lüküzeko jaunak[2], bere jaunerria eta gaztelua oso inportanteak izan dira Erdi Aroan eta XVI. mendearen amaiera arte Nafarroaren historian. Nafarroako erresumaren menpeko konterria zen; Joan IV Lüküzekoak Karlos I.a Espainiakoari laguntza eman eta Henrike II Labritekoa errege zilegizkoari traizio egiteagatik azken honek jaun horren gaztelua eraisteko agindu eta 1524an hala egin zuten.
Charles de Luxe berezko azken kontea 1607an hil ondoren, aliantzen bidez frantziar noble-etxe batzuen menpean egotera pasatu zen. XVIII. mendean konterri hau Montmorencytarren pean ageri da.
Udalerri-aldaketak
1842 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Altzümartarekin fusionatu zen; harrezkero Lüküze-Altzümartako udalburua da.
Eraikin eta monumentu historikoak
- Herritik 775 m HMra Lukus Oihena izeneko aztarnategi protohistorikoa dago.
- Lüküzeko gaztelua Erdi Arokoa da.[3]
- Asuntzio eliza (frantsesez l'Assomption-de-la-Bienheureuse-Vierge-Marie) XIX. mendekoa da. 1869an berreraikita ageri da eta urte horretan nahiz 1903an Gustave-Pierre Dagrant Baiona eta Bordelen aritu zen beiragilearen lanak jaso zituen.
- Hilerrian sei hilarri diskoidal aipagarri daude.
Kultura eta hezkuntza
- Herriko festak abuztuaren 15ean izaten dira, Ama Birjinaren egunean.
- 1833an inkesta baten arabera eskola bat zuen.
- "Lüküzeko jauregi" delakoan 1975etik "Beila Bidia" institutu mediku hezitzailea dago.
Ekonomia
Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Azken urteotan, Amiküze osoan bezala, industria sektorea ere garatu dira.
Lüküztarrak
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |