Kurlinta handi
Kurlinta handia (Numenius arquata) Scolopacidae familiako hegazti zangaluzea da[1]
Kurlinta handi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Scolopacidae |
Generoa | Numenius |
Espeziea | Numenius arquata Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 76 g (pisua jaiotzean) arra: 742 g (helduen pisua) emea: 869 g (helduen pisua) |
Zabalera | 0,97 m |
Kumaldiaren tamaina | 4 |
Errute denbora | 28 egun |
Iparraldeko Eurasian bizi den hegazti hau neguan hegoaldeko Europara, hegoaldeko Asiara eta Afrikara migratzen da. Euskal Herrian oso ohikoa izaten da negu partean.
Deskribapena
Gure artean agertzen den hegazti limikolo handiena da. 48-57 cm arteko luzera eta 89-106 cm arteko hego-zabalera ditu. Emea 1.300 gramo pisatzera irits daiteke eta arra txikiagoa da, 1.000 gramo gehienez ere[2]. Orokorrean lumaia gris-arrea izaten du eta bizkarraldeko lumak ilunagoak dira sabelaldekoak baino. Gorputz osoan lerro ilun ez-jarraitu ugari ditu. Buruari dagokionez pileoa ilunagoa du eta mokoa eta beriaren artean ere zerrenda ilunago bat agertzen du. Hegaztiaren osagai deigarriena bere moko luze kurbatua da, emeetan luzeagoa dena. Hanka luzeak ditu, gris-urdinxka kolorekoak[3].
Habitata
Europa erdialdeko populazioak neguan migratzen dute eta Kantauri itsasoaren kostaldera etortzen dira besteak beste. Britainiar uharteetako kurlintak sedentarioak dira[3]. Padurak eta estuarioak okupatzen dituzte, Urdaibai[4] eta Txingudi[5] esate baterako. Ugalketa garaian kontinente barneko hezeguneak hobesten ditu, taiga eremuetan batez ere.
Elikadura
Hegazti orojalea da baina animali gehiago jaten ditu landare jatorriko elikagaiak baino. Mokoa limoetan sartu eta poliketoak, krustazeoak, anfipodoak eta moluskuak harrapatzen ditu. Uda partean kontinente barneko zelaietan matxinsaltoak, kakalardoak, kilkerrak, lur-zizareak eta tarteka ornodun txikiak ere harrapatzen ditu (arrainak, anfibioak, muskerrak, beste hegazti batzuen txitak eta ugaztun txikiak)[3][2].
Ugalketa
Kolonia handiak eratzen ditu kumaldietan. Ez du habia bat eraikitzen, lurrean zulo bat egin eta lumaz eta landare hondarrez estaltzen du. Oliba koloreko lau arrautza jartzen ditu, orbain ilun ugari dituztenak. Guraso biek txitatzen dituzte arrautzak 27-29 egunez eta txitak jaio eta berehala habia inguruan ibiltzen hasten dira. Gurasoek zaindu eta elikatzen dituzte 32-38 egunetan zehar, erabat garaturik dauden arte[3].
Taxonomia
Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan. Hiru azpiespezie ezagutzen dira[6]:
- Numenius arquata arquata (Linnaeus, 1758), Europan bizi dena.
- Numenius arquata orientalis (Brehm, C.L., 1831), Siberian eta Txina ipar-ekialdean bizi dena.
- Numenius arquata suschkini (Neumann, 1929), Siberia hego-mendebaldean eta Kazakhstanen bizi dena.
Euskal Herrian dituen izenak
Honako izen hauek ematen zaizkio kurlinta handiari[7]:
- Kurlinta handia
- Kuliska handia
- Frankolin handia (Debagoiena, Urola-Kostaldea, Gorbeia inguruak)
- Maiatz-kuliska (Urola-Kostaldea)
- Txurlinta nagusia (BDurangaldea, Bilbo Handia)
Iruditegia
- Kurlinta handia.
- Kurlintak elikatzen.
- Kurlinta handia hegan.
- Habia.
- Arrautza.
Erreferentziak
- Mullarney, K., Svensson, L., Zetterstrom, D., Grant, P. J. (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins. ISBN 0-00-219728-6.
- «Zarapito real - Numenius arquata» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
- «Zarapito real» SEO/BirdLife.
- «Hasi da migrazioa - Urdaibai Bird Center» www.birdcenter.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
- «Txingudiko padura - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
- «Wayback Machine» web.archive.org 2009-04-29 (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).
- «Kurlinta handia» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).