Kurutziagako gurutzea
Kurutziagako gurutzea Durangon XV. mendearen amaieran edota XVI. mendearen hasieran egindako hareharrizko guruztokia da. 4,30 m.-ko altuera duen gurutzea hiriburuaren mendebaldean zegoen. Gurutzea izen bereko errabalean egon da beti; antzinan Vera Cruz baselizaren ondoan zegoen eta gaur egun, Kurutzesantun, Vera Cruzen eginiko museoan aurki dezakegu.[1]
Historian zehar hainbat gorabehera izan ditu: 1937an Durangoko bonbardaketa zela eta Bilbora eraman zuten.1980an atentatu terrorista bat jasan zuen. Zenbait kopia egin dituzte: bata Portugaleteko hilerrian eta bestea Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan daude.
Guruztoki moduan erabilia, adituek Durangoko heresiarekin lotura estua duela diote.[2]
Bere enborrean, zuhaitz sakratua irudikatzen duena, paradisuko sugea ikus daiteke, gurutzearen alde batetik, Adan eta Eva bertatik kanporatu izana kontatzen da, beste aldean, berriz, Evaren tentazioa eta Adanen bekatua. Horren gainean, forma zirkular batean, apostoluak jartzen dira eta apostuluen gainean Kalbarioa, oso apaindua, Jesus, Maria, San Joan eta hainbat aingerurekin. Gurutzearen goi-goian ilargia eta eguzkia dauzkagu. Bibliakoak ez diren azken irudikapen hauek espekulazio ugari sortu dituzte.
Galeria
Erreferentziak
- Leis Alava, Ana Isabel. Kurutziaga Gurutzea (Durango). Bizkaiko Foru Aldundia.
- Durangoko Udala: Ezagutu Durango