Kursaal jauregia

Kursaal jauregia Donostiako musika gune eta biltzar jauregia da, Rafael Moneo arkitekto tuterarrak eraikia. 1999 urtean inauguratu zen. Gros auzoko Zurriola hiribidean dago.

Kursaal jauregia
Kursaal jauregia
Palacio de Congresos y Auditorio Kursaal
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′28″N 1°58′45″W
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1999ko abuztuaren 23a
Inaugurazioa1999
Arkitektura
ArkitektoaRafael Moneo
Webgune ofiziala

    Bertan, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak egoitza nagusia du, eta Musika Hamabostaldiak ere kokalekuetariko bat hemen du.

    Azpian Kursaal lurpeko aparkalekua du.

    Historia

    Sakontzeko, irakurri: «Kursaal kasinoa»
    Antzinako Kursaal kasinoaren irudia 1920an.

    Orube berean 1921an inauguratutako antzinako Kursaal kasinoa egon zen, eta hortik datorkio izena. Eraikinak bere 50 urtetako historian zehar gertakari ugari jasan izan zituen, bereziki 1922an jokoa legez debekatu baitzen, ondorioz diru iturri berriak sustatu asmoz hasieran eraikinarentzat pentsatu ez ziren beste jarduera batzuetara ere ireki zen: antzokia, zinema, etab.

    Jabetza pribatuko eraikina izanik, bere jabeek eraikina kokatzen zen lursailari etekina ateratzeko irrikia agertu zuten, hortaz, nahiz eta Kursaal jauregia hiriko ikur garrantzitsuenetako bat izan, 1960ko hamarkadan eraikinaren erauzketa lanei ekin zitzaien, lursail horietan beste eraikin bat eraikitzeko asmoz.

    Eraikin berriarentzako proiektuen lehiaketa publiko bat ireki eta 1965ean lehenbiziko proiektu bat onartu zen, baina hura eraikitzeko zailtasunak zeudela eta, bertan behera utzi zen. 1972an beste proiektu bat aurkeztu zen, 1973an erakinaren itxiera eta behin betiko erauzketa burutu zelarik.

    1991-1994 bitartean proiektu berria onartu zen. 1995ean eraikinaren eraikuntza lanei ekin zitzaien eta 1999an amaitu zen.

    Eraikina

    Kursaal jauregia eta Gros auzoa, Urgull menditik ikusiak.

    Rafael Moneo arkitekto tuterarrak egin zuen proiektua. Beira zeharrargizko bi prisma nagusiz osatua dago, harrizko plataforma oinarri duela. Zurriola hondartza alderantz terrazak irekitzen dira, itsasoaz gozatzeko, eta hiriari begira sarrera nagusiak, dendak eta erakusketa aretoak, Zurriola hiribideari kale-giroa emateko. Proiektu hau 1999. urtean amaitu zen.

    Prismek mendietara begiratzen dute, Urgull eta Uliara, hiriarekin baino naturaren zati bailiran. Prisma hauek beira zeharrargizko horma bikoitzez osatuak daude eta egitura metalikoari eusten dira. Beirazko hormen tartean argiztapena du eta gauez piztu egiten da eraikinaren nortasun publikoa azpimarratzeko. Prisma hauetako bakoitzak areto bat du barnean, zurezko oholez estaliak: auditorioa eta ganbera aretoa.

    Auditorioa

    1800 eserleku ditu eta prisma handian kokatua dago, Urumea ibaitik hurbilen dagoena. Ikuskizun nagusiak (Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiak, Zinemaldiko film ofizialak etab.) bertan egiten dira.

    Ganbera Aretoa

    600 eserleku ditu eta prisma txikian kokatua dago. Biltzar eta kontzertu txikietarako erabiltzen da.

    Erabilera askotako aretoak

    Biltzarrak, bilerak eta abar egiteko aretoak dira.

    Kubo Aretoa

    Gipuzkoa Donostia Kutxaren erakusketa areto nagusia da (Kubo aretoa).

    Eraikinak jatetxe bat ere badu, Martin Berasategi sukaldariarena, baita hainbat denda eta lurrazpiko parkina ere .

    Iruditegia

    Ikus gainera

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Donostia
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.