Kwame Nkrumah
Kwame Nkrumah (jatorrizko izena 1945 arte: Francis Nwia Kofi Ngonloma;[1] Nkroful, 1909ko irailaren 21a - Bucarest, 1972ko apirilaren 27a)[2] Ghanaren independentziaren politikari aitzindarietako bat izan zen. Europan eta Amerikan jaso zuen hezkuntza, eta bertan zenbait mugimendu panafrikanista sortu zituen, ikaskideen beharrei lagunduz eta Afrikako herrialdeek estatu bat izateko eskubidea aldarrikatuz. Ghanako errepublikako lehen presidentea izan zen (1960), erregimen zentralista, alderdi bakarreko, aurrerakoi eta panafrikanista bat ezarrita. 1962an, herrien arteko Bakearen Lenin Saria jaso zuen. 1966an, Pekinen bidai ofizial batean zelarik, boteretik kendu zuten CIAk babestutako estatu kolpe baten bitartez.[3][4][5] Horren ondorioz, Gineara joan zen erbesteratuta.[6]
Herriaren Konbentzioaren Alderdia (ingelesez: Convention People's Party, CPP; akaneraz: Apam Nkorɔfo Kuw) sortu zuen autodeterminazioa lortzeko; grebak, kaleko matxinadak eta herritar zibilen protesta masiboak sustatzen zituen, eta horregatik, zenbait aldiz espetxeratu zuten.[7]
Afrikarentzat sozialismo moderatu bat nahi zuen, ukatuko ez zuena inperialismoak mendeetan zehar ezarritako kapitalismoa. Mao Zedongen Txinaren aliatu izan zen. Ghanako Errepublika berriaren buru gisa, herrialdea industrializatzen lagundu zuen, kakaoaren merkataritzaren onurak baliatuz.
Argitaratu zituen liburuetan, klase borroka eta afrikarrek atzerriko herrialdeen kolonia izateari uko egin beharra aztertu zituen.
Biografia
Lehen urteak
Nkrumah 1909an jaio zen, Nkroful herrian, Urre Kosta britainiar kolonian.[8][9][10] Aita Opanyin Kofi Nwiana Ngolomah urregilea zen,[11] eta ama, Elizabeth Nyaniba, txikizkako merkataria.[12] Akkrako Achimota School ikastetxean ikasi zuen 1926tik 1930era, urte hartan graduatu baitzen.[13] 1935. urtean, Ghana utzi eta Estatu Batuetara joan zen bizi izatera eta ikasketak egitea, Lincoln Unibertsitatean, Pennsylvanian. Ekonomian, soziologian eta psikologian graduatu zen, eta zenbait lanbide edo jarduera egin zituen aldi horretan; besteak beste, xaboi lantegi batean, itsasontzi batean zerbitzari edo kalean arraina saltzen. Ikasle gisa Lincoln Unibertsitatean, ikasleek eratutako antzerki ekoizpen batean parte hartu zuen, eta saiakera bat argitaratu zuen, Afrikako europar gobernu motari buruz, The Lincolnian ikasleen egunkarian.[14] Ondoren, 1945ean, Erresuma Batura joan zen, eta Londresen jarri zen bizi izaten. Han, zuzenbide ikasketak hasi zituen, baina karrera utzi eta aktibismo politikoan murgildu zen, betiere ikuspegi ezkertiar eta antiinperialista batez. 1947ko udazkenean, Urre Kostara itzuli eta United Gold Coast Convention alderdi politikoan hasi zen lanean.[15]
Nkrumahk ezkerreko ideia finkoak zituelarik, gero eta urrunago sentitzen zen United Gold Coast Convention alderdiaren programa eta jarduera kontserbadoreetatik. Beraz, alderdi berri bat eratzea erabaki zuen: Herriaren Konbentzioaren Alderdia (CPP ingelesezko siglan). Nkrumahk antolakuntza eta sustapen teknika modernoak eman zizkion alderdiari, gazte taldeak antolatuz, banderak eta esloganak erabiliz, eta gobernu koloniala kritikatzen zuen hedabideez baliatuta.[16]
Independentzia
Nkrumahk herrialde osoan zehar aldarrikatu zuen independentziak oparotasuna ekarriko ziola Ghanari. Hala, bere leloetako bat zen: «lehenik helburu politikoa bilatu eta, gainerakoa, etorriko da».[16] Berehala hartu zuen ospea, lehenbizi behartsuen artean eta gero merkatarien, bulegarien eta hirietako irakasleen artean. Jarraitzaile kopurua aski hazi zenean, Nkrumahk areagotu egin zituen protestak, behin eta berriz azpimarratuta «ekintza positiboa»: greba, boikot, matxinada eta protesta masiboak sustatzea. Gero eta larriago izaten ari ziren gertaerei erantzunez, britainiar agintari kolonialek erabaki zuten protesta giroa amaiarazten saiatzea: Charles Noble Arden-Clarke gobernadoreak Nkrumah eta beste buruzagi politiko batzuk atxilotzeko agindua eman zuen, 1950ean. Familiari bidalitako gutun batean, Arden-Clarkek idatzi zuen lanpetuta zegoela «hemengo Hitlerri aurre egiten».[16] Nkrumah hiru urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten. Horren ondorioz, haren ospea ez bakarrik ez zen gutxitu, baizik biziki handitu zen, preso hartutako liderrak heroitzat hartu baitzituzten Ghanako herritar askok. 1951ko otsailean, Erresuma Batuak legegintza hauteskundeen deia egin zuen, Urrezko Kostako koloniari autonomia handiagoa emateko asmoz; Nkrumahren ospeak nahiko argi uzten zuten CPP alderdiak garaipena eskura zezakeela. Dena dela, Nkrumahk oztopo bat zuen hauteskundeei begira: indarrean zegoen legediaren arabera, urtebete baino gehiagoz zigortutakoak ezin ziren hauteskundeetarako inskribatu; Nkrumah hiru zigor independenteren bidez kondenatu zutenez, bakoitza urtebetekoa, hauteskundeetara aurkezteko aukera ukan zuen. 1951ko otsailaren 9an, Nkrumahk hauteskundeen emaitza jaso zuen, espetxeetako agintarien eskutik: 38 aulkietatik 33 lortu zituen CPPk;[17] berak Akkrako barrutian lortu zuen aulkia, garaipen ikaragarri batekin, 23.122 bototatik 20.780 eskuratu baitzituen.[18]
Egoera horren aurrean, gobernadoreak erabaki behar izan zuen Nkrumah espetxetik askatu ala ez. Askatzen bazuen, aurre egin beharko zion Nkrumahk gobernu koloniala boikotatzeko mehatxuari, eskualdea benetan autogobernatzeko aukerarik ematen ezean. Askatzen ez bazuen, oso litekeena zen CPPk uko egitea lankidetzari, gobernu kolonialak galtzea oraindik zeukan babes eskasa, eta, azkenik, matxinada lehertzea.[19] Gobernadoreak Nkrumah askatzea erabaki zuen, azkenik, eskatuz hurrengo egunean joan zedin Fort Christiansborgeko bere egoitzara, Nkrumahri gobernuaren eraketa formalki eskatzeko. Indarrean zegoen konstituzioak ezartzen zuen gobernadorearen mende egongo zirela polizia, kanpo gaiak, finantzak, armadaren afrikar tropak eta botere judiziala. Gertaera horien aurrean, Nkrumahk autogobernu osoa eskatu zien britainiarrei, eta 1954an lortu zuen.[20]
Gobernuaren lehen urteetan, Nkrumahk arazo handi bati aurre egin behar izan zion, nahiz eta, neurri batean, bere erabakiaren ondorio bat izan zen. Britainia Handiko gobernuak Cocoa Marketing Board (CMB) enpresa sortu zuen, kakao ekoizleak merkatuko gorabeheretatik babesteko xedez. Enpresa hori zen Ghanako kakao produkzio osoaren erosle, saltzaile eta esportatzaile bakarra. Nkrumahk agindu zuen kakaoa prezio oso apalean edukitzea, artifizialki, nazioarteko merkatuetako prezioaren herena inguru, kakao kopuru handiak saltzeko asmoz eta, hartara, dirua azkar lortzeko xedez, garapen proiektuak gauzatzearren. Erosketa prezio beheratuak kalte handiak eragin zizkien nekazari txiki eta ertainei. Hori gutxi balitz bezala, alderdiko kideek CMBren barruan izandako ustelkeria kasu larriek eraman zuten ashanti etnia matxinatzera eta National Liberation Movement alderdia sortzera, konstituzio federal bat eskatzen zuena, ashantien autonomia zabal batez.[21] Indarkeria gertakari ugari gertatu ziren, besteak beste, bonba bat lehertu zen Akkran, Nkrumahren etxe ondoan. Istiluek zalantzak sortu zituzten Britainia Handian, herrialdeari independentzia emateko egokitasunari buruz. Zalantza horiek uxatu nahirik, 1956an berriz ere legegintza hauteskundeak egitea ebatzi zen: Nkrumahren alderdiak 104 eserlekuetatik 72 lortu zituen, hauteskundeen parte hartzea % 57raino beheratu zen arren.[22]
Hauteskunde haien emaitzek eraman zuten britainiar gobernua kolonia uztera; Ghanak ofizialki independentzia irabazi zuen 1957ko martxoaren 6an.[23][24]
Independentzia ostean
Fort Christiansborgeko gazteluan ezarri zuen presidentetzaren egoitza gisa Nkrumahk, britainiar gobernadorearen bizileku izandakoan, iraganean esklaboen salerosketarako balio izan zuena. Nkrumahren eta bere herrikideen arteko urruntzearen ikur bihurtu zen gaztelua. Kiroletan, janarietan edo erosotasunean interes handirik ez zuenez, Nkrumahk lanari loturik igarotzen zituen orduak. Erica Powell isilmandatari eta idazkari pertsonalaren arabera, Nkrumah ez zen bere lankideez fio eta bizitza bakarti batera emana zen.[25]
Nolanahi den ere, Nkrumahren lidergoari esker, Ghanak politika eta praktika sozialdemokrata garrantzizko batzuk hartu zituen, hala nola gizarte babeseko sistema, garapen programa komunitarioak eta eskola sare zabal bat.[26] Bere agintaritza garaian, Commonwealth erakundearen barruan egon zen beti Ghana.[27]
Nkrumahk nahi zuen Akkra bihurtzea afrikar kontinente osoaren independentziarako oinarri politiko eta ekonomiko bat. 1958. urtean, konferentzia bat antolatu zuen Afrikaren iraultza baketsua sustatzeko, non hirurehun ordezkari bildu baitziren, horien artean Julius Nyerere, Joshua Nkomo, Kenneth Kaunda, Hastings Banda, Patrice Lumumba, Amílcar Cabral eta beste.[28]
Bere idazkietan, Nkrumahk sozialismo moderatu bat aldarrikatzen zuen Afrikarentzat, produkzio kapitalistaren sistemaren alderdi batzuen abantailak ukatu gabe, nahiz beti izan zen mendebaldearen inperialismoaren aurkari sendo bat. Afrikaren ekonomia garatzeko, industrializazioa oinarritzat hartzen zuen, inportazioak murriztu eta ordainketa balantza hobetzeko.[29] Uste zuen sozialismoak Afrikan hazkunde azkarra eragiteko ahalmena zuela, Nkrumah txundituta geratu baitzen Sobietar Batasunean eta Europako herrialde sozialistetan izandako industria garapen azkarreko esperientziarekin eta ongizate estatuarekin. Gainera, uste zuen Afrikaren bizimodu tradizionalak antz handia zuela sozialismoarekin.[30]
Afrikako beste lider batzuek baino anbizio handiagokoa zen Nkrumah, buruzagi «inspiratua» zela uste baitzuen, Ghana benetako potentzia eta estatu modernoaren adibide bihurtuko zuena, Afrika izan zedin Estatu Batuekin edo Sobietar Batasunarekin aldera zitekeen indar politiko eta ekonomiko bat.[31] Doktrina politikoaren termino berri bat sortu zuen: Nkruhmahismoa, inoiz argi eta garbi mugatu ez zen ideologia nahiko pertsonala adierazten zuena. Berak sortutako Kwame Nkrumah Institutua zen ideologia hura zabaltzeko arduraduna, eta iragartzen zuenez «Nkrumahismoa da Afrika Berriaren ideologia, independentea inperialismotik eta erabat aske dagoena, kontinente mailan antolatua, Afrika Bat eta Batua kontzepzioan oinarritua, zeinek bere indarra hartzen baitu zientzia eta teknologia modernoetatik eta Afrikako sinesmen tradizionaletik: norberaren garapen askea baldintzatzen du guztion garapen askeak».[32]
Ghanan berehala zabaldu zen Nkrumahrenganako nortasunaren gurtza. Egunkariek buruzagia goraipatzen zuten eta ia beti hartzen zuten Ghana, Afrika eta mundu osoa eraldatzeko gai zen gizon bakartzat.[33] Informalki zenbait izendapen hartu zituen, hala nola Patuaren Gizona, Afrikako Izarra, Dedikazio Gorena eta, batez ere, Osagyefo, «garailea borrokan» edo «askatzaile» gisa itzuli daitekeena.[34]
Nkrumahren ekimenak eta politikak emaitza positiboak sortzen zituzten arren, haren bakardadea eta inguruarekiko mesfidantza areagotu egin ziren, Erica Powell bere idazkariaren arabera. Bere isolamenduan, berak aditu nahi zuena bakarrik esaten zioten goresleez inguratu zen. 1957ko abenduaren 30ean Fathia Rizk egiptoarrarekin ezkondu zen, isilpean eduki zuen zeremonia intimo batean;[35] Egiptoko presidente Gamal Abdel Nasserri eskatu zion, eta ezkontzeko egunera arte ez zuen ezagutu ere egiten. Emakumeak frantsesez eta arabieraz soilik hitz egiten zuen, Nkrumahk ez zekien hizkuntzatan, alegia.[36]
1960an, Nkrumahk konstituzio berri bat aldarrikatu zuen, presidenteari ahalmen bereziak emanez, alde batetik, dekretuak egiteko, parlamentuaren onarpenaren beharrik gabe; eta, bestetik, parlamentuaren erabaki asko indargabetzeko, eta Estatuko ia edozein funtzionario kargutik kentzeko aurretiazko prozedurarik gabe. Komunikabideen kontrola ere erregimenari ematen zitzaion.[37] 1961ean, «estatuburuaren pertsonarekiko errespeturik ez izatea» hutsegite kriminaltzat hartua izan zen.[38]
Beste erakunde batzuk CPP alderdiaren mende jarri zituen, eta, praktikan, alderdia eragin handia izatera iritsi zen askotariko erakundeetan, hala nola Langileen Brigadan edo Ghanako Emakumeen Kontseiluan. Akkrako gotzain katolikoa herrialdetik bota zuten, gazte taldeen politizazioarekin ados ez zegoela adierazteagatik. Barne-tentsio handiko alderdi bihurtu zen CPP, kideen arteko interes desorekaren ondorioz (pentsaera politiko ugari baitziren) eta alderdikide askoren ustelkeriaren ondorioz. Alderdiko idazkari nagusiak, Tawia Adamafiok, honela deskribatu zuen behin: «Nazio osoa suntsitzeko mehatxua egiten ari den munstroa». Nkrumahk hitz eman zuen goi funtzionarioen ustelkeriaren arazoari aurre egingo ziola, eta horregatik sortu zuen batzorde bat alderdiko kideen ondasunen jatorria ikertzeko. Praktikan, baina, emaitzak ez ziren argitaratu eta alderdiko eliteak ustel jarraitu zuen.[39]
Guztiarekin, Nkrumahk lan publiko baliotsu asko eraiki zituen: ospitale, eskola eta errepide asko, eta batez ere Volta ibaiaren gune hidroelektriko handia. Azpiegiturak eraikitzeko grinak bultzatuta, atzerriko enpresaburuak erakarri zituen, berehala ohartu zirenak «asmo handiko ideia batek eta eroskeria batek» gobernuaren kontratu handiak ekar zitzaketela. Horrela eraiki ziren, adibidez, kakaoa gordetzeko silo erraldoi eta garestiak, gerora erabilezinak izan zirenak.[40]
Gainbehera
Kakaoaren krisiak (1961), zeinaren ondorioz kakaoaren prezioak nazioarteko merkatuetan gainbehera egin baitzuen,[41] zailtasunak ekarri zizkion Nkrumahri. Estatuaren errenta fluxua bermatzeko, zergak nabarmen igo behar izan zituen. Ondorioetako bat izan zen trenbideetako eta portuetako langileek grebara jo zuten. Haien aurka oldarturik, Nkrumahk atxiloketak eta epaiketarik gabeko espetxeratzeak agindu zituen, 1961ean emandako arau baten babesean, zeinaren bidez langile mugimendu eta sindikatu gehienek presidentearen baimena behar baitzuten, aurrez, protesta bat antolatu ahal izateko; bestela, espetxe zigorra jaso zezaketen, «nazioaren garapen industriala oztopatzeagatik». Oposizioko politikariak atxilotzeko ere agindu zuen, eta bere alderdi barruan purgak egin zituen. Nkrumah berak izendatu zituen prozesu haietako epaileak.[42]
1961ean, Txinara eta Sobietar Batasunera bidaiatu ondoren, Ghanako estatuaren mendeko konpainiak sortzea erabaki zuen Nkrumahk. Bost urtean, 1966rako, 50 korporazio baino gehiago sortu zituen, gehienak gaizki kudeatuak eta eraginkortasun oso apalekoak. Kanpo zorra 349 milioi libera esterlinetaraino hazi zen ofizialki 1963an, baina benetako datuak okerragoak izan daitezke.[43]
Nekazaritza politikak ere ez zuen emaitza onik lortu. Erregimenak baliabide asko erabili zituen arren aski atzeratuta zegoen nekazaritza mekanizatzeko, nekazarien beharrei entzungor egin zien, lurraren ekoizpenengatik jasotzen zuten zen prezioari zegokionez. Bestalde, kakaoaren salmentatik lortutako diru sarreren portzentajea % 72 izatetik 1960an, bost urte geroago % 41 izatera beheratu zen. Horrela, Estatuaren nekazaritza konpainiak galerak izaten hasi ziren.[43]
Boterera iritsi zenean, Urre Kosta Afrikako britainiar kolonia aberatsenetako bat zela kontuan hartuta, Nkrumahren kudeaketa ekonomikoa oso kaxkarra izan zela esan daiteke.[44] 1963an kualifikazio gabeko langileen bizi maila 1939ra etorri zen atzera. 1960-1966 artean, gutxieneko soldata erdira jaitsi zen, eta hori ez zen konpentsatu bizi kostuaren murrizketarekin. 1963an, Estatuaren erreserbak milioi erdi libera esterlina baino gutxiago izatera iritsi ziren.[45][43]
Bestalde, Nkrumahren proiektuek ere porrot egin zuten Ghana Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren funtsezko pieza bihurtzeko eta Afrika osoa proiektu politiko bakar batean bateratzeko. 1963an, Ghanaren gidaritzapean estatu afrikarrak elkartzeko proposamena egin zuenean Afrikako liderren biltzar batean, nahiz gehienak afrikar batasunaren alde agertu, ia inork ez zuen haren proposamenaren alde egin. Tanganikako presidente Julius Nyerererekin liskarrak izan zituen, Tanganika ekialdeko Afrikako estatuen federazio bat sortzeko egin zuen planaren ondorioz. Izan ere, Nyereren proposamena zen afrikar sozialismoaren aldeko liderrekin egitea ―hori Nkrumahren sozialismo zientifikoa aurkakoa zen―, eta federazio horretan estatu frankofonoak ere sartzea ―Nkrumahk uste zuen oraindik Frantziaren sateliteak zirela.[46]
Gainera, Nkrumahk Togo, Boli Kosta, Volta Garaia, Nigeria eta Nigerreko gerrillei lagundu zien, Afrikaren batasunari buruzko teoriekin bat egiten baitzuten. Togoko presidente Sylvanus Olympio talde horietako bat hiltzen saiatu zenean, zailtasun diplomatikoak sortu zitzaizkion Afrikako beste herrialde batzuekin ere. Beste afrikar gobernuen disidenteak entrenatzeko antolatu zituen kanpamentuetan, Txinako eta Alemaniako Errepublika Demokratikoko aholkularien laguntza zuten. Jarduera horien ondorioz, Hamani Duariori Nigerreko presidentea hiltzen saiatu ziren.[47]
Porrot egin arren, Nkrumah nazioarteko zenbait gatazkatan sartu zen bitartekari lanak egiten, hala nola Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko gatazkan, edo Kongon eta Rodesian sortutako gatazka egoeretan.[48] Kasu horietako bakar batean ere ez zen onartu Nkrumahren bitartekaritza, nahiz eta sare diplomatiko garrantzitsu bat sortu zuen, Ghanaren berrogeita hamazazpi enbaxadarekin mundu osoan zehar. Barne arazoei dagokienez, Nkrumahk inperialismoari eta nazioarteko konspirazioei egotzi zizkien. Alderdiko beste kideekiko haserrea handituz joan zen, batez ere, 1963an bera hiltzeko saiakuntzaren ondotik, ordura arteko bere adiskide Tawia Adamafio eta beste bi ministro atxilotuak izan baitziren. Epaileak errugabetzat jo zituen arren, Nkrumahk kargutik kendu eta legea aldatu zuen, «interes nazionaleko» epaiketetan parte hartu ahal izateko. Bigarren epaiketa bat eginik, errudun jo zituzten eta biziarteko kartzela zigorra ezarri zieten.[49] 1964an beste hilketa saiakera bat izan zuenean, Nkrumahk poliziaren susmoa hartu zuelarik, armagabetu egin zuen, eta bere jaioterrian hautatutako eta sobietar agenteek entrenatutako guardia armatu batez inguratu zen.[47]
1964an, Nkrumahk erreferendum bat antolatu zuen alderdi bakarreko erregimen bat ezartzeko. Gobernuko prentsak ohartarazi zuen errepresaliak hartuko zituztela bozkatzen ez zutenen edo gobernuaren aurkako kanpaina aktiboa egiten zutenen aurka. Beste neurri batzuk ere hartu ziren, hala nola «ezaren» kutxetan boto txartela sartzeko zirriturik ez egotea. Horrela, Ghana alderdi bakarreko sistema bihurtu zen. Gainera, Nkrumahk gero eta botere gehiago kontzentratu zuen bere eskuetan.[50]
Nkrumahk 10 milioi libera esterlina eralgi zituen «Job 600» izeneko konplexua eraikitzeko, Afrikako estatuburuen konferentzia egtieko 1965ean, eta, etorkizunari begira, noizbait Afrikar Batasunaren hiriburu bihurtzeko asmoz.[51] Alabaina, Nkrumahren eta beste estatuburu batzuen arteko tentsio politikoek porrotera eraman zuten konferentzia. Gonbidatutako 36 herrialdeetatik 28 soilik bertaratu ziren, baina horietatik 13 besterik ez ziren estatuburuak, gainerakoak maila apalagoko ordezkariak baitziren. Gainera, baztertu egin zen Nkrumahren eskaera, «Afrikaren batasuna aztertzeko» azpibatzorde bat sortzeko egindako proposamena, alegia.[52]
Armada nazionalean espioiak infiltratzeko eta kontrol pertsonala lortzeko egindako saioek, eta presidentearen guardiek zeukaten soldata eta ekipamendu alde izugarriak ―soldadu arrunten aldean― tentsio larriak eragin zituen armadarekin, ordura arte Nkrumah gehiengoz babestu baitzuen. 1966ko otsailaren 24an, Pekinen zelarik Vietnamgo gerran bitartekari lanak egiteko asmoz, armada matxinatu egin zen, ustez Estatu Batuen laguntzarekin,[53] eta biktimarik gabeko estatu kolpe batez amaitu zen haren gobernua.[54]
Erbestea eta heriotza
Nkrumah inoiz gehiago Ghanara itzuliko ez bazen ere, Afrikaren batasunaren alde lanean jarraitu zuen. Konakryn (Ginea) bizi izan zen erbesteratuta, Ahmed Sékou Touré presidentearen babesean, eta hark ohorezko presidentekide izendatu zuen. Irakurtzen, idazten eta gonbidatuekin bilkurak egiten ematen zuen denbora. Gai publikoetatik erretiratuta egon arren, izututa bizi izan zuen atzerriko inteligentzia agentziek egin zitzaketen konspirazioekin. Sukaldaria hil zitzaionean, bere gelan janaria biltzen hasi zen, pozoituta hilko ote zuten. 1971ko abuztuan, osasuna kaskartzen hasi zitzaiolarik, Bukarestera (Errumania) joan zen tratamendu medikoa jasotzera. Han hil zen, 1972ko apirilaren 27an, larruazaleko minbiziaz, 62 urte zituela.[55]
Hasieran, Nkroful jaioterrian lurperatu zituzten Nkrumahren gorpuzkiak. Hilobia han egon arren, haren gorpuzkiak Akkrako mausoleora eraman zituzten.[56]
Ikuspegi politikoa
Oro har, ekonomiaren ikuspegi marxista baten aldekoa izan zen, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren barruan, eta haren iritziz kapitalismoak oso ondorio negatiboak zituen, aspaldidanik Afrikaz jabetu nahian jokatzen baitzuen. Aldi berean, baina, Afrikako sozialismoarekiko urruntasun bat ezarri zuen, bide horri jarraitu baitzioten garaikide askok. Nkrumahren ustez, sozialismoa zen kapitalismoak eragindako aldaketetara hobekien egokitzen zen sistema, aukera ematen baitzuen aurrerapena Afrikaren balioekiko errespetuarekin bateratzeko. Bereziki aipatu zituen gai horiek eta bere politika 1967ko saiakera batean, African Socialism Revisited izenburuaz:
« | Badakigu «Afrikako gizarte tradizionala» berdintasunaren printzipioetan oinarritu zela. Benetako funtzionamenduan, baina, zenbait akats zeuden. Haren bultzada humanista da Afrikaren berreraikuntza sozialista eskatzen diguna. Gizaki bakoitzak helburu bat izan behar da, ez soilik bitarteko bat, eta onartzen dugu gizaki bakoitzari aukera berdintasuna bermatu beharra beraren garapenerako. Horren ondorioak praktika soziopolitikoan zientifikoki landu behar dira, eta beharrezko politika sozial eta ekonomikoak irmo eta erabakitasunez aplikatu behar dira. Edonork humanismoa berdintasunetik hasi behar du, eta objektiboki aukeratutako politiketara eraman behar du berdintasuna babestu eta mantentzeko. Beraz, sozialismoa. Beraz, sozialismo zientifikoa ere bai. | » |
Kwame Nkrumah (1967) African Socialism Revisited. |
Lanak
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1938). «Negro History: European Government in Africa» The Lincolnian (Pennsylvania: Lincoln University (web.archive.org)) 1938-04-12: 2.. doi: ..
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1941). «Primitive Education in West Africa» Educational Outlook (University of Pennsylvania).
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1943). «Education and Nationalism in Africa» Educational Outlook (University of Pennsylvania).
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1957). Ghana: The Autobiography of Kwame Nkrumah. London: Panaf ISBN 978-0901787604. OCLC .51932153.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1961). I speak of freedom: a statement of African ideology. New York: Frederick A. Praeger OCLC .414061.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1963). Africa must unite. London: Panaf ISBN 978-0901787132. OCLC .6567302.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1964). Consciencism: Philosophy and Ideology for De-Colonisation. London: Panaf ISBN 978-0901787118. OCLC .16613918.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1965). Neo-colonialism: the last stage of imperialism. London: Panaf doi: . OCLC .59982527.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1966). «Neo-Colonialism. The Last Stage of Imperialism» International Journal 22: 161. doi: . ISSN 0020-7020. OCLC .5127117633.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1967). «African Socialism revisited» International Affairs (Stanford: Stanford University Press for the Hoover Institution on War, Revolution, and Peace) 43-4: 779.. doi: . ISSN 0020-5850..
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1967). Axioms. London: Nelson OCLC .1010614427.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1967). Challenge of the Congo. London: Nelson OCLC .460598801.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1968). Dark days in Ghana. New York: International Publishers ISBN 978-0717800469. OCLC .796074108.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1968). Handbook of Revolutionary Warfare. New York: International Publishers ISBN 978-0717802265. OCLC .8095708.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1968). Voice From Conakry. London: Panaf Books ISBN 978-9017870273. OCLC .1196370283.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1970). Class struggle in Africa. London: Panaf ISBN 978-0901787125. OCLC .153293.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1973). I speak of freedom. London: Panaf ISBN 978-0901787149. OCLC .16236424.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1973). Revolutionary path. London: Panaf ISBN 978-0901787224. OCLC .764869.
- (Ingelesez) Nkrumah, Kwame. (1973). The struggle continues: six ... pamphlets. London: Panaf ISBN 978-0901787415. OCLC .3073780.
Erreferentziak
- «Rulers - Nkrumah, Kwame» Lists of heads of state and heads of government (Rulers.org).
- (Ingelesez) Jessup, John E.. (1998). An encyclopedic dictionary of conflict and conflict resolution, 1945-1996. Westport, Conn. : Greenwood Press ISBN 978-0313046766. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Botwe-Asamoah, Kwame. (2005). Kwame Nkrumah's Politico-cultural Thought and Policies: An African-centered Paradigm for the Second Phase of the African Revolution. Psychology Press, 16. or. ISBN 978-0415948333. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Oglesby, Carl; Shaull, Richard. (1967). Containment and Change. Macmillan, 105. or. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) «"Pandora's Box" Black Power (TV Episode 1992)» IMDb (John Stockwellen elkarrizketa) (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Katalanez) Gran enciclopèdia catalana. «Kwane Nkrumah» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Jessup, John E.. (1998). An encyclopedic dictionary of conflict and conflict resolution, 1945-1996. Westport, Conn. : Greenwood Press ISBN 978-0313046766. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- «Rulers - Nkrumah, Kwame» Lists of heads of state and heads of government (Rulers.org).
- (Ingelesez) Fordjour, Asante. (2006-04-06). «Nkrumah and The Big Six» Ghanaweb (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Owusu, Robert Yaw. (2006). Kwame Nkrumah's Liberation Thought: A Paradigm for Religious Advocacy in Contemporary Ghana. Africa World Press ISBN 978-1592213122. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) «Details of Opanyin Kofi Nwiana Ngolomah, father of Dr. Kwame Nkrumah» Ghanaweb (web.archive.org) 2021-09-21 (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Johnson, Thomas A.. (1972-07-05). «Nkrumah's Mother Awaits Return of Son's Body» The New York Times (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Jessup, John E.. (1998). An encyclopedic dictionary of conflict and conflict resolution, 1945-1996. Westport, Conn. : Greenwood Press ISBN 978-0313046766. (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- (Ingelesez) Lincoln University. (2009-08-17). «Special Collections and Archives» Lincoln News and Lincolnian Online (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-27).
- Owusu-Ansah 2014, 316. orr. .
- Meredith 2005, 19. orr. .
- Birmingham 1998, 34-35. orr. .
- Meredith 2005, 20. orr. .
- Meredith 2005, 21. orr. .
- Bourret 1960, 183-186. orr. .
- (Ingelesez) Ninsin, Kwame Akon; Drah, F. K.. (1991). Ghana's Transition to Constitutional Rule: Proceedings of a Seminar Organised by the Department of Political Science, University of Ghana, Legon. Ghana Universities Press ISBN 978-9964301996. OCLC .26572288 (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- Birmingham 1998, 58. orr. .
- Meredith 2005, 25-26. orr. .
- (Ingelesez) «Accra, Ghana» The Statesman’s Yearbook Companion: The Leaders, Events and Cities of the World (Palgrave Macmillan UK): 444. 2019 doi: . ISBN 978-1349-958399. (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- Meredith 2005, 24. orr. .
- (Ingelesez) Cammaert, Jessica. (2016). Undesirable Practices: Women, Children, and the Politics of the Body in Northern Ghana, 1930–1972. University of Nebraska Press doi: . ISBN 978-0-8032-8680-1. (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- (Ingelesez) Torrent, Mélanie. (2016-05-26). «A ‘New’ Commonwealth for Britain? Negotiating Ghana's Pan-African and Asian Connections at the End of Empire (1951–8)» The International History Review 38 (3): 573–613. doi: . ISSN 0707-5332. (Noiz kontsultatua: 2024-04-01).
- Meredith 2005, 29. orr. .
- (Ingelesez) Nimoh, Fred; Richmond Anaman, R; Asiamah, MT; Yeboah, B; Agyekum, I; Kpe, PDK; Kouao, DK. (2020-07-22). «Financial performance and constraints in gari production in Kumasi, Ghana» African Journal of Food, Agriculture, Nutrition and Development 20 (04): 16085–16098. doi: . ISSN 1684-5374. (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- (Ingelesez) Weintraub, Ruth G.. (2019-05-06). «Chapter IV. The State Regulates Government Corporations» Chapter IV. The State Regulates Government Corporations (Columbia University Press): 95–118. doi: . ISBN 978-0231883177. (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- (Ingelesez) Zwass, Adam. (2016-06-23). From Failed Communism to Underdeveloped Capitalism: Transformation of Eastern Europe, the Post-Soviet Union and China. Routledge doi: . ISBN 978-1-315-48285-9. (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- Meredith 2005, 163. orr. .
- (Ingelesez) Fuller, H.. (2014-12-10). Building the Ghanaian Nation-State: Kwame Nkrumah’s Symbolic Nationalism. Springer doi: . ISBN 978-1137448583. OCLC .898474258 (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- Meredith 2005, 180. orr. .
- (Ingelesez) Nkrumah, Gamal. (2007-05-31). «Fathia Nkrumah - Farewell Tranquility Never on the Agenda» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- (Ingelesez) Emmanuel, Kojo. (2019-02-09). «Here are all the First Ladies of Ghana since independence» Pulse Ghana (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- (Ingelesez) «Nkrumah, Kwame (1909?–1972), president of Ghana» Oxford Dictionary of National Biography doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
- Meredith 2005, 182 orr. .
- Meredith 2005, 183. orr. .
- Meredith 2005, 184 orr. .
- (Ingelesez) Mitchell, Matthew I.. (2011). «Insights from the Cocoa Regions in Côte d'Ivoire and Ghana: Rethinking the Migration-Conflict Nexus» African Studies Review 54 (2): 123–144. ISSN 0002-0206. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Gebe, Boni Yao. (2008ko martxoa). «Ghana’s Foreign Policy at Independence and Implications for the 1966 Coup D’état» The Journal of Pan African Studies (Santa Clarita, California: web.archive.org) vol. 2, n. 3 ISSN 0888-660. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- Meredith 2005, 185-187. orr. .
- (Ingelesez) Martin, Charles. (1973). «Nkrumah’s Strategy of Decolonization: Originality and Classicism» Presence Africaine 85 (1): 74-105. or. doi: . ISSN 0032-7638. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Lewis, David Levering. (1999). «Ghana, 1963: A Memoir» The American Scholar 68 (1): 39-60. or.. ISSN 0003-0937. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Mwakikagile, Godfrey. (2007). Nyerere and Africa: End of an Era. Pretoria: New Africa Press, «Nyerere and Nkrumah: Towards African Unity» 347-355. or. ISBN 978-0980253412. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- Meredith 2005, 188. orr. .
- (Ingelesez) Rakove, Robert B.. (2015). «The Rise and Fall of Non-Aligned Mediation, 1961–6» The International History Review 37 (5): 991-1013. or. ISSN 0707-5332. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Christenson, Ron. Political Trials in History: From Antiquity to the Present. Transaction Publishers ISBN 978-1412831253. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Anthony, Seth. (1969). «The State of Ghana» African Affairs 68 (273): 337-339. or. ISSN 0001-9909. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Simons, Bright B.. (2012-05-12). «Who betrayed Osagyefo Kwame Nkrumah?» Ghanaian Chronicle (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- Meredith 2005, 191. orr. .
- (Ingelesez) «Keith Lamont Scott's Disability May Have Gotten Him Killed, and He's Not The Only One» Human Rights Documents Online doi: . (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) Fogarty, Francesca. (2015-10). «Backing the Bundeswehr: A Research Note Regarding the State of German Civil–Military Affairs» Armed Forces & Society 41 (4): 742–755. doi: . ISSN 0095-327X. (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).
- (Ingelesez) «The mystery around what actually happened to Kwame Nkrumah’s body» GhanaWeb (web.archive.org) 2023-04-10 (Noiz kontsultatua: 2024-04-01).
- (Ingelesez) «Kwame Nkrumah Mausoleum» touringghana.com (web.archive.org) 2023-10-05 (Noiz kontsultatua: 2024-04-01).
Bibliografia
- (Ingelesez) Birmingham, David. (1998). Kwame Nkrumah: The Father of African Nationalism. Athens: Ohio University Press ISBN 978-0821412428. OCLC .643129368.
- (Ingelesez) Bourret, Florence. (1960). Ghana, the road to independence, 1919-1957. Stanford University Press OCLC .414362.
- (Ingelesez) Meredith, Martin. (2005). The state of Africa. London: The Free Press ISBN 978-074323227. OCLC .1290858297.
- (Ingelesez) Owusu-Ansah, David. (2014). Biographical Dictionary of Ghana. Maryland: Rowman & Littlefield ISBN 978-0810872424..