Kumandarrak
Kumandarrak (turkieraz: Kumanlar, hungarieraz: kunok, errusieraz: Пóловцы, pólovtsy, ukraineraz: Половцi, pólovtsi) turkiar etnia nomada bat izan zen, kuman-kiptxak Konfederazioko mendebaldeko adarra. Itsaso Beltzaren iparraldean eta Volgaren ibaiertzean bizi izan ziren, eta XIV. mendean Europa erdialde eta ekialdeko hainbat lurraldetan finkatu ziren, hala nola Hungarian eta Errumanian.
Kumaneraz, gaur egun hilda aurkitzen den hizkuntza batez, mintzo ziren. Hizkuntza misiolari katolikoek erabilitako Codex Cumanicus gidaliburu linguistikoan jasota dago.
Historia
XI. mendean kumandarrak gaur egun Ukraina hegoaldea, Moldavia, Valakia eta Transilvania sartu ziren. Behin zonalde hau konkistatuta, Bizantziar Inperioan, Hungariako Erresuman eta Kieveko Rusean razziak egiten jarraitu zuten.
Kumandarrak Bulgarian
1089ean Hungariako Ladislao I. erregeak kumandarrak garaitu zituen. Veliko Tárnovoko Asen eta Teodoro anaiek gidatutako valakiar-bulgariar matxinadara batu ondoren, erreboltak izandako arrakastaren erantzukizunaren zati handi bat kumandarrena izan zela uste da. Ondorioz, 1185ean Bulgariarrak Bizantziar Inperioaren boteretik askatu eta estatu independente bat sortu zuten.
Asen dinastiaren sortzaile izan ziren bi anaien asaba guztiak edo batzuk kumandarrak zirela uste da. Bigarren Inperio Bulgariarreko beste bi dinastia ere, Terter eta Xixman dinastiak, kumandar askazikoak ziren.
Kumandarrak Hungarian
XI. mendearen bukaeran Hungarian egin zituzten kanpainetan, kumandarrak sarritan izan ziren garaituak. Hungariako Salomon eta Ladislao I. erregeak izan ziren kumandarren aurkako kanpainen aitzindari nagusiak, eta hainbat aldiz garaitu zituzten: 1068an Cserhalom (gaur egun Kerlés edo Txirales)-eko guduan, 1085ean Kisbárda-ko guduan eta 1091an Temes ibaiaren ondoko guduan.
XII. mendean, Vladimir II. Monomako Kieveko Printzeak kumandarrak garaitu zituen, eta 1238an tartariarrek beste horrenbeste egin zuten, ondoren kumandar gehienek Moldavia eta Valakia utzi zituztelarik Hungaria, Bulgaria eta Bizantziar Inperiora ihes egiteko. Hungariarrekin istilu ugari izan ostean, kumandarrak herrialdetik egotziak izan ziren eta Bulgariara lekualdatu ziren. Hala ere, denbora bat geroago kumandarrak Hungariara bizitzera birgonbidatuak izan ziren. Geratu zirenak gaur egun Errusia den estepan sakabanatu ziren eta Urrezko Hordaren khanerriari batu zitzaizkion.
Porrot guzti hauen ondoren, kumandarrak Hungariako lurretan finkatu ziren eta hungariar kristauen bizimodua bereganatu zuten.
Hungariako Bela IV. erregeak (1202-1270) kumandarren kultur asimilazioa bultzatu zuen: hauek kristautasuna eta hungariar hizkuntza bereganatu zituzten, Hungarian bizitzen geratu erasotzaileen aurka defendatzearen truke. Gauzak horrela, XIII. mende inguruan mendebaldeko kumandarrak Katolizismora bihurtu ziren, eta ekialdekoak, berriz, Islamera.
1227an, kumandarren elizbarruti propioa sortu zen Milkov-en, gaur egungo Errumania eta Moldavia barne hartzen zituen. Diozesiak izen hau mantendu zuen 1523ra arte. Kumandar musulmanen ondorengotza gaur egungo hainbat herritan aurki daiteke: Kzakhstandarretan, kirgizistandarretan, baxkirretan, karatxaietan, balkarretan, karakalpakarretan, nogaietan, Volga, Kazan eta Krimeako tatariarren artean, kumik eta keraimen artean...
XIII. mende erdialdean, Hungariako Ladislao IV. (1262-1290) erregeak "Ladislao kumandarra" ezizena jaso zuen, bere aitak, Ezteben V.-ak, kumandar printzesa bat hartu baitzuen emaztetzat. Ladislaok kumandarrez inguraturik igaro zuen bere bizitzaren zati handi bat, euren ohitura eta janzkerak bereganatzeraino, erdi kumandarrak zenez gero. Bere heriotzarekin, kumandarrek ordura arte Hungarian izandako garrantzia desagertu egin zen eta hungariarrek erabat asimilatu zituzten.
Kumandarrak Errumanian
Kumandarren eragina eskerga da gaur egungo Valakia eta Moldaviako eskualdeetan. Horren erakusgarri, lurraldeko lehen agintariek, Bassarab I y Tihomir-ek, izen kumandarrak zeramatzaten. Hala ere, kontuan hartuta 1247 Zaldun Ospitalezainen Diploman jasota ageri den bezala, biek aurretik agintari errumaniarrenak izandako lurraldeak gobernatzen zituztela, eta ez dagoela gaur egun Errumania den lurraldean kumandarren presentzia iraunkor bat frogatzen duen aztarna arkeologiko eta historikorik (Valakiarrek zergak ordaintzen zizkietela frogatzen duten dokumentu hungariar batzuez landa), historialari batzuek ez dute arrazoirik ikusten bi erregeak kumandar jatorrikotzat jotzeko, gobernatzen zuten herria bezala errumaniartzat ordez. Bassarab I.k, Valakiako Tihomir printzearen semeak XIV. mendean lortu zuen Hungariarekiko independentzia. Bassarab edo Basarabo izena kumandarrak jatorrikotzat hartzen da, "Errege Aita" esan nahi duelarik.
Gaur egungo Moldavia eta Odesa hiriaren arteko eskualdeak Besarabia izena hartzen du, segur aski arrazoi berberagatik. Hau guztia eta Basarabek hainbat eliza eta klaustrori kumandar izena eman ziela kontuan hartuta, bera eta bere aita kumandar jatorrikotzat jotzen dira.
Ondarea
Kumandarrak gutxika-gutxika Europa ekialdeko herrietan asimilatu baziren ere, euren eragina elkarrengandik oso urrun dauden toponimoetan atzeman daiteke: Kumanovo Mazedonia ipar-mendebaldean, Komanesti Errumanian eta Komana Dobrujan. Aurretik esan bezala, kumandarrak Hungarian finkatu ziren eta autogobernua eskaini zitzaien. Herrialde honetan, kumandarrei emandako izena (kún) probintzia izenetan gordetzen da (Bács-Kiskun eta Jász-Nagykun-Szolnok), baita hirien izenetan ere (Kiskunhalas, Kiskuknszentmiklós...). Asimilatuak izan ziren probintzietan, abizen askok kumandar jatorria dute (koman, Kuman edo kun). Toponimo kumandarrak bereziki ugariak dira Errumaniako Vaslui eta Galaţi konderrietan.
Bulgariako hainbat herritan kumandarrekin lotutako izenak aurki daitezke. Adibidez, Kumanite Gabrovoko probintzian eta Kumanovo Varna probintzian.
Kumandar jatorriko abizenak daramatzaten hainbat pertsona famatu daude; hala nola Nadia Comăneci gimnasta, Otilia Coman olerkaria (Ana Blandiana ezizenez) eta Gigel Coman futbolaria, guztiak errumaniarrak. Kumandar jatorrikoak dira ere Kumanov (Kumanova femeninoan) abizen bulgariarra, Kumanovski (Kumanovska femeninoan) mazedoniar aldaera eta Kun/Kún abizen hungariarra.
Kumandar (errusieraz pólovtsi) eta errusiarren arteko harremanez gehiago jakiteko, ikusi Stugna ibaiko gudua, Kalka ibaiko gudua eta Igorren kanpainako egitandien kantorea, . Dantza Polovtsiar batzuk Aleksandr Borodinen Igor printzea operan ageri dira.
Kultura
Euren estatus historikoa gora-behera, ez dago argi kumandarren jatorri etnikoa, baina hainbat ezaugarri antropologikok jatorria Asia erdialdea, zehazki Siberia hegoaldean dutela pentsarazten dute. Robert Klarikoak, Erdi Aroko historialari frantsesak, kumandarrak nomada gisa deskribatu zituen: ez ziren ez etxe ez baserrietan bizi, dendetan baizik, eta esnea, haragia eta gazta zituzten jateko nagusi. Zaldiek janari zaku bat zeramaten zelari lotuta, eta egun eta gau bateko bidaian zazpi mansioko (bidaia egun batena egiten den batez besteko distantzia) bidea egiteko gai ziren. Soinean armak bakarrik zituztela irteten ziren kanpainara, eta bueltan eraman zezaketen guztia ekartzen zuten. Ardi larruekin janzten ziren eta arku konposatu eta geziak zituzten armatzat. Goizean ikusten zuten lehen animaliari errezatzen zioten. Bulgariarren antzera, ura agortu eta edozein iturritik urrun zeudela zaldiei zain bat moztu eta haien odola edateagatik ziren ezagunak kumandarrak. Beste ezaugarri interesgarri guduan zehar aurpegian eramaten zituzten maskarak ziren, zainduki landuak.
Ohiko ezaugarri bat bibotea zen. Kumandarren jantzi tradizionala gerriko batez loturiko kaftan eta praka parearekin osatzen zen. Gizonezkoek burugaineko ilea mozten zuten, eta gainerakoarekin trentzak egiten zituzten. Kumandarrek kasko eta txano puntadunak eramaten zituzten.
Kumandarren jarduera nagusia abeltzaintza zen. Zaldiak, ardiak, ahuntzak, gamelu kumeak eta beste abelgorri mota batzuk hazten zituzten. Udan iparraldera mugitzen ziren euren artaldeekin, eta neguan, aldiz, hegoaldera. Kumandar batzuek bizitza erdi sedentarioa egiten zuten, nekazaritza eta merkataritzara dedikaturik. Azken hauek nagusiki animaliak saldu eta esportatzen zituzten, baita zaldikiak eta beste abereengandik eratorritako produktuak ere. Kumandarrek paper garrantzitsua bete zuten Bizantzio eta Ekialde Hurbilaren arteko merkataritza harremanetan, bide asko Suroz, Oziv eta Saksineko portuetatik igarotzen baitziren. Beste bide asko kumandarren lurraldeetatik igarotzen ziren: Zaloznji, Solianji eta Varangian bideak. Donets ibaiaren inguruan kumandarren hiriak agertu ziren —Sharukan, Suhrov eta Balin— arraza honetako biztanleak bakarrik zituztenak. Kieveko Rusetik gertu egonda, kumandar familia garrantzitsu askok euren izenak eslaviartu zituzten: Yaroslav Tomzákovitx, Hlib Tiriiévitx, Yurii Kontxákovitx eta Danilo Kobiákovitx. Ukrainako printzeen familiek askotan kan kumandarrekin lotzen zituzten euren leinuak, ezkontza bidez, horrela gerra eta borrokak eteteko. Batzuetan, kanek eta printzeek kanpaina koordinatuak bultzatzen zituzten. Esate baterako, 1221ean Itsaso Beltzeko kostaldean zegoen Sudakekov gotorlekuari eraso egin zioten, azken hau, Seljuktar dinastiaren agintepean, rusen eta kumandarren arteko merkataritza harremanetan oztopoa baitzen.
Nizetas Koniatesek-, XII. mendena Beroen jazotako gudaldi bat deskribatzean, kumandarren borroka tekniken deskribapen interesgarria burutu zuen:
Beraiek [kumandarrek] era tradizionalean, gurasoengandik ikasitako moduan, borrokatzen zuten. Eraso egin, euren geziak bota eta lantzekin borrokan hasten ziren. Tarte labur baten ostean, ihesari ekiten zioten, etsaiak haiek jazartzera behartzeko. Orduan, bizkarra ordez aurpegia eman, eta zerua zeharkatzen duten hegaztiak bailiran, are ausartagoki borrokatzen zuten, etsaiekin buruz buru. Hainbat aldiz teknika berbera errepikatu ostean, eta erromatarrei [bizantziarrei], gailendu zitzaizkielarik, ihes egiteari utzi ziten. Ezpatak eskuan hartu, orro ikaragarria egin, eta pentsamendu bat baino azkarrago egin zuten jauzi erromatarren gainera. Ausardiaz borrokatzen zirenak preso hartu eta akabatzen zituzten, baina koldarki portatzen zirenak ere bai.[1]
Erreferentziak
- István Vásáry, Cumans and Tatars Oriental Military in the Pre-Ottoman Balkans 1185-1365, Cambridge University Press, 2005, 55-56.
- István Vásáry (2005) "Cumans and Tatars", Cambridge University Press.
- Gyárfás István: A Jászkunok Története: http://vfek.vfmk.hu/00000097/toc/index.html
- Györffy György: A Codex Cumanicus mai kérdései
- Györffy György: A magyarság keleti elemei
- Hunfalvy: Etnographia
- Perfecky (translator): Galician-Volhynian Chronicle
Ikus, gainera
- Kumania
- Kumanera
- Krimeako tatariarrak
- Polovtsiar dantzak