Kiev
Kiev[1] (ukraineraz: Київ, Kyiv, ˈkɪjiw ahoskatua; errusieraz: Киев, Kiev) Ukrainako hiriburua eta udalerririk populatuena da. Herrialdeko ipar-erdialdean dago, Dnieper ibaiaren bazterrean. 2011ko urtarrilaren 1ean 2.799.199 biztanle zituen.[2]
Kiev Ekialdeko Europako industria, zientzia, irakaskuntza eta kultura gune garrantzitsuenetako bat da. Goi teknologiako industria eta unibertsitateen egoitza da, eta ospe handiko monumentu historikoak daude. Azpiegiturak eta garraio publikoa, Kieveko metroa barne, ongi garaturik daude.
Etimologia
Euskaraz Kiev izena arautzen du Euskaltzaindiak[1], baina azken urteotan maiz ikusi da Kyiv transliterazioa. Hau bereziki nabarmena izan da 2022ko Ukrainako inbasioaren ostean[3]. Ukraineraz erabiltzen den izena Ки́їв da, estandarizatutako euskarazko ukraineraren transliterazioan[4] Kyiv dena.
Alfabetoaren estandarizazioaren aurretik XX. mendean beste izen batzuk erabili izan dira hiria izendatzeko, hala nola Кыѣвъ, Киѣвъ, edo Кіѣвъ yat antzinako letrarekin. Ukrainera Zaharrez, XIV. eta XV. mendean erabiltzen zena, *Києвъ idatzi ohi zen, baina agertzen dira ere hainbat forma deklinatu: кїєва, Кїєвь eta Киев, кїєво edo кїєвом, києвє, Кіеве, Кїєвѣ, Києвѣ, edo Киѣве. Izena Ekialdeko Eslaviera Zaharrean Kyjevŭ (Kыѥвъ) gisa esango litzateke. Laurentiar Codexak[5] eta Novgorodeko Kronikak[6] Києвъ, Къıєвъ, edo Кїєвъ dakarte. Ziurrenik aitzineslavierako *Kyjevŭ gordŭ ("Kyiren gaztelua") hitzetik eratorriak izango lirateke, Kyi (errusieraz zein ukraineraz Кий idatzia) hiriaren sortzaile mitikoari erreferentzia egiten diona.
Hiriaren izen erromanizatu ofiziala Kyiv da, eta hala agertzen da legeetan eta ekimen ofizialetan[7]. Euskaraz zein beste Europako hizkuntza askotan Kiev izena erabili da, errusieratik eratorri dena.
Hiriak beste izen batzuk izan ditu historian zehar. Eskandinaviar sagatan Kænugarðr edo Kœnugarðr gisa agertzen da, "Kievtarren hiria" esan nahi duena. Gaur egungo islandieraz ere hala deitzen zaio: Kænugarður. 930eko Kieveko gutunak, hiriko juduen komunitateak idatzitako gutun bat, קייוב׳, Qiyyōḇ izena jasotzen du. Konstantino Porfirogenitoren X. mendeko De Administrando Imperio bizantziar grezieraz Κιοάβα (Kioava) eta Κίοβα (Kiova) gisa agertzen da[8], eta esaten da Sambatas izena ere baduela (Σαμβατάς). Arabieraz كويابة (Kūyāba) zen Al-Istakhrirne 951eko lanean, baina Zānbat zen Ibn Rustahren arabera X. mendean[9]. Erdi Aroko latinez Cuieva bezala agertzen da 1015eko Merseburgoren kronikan. Krimeako Tatarieraz Menkerman edo Mankerman izena ematen zitzaion XV. mendean.
Historia
Kiev Ekialdeko Europako hiririk zaharrenetako bat da. Ziur asko, V. menderako merkatal gune garrantzitsua zen. Eskandinavia eta Konstantinoplaren arteko merkatal bidean kokaturik zegoen eta khazar herriaren menpekoa izan zen. 882an Oleg Novgorodekoa, printze baregoak hartu zuen. Olegen ondorengoek bertan ezarri zuten Kieveko Rusaren (Antzinako Errusiar Estatua) hiriburua.
Rus hitzak, beraz, gerora Errusiako nazioa izendatu duena Kieven du jatorria. Rus herria bertako eslaviarren eta etorkin barego/vikingoen nahasketa da nolabait, 8. eta 9. mendeen artean gauzatua. Finlandieraz eta estonieraz Ruotsi eta Rootsi esaten diote Suediari, gertuen duten herri eskandinaviarrari. Horrekin lotura argia du Rus terminoak, uste baita fino-ugriar herriek bikingo edo eskandinabiarrak deitzeko modu batetik eratortzen dela hitza.
Erdi Aroan merkataritza eta kultura gune indartsua izan zen eta kristautasunaren kokaleku goiztiarra. Hiriak XI. mendean jo zuen goiena, izan ere Vladimir I.a Kievekoa Handiaren (980-1015 eta honen seme Jaroslav I.a Jakintsuaren (1015-1054) erregealdiak Kieven urrezko aroa suposatu zuten, kristautasun ortodoxoaren onarpena eta eslabiar hizkuntzan idatzitako lehen lege kodea ikusi zituena, Ruskaia Pravda izenekoa. Era berean, Kieveko Rusa Erdi Aroan Europan existitu zen estaturik handiena izan zen, hiritik zuzendutako erresuma bat. XII. mendearen amaieran gainbehera hasi zen. 1240an mongolek suntsitu zuten eta XIV. mendera arte Urrezko Hordaren zergapekoa izan zen[10].
1362an Lituaniako Dukerri Handiak Kiev eta inguruko lurraldea bereganatu zituen. 1569an Poloniar-Lituaniar Batasuna eratu zenean, Kiev Poloniako koroaren menpean gelditu zen. 1632an Kieveko Akademia sortu zenetik, hiria Ukrainako ezaguera eta ikasketa gune nagusi bihurtu zen[10]. 1648an Bohdan Khmelnytsky buru zuten kosakoak Poloniaren aurka matxinatu ziren eta zenbait urtez Kiev ukrainar estatuaren hiriburua izan zen. 1654an, Ukrainako beste lurralde batzuekin batera, Errusiaren protektoratu bilakatu zen. Ondoren, lurralde hauek Errusiar Inperioaren parte izan ziren.
1918an, Errusiako Iraultzaren ostean, Kiev Ukrainako Herri Errepublikaren hiriburu bihurtu zen. Ondoko gerra zibilean (1918-20), Alemaniak, Armada Zuriak, Poloniak eta Armada Gorriak okupatu zuten, hurrenez hurren, hiria. 1934an Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistaren hiriburua Kharkivetik Kievera aldatu zen[10]. Bigarren Mundu Gerran Hirugarren Reicharen armadak 1941eko irailaren 19tik 1943ko azaroaren 6ra okupatu zuen. 1941eko Kieveko guduan alemaniarrek 650.000 sobietar soldadu harrapatu zituzten. Gehienak ez ziren bizirik itzuli[11]. Hiriko milaka biztanle sarraskituak izan ziren, tartean 50.000 judu. Gerra ostean, berreraikitze lanak ez ziren 1960 arte amaitu[10].
Sobiet Batasuna desegin zenean, 1991ko abuztuaren 24an Ukrainako parlamentuak herrialdearen Independentzia Adierazpena onartu zuen. Kiev da Ukraina independentearen hiriburua.
2022ko Ukrainako inbasio errusiarra hasi zenean, iparraldetik zutabe inbaditzaile errusiarrak hurbildu ziren Kieverantz Bielorrusitik irtenda, Dniepr ibaiaren ezker-ezkuin aldeetatik, Kiev inbasioaren helburu nagusietako bat zela agerian utziz.
Geografia
Klima
Kievek klima kontinentala, uda epelekin dauka (Dfb Köppen klima sailkapenean[12]). Uztaila da hilabeterik beroena (batez besteko tenperatura 20,5 °C) eta urtarrila hotzena (batez besteko tenperatura -3,5 °C). 1898ko abuztuan erregistratu zen tenperaturarik beroena, 39,9 °C, eta 1929ko otsailean hotzena, -32,2 °C. Urtean pilatutako prezipitazioa 619 mmkoa da[13].
Datu klimatikoak (Kiev) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 11.1 | 17.3 | 22.4 | 30.2 | 33.6 | 35.0 | 39.4 | 39.9 | 33.8 | 29.5 | 23.2 | 14.7 | 39.9 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | -0.9 | 0 | 5.6 | 14.0 | 20.7 | 23.5 | 25.6 | 24.9 | 19.0 | 12.5 | 4.9 | 0 | 12.5 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -3.5 | -3 | 1.8 | 9.3 | 15.5 | 18.5 | 20.5 | 19.7 | 14.2 | 8.4 | 1.9 | -2.3 | 8.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -5.8 | -5.7 | -1.4 | 5.1 | 10.8 | 14.2 | 16.1 | 15.2 | 10.2 | 4.9 | 0 | -4.6 | 4.9 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -31.1 | -32.2 | -24.9 | -10.4 | -2.4 | 2.4 | 5.8 | 3.3 | -2.9 | -17.8 | -21.9 | -30.0 | -32.2 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 36 | 39 | 36 | 46 | 57 | 82 | 72 | 61 | 58 | 40 | 48 | 44 | 619 |
Iturria: Kieveko balio klimatologikoak (Pagoda.ru.net)[13] |
Demografia
1647 | 1763 | 1835 | 1856 | 1874 | 1897 | 1914 | 1917 | 1930 | 1940 | 1943 | 1956 | 1970 | 1985 | 2000 | 2009 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
15.000 | 42.000 | 36.500 | 56.000 | 127.500 | 247.700 | 626.300 | 430.500 | 578.000 | 930.000 | 180.000 | 991.000 | 1.632.000 | 2.461.000 | 2.615.300 | 2.765.500 |
Osaketa etnikoari dagokionez, 2001ean ukrainarrak %82,2 ziren, errusiarrak %13,1, juduak % 0,7, bielorrusiarrak % 0,6, poloniarrak % 0,3 eta armeniarrak % 0,2[16].
Ekonomia
Kiev Ukrainako administrazio, kultura eta zientzia gune nagusia da. Ikastetxe, unibertsitate eta iker-zentru askok bertan dute egoitza, besteak beste, 1834an fundatutako Taras Shevtxenko Unibertsitate Nazionalak eta Ukrainako Zientzi Akademiak.
Industriari dagokionez, 350 enpresa handi inguru daude. Arlo garrantzitsuenak makinagintza, elikagaien prozesatzea eta kontsumo ondasunen produkzioa dira. Makinagintza-lantegiak, makineria konplexua eta doitasun tresneria ekoizten dutenak barne, garrantzi handikoak dira. Lantegi kimikoak eta argitalpen industria ere aipagarriak dira[17].
Kultura
Arkitektura ondarea
- Urrezko atea (ukraineraz: Золоті ворота, translit.: Zoloti vorota). Antzinako gotorlekuaren XI. mendeko sarrera.
- Santa Sofia katedrala (ukraineraz: Собор Святої Софії, translit.: Sobor Sbiatoi Sofiyi). Eraikuntza lanak XI. mendean hasi ziren, Konstantinoplako Hagia Sofiarekin lehiatzeko helburuarekin. 1990ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen[18].
- Kievo-Petxerska Lavra (ukraineraz: Києво-Печерська лавра, translit.: Kyevo-Pecherska lavra). 1051n fundatutako monasterio ortodoxoa. UNESCOk 1990ean Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
- San Migel monasterioa (ukraineraz: Михайлівський золотоверхий монастир, translit.: Mykhailivsky zolotoverkhy monastyr). XI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zen. Sobietar garaian suntsitua eta Ukrainaren independentziaren ostean berreraikia izan zen.
- San Andres eliza (ukraineraz: Андрiївська церква, translit.: Andrijivska tserkva). 1747 eta 1754 artean eraikitako eliza barrokoa.
- Marijinsky Jauregia (ukraineraz: Маріїнський палац, translit.: Mariyins'kyi palats). Ukrainako presidentearen egoitza ofiziala da.
- Ukrainako Bigarren Mundu Gerrako Historia Museo Nazionala (ukraineraz: Музей історії України у Другій світовій війні); lehenago garai sobietarrean beste izen hau zuena: Gerra Herrikoi Handiaren (1941-1945) Museo Nazionala (ukraineraz: Національний музей історії Великої Вітчизняної Війни 1941-1945 років). 1941 eta 1945 arteko Alemaniar-Sobietar Gerraren oroitzapenezko memoriala da.
- Batkivstxyna-Maty edo Ama-Lurraren Monumentua, (ukraineraz: Батьківщина-Мати); monumentu sobietar berrizendatua, II. Mundu Gerrako garaipenaren oroigarri.
- Santa Sofia katedrala..
- Lavra izeneko ingurune monastiko monumentala.
- San Andres eliza.
- II. Mundu Gerrako museoan; domina irabazitako hiri sobietarren zerrenda.
Kirolak
Hiriko futbol talde nagusia, Dinamo Kiev izenekoa, hala SESBeko garaian nola gaurko Ukrainan ekiporik hoberenen artean dugu. Beste bi talde, FC Arsenal Kyiv eta FC Obolon Kyiv, Ukrainako lehenbiziko mailan aritzen dira. Futbola alde batera utzita, goren mailako beste talde batzuk izotz hockeyko Sokil Kyiv (1963an fundatua) eta saskibaloiko BC Kyiv (1999an fundatua) dira.
Kieveko Olinpiar Estadioan 1980ko Udako Olinpiar Jokoetako futbol lehiaketako partida batzuk jokatu ziren. UEFA Euro 2012rako berregituratua izan zen[19].
Herritar ezagunak
- Kasimir Malevitx (1878 - 1935), margolari suprematista.
- Irene Nemirovsky (1903 - 1942), idazlea.
- Oleg Blokhin (1952), futbolari eta entrenatzailea.
Herri eta hiri senidetuak
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- Kieveko biztanleria Gorstat.kiev.ua
- (Ingelesez) «Why should we call it Kyiv not Kiev?» The Independent 2022-02-25 (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- «156 Araua - Euskaltzaindiaren Arauak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- «Въ лЂто 6726 [1218 - 6736 [1228]. Лаврентіївський літопис.»] web.archive.org 2008-01-18 (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- «Новгородський перший літопис молодшого ізводу. В літо 6738 [1230 - 6751 [1243]»] web.archive.org 2020-08-12 (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- «Kyiv (Kiev) Travel Guide. Kiev?, Kyiv?! Which is right?» www.uazone.net (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- Constantine; Moravsik, Gvula; Jenkins, Romilly James Heald. (1967). De administrando imperio. (New rev. ed. argitaraldia) Dumbarton Oaks Center for Byzantine Studies (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- Brutzkus, J.. (1944). «The Khazar Origin of Ancient Kiev» Slavonic and East European Review. American Series 3 (1): 108–124. doi: . ISSN 1535-0940. (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
- Kiev The Columbia Electronic Encyclopedia. 2007, Columbia University Press
- Battle of Kiev 1941 – The Red Army in Ukraine http://smithjan.com
- Kieveko balio klimatologikoak. (Noiz kontsultatua: 2012ko ekainak 5).
- S. R. VILENCHUK; T.B. YATSUK, (eds.) (2009). Kyiv Statistical Yearbook for 2008. Kiev: Vydavnytstvo Konsultant LLC. p. 213. ISBN 978-966-8459-28-3
- A.V. KUDRITSKIY, (1982). KIEV entsiklopedicheskiy spravochnik. Kiev: Glavnaya redaktsia Ukrainskoy Sovetskoy Entsiklopedii. p. 30
- 2001eko erroldaren emaitzak: Kiev Ukrcensus.gov.uaNoiz kontsultatua: 2012-06-10
- Kiev Ukrainetrek.com
- Kiev: Saint-Sophia Cathedral and Related Monastic Buildings, Kiev-Pechersk Lavra Unesco.org
- Great history of NSC "olimpiyskiy" Nsc-olimpiyskiy.com.ua
Kanpo estekak
- (Ukraineraz) Kieveko Udalaren webgunea